Aukeratutako etiketa ◊ bizkaiera ◊

• Larunbata, Apirila 10th, 2021

Josuk Berrian Eneko Zuloagari esandakoari erantzun dio. Naberanen ustez bizkaieraren jatorria Erdi Aroan baino orain dela lau mila urte inguru gertatu ahal izan zen. Hori esateko, besteak beste, iberierazko idazkunak kontuan hartu ditu.

Euskalkien gorabeherak

Euskerari buruzko edozein ikerketa diakroniko (denboran zeharreko) oinarritzeko, Paleolitiko Koben esparrua izan behar da kontutan. Hau da, Dordoinatik hasi eta Asturiaraino hedatzen den eremua.

Kultura eremu horri “franco-cantábrico” edo “atlántico” deitzen diote gure kolonizatzaileek, “euskalduna” ez ahomentatzearren. Hemen Koben Kultura deituko diot, eta eremu horretan egiten zen euskerari Akitaniako euskera (auskitera). Bai Dordoinan, euskeraren sehaska edo disko-gogorra izan zen lurraldean, baita mendebaldean ere (Kantabria eta Asturian) aspaldi galdu zen euskera, euskal toponimia ugari geratzen den arren, batez ere Dordoinan.

Baina goazen harira.

Euskalkien lehen sorrera, duela lau mila urte.

Duela lau mila urte inguru, euskal esparru ipar-kontinentalean,” Halliade Kultura” sortu zen, nekazaritza landetan. Pirinioaz hegoaldean, berriz, “Koben Kultura” zen nagusi. Kultur eragin bi horiexen arabera sortu ziren, nire ustez, euskalkiak. Ez naiz Dialektologian aditua, baina bai dakidala aski gure hizkuntzaren historiaz eta euskeraren beraren memoriaz.

Halliade kultura, izatez, Bretaina eta Portugaleko trikuharrietan ugari aurkitu den callaïs bitxi berdearen izenetik dator. Kultura berri hau indartzean Megalitoen garai hartan, aldaketa handiak sumatzen dira: gorpuak erraustu eta harrespiletan (kutxen barruan) lurperatzen hasi ziren, zeramikazko kanpai-formako ontzietan. Halliade kultura hura Goi Garona, Landak, Gers eta Goi nahiz Behe Pirinioetara hedatu zen. Beraz, euskal herri kontinentala hartu zuen bete-betean. Menhir antropomorfoek (batipat Goi Anderearen irudiarekin)  ezaugarritzen dute garai hori.

Aldiz, Penintsulako euskal herrietan (Aragoe, Nafarroa hegoa, Errioxa, Araba eta Bizkaia mendebaldean), Koba Kulturak dauka eragin nabarmena. Azken hau Kultura iberiar tipikoa da (kultura almeriarra ere deitzen zaio), eta behin betiko marka utziko du Katalunian eta Kantabrian batez ere; hortxe da Vidiago gaineko Peña Atuna Asturiasen, “Atearen erlijioa” delakoaren monumentu ikusgarriena. Eta Ebro aldetik nahiz Kantabriatik datorren Koba Kulturaren eragin hori sumatuko da mendebaldeko euskalkian, batik bat bizkaieran; eta aldi berean, lapurteran, ipar aldeko Koba Kultura nagusitzen da, baita. Honek esplikatuko luke muturreko euskalkiok, batetik bizkaierak eta bestetik lapurterak duten zenbait antzekotasun.

Horrek guztiak ez du esan nahi honako hau izan zela euskalki-bereizketaren kausa bakarra; hasierako kausa izateak ez baitu baztertzen gero gertatuko diren beste zergati batzuk.

Geroztiko gorabeherak

Dena den, euskalkiek bertsuak diraute oraindik Erdi Aroan. Halaxe dager “Amorantearen poema” hunkigarrian, Oñatiko Artxiboetan aurkitu berri den lehen euskal poeman (1.510): euskalkiekiko gaur egun baino euskera hurbilagoan idatzita dago.

Zeintzuk dira gaur egun euskalkien arteko berezitasunak?

Iparraldeko euskalkiek H-hasperendua eta TZ/TS ongi bereizteaz gain, arkaismo baliotsuak mantendu dituzte.

Gipuzkerak ere ongi gorde du Z/S bereizpena, bizkaierak galdu duena gehienbat. Bestalde, ez da ahaztu behar bizkaiera gaur egungo Gipuzkoa lurraldean barna hedatzen dela ekialdeko kostaldean, batez ere Koben eremu inguruetan, hain zuzen.

Gipuzkerak, morfologian, galera batzuk nozitu ditu hizkuntza aniztasunaren alorrean: anaia/neba eta arreba ez bereiztea; eta berton/bertan ez bereiztea dira nire ustez larrienak.

Bizkaierari dagokionez, jatorrizko aditz-jokoa ezeze, DAU adizki-forma sakrifikatu du batuaren aldarean. Eta bere hiztegiko berezitasun mordoxka galtzear dago, gaizki ulertutako “euskera batu” baten izenean. Adibidez berri/barri auzian, jatorrizkoa barri da, ebai-harri, “ebakitzeko harria”, iberieraz ageri denez: ebar®i kame (piszina barria).

Noski, bizkaiera ez da, erdiguneko euskalki-enborretik endakaturiko adar bat, apirilaren 2ko Berrian irakurri dudanez (barka txarto ulertu badot), EHUko dialektologiko-diakroniko-ikertzaile Eneko Zuloagari egin dion elkarrizketan. Bizkaierari buruzko ahapaldi horrek ez da dauka inongo oinarririk zientzian

Dena dela, honek guztiak ez du esan nahi Euskera Batuaren kontra gaudenik, ezta gutxiagorik ere. Euskera batuaren alde lehen lerroan jardun genuen AEKan, hura ezinbestekoa zelako gure hizkuntza nazionala erakitzeko, gainerako hizkuntza normalizatu guztiak bezalaxe

Bukatzeko, bizkaiera ez da erdiguneko euskalki-enborretik endakaturiko adar bat, apirilaren 2ko Berrian irakurri dudanez harridura osoz (barka txarto ulertu badut), EHUko dialektologiko-diakroniko-ikertzaile Eneko Zuloagari egin dion elkarrizketan. Bizkaierari buruzko ahapaldi horrek ez da dauka inongo oinarririk zientzian.

Nik uste Euskaltzaindiari dagokiola halako hizkuntza-auzien ortodoxia zaintzea; duela gutxi egin duten bezala (beranduxe izan bada ere) euskal lurralde mendebaldarron “euskalduntze berantiarraren” kontuarekin. Hala aldarrikatu du Alberto Santanak: hemengo jendea “zeltak” izan ginela, eta ekialdeko euskaldunek inbaditu gintuztela duela gutxi. Halakorik! Eta inongo oinarri zientifikorik ez duen gezur nabarmen hori, ETB-nobela bilakatu da urte luzez! Hau da, gure hedabide publiko batek emititu du, iritzi-kontrasterik onartu gabe, egun batean bai eta bestean ere bai, etengabe. Gero euskaldungoaren “euskerarekiko pasibotasunaz”  berba egingo dute.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Osteguna, Apirila 08th, 2021

Berria egunkarian EHUko irakaslea den Eneko Zuloagari elkarrizketa egin diote. Honek dio Erdi Aroan Hegoaldean euskalki bera zutela eta beraz garai hartan sortu zela, besteak beste, bizkaiera.

Ikerle asko iritzi honen kontra daude: Bittor Kapanaga, Felix Zubiaga, Josu Naberan, Jon eta Jabi Goitia… Hurrengo postean Naberanek gai honi buruz egin duen artikulua argitaratuko dugu.

Bestetik historialari erromatarrek Euskalerriko tribuen mapa egin zutenean, non ikusten dugun tribuen banaketa euskalkiekin neurri handi baten bat datorren, hor dago eta argudio benetan sendoak beharko dira euskalkiak oso zaharrak ez direla gu konbentzitzeko.

Berria-Eneko Zuloaga

Betikoak balira bezala hitz egiten dugu euskalkiez

Zuloagak bizkaieraren jatorria aztertu du bere tesian: Mendebaleko euskerearen azterketa dialektologiko-diakronikorantz. Erdi Aroan, Bizkaiak, Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroa mendebaldeak dialekto bertsua zuten.

Aurtengo euskarazko tesien Koldo Mitxelena sarietako bat irabazi du Koldo Zuloaga hizkuntzalariak (Basauri, 1985), Mendebaleko euskerearen azterketa dialektologiko-diakronikorantz lanagatik. Inguruan talde bat izan arren, doktore tesia «oso bakarka» egiten den lan bat dela nabarmendu du, eta, horregatik, sari bidezko aitortza bat jasotzeak «bultzada handia» eman diola esan du: «Askotan ez dakizu egiten ari zaren horrek zerbaiterako balio duen, eta halako sari batek argi uzten du baietz».

Nolatan erabaki zenuen mendebaldeko euskararen dialektoek historian zehar izandako bilakaera aztertzea?

Azken 30 urteetan, euskalkien historiaren azterketa ez da euskal ikasketen erdigunean egon. Baina 2000ko hamarkadatik hona, Juan Lazarragaren eskuizkribua agertu zenetik, badirudi historialariek arreta jarri dutela gai honetan. Izan ere, dirudienez, euskalkien historia ezagutzea lagungarria da euskararen historia zehatzago ezagutzeko. Testuinguru horretan, nik hurbilen nuen eta ondoen ezagutzen nuen mendebaldekoari heldu nion.

Nola egiten da azterketa hori?

Bi zutabe edo oinarri daude. Bata, datuak dira. Eta datuak lortzeko bi iturri nagusi daude: testu zaharrak, gehienbat XVI. mendetik aurrerakoak, eta, testurik ez dagoenean, toponimia izaten dugu lagungarri, batez ere Erdi Arora begira jartzen garenean. Bestetik, oinarri teoriko-metodologikoa ere badago.

Zertan datza alde teoriko-metodologiko hori?

Kontua da ikustea atzerrian edo nazioartean, beste hizkuntza batzuetan, gai berak ikertu dituztenek zer motako metodologia edo tresnak erabili dituzten. Horiek ezagutu, ikasi, eta, egin behar diren moldaketekin, euskarara aplikatu behar ditugu. Labur esanda: datuak ahal bezain ondo ezagutu eta horien gainean ikerketa metodo estandarrak aplikatzen saiatu naiz.

Zer ondorio atera daitezke garatu duzun tesiari esker?

Emaitza nagusia izan da Erdi Arotik hasi eta XIX. mendera bitartean gerora bizkaiera deitua izan den euskalkiaren bilakaera argitzea. Askotan betikoak izango balira bezala hitz egiten dugu euskalkiez; beti hor egon diren gauza bat izango balira bezala. Baina, lehen aipatutako datuak ikertzean, historia bera aztertzen duzunean, ikusten duzu denboran atzera egin ahala dialekto horiek bereizgarri egiten dituzten ezaugarriak disolbatu egiten direla, izateari uzten diotelako.

Hortaz, bizkaieraren gisako euskalkiak ez dira betidanik gure artean egon, ezta?

Hala da. Orduan, nire lana edo ekarpena izan da aztertutako datuei data bat eta eremu bat eman ahal izatea. Bizkaiera XVI-XVII. mendeetatik aurrera hitz egin dela esan dezakegu; aurretik, ez. Lehenago daudenak dira euskalki edo eremu dialektal askoz zabalagoak, guk mendebaldeko euskara zaharra edo mendebal muturreko euskara zaharra deitu ditugunak; baina Erdi Aroan, esaterako, ez dago bizkaieraren egungo mugarik duen euskalkirik.

Nolakoa da euskara zahar hori?

Mendebaldean, geruza zaharrenean oso ezaugarri gutxirekin zehaztu dezakegun euskara bat dago, datu faltagatik. Baina Gipuzkoa gehiena, Araba, Bizkai osoa eta Nafarroako mendebaldeko ibar batzuk hartzen zituen. Unitate dialektala hori zen, eta gero zatituz doa, eta zatikatze eta galtze prozesu horren ostean heltzen gara gaur egun ezagutzen dugun bizkaierara.

Urte asko eman dituzu tesia garatzen. Nolakoa izan da lan hori?

Denetarik du. Baditu oso alderdi politak. Esaterako, testuekin lan egiten duzunean, artxiboetara jo eta originalak aztertzeko eta ukitzeko aukera izatea zoragarria da. Aurkikuntza txikiak egitea ere oso pozgarria da.

Zer izan da gogorrena?

Iraupena. Orduak eta orduak sartu beharra. Nik zulo beltz batekin alderatzen nuen tesia, dena irensten duelako: denbora, indarrak, dirua… Denbora tarte batez egiten den lan estra bat baino gehiago, bizimodu bat da. Besteek udako oporrak edo asteburu bat ikusten zituzten tokian, zuk inork molestatuko ez zaituen lan egiteko sasoia ikusten duzu.

Zein da euskararekin halako azterketa diakroniko bat egiteak dakarren zailtasunik handiena?

Hizkuntzaren historiarekin lan egiten duen edonorentzat, artxiboa beti da txikiegia. Eta, euskararen kasuan, txikia da benetan. Nik XV. eta XVI. mendeetatik, XIX. mendera bitartean mendebaldeko euskaran dauden testu guztiak erabiltzeko aukera izan dut. Eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa kontuan hartuta, guztira 120-140 izango dira. Horietako batzuk liburuak dira, baina beste batzuk, esaldi solteak baino ez. Horrek zailtasun erantsi bat ematen dio ikertzaileon lanari, lekukotasunik laburrena ere amaierara arte xahutu beharra dagoelako.

Nolakoak dira testu horiek?

Hori beste alderdi latzetako bat da. Iritsi zaizkigun testu gehienak erlijiosoak dira, eta, horren ondorioz, oso errepikakorrak dira. Beti gai berak lantzen dituzte, eta, orduan, idatziz gordeta dugun tradizio osoan aipatu ere egiten ez diren esparruak daude; euskara arruntetik hurbilago egon litezkeenak, adibidez.

Ikertzen jarraitzeko asmoa duzu?

Orain irakasle gisa egiten dut lan, EHUn, eta badut ikerketarekin jarraitzeko asmoa. Batetik, tesian egindako ikerketa lerroak finkatu eta argitzeko, eta, bestetik, lerro berriak zabaldu eta gutxi landu ditudanetan sakontzeko.

Ikerketarekin jarraituz gero, zer lor dezakezu?

Euskararen dialektalizazio prozesua zehatzago ezagutzea eta, azken buruan, euskararen dialektoen jatorria argitzea.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Abendua 09th, 2016

Ibon Saratsola bere abizena gaztelerazko edo frantsesezko grafiaz idazten duten edo zuten euskaltzain taldekoa dugu, Arexita, Mitxelena, Bidegain, Haritxelar
 bezala. Espero dezagun bere abizena batuaz idaztea onartzea, batik bat, batua egitetik bere bizitza osoan jan duelako eta batua erabiltzea aldarrikatzen duelako.

Euskera batuari buruzko iritzia luze-zabal irakurri ahal izan dugu egunotan hainbat hedabideetan agertutako elkarrizketetan. Gauza interesgarri asko esan ditu: batuaren prozesua amaitutzat eman behar dela eta orain beste fase batean sartzen garela, elkar ulertzeari lehentasuna eman behar zaiola termino bat ala beste bat erabiltzeko unean
 (Berria)

Baina euskalkiei dien ezinikusia, bizkaierari batez ere, berriro ere agerian utzi du. Azaroaren amaieran egindako lehenengo adierazpenetan argi esan zuen: bizkaiera euskalki gisa desagertu behar da. Ondorengo adierazpenetan esandako hankasartzeaz konturatu zen eta, konpontzearren, orokortu zuen, euskalkiak desagertu behar direla esanez:

Sustatu: arazoaren 24an: “Bizkaierak euskalki izateari utzi beharko dio”

Garbizaletasunari izkin egin eta euskara batua sustatzeko begia erabileran jarri beharra dagoela uste du Ibon Sarasola euskaltzainak. ‘Bitakora kaiera’ saiakeran tradiziozko testuak euskara batuaren morfologiatik pasata ematen dituela ere zehaztu du Sarasolak, uste baitu «hori egin behar dela, euskalkien gainetik». «Hori da bide bakarra bizkaieraren arazoari aurre egiteko. Bizkaierak euskalki izateari utzi beharko dio, jatorkeria baztertu».

Beste zenbait hedabide (Berria, Zuzeu…) Abenduaren 1: “Eremu pribatuan euskalkian nahi adina, publikoan ez”

Saratsolaren pentsaera zinez kezkatzekoa da, kanpotik datozen eredu inperialistei (estatu bat -> hizkuntza bat;  hizkuntza bat -> aldaera bat, pentsaera bat…) jarraipena ematen dielako.

Saratsola ez da gai izan, Mitxelena eta Zuatzo… bezala, zergatik orain 2.000 urte historialariek idatzitako mapetan zeuden tribuek euskalkien eremuarekin bat egiten duten.

Saratsola ez da gai izan gure hizkuntzaren jatorrian urrats txikiena egiteko eta horrekin etorkizuna irudikatzeko oinarri handiago bat izateko. Eta Sarkisianek zioen moduan, nola ibili dira batua egiten jatorrian ezer sakondu gabe? Adibidez:

Euskaltzaindiakoek -era atzizkiak zer esan nahi duen ez omen dakite, hizkuntzen izendapenak euskera batuan desarautu dituztelako, batetik, bizkaiera, gipuzkera, hizkera, suomiera, japoniera… hau da, -era atzizkia duten munduko 200 hizkuntza eta euskalkiak, eta, bestetik, euskara, erdara eta gaztelania hobetsi ditu. Nola egon daitezke gauza bera esateko hiri atzizki mota? -era, -ara eta -nia?

Edo toponimian aitz edo atx erroaz hasitako ehunka izen eduki (Aizkorri, Atxarte...) denak h-rik gabe eta batuan haitz izendatu? Zergatik desarautu dute erro hau?

Edo zergatik desarautu dituzte hatz eta atzamar hitzak? Lakarrak jatorri desberdina daukatela dio baina euskaldun gehienok  berehala konturatzen gara gauza bera direla. Nola idatzi daitezke bat h-rekin eta bestea h-rik gabe?

Saratsola jatorria ikertu izan balu, Bittor Kapanagak eta beste askok egin duten bezala, euskalkiek duten garrantziaz eta batua ondo egiteko duten ezinbesteko zereginaz konturatuko zen eta ez lituzke horrelako adierazpenik egingo. Ez al daki jatorri eta jatorra leku beretik omen datozela eta hizkuntza jatorrean berba egiteko jatorritik edan behar dela, euskalkitik alegia?

Bada gure uste apalean euskalkiak euskera batuaren zutabeak dira eta zutabe horiek ahultzen direnean batua bera ahultzen da. Eta bizkaiera da hain zuzen ere horren adibidea. Batua gipuzkeran zentratuta egin beharrean (Azkuek proposatu zuen moduan) nafarreran zentratu zen eta mendebaldeko aldaera urrunegi geratu zen, hiztunen %40a duen euskalkia bada ere. Gipuzkera batutik askoz hurbilago dago eta erraz egin dute salto baina mendebaldeko hiztunak, iparraldeko batzuk… ez daude egoera berean ez dute errezeta bera behar.

Gainera, arazo horri aurre egiteko zeuden aukerak ez dira erabili: Bizkaian alfabetatzea indartu eta hortik batura salto egin Labairuk proposatu zuen moduan (ez idatzi Labayru, arren), baina ez zen bultzatu. Eskolan indarra eman euskalkiari, Valentzian egiten duten bezala. Han lehen hezkuntza valentzieran egiten dute inolako konplexurik gabe, DBHn estandarrera salto egiteko. Hemen zergatik ez da gauza bera egiten? Euskaltegietan euskalkia ere lantzea, ulertzeko bederen…

Bizkaian batuaren eta euskalkiaren artean sortu den lubakia oso  sakon eta zabala da. Jendeak dakien euskera ez da prestigiatu, ez da ikustarazi eta, ondorioz, herritar asko haien euskera “eskasean” hitz egin beharrean zuzenean gaztelera pasatzen dira.

Euskalkiak prestigiatu behar dira eta horretarako ikustarazi egin behar dira: ETB, euskadi irratia… egunero ordubeteko deskonexioak egin eta euskalkiak erabili beharko lituzkete. Udalek ere herritarrei zuzenean zuzendutako errotulu, idazki eta jakinarazpenetan ere erabili beharko lukete, etab.

Iparraldean batua barra-barra sartzen ari da (eta hori oso ona da) baina euskalkiak ere desagertzen ari dira. Eta altxor hori ezin da galdu. Eñaut Etxamendik, adibidez, ingelesezko hitz batzuk ulertzeko iparraldeko euskera hartu du abiapuntu (“home” baliteke “emutsak” hitzetik azaltzea, hau da, zubereraz etxea besterik ez dutenak). Edo Felix Zubiagak proposatutako bizkaierazko “hartuemona ” eta “harmoniaren” arteko balizko harremanaz.

Euskaltzaindiak euskalkiak babestu, arautu eta sustatu beharko lituzke. Eta herritarrok ere badugu gauza asko egiteko aukera: benetan inportantzia eman, euskalkia dakiten guztiek ahalik eta gehien erabiltzea inolako konplexurik gabe. Eta berba egiterakoan, noski, bereiztu, egiten dugun bezala: herrian herrikoa, eskualdean eskualdekoa eta Euskal Herrian batua.

Euskalkiei begiramenik ez deutsonak ez dau euskera maite.

hizkuntza bat aberri bat baina… euskalki bat lurralde bat edo bi edo nahi duguna

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Astelehena, Urria 31st, 2016

Koldo Zuhatzuk (ze mania duten euskera irakasleek euren abizena erdal grafiaz idazteko: Michelena, Gorrochategui, Zuazo…) eta Urtzi Goitik hiru eskualde hauen euskera berezia jaso dute liburu batean: Deia

Egileen arabera, Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdea “euskararen  ipar-mendebaleko ertzan” daude, eta horregatik da hango hizkera  berezia. Alde batetik, gauza zaharrak gorde dira, eta bestetik, gauza  berriak sortu dira.

Guztira, 25 herri daude eremu honetan, hala nola Getxo, Leioa,  Mungia, Derio, Bakio edo Zamudio. Liburuak hiru atal nagusi ditu:  lehenengoan gramatika egitura erakusten da; bigarrenean hiztegia  dator eta, hirugarrenean, hizkera horien egitura dialektala azaltzen  da. Hiztegia zabal samarra da: 572 sarrera eta 63 azpisarrera ageri  dira.

Egitura dialektalari dagokionez, Uribe Kostako euskara homogeneoa  da. 11 herrik osatzen dute eta tartean daude Mungia ondoko Gatika,  Laukiz eta Jatabe-Maruri. Leioan, Erandion eta Loiun ere antzeko  euskara egiten da. Mungialdean eta Txorierrin ez dago horrelako  batasunik: hizkuntza mailaz maila aldatzen da mendebaletik ekialdera  egin ahala. Busturialdearen (Bermeo, Gernika, Zornotza) gertutasuna  eta eragina nabari da. Gertakari horiek guztiok ikusteko, 41 mapa  agertzen dira liburuan.

500 bat hitzetatik jasotako batzuk: Jagon, Inetazi (txingorra), Idun (lepoa), Eupilako (sekulako), Harenbaten (beharbada), Basausi (gosaldu), Abrozidu (aspertu), Derditxedu (asko), Txapiskola (ume), Keto (geldoa)

(oharra: izenburua zuzendu dugu: “Zuhatzu”, ez “Zuatzu”, irakurle baten oharra ikusita)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)