• Larunbata, Urria 26th, 2013
ERRIGORA ekimenak, auzolanean, Nafarroa hegoaldeko nekazaritza indartu asmo du, horretarako, eremu horretakoak propio diren produktuak Euskal Herriko plazan jarriz.
Izan ere merkatu globalizatuak konpetentzia baldintza gogorretara behartzen ditu bertako lehengaiekin lan egiten duten ekoizleak. Aldi berean “zona no vascofona” izendatuko euskalgintzari ekarpentxoa egin nahian bultzada ekonomikoa ematea ere badu helburu.
Horretara dator “NAFAR HEGOALDEKO UZTA; EUSKARARI PUZKA” kanpaina. Aek, Sortzen eta Ikastolen Elkartea eta Zazpiak Bat Harreman Sarearen elkarlanaren emaitza da kanpaina hau.
50 €-ren truke Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saski bikaina jaso dezakezu; kalitate bikaineko produktuak, bertan ekoiztuak eta nekazarien lana errekonozitzen dutenak.
Eta merkatuko prezio berean! baina desberdintasun nabarmen batekin: %25 euskarari bideratuko zaiola herritar askoren lan bolondresari esker. Bidelagun ditugun euskalgintzako eragileen irizpideei jarraituz aurten bilduko dugun dirua 3 proiektu zehatzetara joango da:
– Egoera larrian den Lodosako ikastolara
– “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenera
– Erriberako helduen euskalduntzea mantendu eta zabaltzera
Zure euskaltegian, ikastetxean, ikastolan, lantokian… duzu eskaria egiteko aukera azaroaren 14a arte eta gero bertan jasoko duzu saskia.
Merezi du, ezta?
400 herritan egingo dute banaketa. Adi egon zure herrian eskaera egiteko
Azalpen bideoa
VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Azaroa 26th, 2017
Gizona emakumearen aurka altxatu zenean gizona izateari utzi eta mundu honen atzerakadari hasiera eman zitzaion. Izan ere, emakumearekiko bortizkeria, bortizkeria guztien sorburua da, emakumeek natura ordezkatzen dutelako, emakumeek herriak ordezkatzen dituztelako, emakumeak etorkizunaren bermeak direlako.
Euskalerrian izan genuen eredu kultural matrilineala atzera beharko genuke? eremu patriarkalaren aurrekoa izan omen zen eta horri esker milaka urtetan iraun genuen.
“atzera” iragana etorkizunarekin lotzen digun hitza.
VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Martxoa 14th, 2014
Pertsona batek mundua aldatu dezake. Jose Antoniok euskalgintza aldatu zuen.
Martxoaren 12an, 84 urtekin euskerak izan duen zutaberik onenetako bat joan zaigu:Â Jose Antonio Erretolatza.
Jose Antonio aitzindaria izan zen arlo askotan. Eta ezagunena Kili-Kili aldizkaria izan zen. Beraren bidez umeak alfabetatu, ondo pasatu, euskera baloratu… zer ez zuen lortu Jose Antoniok, ia bera bakarrik buru belarri eta ia ezalango laguntzarik gabe dena egiten: produkzioa, banaketa… Bizitza osoa eskaini zion proiektu honi, zoritxarrez jarraipenik izan ez zuena.
Beste arlo garrantzitsu bat mezetan euskera erabiltzea izan zen. Kontzilio Batikanoak oraindik onartu gabe zeukan tokian tokiko hizkuntzak erabiltzea baina bera Atxondon abade zela, Gipuzkoa eta Bizkaiko gotzaiak gonbidatu zituen meza berezi bat emango zuela esanez, musika eta guzti. Hara joan ziren eta ze sorpresa hartu zuten Jose Antoniok hasieratik amaitu arte meza euskeraz eman zuelako. Jendeak, gotzaiak ikusita, Erromak onartu zuela uste izan zuen eta gotzaiak ez ziren kontrako ezer esatera ausartu. Hori bai, hauxe esan omen zioten Jose Antoniori: hau entzerrona prestatu deuskuzuna!
Jose Antoniok ederki erakutsi digu zer egin behar den euskera aurrera joateko: militantzia (neurtzen ibili barik), legalitatea saihestea, kemena…
Mila esker, zurekin kateak aurrera darrai!
Deia
Jose Antonio Erretolatza (irudia: EITB)
VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteazkena, Otsaila 27th, 2013
Bideo hunkigarria egin dute, frankismoaren biktimak izan ziren milako hildakoei, zaurituei, torturatuei, jabetzak galdu zituztenei… eskainia.
Eta horiekin batera, euskeraz egiteko debeku, burla eta zigorrak jaso dituztenei ere gure omenaldia, baita guzti horren aurrean euskera jagon zenutenoi ikastolak eta euskaltegiak sortuz, aldizkariak abian jarriz, argitaletxeak… gure miresmen osoa ere.
VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteartea, Maiatza 01st, 2012
Albert Einsteinek esan zuen moduan, erleak hiltzen badira, seguruenik, gizakiok ere hilko gara.
Edo kanpora joan gabe, gure arbasoek ere ederto zekiten euren garrantzia, baserri batean pertsona bat hilez gero erlauntzara joaten ziren horren berri ematera. Barandiaranek eta beste zenbait etnografoek jasotako ohitura zahar honek zer pentsatzerik eman beharko liguke.
Horregatik, blog honetan gai hau aipatzea pentsatu dugu, hain zuzen ere erlerik gabe ez dagoelako Euskal Herririk, ez eta euskerarik ere ez. Eta benetan kezkatzekoa da, urtez urte gero eta erle gutxiago dugulako.
Azken ikerketek pestizideei leporatu diote galera hau. Horregatik, Bayer-ri eskaera bat bidaltzekotan dira, neonikotinoides motako pestizidak ken ditzaten, arrisku larri hau desagertu ahal izateko.
Sinatzean arazo bakarra dago, ez da Euskal Herria agertzen, Espainia edo Frantzia baino ez. Bueno, beste herrialderen bat ere aukera daiteke: Botsuana, Burkina Faso, Burundi…
Erleak salba ditzagun
VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)