• Astelehena, Uztaila 25th, 2011

Hilaren 14an hil zen Bittor Kapanaga ikerlari otxandiarra. Euskararen jatorria aztertzen lan egin zuen, eta “Euskera erro eta gara” (1978) liburuan argitaratu zuen hiru iturburuen teoria. Kooperatiben alorrean ere aritu zen beharrean.

Pertsona ezohikoa zen Bittor Kapanaga. Horretan bat datoz haren inguruan izan zirenak. Aitzindari eta gidari izan zen, baina inoiz lider izateko asmorik gabe. Ikerlari sutsua zen, baina lanorduetan menpeko bizitzarik ez zuen ulertzen. Ikasketa ofizialik gabe zen; naturaren eta intuizioaren jarraibideak zituen maite. Iragana zuen aztergai, baina beti etorkizuna azaltzeko bide moduan. Bihotza eta sua jartzen zion egiten zuen guztiari, baina inteligentzia eta logika alde batera utzi gabe. Independentea, autodidakta, “Berez ernetako arbola” Xabier Kintanaren hitzetan.

Otxandioan jaio zen (Bizkaia) 1925eko urriaren 15ean. 1950eko hamarkada hasi berritan, Eibarrera joan zen armeria eskolan industria-maisu ikasketak burutzera, eta trokelgintzan egin zuen lan. Han ezagutu zituen Juan San Martin, Imanol Laspiaur eta Serafin Basauri, eta euskara berpizteko lanetan hasi ziren, Club Deportibon alfabetatze eskolak ematen, kasu. “Umandiren gramatika editatu genuen, eta harekin hasi eskolak ematen. Hala ere, Kapanaga ez zen oso gramatikazalea, hark intuizioz lan egiten zuen, ikerlari poetikoa zen” gogora dakar Basaurik.

Alfa kooperatiba zegoen garai hartan, baina kooperatibismotik Arrasaten edan zuen gehiago. Solidaritatearen kontzeptua ondo barneratuta, Eibarko lana utzi eta buruan zebilkion ideia gauzatzera abiatu zen, etxera bueltan. Gerra aurrean herriko enpresarik garrantzitsuenetarikoa zen Omega metalgintzako sozietatea suntsitu egin zuten gerra garaian eta Kapanagaren lehen beharretako bat izan zen herrian berriro industria martxan jarzea. Juan Mari Otxandiano Gerediagako kide izanak dioen legez: “Talleres Ochandiano Industria Kooperatiba martxan jarri zuen 1958an, aurreztua zuen diru apurra bertan jarriz, beste hamasei kideren laguntzarekin. 1980ko hamarkadan, Rochman Kooperatiba bihurtu zen, eta 2008an Ulmaren barruan integratu. Baina enpresak herrian jarraitzen du”.

Otxandianoaren iritziz, “gaur egun ez da baloratzen momentu hartan talde hark izan zuen ausardia. Kapanagak eta lagunek iniziatiba industriala martxan jartzeko eta lanpostuak sortzeko baldintza oso gogorak izan zituzten, herritarrei eurek utzi behar zieten dirua”. Horretaz gain, kooperatiba bitartez etxebizitzak egiteko lanak ere hartu zituen.

Gerediaga elkartean ere lan asko egin zuen. Ez hori bakarrik, asko zabaldua izan ez den arren, Jose Luis Lizundia euskaltzain eta Gerediaga Elkarteko sortzaileetakoak dionez, elkartearen hastapenetan ere bertan izan zen: “1965eko ekainean sortu genuen Gerediaga elkartea, eta lehenengo liburu eta disko azoka arazoaren 1ean antolatu. Eta 1966an, bigarren azoka antolatzeko lanetan aritu zen jada Kapanaga; are gehiago, abenduan zuzendaritzaren parte izatera sartu zen. Hori ez zen edozer, frankismo garaian fitxa poliziala izatea ekartzen zuen horrek!”.

1968an, Arantzazuko Euskararen Batasuneko lehen biltzarrean, Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean, Juan San Martini bururatu zitzaion euskal idazleen biltzar bat egitea. Garai hartan ez zen erraza halako ekimenak legeztatzea; gainera, Gipuzkoa salbuespen egoeran zegoen, eta Gerediaga legeztatua zegoenez, eurek hartu zuten ardura. Hala, Ermuko eskola profesionalean, ekainaren 28, 29 eta 30ean egin zen Euskal Idazleen I. Biltzarrean ere zuzendaritza lanetan izan izen Kapanaga. Biltzarrean parte hartu zuten, beste batzuren artean, Gabriel Arestik, Pierre Lafittek eta Txillardegik –hark, erbestean egon arren, testuak eta aholkuak bidalita-.

Beraz Gerediaga elkartean lan franko egin zuen Kapanagak, lehenengo urteetan zuzendaritzan eta gerora laguntzaile eta aholkulari gisa. Lizundiak honela gogoratzen du: “Durangoko Liburu eta Disko Azokaren lehenenego ekitalditik hasi eta 2009ra arte, urtero-urtero izaten zen Kapanaga hemen. Iaz bakarrik huts egin zuen, osasunez jada nahiko gaizki zegoen eta”. Horregatik guztiagatik eta, oro har, euskararen alorrean egindako lan eskergagatik, 1997an Gerediaga elkarteak Argizaiola saria eman zion Kapanagari.

Kulturari asko eman zion Kapangak, baina beste alor batzuetan ere egin zuen ekarpenik, politikan kasu. Lizundiak gogoratzen duenez, Euskal Herriko Alderdi Sozialistaren (EHAS) sorreran ere zerikusirik izan zuen: “Franco hil eta gutxira, Oletan, Arabako elizatean erentan zuen Apieta baserrian batu izan ginen EHAS eratzeko. Han izan ginen ni, Joseba Agirreazkuenaga, Txema Montero eta Patxi Zabaleta adibidez. Esango nuke Apieta baserria EHAS azpiegitura izan zela”. Hala ere bestelako  milintantzia politikorik ez omen zuen izan. Dena dela, “erresistentzia garaiko hainbat sekreturekin” joan dela uste du Lizundiak.

Euskararen ezaguera zabala izanik, Eusko Legebiltzarrean itzultzaile lan egiteko aukera ere izan zuen. Lizundiaren arabera: “1980ko hamarkda erdialdera izan zuen eskaintza, Alberto Figeroak parlametuko letradu eta Josu Oregi itzaltzaileen buru zirela. Gainera, ekonomikoki ez zegoen egoera oso onean, eta ondo etorriko zitzaion. Baina Kapanagak ez zuen funtzionario izan nahi, eta zen lan gregarioa egiteko jaio”. Parlamentuan bakarrik ez, ziurrenik, Euskaltzaindian bertan sartzeko aukera ere izan zuen. “Ni Euskaltzaindiko idazkariorde nintzela, ziur nago nahi izan balu Juan San Martinek eta besteren batzuek euskaltzain urgazle izateko izendatuko zutela baina Kapanagaren izeratik kanpo geratzen ziren halako lanak, independentea zen, solte ibiltzekoa”, baieztatu du Lizundiak.

Kultura egarriz

Gontzal Mendibil kantariak ondo baino hobeto ezagutu zuen Kapanaga. Ikerlari hil aurreko gauean ere han izan zen ospitalean. Duela 37 urte ezagutu zuten elkar, Mendibilek Xeberriren kataldia eskaini zuenean Otxandioko Santa Marinetan, 48 urteko gizon bat hurbildu zitzaion, hitzak nork egiten zizkion galdezka eta ea berak ere batenbat idaztea nahi ote zuen.

1974an izan zen kontzertua, Ez Dok Amairu ere orduantze hasita zegoen, eta alfabetatze kanpainak indarrean, kultura egarri bat bazegoen herrian. “Kapanagaren ustez, kultura jagon behar da, hori izango baita herri hau liberatuko duena”, dio Mendibilek. Beheko sua piztu eta kantariak doinua asmatu bitartean, Kapanagak momentau islatzen zuten hitzak idazteari ekin zion. “Euskararen jatorriari eta etorkizunerako nahi genuaenari erreferentzia egiten dio kantuak, eta horrexegatik izan zuen oihartzun hura Bagarek. Geneukan adoreari eta askatasun nahiari euskaraz hitzak jarri genizkion”, aldarri du Mendibilek. 1974ko Zaurietatik dario diskoko beste bost kanturen hitzak ere idatzi zituen otxandiarrak.

Ez zen musikariekin izan zuen elkarlan bakarra. Hertzainak taldeko Josu Zabalak antzerki baterako idatzi zuen kantua moldatzeko eskatu zion. Hortik atera zen egun taberna askotan entzuten den Yankee Go Home ezaguna. Gazteeengana hurbiltzeko gaitasun paregabea zuen Kapanagak. Bere belaunaldiko jendean aldaketa handirako aukerarik ez zuen ikusten, eta gazteekin partekatzen zituen ideiak. “Euskaran ere iragana zuen aztergai, baina geroa ikustea gustatzen zitzaion”, dio Mendibilek.

Horregatik, azken urteetan euskarak egindako aurrerapausuek lasai utzi zuten. Eta bereziki Araban izandako garapenak pozten zuen. Mendibilen hitzetan, Kapanaga arabar ere sentitzen zen, Otxandio Bizkaian egon arren, Oleta eta Aramaio Araba baitiria. Kapanagak beti defendatu zuen gare zela izan aditzaren forma zaharrena. “Araban salbatu behar dugu”, aldarri egin omen zion behin baino gehiagotan Mendibili. Eta azken 35 urteetan euskarak irabazitako lekuarekin pozik zegoen. “Argi bat ikusten da” esan ohi zuen. Hilaren 14an hil egin zen Gasteizen.

Kapanagaren teorien etorkizuna

Oppenhaimerren genetika ikerketek hiru iturburuen teoria indartuko dutela uste du Patxi Alaña Euskararen Jatorria elkarteko kideak.

Ezeren gainetik, euskaltzale amorratua zen Bittor Kapanaga eta gizarteko hainbat arlotan lan handia egin bazuen ere, bere ekarpen nagusia euskararen alorrean egin zuela esan daiteke. Hain zuzen ere, 1978an argitaratu zuen Euskera erro eta gara liburua, euskararen jatorrira hurbilketa teorikoa egiten duena. Gerora, Euskararen jatorriaren I. biltzarrean ere defendatu zuen bere teoria, Arantzazun, 2005ean.

Laburrean, zera zioen Kapanagak, euskarak hiru iturburu izan dituela, hiru eremu geografiko ezberdinetatik jasoak edo horiekin lotuta bederen: iturburu mediterraniarra, piriniarra eta iberiarra. Hori arrazoitzeko sinonimia hirukoitzaren kontzeptua plazaratu zuen. Hau da, euskarak oinarrizko kontzeptu asko izendatzeko hiru sinonimo dituela. Gainera, euskal arbasoek hizkuntza sortzean hiru eremu kontzeptual nagusi bereizi zituela ere uste zuen: izatasuna, egintza eta getasuna (ezezkotasuna). Hala, iturburu bakoitzean eremu kontzeptual bakoitzerako erro bana izanik, oinarrizko bederatzi erro lirateke euskararen oinarri.

2005ean egindako aurkezpenean, Euskararen jatorria elkarteko Patxi Alañak lagundu zion Kapanagari. Alañaren ustez, etorkizunean zeresana emango du Kapanagaren teoriak, VI. Biltzarrean izandako Stephen Oppenheimer Oxfordeko irakasleak The Origins of the British liburuan azaldutakoa kontuan hartuta: “Oppenheimerrek Britainia Handiko 10.000 pertsonaren geneak aztertuta ondorioztatu du euren jatorri genetikoaren % 53-90 bitartean iberiar penintsularen iparraldetik datorrela, Euskal Herritik bereziki. Azken glaziazioaren garaian eman ziren migrazioen ondorio da hori, duela 15.000 bat urte, Irlanda eta Britainia Handia kontinentearekin lotuta zeuden garaian”.

Alañaren ustez, ikerketa horiek baieztatzen dute Joxe Miel Barandiaranek bere garaian planteatutakoa, hau da, duela 8.500 urte euskaldunak Euskal Herrian izan ginela. “Oppenhaimerren lanak, batetik Vennemanek Europako hidronimia eta toponimiari buruz egindako ikerketekin ere bat egingo luke, eta, bestetik, euskal-iberiar teoria bultzatu zuten Humboldt, Larramendi edo Astarloa moduko ikerleak beste modu batera ikusteko aukera ematen digu. Ondorioz, Kapanagaren hiru iturburuen teoria ere indartuta ateratzen da eta aurrera begira sakonean aztertu beharrekoa izango da, dauden gainontzeko teoria guztiak bezala”. Une honetan Josu Naberan da Kapanagaren teoriaren ildoa gehien sakondu duen ikerlaria. Hitzen Koba: Hitz-ele-berba (2005) liburuan beste bultzada eman zion hiru iturburuen teoriari, toponimian oinarrituta, baina sakonago aztertuz eta erro gehiago proposatuz.

Argitaratu gabeak

Euskara erro eta gara liburuak ez zuen argitaratutako jarraipenik izan, baina Gontzal Mendibilekin partekatu zituen ideia horietako asko eta kantariaren ustez haren teoriak sakontzen dituzten idazkiak egongo dira gordeta. “Gogoa bazuen gauza gehiago argitara emateko, euskararen jatorriaren ezagutzan iraultza ekarriko zuten ideiak zituela esan ohi zidan, baina ez zituen argitara eman. Mendibilen ustez. “Hizkuntzalari dogmatikoek bere lanak kontuan hartu ez izanak izan zuen eraginik horretan. Dokumentu horiek argitara emateko asmoa du kantariak, “horrela bere teoriak lanten jarraitzeko eskolaren bat sortuko balitz!”.

Euskara erro eta gara liburua hainbat liburutegi publikotan dago kontsultagarri (Abadiño, Basauri, Durango, Getxo, Lekeitio edota Markina-Xemein). Baita, Lazkaoko monasterioan ere. Horretaz gain, Euskararen jatorriaren I. biltzarrean aurkeztutako bere liburuaren laburpena ere eskuragarri dago elkarteak interneten duen web orrialdean (www.euskararenjatorria.eu).

Aitor Abaroa

(Berria, 2011_07_24)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu