Aukeratutako etiketa ◊ suntsiketa ◊

• Asteazkena, Otsaila 28th, 2024

Euskeraz eta euskal kulturaz kezkatuta dauden guztiei:

Honen bidez jakinarazi nahi dizugu Iruña-Veleiako aztarnategia arriskuan dagoela. Arriskua benetako da eta errez atzeman daiteke: azken urteotan ESKABADORA aztarnategiko toki esanguratsuetan sartu dute: lehenengo BI ALDIZ EHU-UPVko Arkeologia Sailak aztarnategiaren kudeaketaren ardura hartu zuenean eta Aldundiak gero kontratatu dituen enpresek beste BI ALDIZ (guztira 4 aldiz). Lan horien ondorioz SEI EREMU ARKEOLOGIKO ABERATS suntsitu dituzte: Macelus ingurua, Errosetoien Etxea, harresi ondoko bidea, harresiaren barrualdeko 100 metroko alboa, ate txikia eta San Juan konbentua. Arabako Diputazioak interbentzio guztiak babestu egin ditu. Esan beharra dago bi txosten daudela eta horien arabera eskuartze hauek lan arkeologiko baino suntsiketak direla.

Ekintza hauek ez dute inolako oinarri edo helburu arkeologikorik izan eta arkeologiaren ikuspuntutik aberatsak diren geruzak betirako suntsitu dituztela aipatu behar dugu. Izan ere, suntsitutako hiru eremutan grafitoak azaldu ziren. Grafitoak latinez eta euskaraz zeuden.

Ofizialistek “ez-ohiko grafitoak” deitu zituzten eta , jarraian, guztiak faltsuak zirela esan zuten, inolako froga arkeometrikorik egin gabe eta egiten utzi gabe: analitikak karbonato kaltzikoz estalitako testuetan, termoluminiszentzia egosi aurretik idatzitako adreiluetako testuetan edo karbono 14 izeneko analitika kedarra aztarnak gainean dituzten testuetan.

Gure iragana ikertzeko aukera ezabatu nahi dute. Ez dute “ohikoa” ez den ezer agertzerik nahi: hormak besterik ez. 2008an abiatutako estrategiarekin jarraitzen dute, batez ere, euskalduntze berantiarraren teoria jausiko litzaiekeelako. Noiz arte?

Egoera hau bertatik bertara ezagutu nahi izanez gero BISITA GIDATUAK antolatzen ditugu hilero eta, egoera berezi hau salatzeko asmoz, martxoaren 10eko bisita gidatu berezira gonbidatu nahi zaitugu, suntsiketa bertatik bertara ezagutu ahal izan dezazun. Ondoren bazkari bat egingo da suntsiketari nola egin ahal diogun aurre denon artean aztertzeko.

Denon ondarea hondatzen ari dira eta horren aurrean isiltzea hondatzaileei babesa ematea dela uste dugu.

Geldi dezagun txikizio hau!! Gure ondarea babestu dezagun!

Iruña-Veleia Martxan eta SOS Iruña-Veleia elkarteak 2024.02.12

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Abendua 24th, 2023

*Arabako Aldundiaren eskabadorak, gelditu gabe, Iruña-Veleia suntsitzen ari dira!!

⏩ Lehenengoan Eliseo Gilek abezedario zaharrena topatu zuen eremua suntsitu zuten.

⏩ Bigarrenean Errosetoien etxean, euskerazko eta kristau testu gehienen lekuan.

⏩ Laugarren honetan harresi inguruko zenbait eremu suntsitu dute. Oraingoa basatiena izaten ari da, ez direlako gelditzen. ASKI DA!

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Osteguna, Ekaina 28th, 2018

Hondeamakina berriro Iruña-Veleian

Joan den larunbatean, ekainak 23, taldea bildu ginen Iruña-Veleiako aztarnategian IruñaVeleia Argitu plataformak antolaturiko bisita gidatuan parte hartzeko. Harresi zaharrera hurbiltzean, egundoko ezustea hartu genuen zera ikusi genuenean: mendebalerantz jotzen duen bide zaharra, Trespuentesko zubira doana, harrotuta zegoela hegoaldeko ate ingurutik dorre erdizirkularrak dauden lekua baino harantzago.Garbi zegoen hondeamakina bat erabili zutela lanerako, egun horretan hantxe jarraitzen baitzuen, geldirik, hori bai.

Arazoa da makina ez zela mugatu bide horren gainazala kentzera, baizik eta asko sakondu zuela lur azpi arkeologikoak gordetzen duena jakiterik ez dagoen zonalde batean, Gratiniano Nietok 50eko hamarkadan kendutako zakarren azpian. Eta hau oso larria da, batez ere kontuan izanda ziurrenik erromatar garaian harresia era perimetralean inguratzen zuen bidea joango zela handik, hego aldeko atetik abiatuta, oraindik ere agerian dagoen mendebal aldeko aterantz.

Esan beharrik ez, atsekabe ikaragarria hartu genuen lurrean geratzen ziren hondakinak eta hondeamakinak han bertan utzitako zakar-piletan ageri ziren osagaiak ikustean. Izan ere, honek guztiak adieraziko luke erromatar garaiko bide bat kalteturik geratu dela. Hori erakusten du behintzat harresiaren paraleloan luzetara doan egiturak, espaloiak, bidearen iparraldeko espaloia ziurrenik, eta bidearen hegoaldean suma daitekeen haren paraleloak, lau bat metro zabalerako bidea mugatzen dagoenak. Aldi berean, lauzadura zaharraren zenbait hondar antz eman zitekeen lurrean, eta honen “ohe” gisa erabilitako buztinezko geruza ere bai, betelantzat erabilitako harriekin batera, gaineko bi geruzen oinarria, hain zuzen.

Ez dakigu hondeamakina pasatu aurretik bidearen lauzadura leku gehiagotan gordetzen zen ala ez, baina gauza ziurra da hura pasatu ondoren ez dela ia ezer geratzen , eta azpiko betelana makinak harrotu duela. Geratzen ziren hondarrak nahas-mahas ageri ziren lekuan bertan eta inguruko zakar-piletan. Labur esanda, hondeamakinak betiko hondatu du hiri zaharraren egitura arkeologiko inportante bat.Honaino helduta, eta alde batera utzirik esku hartzearen helburua eta beharrizana, (pentsatzen dugu Iruña-Veleiako oppidumaren hegoalde atea finkatzea eta balioan jartzea proiektuaren barruan egingo zela, hori dio behintzat kartelak. Ezagutu nahiko genuke proiektu hori, diru publikoaz ordaindua da-eta) tinko salatu nahi dugu gertakizun hau, eta azalpenak eta erantzukizunak eskatu dagokionari. Nola liteke administrazio publikoak programatzea eta baimentzea hondeamakina baten erabilera hain leku sentiberan, harresiaren ondoan hain zuzen, jakinik oso litekeena zela bide egitura bat agertzea, gertatu den bezala. Iruña-Veleiako lur azpia ukitu gabe dago sakonera txikian, eta ezin da onartu esku-hartzeak, batez ere atontze lanak, paradoxikoki, lurpeak gaur arte gordetako Ondarearen bizkar egitea. Ardura falta ikaragarria iruditzen zaigu.

Azkenik, gogoratu nahi dugu Iruña-Veleia Argitu gure plataformak lehenago ere salatu dituela antzeko jarduera txarrak, jabeturik zer nolako ondorioak dakartzan honek guztiak mundu mailako ondaretzat daukaguna kontserbatzeko orduan.

Iruña-Veleia Argitu. 2018.06.27

Hondeamakinak suntsitutako bidea


VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Azaroa 27th, 2016

Iñaki Goirizelaia: Iruña-Veleiako ondarearen hondamenaren arduradunetako bat

EHUko Letren Fakultateko Arkeologia Saila Iruña-Veleiara sartu berria zenean eta hondeamakinez sektore oso bat suntsitu zuenean, zur eta lur geratu ginen. Ezin genuen sinetsi. Arkeologia Sailak gure altxor handienekoak suntsitzea!

SOS Iruña-Veleia grabatutako bideoa zabaltzen hasia zen. Euskeraren Jatorriak gutun bat prestatu eta EHUko Fakultate guztietako arduradunei bidali zien, baita Iñaki Goirizelaia errektore jaunarekin bilera bat eskatu ere. Ez zigun onartu.

Geroago beste eskaera bat egin eta ukatu zigun baina 4 urte geroago, elkarrizketa eskatu eta Goirizelaiarekin eta Arabako Campuseko errektoreorde berria zen Javier Garaizarrekin batzartzeko aukera izan genuen.

Jarrera adeitsua izan zuten. Guk Arkeologia Sailak egindako suntsiketaren argazkiak erakutsi genizkien, grafitoak egiazkoak izan daitezkeela dioten txotenen berri eman genien, Eliseori EHUk datazioak eta katak ukatzean EHU zientziaren aurka ari zela, XXI. mendean horrela jokatzea onartezina zela…

Baina horma baten aurrean egon izan bagina bezala. Ez zuten ezertxo ere egin, aitzakia hauxe izan zen: Fakultate bakoitzaren eskumenen barruan sartzen zelako eta ez zirela inor inoren esparrutan sartzeko. Guk zera erantzun genien: besteen esparruan ez dela sartu behar ezer desegokirik egin arte. Egindako suntsiketa edo datazioak ukatzea gauza egokiak baziren, akabo.

Beste pasarte negargarria San Juan komentuarena izan zen. Pentsaurrekoan Urreztarazu errektoreordea, Lamarain diputatua eta Nuñez zeuden eta eman zuten albistea egunkari guztietan agertu zen: EHUk komentuaren aztarnen kokapena topatu du. Hori orain dela 300 urte jakina zen baina egunkariei kriston gezurra esan eta EHUk ez zuen zuzendu eta Nuñez espedientatu.

Geroago, 2015eko azaroaren 19an, Lurmen kaleratzearen 7. urteurrenean EHUk ikasleek guri eskatuta egin nahi zuten hitzaldia  debekatu zuten, prozedura akats bategatik. Iñaki Goirizelariaren idazkariari esan genion zentsura hori kentzeko baina kasurik ez. Aurreikusi zen gelan ezin genuela eman esan ziguten, segurtasunekoak sarreran jarri zituzten, baina azkenean eman egin genuen, Fakultateko sarreran. Suntsiketa bi egitea, gezurra esan eta goikoek babestea, zentsura… noraino heldu diren! Euskal Herriko Unibertsitatea, kasu honetan, Espainiak Euskal Herrian duen Unibertsitate bihurtu dute!

Iñaki Goirizelaiari eta Yolanda Barcinari merezi duten domina emango diegu: Euskal Herriaren ondarearen suntsitzaileen kalabaza saria.

Suntsiketa bi, San Juanen gezurra eta hitzaldia emateko zentsura gertatu direnean EHUn egon diren arduradun arduragabeak


VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Apirila 22nd, 2016

- Iruña-Veleiari buruzko 2. Nazioarteko Biltzarra egingo da Gasteizen maiatzaren 7an

- Julio Nuñez Iruña-Veleiako zuzendariaren aurkako kereila tramitera onartu du Epaitegiak

- Maiatzaren 2an, astelehena, hitzaldia Donostian

- Iruña-Okan egingo diren gauzak Biltzarraren ekintzen barruan

- Carlos Uragak egindako “Iruña-Veleia: historiak ezin du itxaron” erakusketaren  inaugurazioa

- Lehenengo Biltzarra 2012an egin zen Gasteizen

- Alicia Satueren txosten berria: latin arrunta eta paleogaztelera

- Euskal Herriko suntsiketa arkeologikoak: Nafarroan 1 – Araban 2

- Iruña-Veleiako altxorra ezagutu

03-Iruña-Veleia-Newsletter-2016-Api-Abr-Api

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Urtarrila 31st, 2016

Orain bi aste EHU-UPVko Arkeologia Sailaren suntsiketa berriaren informazioa eman genuen: Suntsiketa.  Orain hori hobeto ulertzeko argazki gehiago jarri ditugu:

1. Errosetoien etxearen kokapena: aparkalekutik gorantz joan, antzinako atetik pasatu eta eskuinerantz Ponpeia Valentina eta aurrerago ezkerrerantz Errosetoien Etxea dago

2. 2006an Lurmenek egindako indusketa lana (Elexpururen argazkia).

3. Errosetoien Etxean topatutakoak. Bertan “Gure Aitaren”  hasierako testua, kalbario batzuk etab. aurkitu zitutzen. Kristautasunaren aldetik garrantzitsuenak

4. Errosetoien etxea 2015eko azaroan, bisita gidatu alternatiboan. Begiratu arretaz nola dagoen hesiaz inguratutako zorua (Elexpururen argazkia).

5. Errosetoien etxea 2016ko urtarril hasieran. Eremu osoan ibili dira eta ondoren belarra erein dute

6. Elexpuruk egindako grafikoa: non ibili diren (Lurmenek induskatu ez zuen bazter bat).

7. Hondeamakinaren arrastoak, Errosetoien etxetik abiatuta

8. Suntsitutako hormen hondakinak, erdiezkutatuta, Pompeia Valentinaren atzean, Errosetoien Etxetik 100 bat metrotara. Aztertu batetik Errosetoien Etxearen goialdean kendutako lurra (belar arrastoekin) eta ondoan erausitako hormetako harriak

9. Arrastoen artean botatako zeramikaren bat (Elexpururen argazkia)


10) Iruña-Veleia Argitu plataformaren argazki gehiago

horrela zegoen aurrez  horrela ekainaren  23an

Erromatar bidearen espaloi ertza

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteazkena, Urtarrila 27th, 2016

Antzina errege-erreginek ezizena izaten zuten: Antso Jakituna, Antso Abarka… Guk Arabako diputatu nagusiarentzat badugu bat: Ramiro Gonzalez suntsitzailea.

Arabako Aldundi berria ekain-uztailean eratu zenez, diputatu nagusiarekin eskatu genuen bilera Martin Ttipia, SOS Iruña-Veleia eta Euskeraren Jatorrikook. Berak, Kultura diputatua den Igone Martinez de Lunarekin egoteko esan eta irailean berarekin batzartu ginen. Ordubete iraun zuen bilera batean, gai honi buruzko gako nagusiak azaltzen saiatu ginen. Horrez gain  bost eskaera hauek egin genizkion Ramiro diputatu nagusiari eta berari:

1. Aldundiak kereila erretiratzea, Epaitegia ez delako gai hau argitzeko gai izan orain arte eta  etorkizunean ere ez delako gai izango (ez duelako inolako borondaterik datazio zientifikoak egiteko). Horrez gain, zaintza katea apurtu delako eta Europa mailan hori onartezina delako.

Bileran eskaera horrekin ados ez zeudela ikusita (kereila kentzea), bigarren eskaera hau:

2. Epaitegiari ezer erabaki baino lehen bi gauza egin ditzala eskatzea:

  • Bi alderdiek (Aldundia eta Lurmenek) adostu zuten baina egin ez diren hiru datazio motak egitea: hezurrak, adreiluak eta zeramiketako idazkunak, adostuko liratekeen hiru laborategi desberdinetan. Honekin kereila ez lukete kenduko baina hasieran edo zazpi urte hauetan egin behar izan diren  proba zientifiko ebasle bakarrak behingoz egingo lirateke.
  • Hamar kata kontrolatu egitea, ostrakak agertu ziren lekuetan. Horietan EHU eta Lurmen begirale gisa egongo lirateke eta hirugarren batek egingo lituzke.

3. Gaia argitu arte EHUko Arkeologia Saila indusketan lanean ez jarraitzea, eragin zuen suntsiketagatik eta sei urte hauetan ia zer ez aurkeztea susmo txarrak eragin dituelako (zerbait ezkutatzen ari dira? Edo suntsitzen ari dira?)

4. Lurmenek zein EHUko Arkeologia Sailak egindako lan arkeologikoak auditatzea

5. Grafitoak publikoki erakustea, aldi baterako bada ere (hau ekainean ere eskatu genuen Erregistroren bidez)

Eta, noski, epe egoki batean eskaera hauei haien erantzuna jasotzea.

Hurrengo astean 200 orrialdeko txosten mardul bat eman genion informazio garrantzitsu guztiarekin eta txosten guztien CD batekin (behean irakurri). Hau da, jadanik ezin du esan “ez zuela ezagutzen” edo “ez zekiela”. Ezin izango du horrelakorik argudiatu, ez.

Gainera, nahi izanez gero, berriro batzartuko ginela berarekin esan genion, izan zitzakeen zalantza guztiak argitzeko.

Baina bere erantzuna zera izan da: EZ ERANTZUTEA. Errespetu falta ikaragarria da, hara joan, txostena prestatzeko ordu pilo sartu eta ez da gai izan, erantzun triste bat emateko ere. Bueno, egia esan argi erantzun digu: HONDEAMAKINA sartu dute bere langileek, 2. aldiz, Lorena eta Yolanda Barcinak egin zuten moduan.

Hiru elkarteek Igone Martinez de Lunari emandako txostenaren aurkibidea:

1. Bost eskaerak

2. Historiaren laburpena: gaiaren gako nagusiak ulertzeko

-    Laburra: Argian argitaratutakoa (4 orrialde)

-    Bideoa: gai honi buruzko oinarrizko gakoak ulertzeko ikusi beharreko bideoa (20 min.)

-    Laburpen osatuagoa (2009-2010): Actuaciones incorrectas y algunas premeditadas por parte de la Diputación Foral de Alava que han puesto en grave peligro el patrimonio cultural y lingüístico de Alava

-    Iruña-Veleiaren laburpena hiru marrazkietan: Tasio

3. Eztabaida zientifikoa

-    20 txostenen zerrenda eta laburpenak (txosten eta irizpenak). Gutxienez irakurri beharrekoak:

-    Edward Harris: arkeologiakoa ditu nagusiaren iritzia (txosten honetan bertan)

-    Hector Iglesias: CNRSen laguntzari esker argitatutako gauzak (CDan). Dena ezin bada irakurri, lehenengo 50 orrialde nahiko dira, faltsutzat hartutako gauza nola argitu dituen CNRSko aditu askori galdetu ondoren

-    Elexpuru: euskeraren senatik egindako ikerketa (txosten honetan bertan)

-    Colmenero: onomastika erromatarra (Nazioarteko Biltzarreko txostenean eta CDan))

-    Idoia Filloy: 7-Informe sobre los motivos iconográficos: Nuñezen txostena bertan behera utzi du, Pompeyan eta beste indusketa erromatarretan dauden objektu arkeologikoen argazkiekin (CDan).

-    Thomsonen azken hitzaldia: ebidentziak teorien gainetik (Altamiran bezala?) (txosten honetan)

-    Euskal grafitoak (Lurmen. Txosten honetan)

4. Suntsiketa eta EHUko Letren Fakultateko jarrera

-    Suntsiketaren txostena (Lurmen)

-    Iruña-Veleia eta EHUko Letren Fakultatea (egia ezagutu nahi?)

5. Datazioak

-    Koen: ebidentziak eta datazioak (txosten honetan bertan)

-    Baxarias: hezurren datazioak (Nazioarteko Biltzarreko txostenean)

-    Instituto del Patrimonio Cultural de España (IPCE) erakundeko laborategiaren txostena zentzunaren eta arkeometriaren aurkako erasoa da

6. Hedapena eta eskaera soziala

-    Iruña-Veleia argitzeko 2.132 eskaera

-    Ostraka, SOS, Elexpuru, Angulo Oscuro, Euskeraren Jatorria, Ama-Ata…: milaka bisita hilero

-    Iruña-Okako Udaleko ebazpena

-    Iruña-Veleia nazioarteko berripapera

-    Zientziaren aldeko eta injustiziaren aldeko enkarteladak 2015eko urtarriletik ekainera

-    Txillardegiren gutuna

-    Patxi Zabaletaren artikulua

7. Kaleratzearen eta suntsiketaren balizko arrazoiak

8.  CD batean txosten guztiak

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteartea, Urtarrila 26th, 2016

Berria egunkarian gaur Arabako kultura diputatua den Igone Martinez de Lunari egin diote elkarrizketa.

Bertan ikusten denez, diputatuari bost axola zaio gaia argitzea, bost axola zaio Eliseo Gil errugabea bada ere horrela egotea, bost axola zaio Aldundiak Eliseo inkulpatzeko alperrik gastatu zituen txosten grafologikoen 70.000 euro sastarrera joan izana.

Igonek dio instrukzio fasea amaitzea nahi duela. Baina nola amaituko da datazioak egin gabe badaude? Orain bi urte Aldundiaren, Lurmenen eta Epaitegiaren artean adostutako datazioak ziren aukera bakarra gai hau zientifikoki argitzeko. Epaitegiak ez ditu egin nahi izan. Eta oraingo Aldundiak nola nahi du Epaileak ezer erabakitzea proba zientifikoak egin gabe badaude? Nola da posible diputatu berriak hori esatea?

Baina burua non kokatu duen argi dago. 2015ean EHUri beste dirutza pilo bat eman dio bere lana jarrai dezan: suntsitzen jarrai dezan. Orain Domus Antieclesiaren txanda izan da. Erlijio arloko pieza zoragarrienak topatu ziren lekuan hondeamakina sartu dute berriro Nuñezen mertzenario arkeologikoek. Eta Igone eta Ramino Gonzalezen onespen, diru eta txaloekin.

Nafarroako Iruñean UPNk Gaztelu plaza suntsitu zuenenean, hemengo gehienok ados geunden: Euskal Herriaren kontra ari dira. Baina hemen, alderdi abertzaleen babesa duen Aldundiak gauza bera bigarren aldiz egin duenean denok isilik! Ze eskasak garen!

Esaera famatuak dioen moduan: Jainkoa libra nazazu nire lagunengandik, nire arerioengandik ni neu libratuko naizelako.

Berria Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleia zela-eta hasitako auzibidea hortxe dago oraindik. Nola dago kontu hori?

Kultura diputatu izendatu eta lehen irteera Iruña-Veleiara egin nuen. Ikusgarria da aztarnategia. Auzipean egoteak eragin txarra izan du. Gure nahia da lehenbailehen instrukzio fasea amaitzea, eta epaileak ebaztea. Ebaztea gauza bat, bestea, edo dena delakoa.

Dena den, auzibideak iraun bitartean, lanean segitu dute.

Zuzendaritza plan bat dago 2020. urtera arte. Auzibideak estali egin du aztarnategia. Itzal beltz batek inguratu du. Uste dugu han ateratzen ari diren datuak helaraztea garrantzitsua dela. Ematen du baztertuta dagoela, baina ezagutarazi behar dugu gure ondarea arabarron artean, eta arlo zientifikoan ere bertako datu eta emaitzak zabaldu behar ditugu.

“auzibideak estali du aztarnategia” -Aldundiak neurrira enkargatutako txosten grafologikoek, Eliseoren kontra auzia zabaltzeko balio izan zuten. Beraz, haiek arrazoi gabe sortutako auzia da, haien erru osoa izan da.

“arlo zientifikoan” –> zienzia aipatzeko ausardia du Igone suntsitzaileak!

“Itzal beltz batek inguratu du”-> Aldundiaren eta EHUko Arkeologia eta Euskal Filologiako irakasle batzuen itzal beltza, alajaina!

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteazkena, Urtarrila 06th, 2016

2010ean EHUko Arkeologia Saileko Julio Nuñezen taldeak izugarrizko triskantza egin zuen. Horien grabazioa eta salaketa zerbaiterako balio zuela uste genuen, suntsiketa gelditu zutelako eta 5 urte hauetan ez direlako antzeko gauza bat egitera ausartu.

Bideoa
Suntsipenaren txostena (Lurmen)


Baina erratuta geunden, berriz ere INDUSKETA TXIKITU DUTE.

Orain ikasi dute: udan egin beharrean neguan egin dute, seguruenik abenduaren 1. astean, jaiegunekin oso aste arraroa izaten dena.

Orain suntsiketa egin ondoren, arrasto gutxiago utzi dute, izorratutako eremua berriz lurrez bete dutelako eta gero belarrez erein.

Baina berriz ere dena suntsitu dute: hormak, zeuden zeramika zatiak…

Berriz ere leku oso aberats batean egin dute triskantza: Errosetoien etxean, Lurmenek Domus Eclesiae izenez ere izendatuta. Hor hainbat grafito topatu zuten, horien artean euskerazko Geure Ata, gurutzeak, HAU DA, ERLIJIO ALDETIK GARRANTZITSUENA.

Ez da oso egokia Lurmenek etxe hau Domus Eclesiae deitu izana, grafitoek erakusten digutelako kristauen hizkuntza euskera dela eta hitzaileena erromatarren latina. Grafito baten pertsona bat gurutzatuta ikusten da eta testu hau: “neure ama roman hilta” Beraz, beste modu batera deitu beharko litzateke.

Berriz ere Arabako Foru Aldundiako arduradun berriak EHUko txikizioa finantzatzen jarraitzen dute, dagoeneko euskal kulturaren arerio handienetakoak bihurtuta.

Berriz ere, UcPV-Universidad contra el País Vascoko goi arduradunek txikizioa txalotzen eta babesten jarraitzen dute.

Historiak eta euskerak ez dizuete barkatuko!

Elexpuru izan zen triskantza honetaz konturatu dena, azaro eta abenduaren arteko bisiten argazkiak alderatzerakoan, bestela ez ginen enteratuko ere.

Hondeamakina

Suntsitutako hormen harriak eta apurtutako zeramika botata

Errosetoien etxean Gure Aitaren hasiera aurkitu zen. Kristautze prozesua Erromarekoaren ia aldi berean eman zela frogatzen duen grafitoa eta seguruenik, Lurmen kanporatzeko arrazoi nagusia (Vatikanoa)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Astelehena, Martxoa 30th, 2015

SOS Iruña-Veleia eta Euskeraren Jatorriaren agiria, EHBilduk Lorena Lopez de Lacalle Arabako Foru Hauteskundeen zerrendan bigarren lekuan ipini duela eta

Duela gutxi jakin dugu EHBilduk Lorena Lopez de Lacalle EAkidea bigarren lekuan jarri duela Foru Hauteskundeetako Arabako zerrendan. Azkenaldian bilera ugari izan dugu koalizioko alderdiekin egoera hau saihestu nahirik, baina ikusten dugunez ahaleginak ez du fruiturik eman. Ezin dugu ezkutatu oso harrituta eta haserre gaudela, ondo ezagutzen dugulako pertsona honek Iruña-Veleiako auzian burutu zuen gestio negargarria, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Ahaldun karguan egon zen garaian (2007-2010).

1.- EHUko kideekin ia soilik osatu zuen Aholku Batzorde Zientifikoa deiturikoa, eta bere burua izendatu zuen lehendakari, Batzordea nazioartekoa izan zedila eta Karbono 14 eta termoluminiszentzia frogak egin zitezela eskatzen zuten Lurmeneko arkeologoei entzungor eginez.

2.- 444/2008 Agindu Forala sinatu zuen, zeinen bidez ofizialki faltsutzat jotzen ziren grafitoak eta Lurmen botatzen zen aztarnategitik, faltsutasunaz  ”unanimitate zientifikoa” zegoela argudiatuz, artean eskatutako hamar txostenetatik bakarra zegoenean entregatuta.

3.- Epaileen esku jarri zuen auzia, eta kereila jarri zuen Lurmeneko zenbait kideren kontra faltsifikazioa eta ondarearen aurkako kalteak leporatuz, azterketa analitikorik edo bestelako frogarik gabe.

4.- Grafologo bat kontratatu zuen Eliseo Gil inkriminatu nahiz. Grafologo horren ondorioak bere asmoak betetzen ez zituztela ikusirik, beste bat kontratatu zuen 36.000 euro ordainduta. Diru horrekin grafito mordoa analiza zitekeen Europako laborategi espezializatuetan. Esan beharrik ez grafologia ez dela sekula erabili izan horrelako gai bat erabakitzeko.

5.- Julio Núñez Marcén EHUko irakaslea, Eliseo Gil eta bere taldea “kondenatu” zuen “Batzorde-Tribunal”eko kidea, izendatu zuen aztarnategiko zuzendari.  Hondeamakina handi batez aztarnategiko 8.000 m2 suntsitzea izan zuzendari berriaren lehen langintza. Txikizioa salatu genuenean, Núñez babestu eta bere postuan berretsi zuen Lorena Lopez de Lacallek.

Eta hau laburpena besterik ez da. Kontua da sei urte luze hauetan ez dutela balizko faltsutasunaren aldeko froga bakar bat aurkitu, eta aldiz Lurmenek bitartean  hogei txosten aurkeztu dituela epaitegian zein iritzi publikoaren aurrean, zeinetan hainbat herrialdetako adituek adierazten duten arkeologoen jarduera egokia izan dela edo/eta grafitoak benetakoak diratekeela.

Ondorioz, pentsatzen dugu Lorena Lopez de Lacalle Iruña-Veleiako desastrearen erantzule politiko nagusia dela eta horrelako kurrikuluma duen pertsona bat ezin dela ezein talde politikokoren ezein zerrendatan egon. Horregatik,  irmoki eskatzen diegu EHBilduri eta hautagaia sostengatzen duen EA alderdiari Lorena Lopez de Lacalle ken dezatela hauteskunde zerrendatik.

Gasteiz, 2015eko martxoaren 30ean

SOS Iruña-Veleia            Euskeraren Jatorria

Lorena Lopez de Lacalle eta Julio Nuñez:

Iruña-Veleiako sektore oso baten suntsiketaren arduradunak, besteak beste

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)