• Osteguna, Otsaila 11th, 2021

Iruña-Veleia Martxan

Eusko Legebiltzarrak Iruña-Veleia bide zientifikotik aztertu eta kultur ondare izendatzeko prozesuan laguntza eman dezala eskatu da

Gaur goizean Iruña-Veleia argitzeko pasa den udazkenean 99 egunetako gose greba egin zuen Jose Mari Lejardik, Patxi Alañarekin batera, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskera eta Kirola Batzordean izan dira. Kide bi hauek Iruña-Veleia Martxan elkarte berriaren partaideak dira. Adierazi dutenez 20 txosten baino gehiagoren arabera grafitoak egiazkoak izan daitezke eta horien egileek, epaiketa ikusi ondoren, lehenengo jarrerari eusten diotela. Horrez gain, Iruña-Veleia bide zientifikotik argitzeko izenpetu duten hainbat pertsona ezagun gogoratu dituzte.

Adierazi dutenez Epaitegiak IPCEri agindu zion lanak hutsune gehiegi ditu besterik gabe onar dezagun: bost teknikarik hasi baina bakarrak sinatu zuen amaieran, Vicente Navarrok, hain zuzen ere, horrelako datazioetan eskarmenturik ez duen teknikariak eta gainera, erabili zuen metodoa ez du beste inork munduan horretarako erabili. Gutxi balitz, erabili zuen mikroskopioa erosi berria zen eta ez zituen kontraste probak egin ea ondo doituta zegoen jakiteko. Eta hori gutxi balitz IPCEk egin zuen beste txosten bat zegoen –Antelok egindakoa- ondorio desberdinak zituena (ez zioen faltsuak zirela) baina ez zuten epaiketara deitu eta txosten hori ez zuten epaian kontuan hartu nahi izan.

Orain arte topatu diren grafito guztiak ondare izendatzea eskatu du elkarte berriak, Gratiniano Nietok topatutako 61, Elortzak topatutako 65, Lurmenek topatu eta epaiketatik kanpo geratu diren 381 grafito eta EHUk aurkitu dituen 2 grafitoak. Ondare izendatzeko prozesu horretan herritar eta elkarteek parte hartzea eta zalantzak daudenean bermedun laborategiek datazio egokiak egitea galdegin dute.

Adierazi dutenez, Iruña-Veleia Martxanek gaur eskatu dio Eusko Jaurlaritzari kultur ondare izendatzeko prozesua abiatzea eta Legebiltzarrari, ez-legezko proposamen baten bidez, horren alde egin dezan eskatu diote, zientzia kontuan hartzeko hori delako bide bakarra gai hau betiko argitu dezagun.

Behean Iruña-Veleia Martxanek Jaurlaritzari egindako eskaeraren laburpena:

Iruña-Veleia Martxanek Eusko Jaurlaritzari egindako eskaeraren laburpena:

1) Iruña-Veleiako aztarnategia eta bertako aurkikuntzak babes berezia duten kultur ondasun izendatzeko deklarazio espedientea zabaldu eta izapidetu dezala.

2) Espedientea zabaldu eta amaitu bitartean, beharrezkoak diren babes neurri guztiak hartu ditzala Iruña-Veleiako aztarnategia eta indusketetako aurkikuntzak behar bezala kontserbatu daitezen eta adituengatik eta metodo zientifikoen bidez aztertuak izateko aukera egon dadin, bai eta suntsituak, kaltetuak edo manipulatuak izan ez daitezen. Halaber, espedientea hastearekin bat, behin behinean, Iruña-Veleiako aztarnategiari eta indusketetako aurkikuntzei babes berezia duten kultura ondareen araubidea eta babes – araubide erkidea eta berezia aplikatu diezaiela.

3) Iruña-Veleiako kultur ondasun higiezinak, higigarriak eta inmaterialak babesteko espedientea jendaurrean jarri dezala eta interesdunak entzunak izan daitezela. Halaber, aipatutako espedientean Iruña-Veleia Martxan! Elkartea aintzat hartu beharreko alderdi eta interesatutzat jo dezala; alegazioak egiteko, frogak proposatzeko eta frogen praktikan parte hartzeko aukera eman diezaiola eta entzunaldia eman diezaiola.

4) Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako ondare-higiezin, ondare-higigarri edo ondare inmaterialen baten benetakotasunaren inguruan zalantza edo eztabaidarik balego, espedientearen baitan metodo zientifikoen bidez ikerketa burutzea agindu dezala eta, ondorioz, dagozkion ikerketa, txosten, azterketa tekniko eta frogak burutzeaz gain, benetakoa edo faltsua izan daitekeen ondare higiezin, higigarri edo inmaterial bakoitzaren datazioak, kata kontrolatuak eta auditoriak egin daitezela.

5) Hala badagokio eta dagokion Dekretuaren bidez Iruña-Veleiako aztarnategiari (bere osotasunean) eta bertako aurkikuntzei (izan ondare higiezinak, higigarriak edo inmaterialak) babes berezia duten kultura ondasun deklarazioa eman edo zabaldu diezaiela, elementuz elementu dagokion ondare kategoria eta ondare mota zehatza finkatuaz, eta babes berezia duten kultura ondasunen araubidea aplikatu diezaiela.

Gasteizen, 2021eko otsailaren 10ean

Iruña-Veleia Martxan!


VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Iruña-Veleia Eusko Legebiltzarrean10.0101
Atala: Alderdiak
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu