• Astelehena, Otsaila 26th, 2018

Berria

«Sinesmenen balioak berreskuratu behar ditugu»

Euskal sinesmen zaharrak hizpide izanen ditu gaur Aurkenerenak Baionan. Gizarteak ezagutu beharrekoak dira, haren aburuz. Eskuan ‘Iragana ere gaur da’ bere azken liburua eramanen du.

Euskara eta euskal kultura ongi ezagutzen ditu Joseba Aurkenerenak (Donostia, 1956). Historialaria da, euskara irakaslea, eta euskal kulturari buruz idazten du; sinesmenez, batik bat. Gaur Baionako Epaiskan ariko da, 19:00etan.

Sinesmen zaharrei buruz mintzatuko zara. Oso aspaldikoez?

Ariko naiz euskaldunen mundu ikuskerari buruz, nola ikusten zuten izadia eta beren burua bera ere. Zein ezaugarri izan duten sinesmenek: panteista, monoteista, naturalista, animista… Ezaugarri horiek nola garatu ziren eta animismoak zer-nolako indarra duen egungo euskara bizian.

Zer da animismoa?

Artzaintzatik nekazaritzara igarotzean sortu zen animismoa. Naturalismoa da naturan dauden elementu guziak sakratuak direlako ustea, eta elementu horiek jainkotzat hartzea. Animismoan pentsatzen dute izadiko elementuetan badirela izaki magikoak, eta horiek dira benetan sakratuak direnak. Esate baterako, naturalismoan lurra gurtzen zuten; animismoan, lurraren irudia gurtzen da: Mari.

Hizkuntzan zein eragin izan du horrek?

Euria ari du esaten dugu. Ari horrekin, nor edo nor-nori erabiltzen da, baina fenomeno atmosferikoak salbuespena dira. Hor badago subjektu eliptiko bat; Egu edo Ortzi da hori sortzen duena. Beraz, Euria ari du: nork? Eguk edo Ortzik. Bestalde, izadiaren elementuak jainkozkotzat hartzen dira. Elementu horiek bizirik baleude bezala erabiltzen dira, eta, benetan, bizirik daude euskal ikuspegi zaharraren arabera.

Dualismoa ere hortik heldu da?

Euskaldunak guztiz manikeistak gara. Hasieratik daude lurra-itsasoa, eguzkia-ilargia edo euskalduna-erdalduna. Ahari talka bat bezala da: beti daude bi mundu elkarren kontra ari direnak, eta etengabeko borroka horretatik sortzen da garen guztia. Kosmos ikuskera bat da.

(…)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Etnografia
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu