Euskaltzaindiak Luis Mari Zalduaren liburu baten bidez zazpi urte eta gero euskalduntze berantiarraren erasoari erantzun dio:
Liburuak toponimia hartu du oinarri, “teoria hori zalantzan jartzeko eta ez erabat baztertzeko” (beldurrez gauzak argi eta garbi esateko?)
Euskaltzaindiaren prentsa oharra (2021-03-04)
… Luis Mari Zaldua: “Teoria hori sostengatzen duten arrazoiak zalantzazkoak dira, baina teoriak berak bizirik dirau”… “Inskripzio gutxi batzuk eta lauzpabost toponimo dira erromatarren garaian Gipuzkoan bizi zirenak euskaldunak zirela zalantzan jartzeko argudio nagusiak”, “gaurko datuen argitan, jatorri indoeuroparreko mintzairen ekarpenak gaineko geruza ematen duela, ez azpikoa, hau da, itxura batean badirudi euskaldunok hemen bizi ginela Antzinaroan”.
Teoria hori zalantzan jartzeko -erabat baztertzeko bestelako probak beharko lirateke- toponimiaz baliatu da Zaldua liburu honetan: “Euskal jatorrikoak ez diren zenbait leku-izenen hizkuntza trataerak edo bilakaerak- erromantzearekin bateraezina denak eta euskarak berezkoa edo barnekoa duenak- garbi samar adierazten du izendapen horiek sortu edo iritsi zirenean euskal enborreko hizkuntza gailentzen zela gure lurraldean, alegia, biztanleria euskalduna zela”…
Liburuaren informazioa: Euskararen aztarnak Gipuzkoako Antzinaroan Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan ikerlana argitaratu du Euskaltzaindiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Euskeraren Jatorria Elkartearen eritzia. Euskaltzaindia eta euskalduntze berantiarra: berandu eta gaizki?
Orain dela ia 7 urte, 2014ko irailean, ETBk eta Alberto Santanak “Una historia de Vasconia” dokumentala aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian. Urte hauetan gezur hori ETBn pilo bat aldiz eman dute, testu liburuetara zabaldu da, jendeak baleko teoriatzat hartzen hasi da… Nahiz eta horren atzean ez dagoen inolako ikerketarik, ez libururik, ez eskarmentuko aditurik, ez ezer. Telebistako muntai hutsa izan da, euskaldunon diru askorekin eginda, gure teilatuari harriak botatzeko.
Gainera, horretan oinarrituta, “Baskoniako beste historia bat” dokumental sorta osatu dute gure historia, mitologia eta kulturaren kontu pilo bat hankaz gora jartzeko, bereziki Joxemiel Barandiaranen eskolakoek berreskuratutako guztia: mitologia, matrilinealismoaren aztarnak… Adibide asko eman litezke baina adibidez, erromatarrak etorri arte euskaldunok ia ez genekiela zer zen arrantza esateraino ausartu dira, nortzuei eta euskaldunoi, Santimamiñen baleak harrapatzeko orain dela 9.000 urteko arpoi bat topatu denean, erromatarrak jaio barik zeuden garaian.
Dokumental hori eman zutenean euskaldunok pozoi hori gelditu behar izan genuen, errotik baina ez. Hemen denok beste alde batera begira: EHU, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, euskal hedabideak… Mugitu ginen bakarrak Aitzol Altuna, Juan Martin Elexpuru, idazki bat sinatu zuten 30 bat lagun eta Euskeraren Jatorria izan ginen baina guk ere, behar zena baino gutxiago egin genuen, tamalez.
Euskaltzaindiak euskalduntze berantiarraren gezurra gelditu nahi izan balu beste estrategia bat jarraitu beharko luke, liburu bat idaztea baino haratago. Benetan, gezur hori geldiarazi nahi al du?
Euskeraren Jatorria Elkartea
Gutun hau hedabide hauek argitaratu dute: Naizek, Argiak, Zuzeuk eta Berriak. (zuzendu dugu) Hauek ez dute argitaratu: Diario de Noticias-Deia.