Aukeratutako etiketa ◊ euskalkiak ◊

• Larunbata, Apirila 10th, 2021

Josuk Berrian Eneko Zuloagari esandakoari erantzun dio. Naberanen ustez bizkaieraren jatorria Erdi Aroan baino orain dela lau mila urte inguru gertatu ahal izan zen. Hori esateko, besteak beste, iberierazko idazkunak kontuan hartu ditu.

Euskalkien gorabeherak

Euskerari buruzko edozein ikerketa diakroniko (denboran zeharreko) oinarritzeko, Paleolitiko Koben esparrua izan behar da kontutan. Hau da, Dordoinatik hasi eta Asturiaraino hedatzen den eremua.

Kultura eremu horri “franco-cantábrico” edo “atlántico” deitzen diote gure kolonizatzaileek, “euskalduna” ez ahomentatzearren. Hemen Koben Kultura deituko diot, eta eremu horretan egiten zen euskerari Akitaniako euskera (auskitera). Bai Dordoinan, euskeraren sehaska edo disko-gogorra izan zen lurraldean, baita mendebaldean ere (Kantabria eta Asturian) aspaldi galdu zen euskera, euskal toponimia ugari geratzen den arren, batez ere Dordoinan.

Baina goazen harira.

Euskalkien lehen sorrera, duela lau mila urte.

Duela lau mila urte inguru, euskal esparru ipar-kontinentalean,” Halliade Kultura” sortu zen, nekazaritza landetan. Pirinioaz hegoaldean, berriz, “Koben Kultura” zen nagusi. Kultur eragin bi horiexen arabera sortu ziren, nire ustez, euskalkiak. Ez naiz Dialektologian aditua, baina bai dakidala aski gure hizkuntzaren historiaz eta euskeraren beraren memoriaz.

Halliade kultura, izatez, Bretaina eta Portugaleko trikuharrietan ugari aurkitu den callaïs bitxi berdearen izenetik dator. Kultura berri hau indartzean Megalitoen garai hartan, aldaketa handiak sumatzen dira: gorpuak erraustu eta harrespiletan (kutxen barruan) lurperatzen hasi ziren, zeramikazko kanpai-formako ontzietan. Halliade kultura hura Goi Garona, Landak, Gers eta Goi nahiz Behe Pirinioetara hedatu zen. Beraz, euskal herri kontinentala hartu zuen bete-betean. Menhir antropomorfoek (batipat Goi Anderearen irudiarekin)  ezaugarritzen dute garai hori.

Aldiz, Penintsulako euskal herrietan (Aragoe, Nafarroa hegoa, Errioxa, Araba eta Bizkaia mendebaldean), Koba Kulturak dauka eragin nabarmena. Azken hau Kultura iberiar tipikoa da (kultura almeriarra ere deitzen zaio), eta behin betiko marka utziko du Katalunian eta Kantabrian batez ere; hortxe da Vidiago gaineko Peña Atuna Asturiasen, “Atearen erlijioa” delakoaren monumentu ikusgarriena. Eta Ebro aldetik nahiz Kantabriatik datorren Koba Kulturaren eragin hori sumatuko da mendebaldeko euskalkian, batik bat bizkaieran; eta aldi berean, lapurteran, ipar aldeko Koba Kultura nagusitzen da, baita. Honek esplikatuko luke muturreko euskalkiok, batetik bizkaierak eta bestetik lapurterak duten zenbait antzekotasun.

Horrek guztiak ez du esan nahi honako hau izan zela euskalki-bereizketaren kausa bakarra; hasierako kausa izateak ez baitu baztertzen gero gertatuko diren beste zergati batzuk.

Geroztiko gorabeherak

Dena den, euskalkiek bertsuak diraute oraindik Erdi Aroan. Halaxe dager “Amorantearen poema” hunkigarrian, Oñatiko Artxiboetan aurkitu berri den lehen euskal poeman (1.510): euskalkiekiko gaur egun baino euskera hurbilagoan idatzita dago.

Zeintzuk dira gaur egun euskalkien arteko berezitasunak?

Iparraldeko euskalkiek H-hasperendua eta TZ/TS ongi bereizteaz gain, arkaismo baliotsuak mantendu dituzte.

Gipuzkerak ere ongi gorde du Z/S bereizpena, bizkaierak galdu duena gehienbat. Bestalde, ez da ahaztu behar bizkaiera gaur egungo Gipuzkoa lurraldean barna hedatzen dela ekialdeko kostaldean, batez ere Koben eremu inguruetan, hain zuzen.

Gipuzkerak, morfologian, galera batzuk nozitu ditu hizkuntza aniztasunaren alorrean: anaia/neba eta arreba ez bereiztea; eta berton/bertan ez bereiztea dira nire ustez larrienak.

Bizkaierari dagokionez, jatorrizko aditz-jokoa ezeze, DAU adizki-forma sakrifikatu du batuaren aldarean. Eta bere hiztegiko berezitasun mordoxka galtzear dago, gaizki ulertutako “euskera batu” baten izenean. Adibidez berri/barri auzian, jatorrizkoa barri da, ebai-harri, “ebakitzeko harria”, iberieraz ageri denez: ebar´i kame (piszina barria).

Noski, bizkaiera ez da, erdiguneko euskalki-enborretik endakaturiko adar bat, apirilaren 2ko Berrian irakurri dudanez (barka txarto ulertu badot), EHUko dialektologiko-diakroniko-ikertzaile Eneko Zuloagari egin dion elkarrizketan. Bizkaierari buruzko ahapaldi horrek ez da dauka inongo oinarririk zientzian

Dena dela, honek guztiak ez du esan nahi Euskera Batuaren kontra gaudenik, ezta gutxiagorik ere. Euskera batuaren alde lehen lerroan jardun genuen AEKan, hura ezinbestekoa zelako gure hizkuntza nazionala erakitzeko, gainerako hizkuntza normalizatu guztiak bezalaxe

Bukatzeko, bizkaiera ez da erdiguneko euskalki-enborretik endakaturiko adar bat, apirilaren 2ko Berrian irakurri dudanez harridura osoz (barka txarto ulertu badut), EHUko dialektologiko-diakroniko-ikertzaile Eneko Zuloagari egin dion elkarrizketan. Bizkaierari buruzko ahapaldi horrek ez da dauka inongo oinarririk zientzian.

Nik uste Euskaltzaindiari dagokiola halako hizkuntza-auzien ortodoxia zaintzea; duela gutxi egin duten bezala (beranduxe izan bada ere) euskal lurralde mendebaldarron “euskalduntze berantiarraren” kontuarekin. Hala aldarrikatu du Alberto Santanak: hemengo jendea “zeltak” izan ginela, eta ekialdeko euskaldunek inbaditu gintuztela duela gutxi. Halakorik! Eta inongo oinarri zientifikorik ez duen gezur nabarmen hori, ETB-nobela bilakatu da urte luzez! Hau da, gure hedabide publiko batek emititu du, iritzi-kontrasterik onartu gabe, egun batean bai eta bestean ere bai, etengabe. Gero euskaldungoaren “euskerarekiko pasibotasunaz”  berba egingo dute.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Osteguna, Apirila 08th, 2021

Berria egunkarian EHUko irakaslea den Eneko Zuloagari elkarrizketa egin diote. Honek dio Erdi Aroan Hegoaldean euskalki bera zutela eta beraz garai hartan sortu zela, besteak beste, bizkaiera.

Ikerle asko iritzi honen kontra daude: Bittor Kapanaga, Felix Zubiaga, Josu Naberan, Jon eta Jabi Goitia… Hurrengo postean Naberanek gai honi buruz egin duen artikulua argitaratuko dugu.

Bestetik historialari erromatarrek Euskalerriko tribuen mapa egin zutenean, non ikusten dugun tribuen banaketa euskalkiekin neurri handi baten bat datorren, hor dago eta argudio benetan sendoak beharko dira euskalkiak oso zaharrak ez direla gu konbentzitzeko.

Berria-Eneko Zuloaga

Betikoak balira bezala hitz egiten dugu euskalkiez

Zuloagak bizkaieraren jatorria aztertu du bere tesian: Mendebaleko euskerearen azterketa dialektologiko-diakronikorantz. Erdi Aroan, Bizkaiak, Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroa mendebaldeak dialekto bertsua zuten.

Aurtengo euskarazko tesien Koldo Mitxelena sarietako bat irabazi du Koldo Zuloaga hizkuntzalariak (Basauri, 1985), Mendebaleko euskerearen azterketa dialektologiko-diakronikorantz lanagatik. Inguruan talde bat izan arren, doktore tesia «oso bakarka» egiten den lan bat dela nabarmendu du, eta, horregatik, sari bidezko aitortza bat jasotzeak «bultzada handia» eman diola esan du: «Askotan ez dakizu egiten ari zaren horrek zerbaiterako balio duen, eta halako sari batek argi uzten du baietz».

Nolatan erabaki zenuen mendebaldeko euskararen dialektoek historian zehar izandako bilakaera aztertzea?

Azken 30 urteetan, euskalkien historiaren azterketa ez da euskal ikasketen erdigunean egon. Baina 2000ko hamarkadatik hona, Juan Lazarragaren eskuizkribua agertu zenetik, badirudi historialariek arreta jarri dutela gai honetan. Izan ere, dirudienez, euskalkien historia ezagutzea lagungarria da euskararen historia zehatzago ezagutzeko. Testuinguru horretan, nik hurbilen nuen eta ondoen ezagutzen nuen mendebaldekoari heldu nion.

Nola egiten da azterketa hori?

Bi zutabe edo oinarri daude. Bata, datuak dira. Eta datuak lortzeko bi iturri nagusi daude: testu zaharrak, gehienbat XVI. mendetik aurrerakoak, eta, testurik ez dagoenean, toponimia izaten dugu lagungarri, batez ere Erdi Arora begira jartzen garenean. Bestetik, oinarri teoriko-metodologikoa ere badago.

Zertan datza alde teoriko-metodologiko hori?

Kontua da ikustea atzerrian edo nazioartean, beste hizkuntza batzuetan, gai berak ikertu dituztenek zer motako metodologia edo tresnak erabili dituzten. Horiek ezagutu, ikasi, eta, egin behar diren moldaketekin, euskarara aplikatu behar ditugu. Labur esanda: datuak ahal bezain ondo ezagutu eta horien gainean ikerketa metodo estandarrak aplikatzen saiatu naiz.

Zer ondorio atera daitezke garatu duzun tesiari esker?

Emaitza nagusia izan da Erdi Arotik hasi eta XIX. mendera bitartean gerora bizkaiera deitua izan den euskalkiaren bilakaera argitzea. Askotan betikoak izango balira bezala hitz egiten dugu euskalkiez; beti hor egon diren gauza bat izango balira bezala. Baina, lehen aipatutako datuak ikertzean, historia bera aztertzen duzunean, ikusten duzu denboran atzera egin ahala dialekto horiek bereizgarri egiten dituzten ezaugarriak disolbatu egiten direla, izateari uzten diotelako.

Hortaz, bizkaieraren gisako euskalkiak ez dira betidanik gure artean egon, ezta?

Hala da. Orduan, nire lana edo ekarpena izan da aztertutako datuei data bat eta eremu bat eman ahal izatea. Bizkaiera XVI-XVII. mendeetatik aurrera hitz egin dela esan dezakegu; aurretik, ez. Lehenago daudenak dira euskalki edo eremu dialektal askoz zabalagoak, guk mendebaldeko euskara zaharra edo mendebal muturreko euskara zaharra deitu ditugunak; baina Erdi Aroan, esaterako, ez dago bizkaieraren egungo mugarik duen euskalkirik.

Nolakoa da euskara zahar hori?

Mendebaldean, geruza zaharrenean oso ezaugarri gutxirekin zehaztu dezakegun euskara bat dago, datu faltagatik. Baina Gipuzkoa gehiena, Araba, Bizkai osoa eta Nafarroako mendebaldeko ibar batzuk hartzen zituen. Unitate dialektala hori zen, eta gero zatituz doa, eta zatikatze eta galtze prozesu horren ostean heltzen gara gaur egun ezagutzen dugun bizkaierara.

Urte asko eman dituzu tesia garatzen. Nolakoa izan da lan hori?

Denetarik du. Baditu oso alderdi politak. Esaterako, testuekin lan egiten duzunean, artxiboetara jo eta originalak aztertzeko eta ukitzeko aukera izatea zoragarria da. Aurkikuntza txikiak egitea ere oso pozgarria da.

Zer izan da gogorrena?

Iraupena. Orduak eta orduak sartu beharra. Nik zulo beltz batekin alderatzen nuen tesia, dena irensten duelako: denbora, indarrak, dirua… Denbora tarte batez egiten den lan estra bat baino gehiago, bizimodu bat da. Besteek udako oporrak edo asteburu bat ikusten zituzten tokian, zuk inork molestatuko ez zaituen lan egiteko sasoia ikusten duzu.

Zein da euskararekin halako azterketa diakroniko bat egiteak dakarren zailtasunik handiena?

Hizkuntzaren historiarekin lan egiten duen edonorentzat, artxiboa beti da txikiegia. Eta, euskararen kasuan, txikia da benetan. Nik XV. eta XVI. mendeetatik, XIX. mendera bitartean mendebaldeko euskaran dauden testu guztiak erabiltzeko aukera izan dut. Eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa kontuan hartuta, guztira 120-140 izango dira. Horietako batzuk liburuak dira, baina beste batzuk, esaldi solteak baino ez. Horrek zailtasun erantsi bat ematen dio ikertzaileon lanari, lekukotasunik laburrena ere amaierara arte xahutu beharra dagoelako.

Nolakoak dira testu horiek?

Hori beste alderdi latzetako bat da. Iritsi zaizkigun testu gehienak erlijiosoak dira, eta, horren ondorioz, oso errepikakorrak dira. Beti gai berak lantzen dituzte, eta, orduan, idatziz gordeta dugun tradizio osoan aipatu ere egiten ez diren esparruak daude; euskara arruntetik hurbilago egon litezkeenak, adibidez.

Ikertzen jarraitzeko asmoa duzu?

Orain irakasle gisa egiten dut lan, EHUn, eta badut ikerketarekin jarraitzeko asmoa. Batetik, tesian egindako ikerketa lerroak finkatu eta argitzeko, eta, bestetik, lerro berriak zabaldu eta gutxi landu ditudanetan sakontzeko.

Ikerketarekin jarraituz gero, zer lor dezakezu?

Euskararen dialektalizazio prozesua zehatzago ezagutzea eta, azken buruan, euskararen dialektoen jatorria argitzea.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Larunbata, Urtarrila 16th, 2016

Euskalkien altxorra jasotzeko asmoz sortu dute webgune hau eta bertan hainbat atal dago:

Lehenengo atalak euskalkien informazioa jaso du:

- Euskalkien sailkapena: Oihenart, Larramendi, Bonaparte eta Zuatzo

- Bost euskalkien ezaugarri nagusiak: mendebaldekoa, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra

- Euskalkien jatorria, Koldo Zuatzoren teoriaren arabera, hau da, Erdi Aroan sortutakoak direla

- Hizkeren monografiak

Bigarren atalak euskera batua sortzeko egin ziren saiakerak jaso ditu

Hirugarren atalak hainbat euskalkitan egindako elkarrizketak entzun daitezke

Euskalkiak.eu


VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Hizkerak  | Etiketak: ,  |  Iruzkin bat
• Asteartea, Abendua 23rd, 2014
Koldo Zuatzorentzat Arabak asko du esateko euskeraren historian. Jarraitzen du proposatzen Gasteiz izan zela mendebaldeko euskalkiaren sorlekua:
Euskalkien sorrerari buruz:

http://www.nabarralde.com/es/archivo/ekarpenak/3118-sobre-el-origen-de-los-dialectos-del-euskara

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Astelehena, Azaroa 03rd, 2014

Bittor Kapanagaren lanak zabaltzeko diharduen lantaldeak eta Gerediaga Elkarteak bere lan guztien lehenengo argitalpena egin dute.

Uztailean, bere heriotzaren 3. urteurrena bete zenean, berau ezagutu zutenen testigantzak jaso ondoren eta berak sortutako letrekin kantaldi bat egin ondoren, liburu mardul eta interesgarri hau etorri da.

Lehenengo honetan euskerari eta euskaldunon mundu ikuskerari buruzko 5 lan jaso dira, hiru argitaratugabeak. Bigarrenean beste guztia argitaratuko da, datorren urtean, ondo bada.

Liburua dagoeneko salgai dago liburudendatan, eta Durangoko Azokan, Gerediaga Elkartearen eta Badihardugunen standetan egongo da salgai.

Hauek dira lehenengo liburuan irakurri daitezkeen lanak:

Euskera erro eta gara (1978). Bere obra nagusia. Berton garatzen ditu bere teoria eta uste nagusiak.

Testu zahar baten bitxitasunak (1983). Refranes y sentencias liburuko esaera batzuen interpretazioaz.

Euskera batua eta euskalkiak. (1984, argitaragabea). Eibarren emaniko hitzaldia. Gaur egun ere bizi-bizi dagoen gaia.

Euskaldunen ikuskera (2001, argitaragabea). Euskaldunen erlijio zaharra, asteko egunak, koloreak, zenbakiak eta beste hainbat gai jorratzen ditu.

Initza (2004, argitaragabea). Euskal aditzari buruzko saiakera.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteartea, Urria 07th, 2014

Iñigok Astizek azken atala euskalkiei zuzentzea logikoa da, horiek izan direlako galera handiena jasan dutenak. Euskalkiak bazter-bazter utzi izana batuaren eta euskeraren kalterako izan da. Mendebaldean adibidez, , batutik gehien aldenduena izan den euskalkia izanik eta hiztun gehien, lubakia handiegia izan da. Labayru ingurukoek argi esaten zuten, transmisio bideak ezarri behar zirela (lehen hezkuntzan euskalkian egitea, alfabetatzea euskalkian oinarrituta…) baina kasurik ez eta hiztun multzo handiegia galdu du euskerak.

Astizen azterketan faltan somatu da ere euskera batuaren aurreko saiakerei buruz ezer aipatu ez izana: Azkueren proposamena, etab.

Horrez gain, batua egiterakoan euskeraren jatorria kontuan ez hartzea izan da beste hutsune nabarmenetakoa da nahiz eta hemen ezer ez aipatu. Sarkisian ikerle armeniarra hona etortzen zenean ez zuen ulertzen nola demontre ari zen Euskaltzaindia euskera batua taxutzen jatorrian ezertxo ere ikertu gabe eta honela horixe esaten zuen harrituta: Euskara nora doan jakiteko, nondik datorren jakin behar da!

Hitz batzuetan hartutako erabakiak erabat okerrak izan dira, adibidez, geure hizkuntzaren hitzik garrantzitsuena: euskera. Gaur egun honela araututa daude hitz hauek, -era atzizkia osagaia dela kontuan hartuta: hizkera, bizkaiera, nafarrera, zuberera, eta munduko hizkuntzak berdin: japoniera, islandiera, errusiera, italiera, greziera, gaztelera… eta Euskaltzaindiaren aldizkaria: Euskera. Baina bi hitz, beste nonbaitetik etorri izan balira arautu zizkigun Mitxelenak: euskara eta erdara. Bittor Kapanagak eta beste askok zioten moduan, erabat desegokia eta zentzugabea zen hori baina ez zieten kasurik egin.

Edo toponimian seguruenik gehien agertzen den osagaia: Aitz eta Atx bi modutara daukagu. Toponimo guztiak (200dik gora) h gabe arautu dira: Aizkorri, Atxarte, Axpe, Azpitarte, …. baina horren osagaia den lehenengo erroa arautzean H jarri zioten euskera batuan: haitza. Nola da posible?

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Artikuluak  | Etiketak: , , ,  |  Iruzkina gehitu
• Astelehena, Urria 06th, 2014

Berria egunkarian Iñigo Astizek euskera batuaren sorrerari buruz 5 atalez osatutako azterketa idatzi du:

1. atala Hastapena Baionan 1964an: Txillardegi, Davant…

Hanka askoko mahaia. Babesa behar zuen proposamenak, ordea. Hori bazekien Txillardegik, eta babesa bilatu zuen horregatik bilkuretan. «Batzorde ‘multi-partido’ horietako bat eratu genuen». Biribil nahi zuen mahaia abuztuko biltzarraren aurreko biltzarretan. EAJko bi partaide: Telesforo Monzon eta Jesus Solaun. ETAko bi kide: Eneko Irigarai eta Txillardegi bera. Hiru apaiz: Roger Idiart, Piarres Andiazabal eta Jean Hiriart-Urruti. Eta Enbata-ko ordezkari bat: Davant. Baziren izen gehiago ere, baina horiek ziren ziurrak. Bere adarrekoa bakoitza, baina guztiak mahai beraren bueltan, eta guztiak norabide berean bultzaka.

2. atala Baionatik 1964 – Arantzazura 1968.

Xabier Kintana: Mitxelenaren bedeinkazioa «Euskara batuan bi apostolu egon ziren, eta ebanjelista bat. Apostolu bat prosan izan zen Txillardegi, beste apostolua poesian izan zen Aresti, eta Mitxelena izan zen ebanjelista». Oso eginkizun garrantzitsua aitortzen dio hizkuntzalariari Xabier Kintana euskaltzain eta Euskaltzaindiko idazkariak. «Arestik eta Txillardegik gogor egin zuten batasunaren alde, eta lan oso onak idatzi zituzten, baina haietariko bat ere ez zen hizkuntzalaria, teoria aldetik ez ziren hain itzal handikoak, eta Mitxelena bezalako katedratiko bat euskara batuaren alde jarri izana ezinbestekoa izan zen. Batuari izena eta bedeinkazioa eman ziona Mitxelena izan zen». Baina ez zen beti 1968an bezain nabarmen agertu batasunaren alde.

3. atala: batuaren bultzatzaileak

Joxerra Etxebarria: Klasekide batek galdera egin zionean: «¿CĂłmo se dice electrĂłn en euskara?». Etxebarria, zuri. Ematen du anekdotak garai hartako giroa erakusteko.«Beharbada ez zen electrĂłn izango, baina gisako hitz teknikoren bat zen, eta ni zuri geratu nintzen. Ez nekiela esan beharrean, zera esan nion: ‘Eso no se dice‘. Eta egia zen: halakorik ez zen esaten euskaraz. Galdera hori shock bat izan zen niretzat, eta pentsatu nuen esaten ez bazen, ba, esaten hasi beharko genuela. Eta orduan ohartu nintzen analfabeto hutsa nintzela, euskara idatzia sekula ikusi gabea». Bere burua alfabetatzen hasi, eta besteak alfabetatzeari ekin zion gerora.

4. atala H letra dela eta egon zen leherketa:

Herria, erria ala eRia. Mundua ulertzeko era bat bultzatzen du grafia bat edo beste aukeratzen duenak. Izan ere, maiz ez dira erabat filologikoak izaten hizkuntzaren inguruko eztabaidak, eta euskara batuaren kasua ez da salbuespena. Gatazka haiek gertutik ezagutu zituen Joxe Azurmendi pentsalariarena da esaldi hau: «Batasuna ez zen proiektu politiko bat, baina kontzientzia politiko bat suposatzen zuen». Euskal Herri osorako kultur hizkuntza estandar bat sortzea zen helburua, baina kontsentsua ez zen erabatekoa.

Aurrez ere izan ziren talkak, baina bereziki muturtu ziren jarrerak Euskaltzaindiak euskara batuari babesa erakutsi ostean izan ziren. Hego Euskal Herrian izan zuen eztabaidak pisu nagusia, eta paradoxikoki Hego Euskal Herrian isila den hizkiak eragin zuen zalapartarik handiena: h letrak. Ikur bilakatu, eta marxismoarekin, antiklerikalismoarekin eta ETArekin ere nahasi nahi izan zuten batasunaren aurka ziren zenbait eragilek. Amildegi bilakatu zen herritik errirako aldea zenbaitentzat.

5. atala batua eta euskalkiak

Argi: euskalkiak dira euskara batuaren historiako harri koskorra. Batasun prozesuak abiada hartu zuenetik 50 urte joan diren arren, itxi gabe dago eztabaida. Aspalditik da handia hizkuntza estandarraren gaineko kontsentsua. 1978an egin zuen, Bergaran, Euskaltzaindiak hamar urte lehenago hartutako erabakien jarraipen biltzarra, eta argi ikusi zuten batasunaren arrakasta bertan bildutako hizkuntzalari eta soziologoek. Baina egun hartan zehaztu zuten egiteko gelditu zitzaiena ere. Egindako hitzarmeneko bosgarren puntuan dator esaldia: «Euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak aztertu eta landu behar direla uste du [Euskaltzaindiak]». Arrazoi soziolinguistikoek bilakatu zuten euskara batuaren muina Sara, Elizondo eta Oiartzungo euskarek osatutako ardatza, eta minduta sentitu ziren horregatik erdialde horretatik urrun ziren zenbait euskaldun. Gaur egun ere, nagusiki arrazoi soziolinguistikoek zailtzen dute batuaren eta euskalkien arteko bizikidetza.

Eta batuaren eredua aski onartuta eta aski hedatuta dagoela ere, ozen jarraitzen du eztabaidak. Agian ozenago, batua aski onartuta eta aski hedatuta dagoelako. «Euskalkien buelta» izendatu du mugimendua Igone Etxebarriak, Labayru ikastegiko kideak. Irmo, Koldo Zuazo euskaltzain urgazle eta euskalki ikerlariak ere. «Euskalkien polemika bizirik eta konpondu gabe dago».

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)