• Astelehena, Urtarrila 05th, 2015

4. Hedabide batzuen jokaera: El Correo

Faltsukeria zabaltzeko arrazoi garrantzitsua Vocento Taldeak euskal historia eta hizkuntzaren kontra duen  etengabeko jarrera izan da. Aldundiak Adituen Batzordea sortu baino lehen grafitoen gainean zalantzak sortzeari ekin zion, ondo prestatutako kanpaina baten bidez. Adibidez, asteburu bakar batean 4 orrialde eskaini zizkion gaiari, Lakarra eta Gorrochategui elkarrizketatuz eta faltsuen aldeko aldarrikapena eginez.

Ondoren, etengabe ildo bereko artikuluak argitaratu izan ditu, gai honi buruz ideia txikiena ere ez zuten pertsonak ere ekarriz: Almagro,… Beste batzuetan erabat erasokor egon da, Eliseo Gil erabat desprestigiatuz. Hau da, kazetaritza “horia” erabat.

Noski, egiazkotasunaren aldeko txostenei buruz ez du ezer esan urte hauetan, ez egin diren ekimenak, edo bidali zaizkien iritzi artikuluak eta gutunak argitaratu.

Sei urte hauetan ostraken aldeko albiste BAKAR bat argitaratu dute. Madrilgo IPCE laborategiak egindako txostena kritikatzeko Eliseo Gilek emandako prentsaurrekoari buruz zerbait argitaratu zuen.

Bestela, zentsura erabatekoa izan da eta esan dezakegu Euskal Herriarekin zerikusia duten gaietan horrelako zentsura maila jasan duen gai bakarrenetakoa izan dela.

Zergatik? Argi dago, ez dute onartu nahi izan euskerak Araban betidanik izan duen garrantzia eta presentzia.

5. EHUren kontrol mekanismoen falta

Epaitegian ikusi dugunez EHUn ez dagoela behar besteko kontrol mekanismorik diru mugimenduetan. Aurreko errektore Goirienaren anaia erruduntzat hartu zuen Epaileak, EHUko dirua “bereganatzeagatik”.

Arabako Iruñan ere harrigarria da nola EHUk 1.700.000 eurotik gora poltsikoratu dituen orain arte, batez ere egin dituen lanak ikusita: sektore bat di-da batean suntsitu, harresi zati bat erdikonpondu, bisita gidatu gutxi batzuk… eta kitto.

Lehen, Lurmenen, kopuru erdiarekin 10 pertsona urte osoan lanean zeuden, eremu batzuk konpondu aurkikuntza garrantzitsuak egin, sondeo asko burutu, txosten pilo bat egin, eta hainbat gauza egin zuten. Hau aldea!

Gainera, orain dauden EHUko kideak dira Adituen Batzordean Eliseo Gil kanporatu zutenak, datazioak eta kata kontrolatuak ukatu eta gero. Eta orain berberek hartu dute indusketaren ardura bestea kaleratu ostean. Nola onar daiteke hau?

EHUko Errektorea den Iñaki Goirizelaiak ez du gai honetan sartu nahi izan, Arabako Campuseko gaia balitz bezala tratatuz, nahiz eta EHUko irudia asko kaltetzen ari den afera honengatik.

Eugenio Ruiz Urrestarazu EHUko Campuseko errektoreordea izandakoa, Iciar Lamarain kultura diputatua eta Julio Nuñez EHUko Arkeologia Sailekoaren prentsaurrekoan gezur handia esaten: San Joan Komentuko aztarnak aurkitu zituztela, orain dela mende batzuk leku zehatza ezaguna zenean

6. Euskaltzaindiaren jokaera

Euskaltzaindiak ostrakekin “ostrukarena” egin du, hainbat politikarien antzera. Arrazoi asko dago, besteak beste: euskararen jatorria betidanik ikertu ez izana eta ondorioz horrek dakarren ezezagutza, euskararen historiari buruz dituen aurreiritziak, Euskaltzaindia finantzatzen duen erakunde batekin (Arabako Aldundia) arazorik eduki nahi ez izatea…

Gainera, polemikaren erdian, 2009ko udaberrian Lakarra euskaltzain oso bihurtu zuen Euskaltzaindiak, polemika honetan izandako jarrera “sarituz”. Zur eta lur geratu ginen, baina argi zegoen Euskaltzaindiaren babes osoa zuela euskara historikoaren “lurperatzaileak”.

2011ko udaberrian Arabako Iruña Argitzeko Batzordeak 19 txosten eta suntsiketarena eman zizkion Euskaltzaindiari, eta horrekin batera eskaera bat, gai hau azter zezan. Zoritxarrez, txosten bat ere irakurtzeko astirik gabe eman zuten erantzuna: gaia arkeologikoa zela eta antza ondo egiten ari zirela:

Euskaltzaindiaren erantzuna:

“Zure gutuna eta dokumentazioa jaso da, bai eta zure kezka ulertu ere. Diozunez, Iruñako aztarnategien gainean hondeamakina batzuk ari dira lanean, eta zuloak egiten dabiltzan lekuan arkeologi gairik egonez gero, pentsatzekoa da jarduera horrekin kalte egin liezaieketela, bertako aztarnei. Uste izatekoa da, horko indusketak arkeologo profesionalen zuzendaritzapean egiten badira behintzat, aurretik azpian egon zitezkeen materialak ongi babesteko behar ziren neurriak hartuko zirela.

Kontuan hartu behar da, nolanahi ere den, Euskaltzaindia ez dela arkeologiaz arduratzen den erakundea, eta, alde horretatik, ez dagokiola iritzia eskatu ere egin ez zaion arlo horretan eskua sartzea.

Zure interesa eskertuz, adeitasunez agurtzen zaitu.”

Besteak beste, zera erantzun genien: Euskaltzaindiak Txillardegirekin egin zuten akats historiko bera egiten ari zela Arabako Iruñako ostrakekin ere.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu