Aukeratutako atala ◊ Txillardegi ◊

• Astelehena, Urtarrila 30th, 2012

Hemen ere ikusgai: Erabili.com, Sustatu, Berria, Gara

Euskalari, euskaltzale, euskaldun bihotzeko, eta, garrantzitsuena, pertsona aske bat joan zaigu.

Txillardegi, herri batek  horrelako bat sortzeko hamarkada asko  behar duen horietako pertsona berezi eta ezinbestekoa izan da Euskal Herrian. Ingeniaritzaren ezagutzatik euskararen normalizazioari izugarrizko laguntza eman zion, euskara batuaren aitetako bat bihurtuz. Baina, horrez gain, euskal soziolinguistikaren aitzindari nagusia ere izan zen, ikerketa mailan (gaur egun gainditu gabe dauden azterketa garrantzitsuak utziz) zein gizartearen sentsibilizazio mailan (EHEren sortzen lagunduz).

Euskararen jatorrirako ere ekarpen garrantzitsua egin zuen, adinez nagusi izanik eta osasunez makal egonda ere, Arabako Iruñako ostrakak aztertu ondoren, egiazkoak izan zitezkeela ondorioztatu zuenean. Orduan “Iruña Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua” izenpetu zuen, beste 2.000 pertsonekin batera, horien barruan Iglesias, Elexpuru eta Mujika moduko hizkuntzalari ausartekin. Adierazpen horretan Arabako Foru Aldundiari grafitoen datazioak,  indusketa kontrolatuak egitea eta ostrakak egoera onean ote dauden egiaztatzea eskatzen ziren.

Txillardegik esan zuenez, ostraketan agertzen diren testuek ez dute zertan kontra egon behar orain arte izan dugun ikuspuntuarekin. Ostraketan agertutako aditz batzuk aipatu zituen (nor Txillardegi baino hobeto aditzen gaiari buruz hitz egiteko!), esanez, aditz forma zahar batzuen aztarnak izan zitezkeela. Txillardegik ez zuen sinatu manifestua agertu eta berehala. Antza, zalantza handiak izan zituen baina txostenak eta eztabaida ikusita, gaian sakondu eta ondorio hori atera zuen. Bere adinean eta bere egoeran, gai izan zen, berriz ere, euskalgintzan oso jende gutxik erakutsi duen mailari eusteko.

Txillardegiren jokaeraren beste muturrean baditugu arkeometria  zer den ez dakitenak, gai “zailen” aurrean lotsagabeki isiltzen direnak, euskararen historia ezagutzeko ezinbestekoak diren ostrakak ikertu nahi ez dituztenak edo Arabako Iruñako eremu oso bat hondeamakinaz suntsitu dutenak
. Horien aurrean zein beharrezkoak diren Txillardegi bezalako pertsona aske eta irekiak!

Zure falta nabarituko dugu!

Arabako Iruña Argitzeko Batzordea (Euskararen Jatorria)

—————————————————————————————————————-

Honi buruzko albiste gehiago:

- Txillardegiren gutuna Elexpururi

- Euskaltzaindia, Iruña Veleia eta Txillardegi

- Artikulu honi buruzko eztabaidan zentsura Sustatun

- Albistea blogetan eta hedabideetan: Ostraka euskalduna (bideo batzuk), Berria, Gara, Deia

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteartea, Urtarrila 17th, 2012

Elexpururen blogean informazio interesgarria agertu da Txillardegik Arabako Iruñaz zuen ikuspuntuari buruz. Besteak beste hauxe dio Martinek:

Manifestua sinatu zuen; Lakarraren, Gorrochateguiren eta Hector Iglesiasen txostenak  eta nire liburua irakurrita zeuzkan, eta zera idazten zidan, beste gauza askoren artean: “Hori guztia ikusita, zalantzarik ez diat: ‘grafito’ horiek benetakoak dituk. Eta hor somatzen den euskara euskalki arkaiko bat duk”.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Larunbata, Urtarrila 17th, 2015

Gaur larunbatean, urtarrilaren 17an, goizeko 11etan, Donostiako Alde Zaharreko Lasala plazan Txillardegiri egingo zaio omenaldia. Informazioa:  Ostraka euskalduna

Txillardegik Iruña-Veleiari buruzko txostenak aztertu eta ondorio garbia atera zuen: “ostraka horiek benetakoak dituk”.

Txillardegiren mila lan sarean egongo dira doan, denon eskura, bi urte barru

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteartea, Urtarrila 31st, 2012

Donostiako Victoria Eugenia txiki geratu zen Euskal Herrian izan dugun euskaltzale handienetako  honi omenaldia egiteko.

Agerpena hedabideetan: BerriaArgiaGaraLe journal (artikulu interesgarria Euskaltzaindiarekiko harremanaz)Diario Vasco -  El PaisEl MundoDiario Liberdade (Galizia)

Omenaldiaren bideoak: 1. zatia 2. zatia Familiaren agerpena

EHE

Txillardegiren bloga

(Iturriak: hedabideak, Ostraka euskalduna, Elexpururen bloga)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Osteguna, Martxoa 22nd, 2012

“Hitanoa.com web guneak Juan Martin Elexpururen iritzi-artikulu bat ekarri du, oraingoan, \’Dokumentuak\’ sailera. Izan ere, Txillardegi hizkuntzalari ospetsuak Iruña-Veleiako auziari buruz zuen iritzia azaltzen duten eskutitz batzuk jaso zituen Elexpuruk. Txillardegik, Elexpururi hika egiteaz gain, hitanoaren ikuspegitik azaltzen du grafitoetako batean azaltzen den esaldi bat.

Txillardegik, Elexpururi bidalitako eskutitzetan, kristauen jainkoari hika egiteko zegoen ohitura ekartzen du gogora, eta Johanes Leizarragak Testamentu berria euskaratzeko horrela jokatu zuenean egoki egin zuela esaten du.”

Iturria: Zu zeu

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteazkena, Urtarrila 30th, 2019

Zuzeun Jean Luis Davanten artikulutxo bat dakar, ezagutzeko interesgarria.

Pena da batuaren sorrera giro horretan eta lehenagotik eta ondoren ere, euskeraren jatorriari buruzko kezkarik ez egotea eta horregatik hainbeste erabaki behar ez bezala hartzea (atzamar eta hatz: jatorri bera dute eta bata hatxearekin eta bestea ez; “harri” hatxearekin idaztea toponimia gehienean ez dagoenean: Arrigunaga, Arritokieta; hizkuntza adierazten duen atzizkia desnormalizatzea, gauza bera esateko hiru era hautatu zirelako -era, -ara eta -nia: egiptoera, suomiera, errumaniera, gipuzkera…. euskara eta erdara eta gaztelania, etab).

Txillardegi, euskara batuaren aita

Halere niretzat, Txillardegiren obra nagusia, euskara batuaren sorrerakoa da, iparraldean hasia. Baina helburu hori aitzinetik bazuen, oraino bere Donostian zegoen denboratik. Euskaltziandiari bi aldiz adierazi zion izkirioz. Haatik momentoan Euskaltzaindia ez zegoen batere holako berrikuntzen onartzeko prestik.

Ondorioz, 1963an, Txillardegik Hazparnetiko gutunez urgazle karguari uko egin zuen, Piarres Xarriton / Charrittonekin batera, baina Euskatzainburuak horien dimisioak ez zituen onartu. Hor Txillardegik hasi zuen benetan eta egiazki euskara baturako bidea.

1963ko udazkenetik 1964ko udaraino, zortzi hilabetez, euskaltzale batzuk astero bildu ginen Txillardegiren inguruan, euskara batuari buruzki lehen urratzen finkatzeko, Kordelieren karrikako 14an, lehen solairuan, Euskal Idazkaritzari Enbatak prestaturiko gelan. Lehenik argitu dezadan zer zen Euskal Idazkaritza. Kultura elkarte hori mugaren bi aldeetako euskaltzale gazte batzuek hirurogeiko hamarkada hastean sortu genuen euskararen zerbitzuko.

Beraz Euskal Idazkaritzaren egoitzan eta babesean elkarlanean genbiltzan usaian zortzi lagun Txillardegiren inguruan: Hegoaldeko lau eta Iparraldeko beste lau. Burutzeko, bilkura bat egin zen ber tokian, Baionako Biltzarra, 1964ko abuztuaren 29an eta 30ean, Lafitte gidari, mugaren bi aldeetako berrogei bat euskaltzale gazterekin.

(jarraitzen du)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Urtarrila 19th, 2018

Iruña-Veleiaren alde agertzea, sakon aztertu ondoren, izugarrizko laguntza izan zen. Eskerrik anitz.

Txillardegi jator jatorriarekin 2012

…Txillardegik esan zuenez, ostraketan agertzen diren testuek ez dute zertan kontra egon behar orain arte izan dugun ikuspuntuarekin. Ostraketan agertutako aditz batzuk aipatu zituen (nor Txillardegi baino hobeto aditzen gaiari buruz hitz egiteko!), esanez, aditz forma zahar batzuen aztarnak izan zitezkeela. Txillardegik ez zuen sinatu manifestua agertu eta berehala. Antza, zalantza handiak izan zituen baina txostenak eta eztabaida ikusita, gaian sakondu eta ondorio hori atera zuen. Bere adinean eta bere egoeran, gai izan zen, berriz ere, euskalgintzan oso jende gutxik erakutsi duen mailari eusteko…

Euskaltzaindia, Iruña-Veleia eta Txillardegi.  2011

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Ekaina 02nd, 2017

Jakin aldizkariak Txillardegiren lan guztiak jaso eta eskuragarri jarri ditu sarean. Guztira 1.634 lan dira: Bilatzailea

Datu base horretan Txillardegiri buruz idazten dutenak ere topatu daitezke.

Iruña-Veleia sartu dugu eta emaitza hauek daude:

Juan Martin Elexpuru Argia aldizkarian

Makal ibili da azkenaldian. Zer zeukan galdetuta, zahartrosis erantzun ohi zuen umorez. Kartoizko txartel txukunetan idazten zituen gutunak. Nik jasotako azkenek 2009ko abenduaren bukaerako data dute. Oso interesatuta zegoen Iruña-Veleiako auziaz. Nire liburua eta beste hiru euskal filologoren txostenak irakurrita zeuzkan, eta zera idazten zidan, bestegauza askoren artean: “Hori guztia ikusita, zalantzarik ez diat: ‘grafito’ horiek benetakoak dituk. Eta hor somatzen den euskara euskalki arkaiko bat duk”.
Joxe Austin Arrieta
Ba, bai. Arrazoia eduki dezakete. Inozoak gara. Baina eurak irabazle. Eta eurekin batera, euren kontra bezainbat, egin behar dugu lan. Ez dago beste erremediorik. Herri nahasia gurea, mila printzatan ezpaldua. Betidanik, dirudienez. Boterera iritsi orduko -ekonomikora, politikora, ideologikora-, euskalduntasunari uko egitea, horixe izan da arau nagusi klase nagusiengan beti. Gure esku dago aurrerantzean, halere, euskarari iraunaraztea, eta arnasa ematea, hizkuntza handi boteretsu baten edo gehiagoren mende egonik ere. Iruña-Veleiako aspaldiko arbaso haiek egin zuten bezala, Inperio Erromatarraren beste ezein probintzia mendebaldarretan ez bezala: euskaraz ere idatziz (nik ez baitiot ezein txirrindulariri «Lance Armstrong» deituko, analitikarik egin gabe: benetakoak dira ostrakak kontrakorik frogatzen ez den bitartean, stablishment unibertsitarioak pertsona bat eta beronen lantalde osoa ezin esan ahaleko harrokeriaz laidoztatu eta defenestratu, eta, hala ere, «ahari» politiko guztiek -nire «harikoek» barne- ostraken inguruan ostrukarena egitea hobetsi duten arren).
Lan guztien bilketa horretan ez dira gutunak eta antzeko idazkirik sartu. Beraz, guretzat hain garrantzitsua den hau, momentuz bederen, ezingo dugu topatu:
VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Larunbata, Abuztua 30th, 2014

Xabier Isasiren 2. posta:

Errealitateak erakusten digu, senide euskaldun petoak eta senide erdaldun petoak familia berean, Ataun bezalako herri bateko familia euskaldunetan etxe barruko euskararen erabilpenaren beherakada; erakusten digu berriketa bizia gaztelera batuan Herriko Tabernetan edota Berriaren irakurleriak ez duela islatzen hezkuntza sistemak azken hogeita hamar urteetan eragin duen euskaldun alfabetatu kopuruaren hazkuntza.

Hori gertatzen da, seguru asko, baina ez Ataungo familia guztietan, ez Herriko Taberna guztietan eta Berriaren irakurleriaren zenbatekoak, neurri batean, behintzat, bai islatzen duela euskaldun alfabetatu kopuruaren gorakada. Horiek guztiak ez dira fenomeno paranormalak, gertagarri arruntak baizik, errealitate askotarikoaren jazoerak, erraz azaltzekoak beste aldetik. Beste kontua da esatea portaera horiek euskaldunen ohiko portaerak direla; bakanen batzuek egiten dutena guztiei, osotasunari, leporatzea ohiko akats metodologikoa da Gizarte Zientzietan.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Urtarrila 19th, 2014

Kaixo Txillardegi, bi urte pasa dituk utzi gintuzunetik. Zer moduz habil hor goian? Gaur egun informazio guztia “hodeian” dagoenez agian ondo informatuta egongo haiz! Badaezpada labur emango dizkiagu azken albisteak, nahiz eta egia esan, ez zegok aldaketa handirik: euskal abertzaleen artean betiko banaketa (egun bateko amets batez aldatu bada ere) eta espainiar abertzaleen artean betiko oinarrizko adostasuna.

Denok Eskoziari eta Kataluniari begira gaudek, bai, aurten zorte apur batez beste bi estatu berri izango ditiagu Europan. Zelako enbidia! Eskoziako alderdi nazionalista “atzo” jaiotakoa duk eta hiru hamarkadetan independentzia lortzeko zorian zegok. Hemengo alderdi nazionalistak 100 urte beteta eta beste 100 urte gehiago egongo gaituk zain! Sabino Arana berpiztuko balitz haserre galanta hartuko zuan!

Euskaltzaindian gatazkatxoa egon duk Gramatika Batzordekoek dimisioa eman dutelako, noiz eta Euskeraren Egunean bertan; ez duk bat ere txukuna izan, gainera Salaburu horien buru, badakizu normalean bere iritzia El Correon eta erdaraz baino ematen ez duena!

Bestetik akademiak handik eta hemendik hitzarmenak egiten jarraitzen dik eta azkena Vocentorekin egin dik. Hitzaldia eta guzti eman dik gure Andresek  aurkarien etxean, “el euskera no debe ser bandera de nadie” aldarrikatzeko.

Harrigarria duk hori esatea “euskalduna” zer esan nahi duen denok zekiagulako: euskera berau dutenena edo, hobe esanda, berau eduki nahi dutenena delako. Izan ere euskerak ez dik inork kanpoan uzten berez, norberak erabakitzen dik bere altzoan egon, euskera erabili eta ikasten dugunean,  edo kanpoan geratu, erabiltzen ez dugunean edo ikasteko edo hobetzeko ahaleginik egiten ez dugunean.

Urrutia jaunak ez omen zekik euskera denon bandera izan behar dela denok jakin badakigula baina hori ezin denean, behintzat euskaldunen bandera izan dadila, gaztelarrena beti gaztelera izango delako, ala ez? Biribila laukia izatea zaila!

Iruña-Veleian dena berdin: orain hiru urte onartutako datazioek egin gabe jarraitzen diate nahiz eta orain dela 13 hilabete grafito batzuk Madrileko laborategi ezezagun batera eraman ziren. Gasteizko EHUn dena berdin, bildotsen isiltasuna nagusi.

Hala ere aldaketa txiki bat egon dela esan behar diagu, Filoblogiako Ricardo Gomezek, badakizunez, bere lankideen alde atera duk beti gai honetan baina azken bolada honetan grafitoak egiazkoak izan daitezkeela dioten albiste gehiegi jartzen ari duk bere blogean: Arantzadik antolatutako Elexpururen hitzaldia,  Alicia Satueren hitzaldia, Zuzeuren “non daude analitikak?”… bazirudik Iruña-Veleiako ekaitzak baten bat aurretik eramango balu, “kokapen” berrian leku hobeak lortu nahian dabilela baten bat…

2012ko azaroan Iruña-Veleiari buruzko I. Nazioarteko Biltzarra egin genian eta izugarrizko arrakasta, Edward Harris eta beste txostenetako egile asko etorri hituan eta giro ezin hobea egon huan. Eta 5. urteurrenean, azaroan, Egineko Tasiok hiru marrazkitan gai osoa ezin hobeto laburtu ziguan: hondeamakina, inoiz egingo ote diren datazioak eta insikizio berria.

Bi urte hauetan jarraitu dituk  egiazkotasunaren aldeko txostenak agertzen eta orain 24 dituk dagoeneko! Mapi Alonsok oso lan interesgarria egin dik umeen idazkunak aldertuta eta Alicia Satuek latin arruntari buruz ere txosten bikaina egin ziguk. Bai, gero eta argiago zegok, hik esan huen moduan “grafitoak benetakoak dituk” eta 24 txosten horiek ikusita beste hau ere esateko moduan gaudek: “hemen faltsugileak faltsukeriaren montajea egin dutenak dituk”.

Bueno ezin gaituk gehiago luzatu, kontatuko diagu nola amaitzen den pelikula hau baina espero diagu zuk aurreikusi zenuen moduan izango dela. Ez adiorik.

Ostraka Euskalduna: azken hitzaldia, omenaldia, egindako artikuluak.

Noticias de Gipuzkoa: Donostian egindako omenaldia

Txillardegiren gutuna Elexpururi: “Grafitoak benetakoak dituk”

Euskaltzaindia, Iruña Veleia eta Txillardegi

Euskararen Jatorria 2012an idatzitakoa:

Euskalari, euskaltzale, euskaldun bihotzeko, eta, garrantzitsuena, pertsona aske bat joan zaigu.

Txillardegi, herri batek  horrelako bat sortzeko hamarkada asko  behar duen horietako pertsona berezi eta ezinbestekoa izan da Euskal Herrian. Ingeniaritzaren ezagutzatik euskararen normalizazioari izugarrizko laguntza eman zion, euskara batuaren aitetako bat bihurtuz. Baina, horrez gain, euskal soziolinguistikaren aitzindari nagusia ere izan zen, ikerketa mailan (gaur egun gainditu gabe dauden azterketa garrantzitsuak utziz) zein gizartearen sentsibilizazio mailan (EHEren sortzen lagunduz).

Euskararen jatorrirako ere ekarpen garrantzitsua egin zuen, adinez nagusi izanik eta osasunez makal egonda ere, Arabako Iruñako ostrakak aztertu ondoren, egiazkoak izan zitezkeela ondorioztatu zuenean. Orduan “Iruña Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua” izenpetu zuen, beste 2.000 pertsonekin batera, horien barruan Iglesias, Elexpuru eta Mujika moduko hizkuntzalari ausartekin. Adierazpen horretan Arabako Foru Aldundiari grafitoen datazioak,  indusketa kontrolatuak egitea eta ostrakak egoera onean ote dauden egiaztatzea eskatzen ziren.

Txillardegik esan zuenez, ostraketan agertzen diren testuek ez dute zertan kontra egon behar orain arte izan dugun ikuspuntuarekin. Ostraketan agertutako aditz batzuk aipatu zituen (nor Txillardegi baino hobeto aditzen gaiari buruz hitz egiteko!), esanez, aditz forma zahar batzuen aztarnak izan zitezkeela. Txillardegik ez zuen sinatu manifestua agertu eta berehala. Antza, zalantza handiak izan zituen baina txostenak eta eztabaida ikusita, gaian sakondu eta ondorio hori atera zuen. Bere adinean eta bere egoeran, gai izan zen, berriz ere, euskalgintzan oso jende gutxik erakutsi duen mailari eusteko.

Txillardegiren jokaeraren beste muturrean baditugu arkeometria  zer den ez dakitenak, gai “zailen” aurrean lotsagabeki isiltzen direnak, euskararen historia ezagutzeko ezinbestekoak diren ostrakak ikertu nahi ez dituztenak edo Arabako Iruñako eremu oso bat hondeamakinaz suntsitu dutenak
 Horien aurrean zein beharrezkoak diren Txillardegi bezalako pertsona aske eta irekiak!

Zure falta nabarituko dugu!

Arabako Iruña Argitzeko Batzordea (Euskararen Jatorria)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Txillardegi  |  Iruzkin bat