• Asteartea, Urtarrila 28th, 2020
Iruña-Veleia Argituk prentsaurrekoa eman du Gasteizen, datorren astean hasiko den epaiketari begira.Momentuz zerbait argitaratu dutenak (ETBko informatiboetan ezer ez!!)

Naiz Iruña-Veleia auzikoen aurkako karguak baztertu eta arkeometria probak egiteko eskatu dute
Deia La Plataforma Iruña-Veleia Argitu mantiene que los grafitos son auténticos
Berria Piezak benetakoak direla berretsi du Iruña-Veleia Argituk, epaiketaren atarian
Radio Vitoria 13.40an prentsaurreko zati bat
EITB La Plataforma Iruña-Veleia Argitu mantiene que los grafitos son auténticos (telebistan ez dute eman baina webgunean bai)

Iruña-Veleia Argitu-ren agiria epaiketaren atarian

Iruña-Veleia Argitu ekimenak bere jarrera agertu nahi du datorren otsailaren 3an Gasteizko Justizia Jauregian hasiko den epaiketa dela eta. Sekula egin behar ez zen epaiketa, gure ustez, zigor-auzitegia ez delako eztabaida zientifiko bat erabakitzeko lekurik onena.

2009an Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gil Zubillaga Lurmeneko zuzendariaren, Oscar Escribano Sanz langilearen eta Rubén Cerdán Casilari kolaboratzailearen aurka kereilatzeko erabaki negargarria hartu zuen, Batzorde Zientifiko Laguntzailea izenekoaren zenbait txostenetan oinarrituta. Gogoratu nahi dugu ebidentzia fisikoez egindako txosten bakarrak ez zuela ondorioztatzen ez grafitoak benetakoak zirenik eta ez faltsuak zirenik. Handik gutxira, nazio ezberdinetako hainbat adituk ondutako txostenek banan-banan ezeztatu zituzten Batzorkideen faltsutasun argudioak.

Nahiz eta ikertu beharreko pertsonak hiru bakarrik izan, instrukzio fasea amaiera gabea izan da, hamaika urte igaro baitira kereila jarri zenetik orain arte, hamaika urteko “aulki-zigorra” auzipetuentzat, benetako tortura. Eliseo Gil eta Oscar Escribano kartzela-urte luzeak bereganatzeko arriskuan daude (zazpi urte eta erdi Gilek, hiru eta erdi Escribanok), eta ia 300.000 euroko isuna ere bai “ondarearen aurkako kalteengatik”. Eta hori oraindik zientifikoki frogatu gabe dagoelarik grafito bakar bat ere faltsua dela eta are gutxiago auzipetuak direla egileak.

Era berean, gure harridura azaldu nahi dugu Isabel María Díez-Pardo Hernández epaileak, auziaren epaile bakarrak, ez dituelako deklaratzera deitu ez kereila jarri zuen politikaria, Lorena Lopez de Lacalle Aldundiko diputatu ohia, eta ezta faltsutasuna erabaki zuten unibertsitate irakasleak ere: J. Gorrochategui, J. Lakarra, A. Azkarate, J. Núñez, etab., nahiz eta bi aldeek eskatu. Guztiz ulertezina zaigu zergatik ez duten agertu behar ahozko bistan egoera honen sortzaile eta erantzule nagusiak. Benetakotasunaren aldeko txostenen egileak ere (E. Harris, R. Colmenero, U. Fritz, K. Van den Driessche, etab., ezingo dute deklaratu.

Guk geure aldetik berriro adierazi nahi dugu konbentzituak gaudela grafitoak benetakoak direla, eta ondorioz auzipetuak errugabeak direla egozten zaizkien delituetatik. Hau dela eta, Arabako Foru Aldundiari eskatzen diogu auzipetuen aurkako karguak baztertu eta azterketa arkeometrikoak eta indusketa kontrolatuak bideratu ditzala, hauexek baitira auzia betiko erabaki dezaketenak, Lurmenek eta Iruña-Veleia Argituk behin eta berriz proposatu duten bezala. Oraindik garaiz gaude.

Aldi berean, arrenka eskatzen diegu gure ondare kulturala eta historikoa zaintzeko eginkizuna duten erakundeei (Unibertsitateak, Eusko Jaurlaritza, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde, etab.), zein erabakitzeko edo eragiteko ahalmena duten pertsonei, arazoari arduraz hel diezaiotela eta ahaleginak eta bi egin ditzatela auzia argitzeko.

Azkenik, dei egiten diogu gaiarekin arduratutako jende guztiari datorren larunbatean, otsailak 1, Gasteizen egingo den Bizikleta Martxan parte hartzera. Zientziarik gabe justiziarik ez / Sin ciencia no hay justicia izango du lema, goizeko hamaiketan hasiko daLakuako autokarabanen aparkalekuan, eta zenbait geldialdi egin ondoren, eguerdiko ordu batetan amaituko da Justizia Jauregiaren aurrean, non egingo den elkarretaratzea eta azken ekitaldia.

Eginahalak egin behar ditugu auziak amaiera ustela izan ez dezan, hurrengo belaunaldiei pasatuko genieke-eta eztabaida. Egia jakin nahi dugu, edozein delarik ere. Egia jakitea exijitzen dugu.

Iruña-Veleia Argitu (Gasteiz, 2020-01-28)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Epaitegia
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu