• Igandea, Urtarrila 20th, 2013

Euskeraren zutabeetako bat orain 20 urte joan zitzaigun: Joxemi Zumalabe, Argia, Egunkaria, Apika, Antza, Kontseiluaren aurrekaria izandako EKB eta hainbat proiekturen sustatzaile nagusienetakoa. Euskerak zor handia du berarekin. Wikipediatik pasarte hau jaso dugu:

1979an Zeruko Argia krisian zegoen: aldizkariaren jabe ziren fraide kaputxinoek inprimategiarekin zor handiak zituzten eta astekaria bertan behera uztekotan ziren. 1980an beren gain hartu zuten aldizkaria langileek. Zeruko Argia izatetik Argia izatera pasa zen aldizkaria.

Garai berriko lehen zeregina lan taldea finkatzea izan zen. Josu Landa, Pello Zubiria, Jon Barandiaran eta Iñaki Uria aldizkarian lanean hasi ziren 1982rako. Aro berriko lehen hiru urteetan lankideetako bakar batek ere ez zuen aldizkaritik kobratzen. Zumalabek Hoja del lunes egunkaria muntatzen irabazi zuen soldata urte haietan.

Arazo ekonomikoei buelta eman zien Argiak apurka-apurka, euskarazko prentsa posible zela erakutsiz. Joxemi Zumalaberen bultzadarekin aldizkariaren inguruan Apika informatika enpresa sortu zen 1984an eta Antza inprimategia 1988an. Bi enpresa horiei esker astekariak finantziabidea bermatu zuen.

Euskarazko astekariaren apustua gaindituta Euskaldunon Egunkaria sortzea izan zen Zumalaberen hurrengo erronka. 1987an honakoa esan zuen Zumalabek: “Dugun guztia mahai gainean jarri eta euskarazko egunkari baten aldeko apustua egin behar dugu”.

Lan horretan aritu zen buru-belarri hurrengo urteetan. 1990ko urtarrilean Egunkaria Sortzen egitasmoa abian jarri zen akziodunak bilatzeko eta dirua biltzeko. Handik hamabi hilabetera sortu zen Euskaldunon Egunkaria.

Egunkari berriko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari izendatu zuten Zumalabe. Ordurako ordea, sabeleko minbiziaren eragina pairatzen hasia zen. Egunkaria abian jarri eta bi hilabetera hil ala biziko lehen ebakuntza egin zioten, 1991ko otsailean. Onik atera zen arren, urte eta erdira berriro ebakuntza egin behar izan zioten, 1992ko azaroan. 1993ko urtarrilaren 12an hil zen 42 urte zituela.”

Joxemi Zumalabe Fundazioa

Joxemi Zumalabe. Irudia: Argia

Atala: Albisteak
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu