Iaz argitaratu genuen albistea jarri dugu berriz ere, bihar gauean urte berriari agurra emateko ur bila joan gaitezen:
Hiru webgune hauetan Nabarran antzina zegoen ohitura honen berri eman digute, urte berriari agurra emateko. Herrietako gazteek gaueko 12:00etan iturrietan ur berria hartu pitxarretan eta auzokideei edatera ematen zieten:
a) Joseba Aurkenerenak (Zuzeu) ederki azaldu du euskeraz tradizio hau
Nafarroa Garaiko Baztanen, Basaburuan, Imozen, Larraunen, Burundan eta Arakil aldean bazen urte berriaren etorrerarekin loturiko errito bat, urtero errepikatzen zena. Gaur, tamalez, badirudi bakarrik Burundako Urdiain herrian egiten dela. Pena da, errito hau baita euskaldunok urtezaharreko edo urtatseko gauean urte berriari ongi etorria emateko izan dugun berezko errituala. Hamabi mahatsen ohitura horrek ez du bide luzea Euskal Herrian, eta ez du zer ikusirik euskal kulturarekin.
1.- Erritoa zertan den. Urtatseko gauean mutilak lehen, eta neska-mutilak orain, euren herrietako iturrietara joaten ziren eta hortxe zain egoten ziren gaueko hamabiak jo arte. Urte berria hastean, ura jasotzen zuten pitxarretan eta apaizari, alkateari eta gainerako bizilagunei banatzen zieten ur berria edan zezaten. Garai zaharretan urteko lehen ura sendatzailea eta berritzailea zela sinesten zuten. Jose Maria Satrustegi idazle eta antropologoaren esanetan, ur horrek gaitzak sendatzeko eta urte berriko alde txar guztiak uxatzeko balio omen zuen.
(jarraitzen du)
b) Uxue blogspot (guk euskeratuta eta laburtuta)
Abenduaren 31an Baztan, Basaburua, Imotz, Larraun, Burunda eta Arakileko gazteak haien herrietako iturrietara joaten ziren eta gaueko hamabietako kanpaien zain egoten ziren. Ordua zenean urteko lehenengo ura pitxarretan hartzen zuten eta apaizari, alkateari eta herritarrei ematen zieten “Ur goiena ur barrena” kopla kantatzen zuten bitartean eta trukean zerbait jasotzen zuten, urtats izeneko saria. Urdiainen oraindik eusten diote tradizio horri.
“Ur goiena eta ur barrena” nondik dator? Zibilizazio askotan zeruan ura zegoela uste zuten eta horri esker euria egiten zuela eta hortik dator “ur goiena”. Horrez gain lur azpian ere laku handi bat zegoela uste zuten eta handik iturriak sortzen zirela eta hortik dator “ur barrena”. Horregatik ur biei deitzen zieten kopla honekin.
“UR” ura baino zerbait gehiago da. Imanol Mujikaren iritziz materia bizia esan nahi du eta horregatik ditugu lurra, euri, elur, zur, haur, hezur. Horiez gain eurite, elurte eta urte ere baditugu. Urtea uraren zikloa izango litzateke, eta beraz bizitzaren zikloa. (beste batzuek diotenez glaziazio garaian urtea zen izotza urtzen zen garaia eta hori urtean behin egiten zuenez hortik hartu zuela urtearen zentzua). Gazteek jasotzen zuten saria urtats izatea ere bitxia da, hor ur erroa dagoelako.
Horrela, “ur berria” ez da soilik ura, baita “urte berria” eta “Ama Lurraren ziklo berria” ere.
Mikel Burgik, Uxueko blogariak, ohitura hau berreskuratzeko proposamena egin digu eta etxeetan, (Madrileko errege batek zabaldu zuen) mahatsa jatearen ohitura “berri” horren ordez zera egin ahal dugula: 12ak jo ondoren etxeko iturritik hartu lehenengo ura eta denok pixkat edan, ur eta urte berriari ongi etorria emateko.
Izan ere gure %70a ura da, Planetaren %75a ura da. Ama Lur horretan ere ura nagusi da. Ura, iturriak eta euria… ugalkortasunaren ikurrak dira.
Mikelek ez du esan baina ondo legoke ere gaztetxoak herriko iturrietan elkartu eta pitxarrekin ura hartzera animatu tradizioa berreskuratzeko eta ondoren auzotarren artean zabaldu, elkarren harremanak lantzeko, elkarrekin urte berriari agurra emateko.
Ongi etorri urte berria, ongi etorri ur goien eta ur barren berria!
Aurretik agertu zaizkigun koplen formulari jarraituz Nafarroako Burunda inguruan (Urdiain eta Larraungo aldaeren bilketa da hemen agertzen zaigun kantua) urarekin lotuta dagoen ohikune markagarria gorde izan da. Erritu hau lehen hedatuago zegoen, baina gaur egun toki honetan baino ez du iraun antza denez. Jose Mª Satrustegik zehatz eta maisutasun handiz azaltzen ditu Gabon Zahar gaueko hamabi-hamabietan hasten diren ekintzok. Herriko neska-mutilek iturriko ura hartzen dute ordu horretan. Badirudi hamabi kanpaiak jotzearekin batera munduko ur guztiak (eta natura osoa ere) birjaio egiten direla. Ordu horretan bertan harturiko urak, beraz, indar magikoa du eta edaten duenaren babestaile izan liteke. Horretara, bada, gazteek ur hau etxerik etxe daramate, auzo guztiek edan dezaten. Bide batez, sarri ohi den bezala, jateko zerbait eskatzen dute.
Ur goiena, ur barrena
Urdiain, Larraun (Nafarroa)
1. ― Arantzazu zer dekazu? ― Ur goiena, ur barrena. Ur goiena, ur barrena Urteberri egun ona. 2. 3. 4. 5. |
6. Goian-goian ilardia erdi-erdian klabelina. Gure baratzan belar ona hark botatzen dau usai ona. 7. 8. 9. 10. |
Asteartea, 1. Urtarrila 2019
Abenduaren 31ko gaueko 12etan. Eta Urdiain Sakanan dago.
Asteartea, 1. Urtarrila 2019
Eskerrik asko Beatriz, zuzendu dugu. Urdiain Sakanan dago baina esaten dutenagatik Sakanako beste herrietan jadanik ez da egiten. Horrela da?