Aukeratutako atala ◊ Artikuluak ◊

• Ostirala, Maiatza 24th, 2019

Gontzal Fontaneda, Argia, 2019-05-15

Teoria guztiak, zuzenak ala okerrak diren jakiteko, agertuz doazen aurkikuntzekin neurtu behar dira. Adibidez, antzinateko jakintsuen teoria batek Lurra laua zela zioen. Eta horrelaxe pentsatzen zen XVI mendera arte. Orduan Magalhaes-Elkanoren itsas-bidaiak jakintsu haien teoria okerra zela, lurra biribila dela egiaztatu zuen. “Egitateen aurka teoriak ez dira baliagarriak”.

Euskal Herrian jakintsu batzuen teoriak –A atzizkia artikulu mugatzailea zela zioen eta artikulu hori Europan Erdi Arora arte sortu ez zela, eta beraz euskaran ere ez. Baina Iruña-Veleian atzizki hori duten euskarazko idazkun batzuk agertu ziren, eta talde arkeologikoak III mendean kokatu zituen. Edozein jakintsuk, aurkikuntza berri honen aurrean, benetan III mendekoa zen jakiteko, idazkunen azterketa sustatuko zukeen. Aitzitik, pontifikatu egin zuten idazkunak faltsuak zirela, beren teoria hutsezina balitz bezala. Egitateen aurka hantustea baliagarri?

Beste jakintsu batzuek “Euskalduntze berantiarra” izeneko teoria egin zuten, hau da, euskara “Baskongadetara” Erdi Arora arte iritsi ez zela. Hortaz, III mendean “ezinezko tokian” euskaraz egiten ez zela zioten. Baina kontua da euskarazko idazkunak Araban agertu zirela. Edozein jakintsuk, aurkikuntza berri honen aurrean, benetan III mendekoa zen jakiteko, idazkunen azterketa sustatuko zukeen. Alderantziz; idazkunak faltsuak zirela pontifikatu zuten, beren teoria hutsezina balitz bezala. Egitateen aurka oilarkeria baliagarri?

Beste jakintsu batzuek ez dute gai honi buruz solas ere egin nahi, ez ikusiarena egiten dute. Egia lortu nahi gabe, idazkunak aztertzeari uko egiten diote, nagusien aurrean edo ordaintzen dienaren aurrean gaizki ez geratzeko. Egitateen aurka korporatibismoa baliagarri?

Udal batzuk izan ezik, erakunde politikoek ere ez dute gaizki geratu nahi, eta ez dute egia jakitearren ezertxo ere egiten. Beren burua babesten hauxe argudiatuz saiatzen dira, “auzia epaitegian dagoela”, “justiziak erabaki arte itxaron behar dela”, dagoeneko ezer erabaki gabe 10 urte baino gehiago joan den arren. Eta erakundeek hauxe bakarrik egin behar lukete, idazkunen azterketak agin ditzala epaitegiari eskatu, noizkoak diren jakiteko, benetako zaharrak ala gezurrezko berriak. Epaitegia poztu egingo da 10 urte ondoren zerbait egitean. Egitateen aurka azpijokoa baliagarri?

Baina ankerrena hauxe da, auzia behin betikoz argitzeko azterketaren irtenbidea hain erraza izanik, hiru lagunek (Eliseo Gil, egotzi arte izandako zuzendari arkeologikoa barne) ia 11 urte daramatzate lanetik kaleratuta eta 10 urte joak salatuta, urrunean ere begiztatzen ez den epaiketa baten zain. Erakunde politikoak, akademikoak, zeintifikoak, kulturalak eta judizialak bat eginda dabiltza, baina elkarren artean ere ezin dute 10 urteotan faltsutzea frogatu izan, eta luzapen lotsagarri honek salaketa kalumnia bihurtzen du. Egitateen aurka mardaila baliagarri?

Idazkunen aztertzeko eskaera zuzenari lagundu nahi diozuenok IRUÑA-VELEIA ARGITU elkarteak egindako “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” sina dezakezue eta Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten den elkarretaratzera etorri.

Zuzengabekeria honen historia Iruña-Veleia webgunean daukazue.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Azaroa 19th, 2017

Gaur, azaroaren 19an, bederatzi urte betetzen dira Iruña-Veleiatik Lurmen kanporatu zutenetik eta horrekin batera beste guztia: Eliseo Gil eta Oskar Eskribanoren aurkako eraso judiziala, EHUko Arkeologia Sailak hondeamakinarekin bi eremu suntsitzea, hedabideen zentsura edo gezurrak zabaltzea… 9 urte daramatzagu  eraso hau hasi zenetik. Baina borrokan jarraitzen dugu eta jarraituko dugu irabazi arte eta Eliseori, Oskarri eta Lurmeneko gainerako arkeologoei haien izen ona eta egindako lanen bikantasuna aitortu arte!

Iruña-Veleia katebegi bat baino ez da, harri txiki bat, Euskalerria-Nafarroaren hizkuntzaren eta kulturaren aurkako eraso handi batean.

Euskal Filologia ofiziala kolonizatuta al dago?

Azken hamarkadan, hori iradokitzen diguten kontu asko gertatu dira: ETBk bultzatutako euskalduntze berantiarra, toponimiari bizkar ematea, iberiar eta euskal zenbakien arteko erlazioa ukatzea eta 9 urte bete berri duen Iruña-Veleiari egindako erasoa.

ETBk gutxienez 8 aldiz eman duen “Euskalduntze berantiarra” euskaldun guztioi ileak tente jartzeko modukoa da. Bertan baieztatzen da euskera ez zela Nafarroara heldu III. mendera arte eta Araba-Bizkaia-Gipuzkoara, aldiz, VI. mendera arte, hau da, hizkuntza berria dela gure lurralde gehienean. Emankizunaren esanetan, Pirinioetako lurralde txiki batetik etorri zen orain dela 1.700 urte, 5.000 biztanle baino gutxiago zituen gune batetik. Handik etorri eta telebista, hezkuntza sistema zein botere politiko edo militar barik, gutxienez 150.000 biztanleri hizkuntza aldaratzeko gai izan ziren?

Zientzia alor guztiek hipotesi hori barregarri utzi dute. Soziolinguistikoki ezinezkoa da. Historiak alderantzizkoa dela frogatu du, hau da, Pirinioetako gune hori Nafarroatik joandako herritarrek populatu zutela Erdi Aroan. Bestalde, ETBk dio hemengo “mendi altuenen”  eta “ibai urtsuenen” izenak ez direla euskaldunak. Baina zeintzuk ez dira? Ez al dira Aizkorri, Jaizkibel, Larrun, Toloño, Hiru Erregeen Mahaia, Ezkaurre, Arlas, Orhi euskaldunak? Zalantzan Gorbeia eta Anboto ditugu. Horietarako proposamen batzuk daude: batetik, Gorbeia oso zabalduta dagoen abizena eta bertan dagoen Orbea baserriaren gainaldea  izatea (Go-orbea); bestetik,  Anbotorako ere gure hizkuntzatik egindako hainbat proposamen etimologiko daude, dokumentalak mendi honetarako proposatzen duen zeltazko “gatibu” izatea baino askoz logikoagoak.

Ibai urtsuenei dagokienez, Aturri, Ibaizabal, Urumea, Oria, Bidasoa, Lea, Artibai… ditugu eta horiek ez al dira izen euskaldunak? Zalantzak daude Ebro, Deba, Nerbioi eta Okaren inguruan. Ebro iberiarra edo euskal izena izan daiteke. Deba izenean egon daitekeen “de” erroa zelten eremutik kanpo ere badago; izan ere, Kataluniako hizkuntzak gorde duela esan behar da. Iturria adierazteko darabilgu eta penintsulako iparralde osoan ikusten dugu, agian Kantabrian dagoen Fuente De jatorri berekoa izan daiteke (Iturriaren iturria, Val d’Aran-en antzera). Horrexegatik diogu Deba horrekin lotuta egon daitekeela. Nerbioiren sorburua Ureta da eta amaieran Urbi dugu, biak ur erroa duten eta euskaldunak diren izenak dira. Nerbioi ere euskal izena izan daiteke. Adibidez, Nervion Urbionen bilakaera izatea Basauriko Urbin batzen diren bi ibai handietako bat delako (J. Nikolas), edo Lerbion-en bilakaera izatea (J. Goitia), garai batean Delika aldean ura bi iturri handitan jausten zelako, baina izen latindarra ere izan daiteke lasai asko, Nerva edo Nervina-rekin lotuta adibidez. Hau da, ibai eta mendi gehienek euskal izenik ez dutela esatea gezurra da, nahiz eta bakanen bat kanpotarra izan.

Bestalde, dokumentalak dio Mitxelena euskalduntze berantiarraren teoriarekin ados zegoela, eta hori ere gezurra da, filologo guztiek irmoki salatu beharko luketena (baina Elexpuruk eta beste bakarren batek baino ez dute egia defendatu). Ildo beretik, Joaquin Gorrochategui ETBko produkzio honetan alde dagoela agertu da. Berak bere filologiako ikasleei ez dagoela alde esaten die, baizik  eta dokumentalak bere hitzak txarto jaso zituela, bizitza osoan kontra egon delako. Dena den, orduan zergatik ez dio ETBri zuzentzeko esan sarritan errepikatzen duten dokumentala izanda?

Euskal filologia ofizialaren beste akats handi bat toponimiari eta hidronimiari bizkar ematea izan da. Toponimia, F. Zubiagak dioen moduan, gure arbasoen oihartzuna da, gehienbat izen horiek zaharrak direlako eta euskeraz ditugun erro asko, aran esate baterako, lurralde askorekin lotzen gaituela dirudielako; ez soilik penintsularekin (Aranda, Aranjuez…), Alemaniarekin ere: Arn-tal: aranaren arana izan daiteke, alemanieraz tal arana delako (T. Vennemann), Val d’Aran bezala. Edo atx-az-aitz erroa, hizkuntza askotako aizkorarekin eta toponimiarekin lotzen gaituena. Edo otz erroa, elurra inoiz desagertzen ez den eta hotzenetakoa den Austriako haran baten izena. Edo ur erroa Indiaraino eramaten gaituen eta ibai askotan agertzen den erroa. J.M. Sansineneak 1.200 orrialde behar izan zituen erro hori duten ibaiak ondo deskribatzeko eta jasotzeko. Berak erro horren maiztasun handiena Euskal Herrian kokatu zuen eta ur erroa duten euskal hitzak ere 50etik gora jaso zituen. Toponimia eta hidronimia euskeraren jatorria aurkitzeko ezinbesteko tresnak direla argi dago, hain zuzen W. Humboldt-ek bide hori hartu zuen.

Euskal filologia ofizialaren hirugarren akats handia iberierari bizkar ematea izan da. Zenbaki iberiarrei buruz egondako eztabaidan J. Lakarra dugu hemengo ordezkari nagusienetakoa. Inolako ikasketarik ez duen batek badaki iberierazko ban (1), bi-bin, irur-kilu, laur, borste-bors, sei, sisbi, sorse, abar-bar (10), orkei (20?) eta erder (erdi) zenbakiak euskerarekin erabat lotuta daudela. Baina Lakarra jaunak egindako txostenean dio ez dagoela loturarik eta ez datozela bere teoriarekin bat.

Zorionez, kanpoko bi ikerlari katalanek (J. Ferrer-rek eta E. Orduñak) lotura hori argi eta garbi dagoela adierazteko txosten batzuk egin dituzte. Hemen ordea Lakarrak loturarik ez dagoela esan eta denok beste alde batera begiratzen dute (ETBren euskalduntze berantiarrarekin gertatu den bezala). Are gehiago, Euskaltzaindiak hiztegi etimologikoa egiteko ardura eman dio, bere teoriak, hemen bakarrik ikusita, funtsik ez duela dirudienean. Estatuan egiten den Paleohispanica biltzarretan lehen Lakarra eta Gorrochategui aintzat hartzen zituzten Mitxelenaren ondorengotzat zituztelako baina logika guztiaren aurka ari direla konturatu dira.

Hemengo filologia ofiziala kolonizatua dagoela pentsatzeko azken arrazoi nagusia Iruña-Veleia dugu. Gai hau ulertu nahi dutenei Altamirari buruzko pelikula ikustea gomendatzen diegu, hemen bertan gertatutako gauza bera dugulako.

Batetik, Elizaren interesak: hango margoek Bibliak gizakiaren bilakaeraz esandakoa zalantzan jartzen zuten eta Iruña-Veleiak Elizak kristautzearen hastapenaz dioena zalantzan jarri du. Ez dugu ahaztu behar Eliseo Gil kanporatu zuen kultura diputatua Lorea Lopez de Lacalle zela eta bere gainean zegoena Rafa Larreina zela, biak Opusekoak. Izan ere grafitoak laborategietara ez, Vatikanoraino eraman zituzten.

Bestetik, Altamiran arkeologo frantsesen interesak kaltetzen ziren Laskaux baino zaharragoa zelako. Iruña-Veleian, berriz, EHUko Arkeologia Saila hemengo indusketa arkeologiko nagusitik kanpo zegoen eta berau bereganatu nahi zuen kosta ala kosta. Azken 6 urte hauetan jaso duten 7.000.000 eurotik gorako zenbatekoak argi adierazten digu Eliseo Gil kanporatzeko zuten arrazoi nagusia zein izan zen.

Bestelako berdintasuna: aurkitzaileen kalbarioa eta sufrimendua, bai Altamirako Marcelino Sautuolaren aldetik, bai Iruña-Veleiako Eliseo Gilen eta Oskar Eskribanoren aldetik. Marcelinok handik 17 urtera hil zen, gehienek bere kontra jarrita eta erabat isolatuta. Zorionez aberatsa zen eta jatekorik ez zitzaion falta izan. Eliseo eta Oskar, ordea, 9 urte daramatzate Epaitegiaren mailukadaren zain. Izan ere, ia dena kontra dute: sistema judiziala, Eliza, unibertsitatea, Aldundia, eta hedabide nagusiak. Faltsuak direla sinistuko balute, haiek izango lirateke grafitoak datatzera bidaliko zituzten lehenak. Baina egiazkoak direla ondotxo dakitenez, gezur eta tranpekin ari dira etengabe.

Haatik, desberdintasun batzuk ere badaude: euskera, suntsiketa, garaia eta Edward Harris. Hemen grafitoek Mitxelenaren teoriaren % 15 zalantzan jarri dute eta bere teoria eguneratzeko gai ez direnez (maila askoz baxuagoa dute eta) faltsutzat hartu eta azken 40 urte hauetako apunteak ez aldatzea erabaki dute unibertsitatean. Bestalde, Altamira ez zuten ukitu, baina hemen hondeamakina bi aldiz sartu dute eta balio handiko bi eremu suntsitu dituzte, antzeko grafitorik agertu ez dadin, politikari guztien “bildotsen isilkeriaren” babespean (Aralar eta Arabako Podemosetik kanporatutakoak izan ezik). Bigarren desberdintasuna da orain ez gaudela 1868an, XXI. mendean baizik eta, arkeometriak grafito asko datatzeko aukera ematen digula, zalantzari zirrikiturik utzi gabe. Baina 9 urte hauetan ez dituzte egin eta egin duten gauza bakarra gainazaletan (ez letren azpian) metal modernoak daudenez faltsuak direla esatea izan da, denok dakigunean topatzen diren objektu arkeologiko guztiak, gaurko eskubilaz eta urez garbitzen direnean kutsatzen direla.

Azkenik, munduko arkeologorik famatuenak, Edward Harrisek, Gasteizera etorri, Eliseoren taldeko lana aztertu eta indusketak ondo eginda zeudela esan zuen. Izan ere, guztiz harritu zen datazioak nahiz auditoria ez egiteagatik, bai eta grafitoak Epaitegian ez egoteagatik, horrekin bakarrik kasua artxibatzeko arrazoia zegoelako.

Euskal filologia ofiziala kolonizatuta dagoela uste dugu, Espainiako interesen alde ari delako, gero eta argiago gainera. Gorrochateguik batez ere eta Lakarrak gutxiago, Espainiako Kultura Ministerioaren urte askotako proiektuetarako soldata paraleloak eskuratzen dituzte, zergatik? Iruña-Veleiako grafitoen analitikak hango Instituto de Patrimonio Cultural Españolen eta ez Europako laborategi prestigiotsuetan egin dira, zergatik? Euskera inguruko hizkuntzetatik isolatzea ez gaitu indartsuago egiten, ahulagoak baizik, ez al da horrela?

Adibidez, espainiar estatuan orain dela 200 urte arte euskaldunoi begirune handiagoa izan ziguten, azken iberiarrak izan garela eta euskera penintsulan geratu den azken hizkuntza dela uste izan dutelako. Berlingo unibertsitatearen sortzailea izan zen Humboldt-ek, gainera, toponimian oinarrituta, indar handia eman zion horri euskaliberismoaren teoriari esker. Baina filologia ofizialak toponimiaren azterketa baztertu, iberiera alboratu, Iruña-Veleia suntsitu eta ETBri euskalduntze berantiarra moduko dokumentala egiten utzi dio EHU hango Kontseiluan egonda. Jose Ramon Rementeriak zioenez, euskal filologia mundu mailako erreferentzia izan liteke hemengo erroak oso zabalduta daudelako, baina horren ordez 3. mailako filologia bihurtu dute.

Euskeraren Jatorria Elkartea

Iruña-Veleiari egindako erasoaren 9. urteurrenean

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Larunbata, Iraila 22nd, 2012

Elexpuruk bere blogean alemaniera zaharreko testu bat jarri du, eta bertan ikusten denez  “Aita gurea” IV. mendean alemanieraz erabiltzen zuten: “atta unsar”. Beraz, Arabako Iruñan logikoa da pentsatzea euskaraz ere erabiltzen zela.  

Atta unsar Ăľu in himinam,
weihnai namo Ăľein,

Hau da, gure gaurkoa:
Aita gurea zeruetan zaudena
santu izan bedi zure izena,

Elexpuruk gogoratzen duenez, gai honen kontura, Sustatun eztabaida handiaenetakoa egon zen, Patxi Huartek, Zaldiero komikilariaren egileak, artikulu bat argitaratu zuenean, esanez, ezinezkoa  zela euskaraz otoitz egitea XVI. mende arte. Seguruenik iritzi gehien jaso izan duen Arabako grafitoei buruzko iritzi artikulua izan da Sustatun, 318 izan zirelako egindako iruzkinak gai honetan: Sustatu: XX. mendeko otoitzak Veleian .

Bestetik, Luis Silgok gogoratu digunez, Lyon-go San Ireneo gotzaiak 182-188. urteean idatzitako testu batean (Adversus haereses I, 10, 2), hau da, Arabako Iruñako idazkunak baino mende bat lehenago, Elizatik alde egiten duten herejeei buruz hitz egitean, argi azaltzen du Elizak oso zabalduta badago ere, fede bakarra dela, hizkuntza askotan adierazia:

“De igual manera las predica, las enseña, las transmite, como una sola boca. Las lenguas son varias en el mundo, pero la fuerza de la tradiciĂłn es una e idĂ©ntica. La misma fe profesan y transmiten las iglesias fundadas en Germania, en las Iberias, en tierras de celtas, en Oriente, en Egipto, en Libia y en el centro del mundo [a saber, Palestina]”

San Ireneo, Lyongo gotzaia II. mendean

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Urtarrila 29th, 2012

Berriako kazetaria den Mikel Onaindiak, faltsutasunei buruzko erakusketa baten artikulu batean,  historian zehar egin diren hainbat faltsifikazio aipatu ditu. Artikulu horretan Mikel harritu egin da Arabako Iruñako gaia ez delako erakusketa honetan agertzen eta honela dio:

“Ostera, Iruña-Veleiako afera eskandalagarriari buruz txintik ez, ez dakigu antolatzaileek oraindino auzia guztiz argitzea itxaroten dutelako edo erakusketan barne hartzeak lotsa lar ematen dielako.”

Kazetari batek, suposatzen denez, informazio zehatz eta eguneratua izan behar du baina badirudi gai honi buruz ondo informatuta ez dagoela. Mikelek dioenez “guztiz argitzea itxaroten dutelako” eta, egia esan, gaia erabat argitu gabe dago. Izan ere, Aldundiak ez du egin horrelako ikerketa batean egin beharreko lehenengo gauza: arkeometria erabiltzea datatu daitezkeen ostrakak noizkoak diren jakiteko. Alegia, etxea teilatutik hasi zuela.

Henrike Knörrek esaten zuenez, arkeologoek, euren baliabide guztiak erabiliz, data bat eman behar zuten eta gero etorriko ziren hizkuntzalariak, historialariak, egiptologoak eta maria santisima. Hemen ordea, ostrakak Europako arkeometria laborategi batera eraman gabe gauzak erabakitzen hasi dira, eta, hor ostraketako testuetan ikusitakoa Euskal Filologian irakasten diren eduki gutxi batzuen kontra dagoenez, batez ere Lakarraren aitzineuskararen kontra, faltsutzat izendatu dituzte lasai asko.

Gai hau daraman Epaileak argi ikusi du hau eta, horregatik, Eliseo Gilen datazio eskaera onartu zuen, nahiz eta oraindik ez duen asmatu nora bidali behar dituen datazioak egin ahal izateko.

Lasai Mikel, arkeometriak argituko digu gaia. Eta argitzen digunean, seguruenik, aipatzen duzun erakusketa horretan, Aldundiak agindutako grafologia txostenak eta zenbait adituk egindako ostraken faltsutasuaren aldeko txostenak sartuko ditugu.

Albiste osoa Berrian

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Artikuluak  |  Iruzkin bat
• Astelehena, Otsaila 25th, 2019

Politikari batek zera esan zuen: “Herri bakoitzak merezi duen gobernua dauka”. Ez zitzaion arrazoirik falta. Hemen zera esango genuke: “Herri bakoitzak merezi dituen komunikabideak dauzka”. Horri buruz luze idatz genezake baina beste esaldi bati buruz arituko gara gaurkoan: “Zure aldeko hedabideek babesten ez bazaituzte, zure arerioenek egur bikoitza emango dizute.”

El Correo Españolek Iruña-Veleia epaiketa epe labur batean izango denez (ala agian uda ostean, oraindik ez dakigu) motorrak berotzen hasi da. Bi orrialdeko  artikulu honekin bertsio ofiziala berriz ere gogoratu digu zein den. Horretan, noski, 10 urte hauetan egiazkoaren alde sortu diren ehunka albiste zentsuratu ditu: zer diren datazioak, Harrisen jarrera, alde dauden 20 txostenetik gora, gai hau argitzeko izenpetu dutenak eta udalen mozioak, lau urtez elkarretaratzeak egiten direla, bisita gidatu alternatiboetan 1.000 pertsona pasatu direla, bi nazioarte biltzar eta 100 hitzaldi inguru egin direla … Ezer ez. Zentsura frankista, garai ilunetan bezalakoa. Horrez gain gezurrak: ezker abertzaleak soilik gai hau babesten duela.

Espero dugu egunen batean El Correo Españolek gai honetan izan duen jarrera doilorkeriari buruz argitalpen bat egotea, frankismoan abertzaleei lapurtutako errotatibarekin funtzionatzen zuen egunkari batetik gauza handirik ezin dela espero badakigun arren.

Hemen arazoa “etxeko” hedabideak dira. Berriak nahi izan badu gai hau sei hilabetetan argituko zen. Edo Argiak nahi izan balu. Edo Garak nahi izan balu. Edo Deia-Grupo de Noticiasek nahi izan balu. Edo ETBk nahi izan balu. Hilero mezu argi bat jarri: “Zergatik denek datatzen dituzte piezak eta guk ez?” “Zergatik ez dira katak egiten? “Nola onartu ahal zaio EHUri datatu gabe horrelako txostenak egitea?” “Zergatik ez zegoen arkeometra bat ere ez adituen batzordean?”… kazetari “gutarrek” argi eta garbi jokatu izan balute, Eliseoren eta euskera zaharraren kontrako jazarpen onartezin hau ez zen gertatutako.

Baina etxekoek ez gaituztenez babestu, arerioen prentsak izugarrizko jipoi informatiboa eman digute, El Correo Españolek batez ere.

Altsasu horren adibidea da. Etxeko hedabideek nahiko ondo informatu dutenez, El Correok ezin izan du nahi izango zuen bezala albistea eman. Behartuta egon da benetako informazio zati batzuk ematen, bestela bere perfil frankista nabarmenegi geratuko zelako. Baina Iruña-Veleian ez du horren beharrik izan, etxeko hedabideek biluzik utzi gaituztelako.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Azaroa 30th, 2014

Gontzal Fontaneda Iruña-Veleiaz: DUINTASUNAREN ALDE

Justizia astiro omen dabil, eta gelditasun horrek askotan auzitako kontuei kalte handia ekartzen omen die. Badakarkio honi: 2008ko azaroan Arabako Foru Aldundiak fiskaltzan salatu eta gero 2009ko martxoan kereila aurkeztu zuen epaitegian Iruina-Veleia aztarnategiko zuzendaritzaren kontra, aurkitu zituzten ezohiko grafitoak faltsutu egin zituztela leporatuz.

Eztabaida honek euskararen historia zalantzan jartzen du norbaiten ustez, hemengo kristauteriaren historia beste zenbaiten aburuz. Dena dela, historia guztiak baino garrantsitzuagoa, arazorik larriena da auzi amaigabe honek pertsonen duintasunari egin dion kalte handia.

Oztopoak oztopo, duintasuna zaindu behar izaten da beti, kasu honetan inolako akusaziorik gabe egon arren, sei urtebete jendaurrean kriminalizatuta daramatzatelako, eta inork ez daki noiz arte luzatuko den,… eta gainera ez dago auzigairik:

ARABAKO FORU ALDUNDIAK BATERE FROGARIK AURKEZTU EZ ZUELAKO.

2008an aipatutako grafitoak gezurrezkoak zirela erabakitzeko, Aldundia ez zen oinarritu bazeuzkan froga ukigaietan edo grafitoetan beretan, teorietan baizik. Salatzaileak ez zizkien piezei egin nahi salatuek berek eskatzen zituzten noizkoak ziren jakiteko azterketak, baizik eta aditu batzuen teorien txostenak (txosten gutxienak) jarri zituen argudio, “gertaeren aurka argudioek balio ez dutela” ba ote zekien ere.

Gainera, ez zen egia txosten horietan oinarritu zenik, grafitoak gezurrezkoak zirela erabaki zuen egunean, Aldundira antzinako euskarari buruzko txosten bat bakarrik iritsia zelako; beste guztiak erabakia hartu eta geroago sartu ziren. Batzuk politikan eta zientzian, argudio sendorik ez dutenean, justizian estaltzen omen dira… eta eman urte luzeak.

FROGAK BETI SALATZAILEAREN ESKUETAN EGON DIRELAKO.

Piezak epaiketarako alferrak dira, epaitegiaren babespean gorde beharrean, beti Aldundiaren eskuetan egon direlako, eta horregatik azpimaneiatu izan zitezkeen. Izan ere, pieza batzuen itxura eta hasierako argazkietan zutena ezberdinak dira.

Horregatik, 2014an Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeak eman duen txostena ere epaiketarako baliogabea da, azterketa epaileak agintzen zion moduan egin ez duelako, eta piezak esku askotan egon direlako, 2008an zuzendaritza kaleratu zuenetik Aldundiaren eskuetan bakarrik.

Eta frogei dagokiolarik, data ebazteko azterketa zientifikoak ez ezik, nazioarteko arkeologariek eta zientzialariek egiaztatze-indusketak ere egitea, pieza gehiagoren bila jarraitzea, eskatu zuten beti salatuek.

Aldundiak hasieratik uko egin zion, aitzitik, lehengo zuzendaritza bota ondoren, izendatu zuen zuzendari berriak (hain zuzen ere, berandu iritsi ziren txostenetako baten egilekidea; bada, “epailea eta onuraduna”), zuzendari berri honek ez zuen indusketa gehiagorik egin, baizik eta aztarnategiko hainbat metro kubiko lur kendu zuen hondeagailuz,… hondeagailua non eta auzipeko aztarnategi arkeologiko batean. Hortaz, lur hartan froga gehiago egon balitz, denak betiko galduko ziratekeen.

Hau guztia dela eta, egokia eta bidezkoa izango litzateke, auzigairik ez dagoenez gero, epaileak lehenbailehen artxibatzea, salatuei duintasuna itzul dakien.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Urtarrila 11th, 2019

Iruña-Veleiaren gaia astero ateratzen zaigu. Batetik Durangon azaroan eman zen hitzaldira etorritako batek, Joseba Azkaratek, hilabete batean gaiaren sakontasunaz konturatzen hasi zenetik orain arte zer ondorio atera dituen kontatu digu Anboto aldizkarian.

Izenburutik hasita, interesgarria:

Zergatik inporta behar zaigu Iruña-Veleia auzia?

Kaixo, irakurle. Abadiñoko herritar bat naiz, eta gai garrantzitsu bat ekarri nahi dut hedabide honetako orrietara: Iruña-Veleia auzia, hain zuzen ere.

Azaroaren 27an gai horri buruzko hitzaldi batean izan nintzen Pinondo etxean, eta bertan, gaur egungo egoera zein den azaldu ziguten. Eta, zoritxarrez, nire susmoak baieztatzeaz gain, konturatu nintzen egoera nik uste baino are larriagoa eta lotsagarriagoa dela.

Aurrera jarraitu baino lehen argi utzi nahi dut egiteke dauden arkeometrikoak egin ostean grafitoak faltsuak direla ondorioztatzen bada, ez dudala inolako arazorik izango emaitza onartzeko. Hori argi gera dadila. Kontua da hizlariek adierazi zuten moduan, gaur egun borondatea egonez gero, arkeometrian adituak direnek azterketa teknikoak egin ahal izango lituzketela, eta jakin ahal izango genukeela benetakoak diren ala ez. Baina, antza, azterketa horiek behin eta berriro eskatu diren arren, orain arte trabak eta oztopoak baino ez dituzte aurkitu bidean. Eta, bien bitartean, grafito horiek faltsuak direla diotenek (horietako batzuk hizkuntzalari ezagunak), beraien teorietan oinarritutako iritziak eman dituzte, alegia, beraien ustean oinarritutako argudioak, eta arkeometria frogak eskatzen dituztenei entzungor egin diete. Zergatik? Zer dela eta ez dituzte froga horiek babesten?

(jarraitzen du)

Bestetik urte berrian ere osteguneroko enkarteladak hasi dira Aldundiaren aurrean eta hilean bitan, astearte goizetan, InJustizia Jauregiaren aurrean. Esan beharra dago 4 urte bete direla 2015eko urte hasieratik egiten hasi zirenetik eta hedabideetan ez direla sekulan agertu:

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteazkena, Urtarrila 11th, 2017

Atzo Berrian artikulu bat agertu zen, Juan Martin Elexpuruk “Ostrakak eta Ostrukak” artikuluaren harira. Kanpotik begiratzen duen eta kultur arloan ezaguna den Joan Marik bere buruari galdetzen dio ea zergatik ez den gai hau argitu nahi.  Irakurtzea merezi du.

Joan Mari Irigoien: Aginteak du giltza

2016ko Inoxenteen Egunean, Juan Martin Elexpuruk Veleiari buruz idatzitako artikulu bat irakurri nuen BERRIA-n (Ostrakak eta ostrukak), eta aitortu behar dut, hunkituta ez ezik, jota ere geratu nintzela, ezin ulerturik hainbat eta hainbat kontu…

Ezer baino lehen esan beharra dut ni ez naizela arkeologian aditua, eta ez espero nigandik, beraz, gaiaren inguruko iritzi kualifikatu bat: ez eska gari zumarrari…

Harira.

Auzi honetan, Iruña-Veleiako aztarnategia dugu eztabaidagai. Lehia gehienetan bezala, hemen ere bi giza talde ditugu —mailako jendea dago biotan— aurrez aurre: Iruña-Veleiako aztarnategiaren benekotasunean sinesten dutenak (Eliseo Gil, Juan Martin Elexpuru, e.a.), eta sinesten ez dutenak (EHUko irakasle batzuk nagusiki, unibertsitateak berak eta Lopez de Lacalle kultura diputatuak bultzatuak: Julio Nuñez, Gorrochategui, e.a.).

Hauek —sinesten ez dutenek— autoritate akademikoen eta instituzioen aldekotasuna dute, eta beraiek dira, ondorioz, auzi honetan indartsu eta boteretsuenak; besteek, berriz —sinesten dutenek—, ez dute inongo entitate ez publiko ez pribaturen laguntzarik, eta ahal dutena egiten dute, autoorganizazio moduko batean, hitzaldiak emanez, bisita gidatu alternatiboak eginez…

Euskeraren Jatorriaren iritzia: Iruña-Veleian giltza ez du Aginteak, Herriak baizik

Berrian Joan Mari Irigoienek Elexpururen “Ostrakak eta Ostrukak” artikuluaren harira idatzitako artikuluan gai hau argitzeko giltza Aginteak duela diosku. Joan Marik bertan dioen gehienarekin ados gaude, izenburuarekin izan ezik, giltza ez duelako Aginteak, egoera hau Aginteak berak sortu duelako: Opuseko politikariek (Larreinak eta Lopez de Lacallek) eta horien babesleek (PPtik EH Bildu arte, EAJtik pasatuz noski); Letren Fakultateko irakasle batzuek (Gorrochategik, Lakarrak, Azkaratek, Nuñezek, Otsoa Eribekok…), agintariek (Bazan dekanoak) eta EHUko goi arduradunek (Goirizelaiak, Ruiz Urrestarazuk eta Garaizarrek); El Correok (Mtez. Gaunak) eta beste hedabide batzuek; EHUren Arkeologia Sailaren suntsiketa arkeologiko biak balekotzat eman eta ganorazko dataziorik egin ez duen Epaitegiak (Junquerak, Izagirrek eta Delgadok),  gaia argitzearen aurka jo duen Ertzaintzak, eta noski, beste aldera begira dauden “arduradunek” gai hau haiekin zerikusirik edukiko ez balu bezala (Euskaltzaindiak, Unescok, arkeologo gehiegik… eta zerrenda amaiezina). Zenbat aldiz entzun dugun Eliseo pertsona eta profesional ona dela, baina, bere alde ezer egin ez dutenak ikusi!

Faltsukeriaren aldekoek ondotxo zekiten hasiera-hasieratik grafitoak egiazkoak zirela eta horregatik ez zituzten Eliseo Gilek eskatutako 100 grafitoen datazioak eta ostrakak agertutako lekuen ondoan kata kontrolatuak egiterik onartu. Eta horregatik bi eremu oso hondeamakinez suntsitu dituzte, antzeko ezer agertu ez dadin. Nafarroako Iruñeko Gaztelu plazako garai bereko aztarnak UPNkoek suntsitu zituzten bezala, euskaldunok historiako unerik garrantzitsuenetakoa (erromatar inperioari nola egin genion aurre, nola biziraun genuen) ezagutu ez dezagun, edota antzineuskeraz, erromantzeez, latinez edo kristautasunaz irakasten digutena zalantzan jar ez dezagun.

Iruña-Veleian giltza ez du Aginteak, ez, Herriak dauka (esnatzen bada noski).

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Larunbata, Azaroa 19th, 2011

Hemen ere argitaratuta: Berria, Erabili, Noticias de Alava

Gutxik jakingo dute CSIko ikertzaile nagusia, Gil Grissom, hau da, Wilian Petersen aktorea, Arrasaten bizi izan zela gure antzinako kultura ezagutzera Euskal Herrira etorri zenean. Gainera,  bere alaba bati Maite izena jarri zion. Deitu eta gonbidatu egin beharko dugu Euskal Herrira bigarren bisitaldi bat egiteko, oraingoan Arabara, Iruña Veleiako misterioa argitzen laguntzeko. Izan ere, azaroaren 19an, 3 urte betetzen dira Arabako Aldundiak ostrakak faltsuak zirela erabaki zuenetik, tarte honetan, batzuek gai hau argitu ez dadin ahalegin guztiak egin dituztelarik.

Grissomek Estatu Batuetan zientzia forensea nola hasi zen kontatuko zigun, orain dela mende bat baino gehiago, hilketa bat gertatu zenean, herriko biztanle guztiak ohiko lan tresna zuten aitzurrarekin etortzeko deitu zituztenean. Hilketa berehala argitu zuten, errudunaren aitzur gainean eltxoak gelditu gabe zebiltzalako, ikusten ez ziren baina bertan zeuden odol arrasto batzuen  gainean.

Gero bi alde dituen zientzia kriminalistikoaren faseak azalduko lizkiguke. Alde bat proba zientifikoen elaborazioa da, eta hor 5 urrats daude: delitua gertatu den lekua babestea; behatzea; ondo mantentzea; indizioak jasotzea eta, azkenik, indiziook laborategitara bidaltzea azter ditzaten. Beste aldean ikerketa lan osagarri guztia dugu, analisiak bezain garrantzitsua dena, eta hor ekintza deliktiboarekin zerikusia izan duten pertsona guztiak sakonki elkarrizketatzea dago, gauzak argitzeko, kontraesanak topatzeko… eta, garrantzitsuena, delitua zergatik egin den aztertzea, hau da, nork atera duen onura argitzea.

Ondoren Grissomek galdetuko zigun ea Arabako Iruñan lan hauek egin diren. Zoritxarrez berak aipatutako gauzetatik ia bat ere ez dela egin esan beharko genioke. Lehendabizi, Aldundiak izendatutako Batzordean arkeometria alorreko aditu bat bera ere ez zegoela esango genioke, hau da, aurkikuntza arkeologiko bat benetakoa den eta noizkoa den zehazten duen jakintza alorrekoa. Hilketa baten ikerketan DNA frogak egin litzakeen teknikorik egongo ez balitz bezala. Sinestezina da, baina zoritxarrez hauxe da gertatu dena.

Zientzien alorreko zeuden kide bakarrak Fernando Legarda ingeniari nuklearra eta Juan Manuel Madariaga kimikaria ziren. Legardak C14 datazioak ondo eginda zeudela baieztatu zuen, hau da, zeramikak erromatar garaikoak zirela. Bestetik Madariagak hedabideen aurrean ostrakak faltsuak zirela esan zuen, osagai kimiko moderno bat aurkitu zuelako.

Eliseo Gilek argitu zion gaia, Madariagak aurkitutakoa zeramika zatiak lotzeko erabiltzen den kola zelako, ez besterik. Kimikari honek ez badaki ere, zeramika zatiak apurtuta agertu ohi dira eta. Madariaga jaunak arkeometriaz tutik ere ez dakiela eta EHUn hondakinak datatu ahal izateko behar diren tresnak, adibidez termoluminiszentziak edo masen espektrometiak egiteko aparailurik ez daukatela esango genioke Grissomi.

Ondoren, Iruñako indusketa eremura Batzordeko aditu bat bera ere ez zela joan esango genioke, Lurmen enpresak azken urteotan egindako lana in situ ondo aztertzera. Ez zutela proba bakar bat ere jaso, ez zutela laborategietara ostraka bakar bat ere bidali, nahiz eta akusatua zen Eliseo Gilek eskatu, aktetan ikus daitekeen moduan. Horrez gain, Gilek eta Perringek eskatutako kata kontrolatuak ere ez ziren egin. Grissomek ez sinesteko moduko aurpegia jarriko zigun baina Batzordeko inor ez zela indusketako langile guztiekin egon informazioa jasotzeko edo kontraesanetan harrapatzeko ere esango genioke, gaia argitzeko ezinbestekoak diren gauzak.

Horrez gain, delitua egiteko arrazoia, hau da “mobila” ez dela aztertu esango genioke. Eliseo Gilek agertzen ari ziren pitxar, plater eta abarrekin urte askotarako finantzazioa ziurtatuta zeukan, nahiz eta ostraka bakar bat ere agertu ez. Zergatik arriskuan jarri berak, eta ez beste inork, abian jarri zuen indusketa? Faltsifikazioak egiantza izateko egiten dira, arkeologian, artean edo edozein arlotan. Orduan, zer zentzu zeukan ohikoak ez diren hitzak jartzea, inoiz ere agertu gabeak?

Onura atera dutenak argi ikusi da zeintzuk izan diren azken urte honetan. Batetik Julio Nuñez EHUko irakaslea, “arte eta parte” duena, Eliseo Gil indusketatik kanporatu zuen Batzordeko kidea eta Iruña Veleiako oraingo zuzendari berria dena, nahiz eta hondeamakina sartuta sektore oso bat suntsitu duen eta, proportzioan, aurreko Eliseo Gilek baino askoz soldata handiagoa jasotzen duen. Bigarren “onuraduna” Joseba Lakarra da, bere aintzineuskararen teoria irakasten jarrai dezakeelako EHUn, nahiz eta agertutako ostraken testuek bere teoria hau ia erabat pikutara bidali duten.

Julio Nuñez                             Joseba Lakarra

Grissomek, segururenik, errepublika bananera batean gaudela pentsatuko luke, eta ez nolabaiteko kultur maila duen herrialde batean. Baina, zentzuz jokatzen duen jendea egon badagoela ikustarazteko, gai hau daraman Epaileak datazio eskaera onartu duela esango genioke. Nahiz eta, orain arte bederen, gaia ez duen ondo kudeatu. Lehendabizi ikerketa Guardia Zibilari egitea agindu zion, jakinda, EHUn gertatzen den bezala, arkeometria laborategietan dauden tresna berezirik ez duela. Horregatik datazioak ezin dituztela egin erantzun diote Epaileari urte bete pasatu ondoren. Beste 6 hilabete pasatu dira, guztira 18 hilabete, datazio eskaera onartu zuen egunetik. Zain jarraitzen dugu Lorena Lopez de Lacalle diputatuak hasieratik egin behar zuena egiteko: ostrakak arkeometria laborategi batera edo bitara bidali, faltsuak ala benetakoak diren jakiteko.

Gobernu aldaketarekin, Kultura Saileko diputatu berria den Iciar Lamarainek gure Batzordearekin egindako bileran, argi esan digu datazioak ez dituela egingo eta Epailearen zain egongo dela gai honetan. Zoritxarrez, tartean Kultura diputatua izan den Malentxo Arruabarrenaren ildo berari jarraitzen dio. Urteak eta urteak gai hau argitzeko? Egunkariko epaiketak 8 urte iraun zuen eta emandako epaia, hain berandu izanik, ez zen egindako gaitza konpontzeko gai izan.

Gure herriko justiziak zelan funtzionatzen duen ikusita, Arabako Aldundiko Kultura Sailetik pasatu diren hiru diputatuek ostrukaren politika egiten jarraitzen dute, ostrakekin ostrukarena egin! Non eta 15.000 euro gastatuz eta 10 pieza polemikoenen datazioak eginez, hilabete batean konponduko litzatekeen gai batean!

Lorena Lpez. de Lacalle     Malentxo Arruabarrena eta oraingo Iciar Lamarain

Gizarteak hiru urte daramatza itxoiten eta ez da ezertxo ere aurreratu gai honetan. Ostraken benetakotasun ala faltsutasunari buruzko eztabaidak bizirik dirau, egiazkoak izan daitezkeela esaten duten txosten gehiago argitaratzen jarraitzen direlako, une honetan 18ra heldu direlarik. 2.450 orrialdeetan Aldundiaren Batzorderen txosten askotan –ez guztietan- agertzen ziren “ezinezko” ia guztiak argituta daude. Faltsutasunaren aldeko batzordekideak oraindik ez dira 18 txosten hauetako kontra-argudio hauei erantzuteko gai izan, ezta publikoki gai hau eztabaidatu nahi izan ere. Horrek, argi eta garbi, haien argudioen sendotasun maila zein den erakusten du.

Hiru urtetan zain egon ondoren, gai hau atzerrira eramatea erabaki dugu. Datorren hilean Europa eta mundu mailako 100 arkeologia fakultate garrantzitsuenetara bidaliko dugu gutun bat, historia triste hau kontatzeko. Jakin dezatela hemen zer ari den gertatzen: azken 100 urteotan izandako aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuenak ez dituztela datatu nahi; jakin dezatela sektore oso bat suntsitu dutela hondeamakina bat sartuta, harlauza batzuk apurtu eta harlauzen gainean zegoen guzti-guztia isurtegira bidali dutela.

Norbere herriari buruz atzerrian gaizki hitz egitea gauza tristea da baina Arabako Foru Aldundiak eta EHUko Letren Fakultateak beste alde batera begiratzen jarraitzen duten bitartean, beste erremediorik ez daukagu.

Horrez gain, guzti hau jasota gera dadin, gaur azaroaren 21ean berriro ere Arabako Foru Aldundian aurkeztutako idazki baten bidez, zera eskatu dugu: ostraka polemikoenak datatzea faltsuak ala egiazkoak diren jakin dezagun; publikoari ostrakak ikusteko aukera ematea, zelan dauden ikus dezagun; eta, azkenik, sektore oso bat hondatzeagatik, Julio Nuñez indusketako zuzendari gisa kentzea eta, egin dituen kalteengatik, bere kontra ekintza penalak aurkezteko aukera aztertzea.

Arabako Iruña Argitzeko Batzordea

(Euskararen Jatorria)

Grisson euskaraz kantatzen

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Astelehena, Maiatza 16th, 2016

Eliseo Gil Zubilaga: J. Núñezek Iruña-Veleiako zuzendaritza planaren barruan eginiko lanen berrikuspen kritikoa

Bost urte igaro dira Julio Nuñezek Iruña-Veleiako Plan Zuzendaria idatzi eta martxan jarri zuela, eta bere ibilbidearen erdia egin duen honetan beharrezkoa deritzogu epe horren azterketa kritikoa egiteari.

Zoritxarrez, bost urte hauetako produkzioan zerbait nabarmentzen da, emaitzen urritasuna da hori: pare bat aurkikuntza epigrafiko isolatu eta Arekoikuska aldizkarian ezinbestez egin beharreko sarrerak.

Nolanahi ere, aro honetako emaitzak agerikoak  dira eta edozein herritarrek ikus ditzake. Bi baino ez dira: batetik, harresitik kanpoko sektore berri batean agerira atera ditu arkitektura egitura batzuk, Nuñezen iritziz  “macellum publiko bat”, eta bestetik harresiari berari egin zaion langintza mugatu bat, hegoaldeko atearen eremuan.

Gure ustez, ezin da inolaz ere onetsi goian aipaturiko sektorean erabili duen indusketa metodologia, guztiz zaharkitua eta neurriz kanpokoa, baliabide mekanikoak erabiliz  lurrazpiko eraikuntzen oinarriak jo baititu. Eremu horri buruzko dokumentazioak garbi adierazten zuen egitura estratigrafikoak ukitu gabe zeudela, geuk aurrez leku horretan egindako laneetan zein zerutik hartutako argazkietan oinarrituta.

Idoia Filloy Nieva: Aurkikuntza kultural baten altxorra Veleiako testuinguruan kokatua

Iruña-Veleian aurkitutako grafitoen altxor kulturala ez dago soilik materialean bertan eta honek eskaintzen digun informazioan; hori bezain inportantea da ongi kontserbatua dagoen aztarnategi bateko erregistro arkeologikoan agerturiko ebidentziak izatea, honek bere autentifikaziorako eta dataziorako oinarria ematen baitu, eta ondorioz, beren testuinguru historikoa ezagutzeko bidea ere bai.

Gainera, aro  kronologiko ezberdinetan agertu izanak ikuspegi diakronikoa ematen digu, eta aro horietan koka ditzakegu euskarri zaharretan grabaturiko testuak eta marrazkiak. Honek guztiak bidea ematen digu gaur bertan, eta gerora ere emango digu, gure iragan historikoa birreraikitzen lagunduko duten interes handiko azterketa ebolutiboak eta tematikoak egiteko.

Edward C. Harris: Lan bikaina burutu dute

Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk erabilitako indusketa metodologia egokia izan den galdetuta, Edward C. Harris doktoreak adierazi du, txostenak aztertu ondoren, metodo estratigrafikoari eta Harris Matrix sistemari jarraitu diotela. Metodo hauek, ’sistema arbitrarioak’ ez bezala, aztarnategi arkeologikoak erregistratu egiten dituzte, geruza ezberdinak berreraikiz eta aztertuz, aurrez seinalaturiko eremuak induskatzen jardun beharrean. Gil eta Filloyren balizko faltsutzeaz galdetuta, Harris doktoreak dio, 400 objektutik gora faltsifikatzeko gauza izan balira ere, ezinezkoa zatekeela geruzen sekuentzia faltsifikatzea, sekuentzia hori ondo erregistratua baitago.

Gainera, doktoreak gehitu du balizko faltsutzea ez dela frogatu analisi forentsearen bidez; eta horrelako langintza batek jakinduria eta trebetasun imajinaezinak suposatuko lituzkeela. Bermudetako arkeologoaren ustez, ez zuten inolako motiborik era honetako iruzur bat egiteko, eta litekeena omen da horrelako aurkikuntza batek ezinegona sortu izana zenbait akademikoren artean; eta Gilek eta Filloyk oso fama ona zutela, metodo estratigrafikoa bikain jarraitzen zutelako beren lanbidean. Harrisen hitzetan: “aztarnategian egin duten lana (aurkikuntza handiak alde batera utzita ere) txalogarria da. Lan bikaina burutu dute”.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)