Aukeratutako atala ◊ Gorlizko zenbait izen ◊

• Astelehena, Abuztua 13th, 2012

Gorlizko Udalak Patxi Galek egindako “Gorliz herriko leku izenak” izeneko liburu interesgarria argitaratu eta doan banatzen dute turismo bulegoan.

Bertan, herriko leku izenak berreskuratzen egiten ari den lana ondo jasotzen da. Eztabaidarako gai agortezina bada ere, momentuz izen batzuetan forma zaharrena hobetsi dituzte (Uresarantza eta ez Uresarantze) baina beste batzuk momentuz ez ditu Udalak aldatu eta eztabaida fasean daude (Ibarres eta ez Ibarreta).

Liburuan leku izen batzuen etimologiak ikus daitezke:

- Uresarantza: ur, -k (instrumentala), ha (aditzondo erakuslea, han), -rantza (norabide adierazlea), hau da, uraren alderantz. Izan ere auzo hau itsasotik hurbilen dagoena da

- Agirre: ikusgai dagoena

- Areantza: area dagoen lekua. Area (ez du zalantzarik), -n (askotan desagertzen da baina ardao -> ardandegi kasuan gertatzen den moduan hemen eusten zaio) eta -tza (ugaritasun atzizkia). Ofizialki Udalerako oraindik Areatza da.

- Guzurmendi. Jende askok gezur-> guzur hitzarekin lotzen badu ere, Patxi Galerentzat Mitxelenak proposatutakoaren alde egiten du: gezur “itsasoko ura, gatza“. Beraz, etimologia hauxe litzateke: ur gaziaren mendia.

- Gandia. Gainean, altuan, dagoen tokia

- Artatza: Arta (artea), tza (ugaritasuna), arteak dauden lekua

- Gamiz: Plentzia sortu zenean agirian horrela agertu zen, Gorlizeko Gami(ni)z izeneko lekuan sortu zela (1299. urtean). Esanahia ezezaguna da baina -iz atzikia patronimikoa izan daitekeela dio Patxi Galek.

- Orabil: lantegiaren atzeko aldea: olagibel -> olaibel -> olaibil -> orabil

- Irabien: ira (garoaren eratorria), bi (kopurua), -en (genetibo marka). Batzuetan “en” lekuzko atzizkitzat dute, sarrietan agertzen delako: Labaien, Urabaien, Arrien…

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)