• Igandea, Azaroa 22nd, 2015

Azaroaren 19an, ostegunean Letren Fakultateko sarreran (barruan) jarri ginen, EHUk zentsuratutako hitzaldia emateko asmoz. Dekanordea etorri zen bertan ezin ginela egon esateko. Bertan jarri genuen kartoizko hondeamakinako pala kentzeko eskatu zigun, bertan “Arkeologia Saila” ezabatuta eta bere ordez “Eraispenak” agertzen zelako. Berehala kendu genuen. Beste gela bat utzi zigutela esan zigun baina zein gela eta zein ordutan galdetzean isildu zen (ez zen egia).

Gero dekanoa etorri zen. Prozedura ez genuela ondo bete esan zigun baina guk azaldu genion baietz eta gainera Goirizelaiaren idazkariarekin eta beraren bidez Arabako Campuseko erretoreordearekin hitz egin genuela gai hau konpontzeko, arazorik ez genuelako nahi eta Unibertsitaterako (ez soilik guretzat) zentsura hau erabat desegokia zelako. Negoziatzen saiatu ginela eta ukazioa erabatekoa izan zela. Orduan, bertan geratzea utzi zigun (hau benetan eskertu  nahi diogu) irakasleen aipamen pertsonalik egiten ez bagenuen. Orduan onartu genuen eta karteletan zeuden aipamenak estali genituen. Banatzen ari ginen orrian Nuñez ere agertzen zenez, hori banatzeari utzi genion Fakultate barruan.

13:15ean hitzaldia hasi zuen. 25 lagun egon ginen. Giroa piskat arraroa zen, sarrera nagusian, batzuk bi jezarlekuan eserita, batzuk eskaileretan eta beste izan zen, etorritako askok hitz egin zutelako eta ikuspegi bietatik gainera. Ordu eta erdi iraun zuen.

Hitzaldia baino lehen irakasle batzuekin hitz egin ahal izan genuen. Txarto iruditzen zitzaien Fakultateari egiten diogun kritika orokorra, bide ofizialetik aurretik ezer eskatu edo bideratu gabe. Lehenengoan arrazoia zuten, Letren Fakultatean euskal filologia eta historia-arkeologia egoteaz gain, beste karrera batzuk ere badaudelako. Horretan arrazoi zutela  esan genien eta barkamena eskatu behar dugu eta aurrerantzean gai hau zaindu, Iruña-Veleiako ondarearen suntsipenarekin eta grafitoen difamazioarekin zerikusirik ez dutelako.

Egia ez dena da laguntza eskatu ez dugula. Orain 4 urte errektorearekin bilera eskatu eta ez zuen batzartu nahi izan. Orain dela 3 urte eta berdin. Orain 2 urte berriz eskatu eta onartu zigun. Bileran Goirizelaia eta Arabako Campuseko errektoreordea Javier Garaizar egon ziren. Fakultate bakoitzak autonomia osoa duela esan ziguten eta haiek ezin zirela hor sartu.

Erantzun genien ezetz, gai hau Fakultatetik harago zihoala sistema zientifikoaren kontra ari zirelako. Izan ere estratigrafiak grafitoak erromatar garaikoak direla dio (auditatu daiteke baina ez dute egin); arkeometriak grafitokoak noizkoa diren esango liguke (baina datazioak egitea debekatu dute); azkenik,  kata kontrolatuek erakutsiko ligukete ea antzeko zerbait ateratzen den ala ez (baina horiek egitea ere debekatu dute).

Azkenean balantzea positibotzat jotzen dugu: bertsio ez-ofiziala eskaini genien eta zentsura, erdizka bada ere, gainditzea lortu genuen.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu