• Osteguna, Otsaila 20th, 2020

Atzo Iruña-Veleiako grafitoei egindako epaiketa amaitu zen, zaintza katea apurtuta, kontrasteko datazioak egin gabe eta defentsaren aldeko peritu gehienek parte hartu gabe. Gu Harris arkeologo famatuak esandakoarekin geratzen gara: Lurmenek lan arkeologiko bikaina egin zuen eta, zalantzak badaude, zergatik ez dira datazioak egin laborategi onenetan?

Juan Martin Elexpururen blogean atzoko saioa laburtuta dago honela (Elexpururen bloga):

a) Fiskaltza eta akusazioaren arrazoiak Elkarrekin azalduko ditugu, ia berdintsuak izan dira eta. Desberdintasuna tonuan izan da, Alvaro Delgado fiskalarenak ez baitu atentziorik deitu, baina Javier Villarrubias AFAko abokatuak, berriz, oldarkor eta errespeturik gabe jokatu du. “Dokumentuak faltsutzearen delituaz” gain, “Omisio delitua” sartu dute, “Oso gaizki kudeatzeagatik” eta ondareari “kalte konponezina eragiteagatik”. Villarrubias iritsi da esatera Eliseo Gilek “denbora pasa modura” egiten zuela lan Iruña-Veleian, lan zientifiko bat egin beharrean. Erabat txarto induskatzen zela (Harrisek erabat kontrakoa esan zigun) eta salaketa jarri zuten hiru arkeologoek abisatu ziotela. Faltsifikazioak oso zatarrak direla, faltsutzeko arrazoiak ospea lortzea eta dirua irabaztea izan direla, egiletza oso argi dagoela, grafologoen epaia eztabaidaezina izan dela (ez dituzte aipatu Ertzaintzako Grafistikako arduradunak nola desmontatu zuen dena, eta atzo egiletza ukatu zuten grafologoak deskalifikatu dituzte). Arabako Foru Aldundiko abokatuak une oro horri esateko tonu handi-mandian. Gero, Gorrochategui, Lakarra, Santos Yanguas eta Velazquezen txostenetatik ondorioak atera eta aipatu ditu, euskara, latina, epigrafia, inplikazio-zantzuak eta abar erabiliz, bere tesiak indartzeko. Lakarraren txostenaren zenbait aipamen irakurri ditu, non faltsifikatzaileak 2003ko abenduan argitaratutako Luis Nuñezen “euskara arkaikoa” liburua ezagutu behar zuela dioen. Ondo ikasitako ikasgai baten modura azaldu du dena.

b) Eliseoren abokatuak absoluzioa eskatzeko emandako arrazoiak

1) Deuseztasuna (nulitatea). Hainbat arrazoi azaldu ditu epaiketaren deuseztasuna eskatzeko, zaintza-katerik ez egoteaz gain:

1.1. Grafitoak faltsuak zirela zioen ondorio agiriak Arabako Foru Aldundiko funtzionario Félix Lopezek 2008ko azaroaren 15ean idatzi zituen, Batzordea azaroaren 19an bildu baino lau egun lehenago. Egun horretan eskatutako hamar txostenetako bat baino ez zegoen entregatuta, gainerakoak geroago iritsi ziren, batzuk ia bi hilabete geroago. Madariagak 2011ra arte ez zituen Leioako laborategian amaitu bere analisiak. Lurmen kanporatzeko foru agindua ere aurretik idatzita zegoen.

1.2. Deuseztasuna eskatu du polizia judizialak instrukzioan egindako jarduketagatik. Ertzaintzak ikerketan parte hartu du grafitoak faltsuak direla eta faltsutasun-zantzu edo -frogak baino ez dituelako bilatu (bide batez, ez zuen halakorik aurkitu), inoiz ere ez benetakotasun-zantzurik. Xehetasun gisa, artxiboetan XIX. mendeko I-V faltsutze hipotetiko batzuk ez ikertzea gomendatzen du [1] (ikus oharra). “Azken urteetako munduko arkeologiaren faltsifikazio larriena” bezalako baieztapenak egiten ditu.

1.3.Deuseztasuna eskatu du preskripzioagatik. Ustezko delitu-egitateak hasi zirenetik (2005) kereila jarri arte (2009ko martxoa) hiru urte baino gehiago igaro ziren.

2. Delitua egiteko arrazoia. Lurmenek 2012ra arteko kontratua zuen, 400.000 euroko superabita, Euskotrenek ez zuen inolako presiorik egin emaitza gehiago lortu ahal izateko (agerian geratu dira hiru salatzaileen gezurrak zentzu horretan); Filloy eta Gil Arabako arkeologo ospetsuenetakoak ziren. Faltsutzeko arrazoia ezin dira ospea eta irabaziak lortzea, akusazioak esan duen bezala.

3. Maula delitua (estafa). Argi geratu da Lurmenek ez zuela euro bakar bat ere kobratu Cerdan txostena egiteagatik.

4. Egiletza. Grafologia izan da akusazioak Gil akusatzeko erabili duen tresna bakarra, eta hau behin betiko bertan behera geratu da, lehen esan dugun bezala, Ertzaintza bereko atal batek grafologia ez duelako horretarako balio.

5. Tasazioa. Lehen Jaurlaritzarentzat aparteko 476 ziren grafitoak zeuden eta orain, berriz, 291. Bakoitzeko 600 euroko isunak ez du zentzurik eta Lurmenek aurkeztutako tasatzailearen peritu-txostenean 5 eta 20 euro arteko merkatu-balioa dagoela argi geratu da.

6. Faltsukeria ala benetakotasuna. Akusazioak Navarro txostena (IPCE) erabili du faltsutasuna frogatzen saiatzeko, metal mota ugari daudelako bai ildoetan bai piezen gainazalean. Azterlan horiek, ez dute  ez dira kontrol talde batekin egin. Navarrok metalak oso kopuru txikitan topatu ditu (5 eta 20 mikra artean zonalde bakoitzeko). Mikel Albisuren txostenak Bartzelonako laborategi batean frogatu duenez, iltze hautsi bat duen zeramika batean ebakiak egiten badira, ildoari itsatsita geratzen den metal kopurua 100 eta 300 mikra artekoa izaten da. Kopuru hori Navarrok topatutakoak baino askoz handiagoak dira. Gainera, Navarrok benetakotzat hartutako grafito batean kopuru hori topatu du. Grafitoen ebakidura ugaritan konkreziok eta zarakarrak (kostrak) daudela eta horiek benetakoak direla iradokitzen digutela, Antelo jaunaren luminiszentzia-probek (FUV metodoa) ere gauza bera iradokitzen digutela, nahiz eta IPCEko teknikari honek ez duen deklaratu nahi izan, defentsak etortzeko ahaleginak egin baditu ere. Azpimarratu du, halaber, Aldundiko zaharberritzaileek ez zutela ezer arrarorik ikusi piezetan, eta une oro benetakotzat jo zituztela, baita Lurmenentzat lan egin zuten langile guztiek ere.

7. Absoluzioa. Horregatik guztiagatik abokatuak Eliseo Gilen absoluzioa eskatu du. Epaia kondenatzailea balitz, “Bidegabeko atzerapenagatik” beherapena aplikatzeko eskatu du, Europako jurisprudentziak dioen bezala, hamaika urteko aulki-zigorra jasan izanagatik, horrek dakarren guztiarekin.

8. Orain auzia epaiaren zain dago. Isabel Maria Diez-Pardo Hernandez epaileak du hitza.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Epaiketaren azken eguna: Eliseo Gilen absoluzioa eskatzeko arrazoiak4.0101
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu