• Ostirala, Urtarrila 09th, 2015

Biharko manifestazioa dela eta posta elektronikoz Sabino Aranarekin elkarrizketa hau egiteko aukera izan dugu. Hauexek dira egindako itaunak eta emandako erantzunak

Jatorria – Sabino, aspaldi ez zaudela Euskal Herrian. Baduzu gaur egun hemen gertatzen ari denaren berri?

Sabino – Asko ez. Hamen, zeruban, bizitza lar ezbardina da eta, badakizu… Dana dala, azken bolada honetan informazino gehiago eukiten dogu, gero eta eduki gehiago “hodeian” eskegitzen dozuezelako. Eta barkatu, “Euskal Herria” esan deustazu, baina, badakizu neuk gurago Euzkadi esatea, nahiz eta nire alderdikoek hiru lurralde izendatzeko parra-parra erabilteak haserrea eragiten dausten. Zeu gaztetxoa zara eta ez dozu jakingo baina nire garaian, Euskalerria izendapena Euskalerriakoek baino ez eben erabilten, hau da, Sotaren lagunek, nazionalismoa euren interes ekonomikoekaz hasi eta amaituten jaken horiek.

Jatorria – Jakingo duzunez, bihar deituta dago manifestazioa, presoak Euskadira ekartzeko. Alderdi askok hartuko dute parte baina zeure alderdikoek ez. Zer erizten diozu horri?

Sabino – Askotan denok izaten doguz zalantzak, zer egin, nondik juan… baina horretarako Jainkoa eta Lagizarrak eukita, iparra badaukagu. Penagarria da baina gaurko gaztetxoek, jente helduak edo nagusiek ez dituzte foruak bat ere ezagututen.  Hor argi eta garbi esaten da herritarrak, Bizkaian esaterako, ezin zirala kanpora atera epaituteko, hamen bertan egin behar zala, eta, ondorioz, espetxera joan behar izanez gero be, Bizkaian bete behar ebela zigorra. Hori foruetan dago jasota eta defendatuteko prest egon behar dogu. Geure seme-alabak Espainiara, 1.000 kilometrotara eroanda, gurasoak, etxekoak, horrela sufriaraztea ezin dogu onartu.

Jatorria – Beraz, bihar zure alderdikoei Bilbora joateko gomendatuko zenieke?

Sabino – Biharko manifestazinora? baietz ba. Euskaldunok Lagizarra defendatuteko batzen ez bagara, gogor joko gaitue gure arerioek.

Jatorria – Beste gai batera joanda, ezagutzen ahal duzu gure webgunea? Euskeraren jatorriaz eta beste kontu batzuei buruz albiste asko jartzen ditugu.

Sabino – Nik egindako etimologia gutxi jaso dozue orain arte, bakarra oker ez banago. Baina bestela interesgarria, batez be, Iruña Okako grafito eta marrazki horiek. Gure antzinako erlijinoaren ganean egiten deuskue berba, hori aztertu behar dozue, gogoz. Neuk beti pentsatu izan dot euskaldunon kristautasuna eta erdaldunena sano desbardinak izan dirala, gauza askotan lez.

Jatorria – Bada eskerrik asko tartetxo hau eskaintzeagatik eta espero dugu hurrengo batean beste gai bati buruz berba egingo dugula, zure etimologiez adibidez. Beraz, agur eta ondo izan

Sabino – Eskerrik asko zuei eta ea bihar geure Lagizarra defendatuteko asko batzen zarien!

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu