Ramon Ugalde jasotzen hasi da: https://mondraberri.eus/irulegiko-eskuaz-testua-ramon-ugalde/
Txapaz diotena eta txapak adituei diena antolatzeko saiotxoa.
Honez gero ez da inor geratuko gure ingurune kulturalean Irulegiko aztarnategian aurkitutatko eskuaren berri izango ez duenik.
Irulegiko aztarnategia aspalditik zen ezaguna, joan zen mendearen azkenengo urteetan induskatzen hasi ziren. Dirudienez hasiera batean Irulegikoa Burdin Aroko baskoien herriska harresitu bat izan zen, eta geroago erromatarrak Euskal Herrira etorri zirenean leku hau Pompeio eta Sertorioren arteko gerretan nahastuta egon zen zen. Batzuk diote Sertorioren soldaduen neguko babesleku bat izan zela eta beste batzuk ordea Pompeioren tropena izan zela. Hala ere, Pompeiorena edo Sertoriorena izan, herriska hau suntsitua izan zen gerra horretan, Kristo aurretik Lehen mendearen hasieran.
Eta Irulegiko brontzezko eskua, gerra horren kontestuan ulertu behar da. Hau da K.a. I mendean kokatzen dute adituek.
Eta zer dela eta brontzezko esku bat Irulegin? Horretan ere adituek iritzi desberdinak dauzkate:
– Aranzadikoentzat, aztarnategiko indusketa lanak egin dituztenentzat esku horrek funtzio apotropoikoa izango luke: etxea babesteko amuleto moduko bat izango litzateke. Eskua aurkitu duten kontestuagatik ondorioztatu dute etxe bateko atean edo ateburuan jarrita egongo litzaketela. Eta esan bezala txarra uxatzeko elementu majiko moduan erabiliko zuten.
– Beste batzuk ostera diote kasko edo armadura bateko elementu bat izango litzatekeela. Kasu honetan ere gudaria babesteko elementutzat hartu beharko genuke.
– eta azkenik beste batuentzat esku hau “hospitalitate” paktu baten adierazpena baino ez litzateke izango. Paktu edo itun hauek nahiko zabalduta egon ziren aro hauetan, hirien artean, familien artean edo tribuen artean egiten zituzten. Ituna egiten zutenen artean elkarri laguntzeko konpromisoa hartzen duten. Ituna gauzatuta zegoela adierazteko brontzezko esku bat egiten zuten eta bertan itunkideen arteko konpromisoa idazten zuten.
Honaino Irulegiko txapaz diotena.
Baina Irulegiko eskuak beste bitxikeria bat dauka, eta da, idatzita dagoela. Idazteko erabilitako ikurrez ez dago erabateko adostasunik: Ikurtegi iberiarrean oinarrituta badago ere, Gorrochateguik dio ikurtegi baskonikoaz idatzita dagoela. Beste batzuk hala ere diote ipar sortaldeko zeinutegi edo ikurtegi iberikoz idatzita dagoela baina aldaera zeltiberikoan. Eztabaidatxo hori sortu da eskuan T batzuk agertu direlako. T hori idazkera iberikoan ez da oso normala eta dirudienez erromatarren alfabetotik hartu omen zuten.
Nola ahoskatu behar da T hori? Ba galdera honetan ere erantzun asko daude: T,TZ,TT,TS eta baita D ere.
Ikurrak modu batera edo bestera irakurri asuntua da Irulegiko Eskuan idatzitakoari buruz adostasun moduko bat edo badagoela. Hau da ikur horiek gure alfabetora ekarrita nahiko antzera irakurtzen dute holako gauzez dakitenek:
Sorioneku dene kebe Ekirateren otirtan eseakarri eraugon
Zein hizkuntzakoak dira berba horiek? Ba, auzi honetan adituek lau erantzun eman dizkigute: euskara zaharra, baskonikoa, iberikoa, eta zeltiberikoa.
Eta txapako idazkunak adituei dienaz zer?
Baina irakurritakoa nola ulertu dute lan hori hartu dutenek? Jarraian dator komunikabideetan eta sare digitaletan aurkitu ditudan Irulegiko Eskuaren idatziaren itzulpen proposamenak, Xehetasunetan ez naiz sartuko, hau da ondorio horretara nola iritsi diren emandako azalpenak ez ditut hona ekarriko. Bakarrik euren lanaren azken emaitza:
Josu Naberanena:
Leku une aldiri zoria/ Bedi atergune bikaina/ Bedi atergune etse atsedengarria/ Egoteko bikain bikaina lekua.
Juan Ignazio Hartsuagarenak:
1.-Zorioneko dena hemen Ekirateren festetan elkarri itsatsita igaro.
2.- Sasoi oneko ( zori on ukan) hemen Ekirateren dantzatan atxikita pasatu
Josu Lavinena:
Zorioneko denek hemen giraten onetan etsea ekarri eraukon
Zorionekoak etxe honetara ekarriak izan garen denok.
Paulo Arrietarena:
Zorioneko zu, Denek bere argia aterpe honetan.Etxe izan dezagun
Raul B-erena:
Zorionekoak etxean zintzilikarioari otzan begiratzen dioten guztiak.
Elias Goñirena:
Sasoi onean/ denak hemen ginenontzat/ ontzietan esnea ekarri zion
Bienveido Mascarayrena:
Egun on! Egun hau egia lortzeko aukera bat izan dadila. Inguruko gaiztakeriak baretu daitezela. Har dezala gari lohia. Ohe ona jartzea.
Igor Leibarrena:
Zorionak/Denak pasatzen dira ate azpitik/Zutik pausaleku/Eder erretiroa.
Lander Ibargurenena:
Zorionekoak eta ni hemen, eguzkia atearen aurrean, ez ekarri gaitzik.
Guillermo Gomezena:
Beronikook adiskidetasun itun bat egiten dugu maitasunez Sekiakoekin
Joseba Butroerena:
Zorioneko. Denek hemen gira aterean…tan: Etxea garbi ukan
Bistan da auzi honetan adituen artean ez dagoela adostasunik: Bederatzi buru eta beste hainbeste aburu.