• Igandea, Ekaina 19th, 2016

Orain bi aste Berria egunkariak  Iruña-Veleiari buruz erreportaje luzea egin zuen, 7 orrialdeekin:

Berria: Iruña Veleiak hamar 10 urte. Hamarkada bete puskak ezin batuz. Iñigo Astiz.

Arkeologoen odisea judiziala. Iñigo Astiz.

Fibularen kasua Veleiaren ispiluan. Iñigo Astiz.

Hamar urte ezbaian. Berria.

Eta justizia? Alberto Barandiaran.

Bertan, gako garrantzitsu asko (datatzeko egindakoaren eta ez egindakoaren balorazioak, kata kontrolatuak, auditoriak…)  eta protagonista nagusienetako batzuk (Harris, Txillardegi, Knnör, Ulrike, Colmenero…) aipatu ere ez zirenez egin, artikulu hau bidali genuen, Berriako irakurleek 2016ko ekainean eduki behar den informazioa eduki zezaten. Artikulu hau idatzi genuen bezperan Berrian agertu da. Beraz, mila esker. Ondoren , Euskeraren Jatorria elkarteak erreportaje horri buruzko balorazioa (testu osoa, ez laburtua):

Iruña-Veleiaren gaia ulertzeko Berrian falta ziren puntu guztiak

Euskal Herrian azken hamarkadatan izan dugun eztabaidari buruz hedabideen isilkeria apurtzeko, Berriak igande honetan erreportaje luzea eskaini digu. Beraz, lehenengo eta behin, gaiari dagokion garrantzia eman izana eskertu behar zaio. Gainera iritzi saila beti ikuspegi biei irekita egon da. Hala ere, irakurri ondoren, informazio garrantzitsu asko jaso gabe geratu dela uste dugu, hain zuzen ere eztabaida hau ulertzeko gako nagusienetako batzuk. Beraz, gure ustez, irakurleak gaia ondo ulertu nahi badu, hona  hemen falta ziren puntuak labur-labur:

Gaiaren enfokea. Artikuluan ez da Henrike Knörr aipatzen eta hemen gakoa da. Berak zioenez gai hau funtsean arkeologikoa da eta arkeologiaren tekniken bidez noizkoak diren esan behar digute eta gero hitz egin beharko zuten hizkuntzalariek, historialariek, etab. Henrikeren ustez grafitoak berantiarragoak izan zitezkeen, VI-VIII mendeetakoak, baina ez zituen inoiz faltsutzat hartu. Knörrek dioena logikoa da, gai hau arkeologoek eta arkeometriak ebatzi behar dutelako. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar Euskal Filologian irakasten den teoria nagusia, Koldo Mitxelenak taxututakoa, oraindik frogatu gabe dagoen teoria bat dela, Iruña-Veleia arte ez dugulako euskerazko testu zaharrik eduki. Beraz aurkikuntza bat faltsua dela esateko gaur egun Mitxelenaren teoria ez da nahikoa.

Arkeologiak gai hau argitzeko dituen hiru bideak: katak, auditoriak eta datazioak. Artikuluan ez da aipatzen hau argitzeko hiru bide zientifiko daudela eta gai honetan ez dela bat ere aplikatu. Katak, adibidez, leku batean agertutako gauzak zalantzan jarri direnean gaia argitzeko erabiltzen da: eztabaidaren alde bakoitzean daudenek leku horretan kata batzuk egiten dituzte. Hemen Eliseo Gilek eta Adituen Batzordeko Perringek eskatu zituzten baina uko egin zieten. Horrelako kata baten bidez, Alemanian faltsutzat hartutako Nebra diskoa egiazkoa zela frogatu zuten, aurkitutako lekuaren ondoan falta zitzaion txanpon bat agertu zelako. Eliseok grafitoak topatu zituen lekuen ondoan kata batzuk egin izan balira, horrelakoak agertu daitezkeen ala ez jakingo genuke.

Auditoriak. Eliseo Gilek indusketan Harris Matrix metodoa erabili zuenez, bere lana auditatu daiteke. Are gehiago, ondoren egon den EHUko lana ere auditatu beharko litzateke, lan biak nola egin diren jakin dezagun. Hau ere, noski, ez da egin. Enpresa baten egoera ekonomikoa zein den jakiteko 10 urtez iritziak eta iritziak entzuten egongo ginateke auditoria bat egin gabe?

Datazioak. Arkeometria objektuak noizkoak diren esaten digun arkeologiaren adar zientifikoa da eta Aldundiaren Batzordean eta ondoren ez da arlo honetako inor deitua izan gaia argitzen laguntzeko. Hilketa bat argitzeko DNA aditurik eta probarik egongo ez balitz bezala. Berriaren artikuluan analitiken gai hau aipatzen da baina alboz eta ez gai nagusi  gisa, nahiz eta hau gai honen erdigunean egon, arkeometriaren lana horixe delako eta gai hau behin betiko argituko digun zientzia delako. Iruña-Veleian zeramikak, hezurrak eta adreiluak datatu daitezke. Eliseo Gilek 100 grafito datatzea eskatu zuen eta Adituen Batzordeak eta Aldundiak ezetz esan zioten. Nola da posible, zu faltsuak direla seguru bazaude, ukatzea? Ziur bazaude 100 ez, 200 grafito bidaliko zenituzke datatzera zure teoria egiaztatzeko, ez? Baina, faltsuak direla hain ziur badaude, zergatik ukatu diote Eliseori datatzea eta kata kontrolatuak egitea?

Bestetik egin diren analitikak ez dira ondo azaldu baina lotsagarriak izan dira, azaletan zer dagoen ikustera mugatu direlako. Grafitoak garbitu egiten dira, esku askotatik pasatzen dira eta metal modernoen arrastoak geratzen dira eskuilekin garbitzean. Nola egin dute horrelako txapuza bat arkeometria laborategietara bidali beharrean? Datazioak egiteko, zeramiketan idazkunen barrunbeetan geratzen diren sedimendu eta karbonato kaltzikoek zenbat denbora daramaten aztertu behar duzu, edo adreilua bada, termoluminiszentzia egin behar duzu, edo hezurra bada karbono14. Mesedez, XXI. mendean gaude! zergatik Aldundiak eta Epaitegiak ez ditu egin nahi izan 10 urte hauetan? Zergatik ez dute argitu  nahi?

Eztabaida zientifikoa. Gaia argitzeko laugarren bidea dugu baina ezin da inondik inora arkeometriaren, katen edo auditorien aurretik jarri, hizkuntzalaritza eta historia zientzia zehatzak ez direlako. Berriaren artikuluan ez da aipatzen egiazkotasunaren aldeko 25 txosten daudela, eta horietako bi aldizkari zientifikoetan argitaratu direla. Ez da aipatzen 25 txosten horietan faltsukeria defendatzeko botatako argudio gehienak erratuta daudela frogatu dela. Ez da aipatzen ospe handiko adituek grafitoen egiazkotasunaren aldeko argudioak eman dituztela. Adibidez, Edward Harris ez da artikuluan agertu, arkeologia modernoaren sortzailea dena eta munduan arkeologo ezagunenetakoa izanik. Pasa den urtean bidali zuen gutunean oso gogor mintzo zen: munduan ez duela inon ikusi arkeologo batzuk froga zientifikorik gabe inputatuta egotea. Azaldu zigunez, akusatzaileak grafitoak bere esku edukitzea eta beste alderdiari (Eliseo Gili) ikusten ere ez uztea ez da inon pasatzen eta Estatu Batuetako Epaitegietan horregatik soilik hurrengo egunean artxibatuko litzatekeela.

Berria egunkariak ez ditu 25 txosten egileetako gehienak aipatzen

Aipatu ez den beste aditua Txillardegi da. Lakarrak Leizarragaren aditza ez duela ondo menperatzen erakutsi zigun Biblian agertzen den aditz bat Josebak Iruña-Veleian faltsutzat hartzeagatik. Edo Hector_Iglesiasen txosten ikaragarria, nazioarteko ikerle askoren  teoria serioenak eta onartuenak eta haien obra garrantzitsuenak sakon aztertu ondoren, faltsutzat emandako gauza pilo bat argitu dizkiguna: Core, Miscart, Denus, Deidre, Naia… (ez da egia Gorrochateguik dioena, inork ez dietela haien argudioak zuzendu, guztiz kontrakoa baizik). Orain Hectorrek liburu bat argitaratu du egindako lan handi horrekin Pariseko unibertsitate baten eskutik. Hectorrek dioen bezala, pertsona batek 400 grafito horiek faltsutu baditu Nobel saria eman beharko litzaioke, horien atzean dagoen jakinduria argitzeko berak arlo askotako ikerle piloren lanak kontsultatu behar izan dituelako.

Aipatu ez den beste aditu oso garrantzitsua Antonio Rodriguez Colmenero da, Santiago de Compostelako Unibertsitatekoa, historian doktorea. Iruña-Veleiaren 1. Nazioarteko Biltzarrean eman zuen ponentzia oso ona izan zen,  erakutsi zuen ezagutza zabalagatik: onomastika erromatarra, ikonografia kristaua… Benetan ostraken altxorra ulertzeko irakurri beharreko txostena. Antoniok dio Iruña-Veleiako Azken Afaria aurkitutako zaharrena dela eta oso erraz datatu daitekeela.

Txosten grafologikoa. Artikuluan gai hau ez da aipatu eta Aldundiaren faltsukeriaren teoria defendatzeko hedabideetan gehien erabili duten sasiargudioa izan da. Denborak Eliseori arrazoia eman dio eta txosten horrek ez duela ezertarako balio diote orain denek. Aldundiak 50.000 euro baino gehiago gastatu ditu haien tesiaren alde egongo zen txosten bat eduki arte, eta ez du nahi izan kanpoko laborategi espezializatu batean 3.000 eurorekin grafito bakar bat datatu nahi izan? Zergatik?

Joko zikina. Artikuluan ez da aipatzen baina faltsukeriaren aldekoek gauza “desegoki” gehiegi egin dituzte: Batzordekoek isilpekotasuna mantentzeko konpromisoa zutenean publikoki hitz egitea (Gorrochategui), interneten faltsukeriaren ideia zabaltzeko 3 filtrazio epe horretan egitea, “Descartes” agertzen zela hedabide guztiei esan eta barrezka gainera, benetan Eliseok esandako “Miscart” agertzen zenean, EHUko Arkeologia Sailak 2010ean sektore oso bat hondeamakinaz suntsitzea antzeko grafito gehiagorik agertu ez dadin, eta orain 2015eko abenduan beste eremu aberats bat ere suntsitu omen dute, San Juan komentua aurkitu dutela esatea orain 300 urte non zegoen jakina zenean…

Egia zabal dadin egin den etengabeko lana. Amaitzeko, artikuluan ez dira aipatu baina gogoratu beharra dago gai hau argitzeko 7 urte hauetan egindako ekintza pilo bat: 2008an zabaldu zen Ostraka Euskalduna bloga,  gaiari buelta ematen hasteko abiapuntua izen zena, Durangoko Azokan Agiñaldek eta Euskeraren Jatorriak gai hau argitzeko egindako adierazpena, Geu Gasteizek atera zituen 2 ale une zail horretan, SOS Iruña-Veleiak jasotako 2.100 izenpe, bisita gidatu alternatiboetatik pasatu diren 400 pertsona, herriz herri eman diren hitzaldi piloa, Aldundiaren aurrean astero egiten den enkartelada, azken biltzarrean egin den eta jadanik 350 lagunek ikusi duten grafitoen 1. erakusketa… horiek guztiak geure euskera, historia eta kultur duintasunaren aurka egindako eraso hau salatzeko eta argitzeko.

Espero dugu informazio honekin irakurleek ikuspegi osatuagoa izatea.

Euskeraren Jatorria. 2016ko maiatzaren 10ean

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu