Aukeratutako atala ◊ Hizkuntz politika ◊

• Osteguna, Azaroa 23rd, 2017

Sustatu

Joxe Manuel Odriozolak Nora goaz euskalduntasun honekin? (Elkar) liburua kaleratu berri du. Hizkuntza, kultura, identitatea, nazioa, elebitasuna eta kultura-bitasuna, diglosia, ideología, hegemonía, folklorizazioa… hainbat kontzeptu jorratzen ditu Odriozolak, hango eta hemengo autoreen aipuetan oinarrituta, zorroztasun intelektuala eta herrien aldeko jarrera militantea uztartuz. Autoreak 23 ideiatan laburtu du lan berri hau.

  • Sortu dugun euskalduntasunak ez du balioa euskara normalizatzeko, ez du erabilerarik sustatzen eta bermatzen, ez du ikasleen euskal identitatea garatzen, ez du balio euskaraz bizitzeko.
  • Gure gurasoen euskalduntasuna diglosikoa zen, ahozko kulturan oinarritua; gaurko euskalduntasuna, berriz, erdal elebidunen gainean eraikia dago eta erdararen eskaleak bihurtu ditu euskaldunak.
  • Erdal elebidunek (erdara hizkuntza nagusia dutenek), salbuespenak salbuespen, erdal elebakarren antzeko praxi linguistikoa dute, eta jokabide hori ulergarria da zentzu batean: hiztun hauek ez dira euskaldun sentitzen ez gaitasunez (erraztasunez) ez identitatez (sentimenduz).
  • Hizkuntza nazionalaren funtzio hegemonikoetatik erabat baztertua dagoen hizkuntza da gure nazio-hizkuntza; onik onenean, ahozko kultura soilean oinarritzen diren euskal komunitate lokal etnikoak kohesionatzeko balio du, zenbait arnasgune geografikotan bezala.
  • Bi erdarak ditugu benetako nazio hizkuntzak gurean, hauek eratzen eta kohesionatzen dituztelako gizarte nazional hegemonikoaren harreman-sareak; aldiz, euskara komunitate erregional etniko baten mintzabidea da funtsean.
  • Eusko Jaurlaritzaren naziogintza funtsean naziogintza erdaldun eta espainola izan da sortu zenetik; beraz, D ereduak ezin dio botere publiko eta botere faktiko espainolen presio soziolinguistiko erdaldunari aurre egin.
  • (…)
VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Osteguna, Otsaila 18th, 2016

Hizkuntz politika berria egiteko estatu berria eta estatu politika berria behar da. Pako Aristi Berrian:

Bi hizkuntza dauden lekuan beti injustizia baten aurrean gaude, konkista, jazarpena eta inposizioa biltzen dituen historiaren aurrean, ez baitago berez bi hizkuntza zeuzkan herririk; bi herri ezberdin izango lirateke, hartara. Bi hizkuntza egotea herri batean tragedia baten adierazle da, printzipioz. Gerra linguistiko baten hasiera, menderatuen hizkuntza desagertzea bilatzen duena.

Foucaultek ongi dioen bezala, «nazio batek beste bat konkistatu eta okupatzen duenean, hori ez da inoiz amaitzen». Hizkuntza gutxitua ahultzeko presioa ere ez, homologazio demokratikoaren xerka gerrari berniz polit bat emango bazaio ere, hautuaren askatasuna, hizkuntzen arteko bizikidetza eta gisako eufemismo moñoñoak erabiliz.

Mende askotan euskaldunekiko begirune izpirik gabe erabili eta ezarri den hizkuntza politika errepresiboaren ondorioz euskara piramide sozialaren barreneraino azpiratua eta marjinatua izan da

Horregatik uste dut euskalgintzak, instituzionalak batik bat, pertzepzio arazo larriak dituela, edo bista klarua baldin badauka iruzur egiten ari zaigula. Eta larria dela diodanean ez da, soilik, alor etikora mugaturik, baizik eta euskalgintza herrikoia, kontzientziatua eta soldata urrikoa ere kutsatu egiten duelako etsairik gabeko bere errelatoarekin.

Bere ekimenak etsairik gabeko diskurtso batean oinarritzea akats larria da euskalgintzarentzat. Ikusezin bilakatzen dira, baina hor daude, haien erosotasuna apur bat ukituz gero gainera jalkitzen zaizkizu. Gure aurka legislatzen duten bi estaturen mende gaude, haien hizkuntzen galerarik txikiena ere onartuko ez dutenak.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Osteguna, Ekaina 06th, 2013

Hedabideetan , besteak beste, Argian, Berrian, Deian, Correon, Diario Vascon, Garan (orekatuen atera duena)…  espazio handia hartu duen albiste honek asko kezkatu gaitu, Euskara Jendea dokumentalekoek eta Mertxe Urteagak atera dituzten ondorioengatik:

Hilarri horretan, izatez, ez omen da agertzen herrien zerrendarik, bakarrik aipamen bat: “vardulorum et vasconum”. Gainera  ez dago argi hiriak 23 ala 24 direnez. Gainera hauek ez dira hogeita lau hiriak ezpada hogeita lau hiri. Ziurrenez bi tribuen hirien kopurua handiagoa izango zen, beste hiri asko batzuk zeuden eta. Debate luzea egon da hilarri honetaz, zeren bere interpretazioa konplexua baita eta beste hilarri batekin kontraesanean dago. Horregatik, erabat harritu gaitu bat-batean horrenbeste garrantzia eman izana, benetan, garrantzi txikia duelako, aspalditik ezaguna zelako eta asko idatzi bada ere, orain arte ondorio gutxi atera direlako.

Horregatik, historia, arkeologia edo hizkuntzaren aldetik ekarpen batzuk egin nahi ditu Euskeraren Jatorria Elkarteak:

1.- Informazio gehiagorik gabe, baskoiak eta barduliarrak Erromatar Inperioaren egituretan ERABAT integratuta zeudela ondorioztatzea, gehiegikeria iruditzen zaigu.

2.- Erromatarrak garaiko lurralde osoan kokatu zirela esatea ere, askotxo da. Lurrik emankorretan finko kokatuko zirela badakigu baina eskualde menditsuetan?

3.- Euskara lurralde emankorretan galdu zen lehenik, “ager” eskualdeetan, baina tinko iraun zuen eskualde menditsuetan, “saltus” eskualdeetan. Ez al legoke inolako erlaziorik euskararen galtze prozesua eta erromatarrak non kokatze horren artean?

4.- Erroma Pirinioez behean kontrol administratibo, fiskal eta militar zorrotza edukitzen saiatu zela diote, baina ze dokumentu aurkitu da hori frogatzeko, agiri hau baino ez?

5.- Aztertu beharko litzateke tribunoei eta pertsonaje ilustreei eskaintzen zitzaizkien laudorio omenaldi eta monumentuak zenbateraino ziren egiazkoak eta zenbateraino beren goresle zordunen ekintzak.

6- Gure historia ezagutzea baino gauza hobeagorik ez dago etorkizunerako hobeto prestatzeko eta hilarri hau ezagutzea ondo dago baina, hortik aurrera, hau da, gure herriaren aurka jardun dutenen “propaganda” hona ekarri eta nabarmendu nahi izatea beste gauza bat da. Hori eta gero zer egingo dugu, “Bergarako besarkada”ri monumentu bat jarri?

7- Euskara Jendeakoek Mitxelenak esandakoa ere gogoratu digute: “Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria”. Bada esan beharra dago biak batera doazela, hau da, ez da gauza bera 2.000 urte irautea ala 10.000, ala 20.000 urte. Hau da, iraupena eta jatorria txanpon bereko bi alderdi banaezinak dira.

8- Euskal abertzaletasuna, historikoki eta historiara begiratuz ere, bi muturren artean mugitu dela sintetizatu genezake: aranismoa eta kanpionismoa. Laburtzearren eta karikaturizatuz, aranismoaren arabera euskalduntasunaren funtsa gure mendi orlegietako baserrien purutasunean gorde izan da; baina kanpionismoaren arabera, Ebro haraneko zelai marroietan bizi izan ziren euskaldunak gure historiaren euskarria izan dira mende luzez. Aranismoa gehiago doa “isolamendu paradigma”rekin eta “inoiz ez gintuzten garaitu” leloarekin; kanpionismoa aldiz “harremanen paradigma”rekin eta “hemen gaude erlazionatzen jakin genuelako” leloarekin. Jakina, biak dira “mitoak” edo analisiaren “tipo idealak”, eta historian batetik eta bestetik eduki genuen eta horri esker gaude hemen.

Horregatik, “erromatarrek inoiz ez gintuzten garaitu” teoria hori “mitoa” da, baina “erromatarrek bere menpe eduki gintuzten” ere. Datuak ez dira osoak, eta edukiko bagenitu ere bakoitzak bere erara interpretatuko zituen, baina bien aldetik egongo zen erromatar garaian. Liskarren zantzuak ditugu Aldagosten edo Ernion, eta harremanen frogak Ebroko hiri baskoi Kalagurri edo karistiar Iruña-Veleian. Oro har eta ziurrenik, euskaldunek erromatarrekin (batzuetan edo askotan) borrokatzen eta (gehienetan) itunak izaten oso ondo asmatu genuen, bestela, eta orduan bai, ezin izango genuke ulertu Laponiako samiekin batera Europako aurre-indoeuropar herri bakarra hemen mantentzea.

Azken urteotan badirudi gure historiarekiko, euskararekiko, gure arbasoekiko eta hemengo emakumearen estatusarekiko izan ditzakegun nolabaiteko merituen aurrean, utzikeria eta batzutan,  autogorrotoa ari dela zabaltzen:

- erromatarrek garaitu gintuztela orain horrela esatea bestelako frogarik gabe

- euskarak izan omen zuen garrantziari eta hedadurari ate guztiak itxi nahi izatea (Arabako Iruñako grafitoak datazioak egin gabe lurperatu nahi izatea horren adibiderik onena da)

- Joxemiel Barandiaranek gure herriaren bizirauteaz zuen  teoria orain 8 urte baieztatu izanari eta gainera, gure herria Mendebaldeko Europaren populatzean izandako garrantziari kasurik ez egitea

- euskal matriarkadoarena asmakizun hutsa dela…

Autogorroto hori ez al da jasaten ari garen zapalkuntza administratibo, militar, polizial, fiskal, linguistiko eta kultural izugarriaren azken urratsa??  Pako Aristik dioen moduan: sistema edo estatu menperatzaile baten azken garaipena, herri kolonizatu eta menperatua sistema horren onurak kantatzen hastea da.

Edo guk gehituta: “Euskararen egiazko misterioa menperatuek kolonizazioaren onurak kantatzen ibili eta gero horri buelta emateko gaitasunik izango dugun jakitea da”.

Euskeraren Jatorria Elkartea

(Informazio gehiago behean)

a) Hilarriaren testua:

C(aio) Mocconio C(ai) f(ilio) Fab(ia) Vero / praetori legato pr(o) pr(aetore) / provinciae Achaiae tr(ibuno) pl(ebis) / q(uaestori) urbano IIIvir(o) capit(ali) / tribuno laticlavio l[eg(ionis)] / VII Gemin(ae) at census accipi[en]/dos civitatium XXIII / Vasconum et Vardulorum / vixit annis XXXVI / ex testamento

b) Historia

Hilarri hau Erroman aurkitu zen XIX. mendean. Ordutik katalogo epigrafiko ofizialean egon izan da, CIL VI, 1463 (p. 4702) zenbakiarekin. Beraz, ezaguna erabat.

c) Interpretazioa

Gizon zendu baten hilarria da, Mocconius zeritzonarena, eta bere epitafioa da. Han esaten du 36 urtekin hil zela, eta “tribuno laticlavio” zela. Meritotzat eransten du baskoien eta barduliarren errolda egin zuela, baina ez dio zeintzuk izan ziren hiri haiek eta zergatik egin zuen errolda hori. Gainera XXIII zenbakia ikus dezakegu, eta ez dago argi laugarren “zotz” (hau da palitoa ” I ”   ) bat zegoen ala ez. Agian sorrerako hilarrian laugarren zotz hori ikus daiteke, baina orain arte XXIII irakurtzen zen eta ez XXIIII.

Laburbilduz, esaldi bakarra gutaz: “baskoien eta barduliarren 23 (ala 24) hiriren errolda egin zuen”, hori da dena. Prentsan ageri denak, beraz, ia ez du zerikusirik hemengo testuarekin.

d) Informazio osagarria:

Ikusi 572-574 orriak, ondorengo txostenean: Divisiones administrativas…

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Larunbata, Azaroa 30th, 2019

Noticias de Gipuzkoa

Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten egitura guztiek Macronen Gobernuaren neurri “linguizidak” salatuko dituzte gaur Parisen eginen duten manifestaldian. Antolatzaileen artean dago Euskal Konfederazioa, Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten talde guztien bilgunea.

Ez dute begi onez ikusten Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroa murgiltzearen kontra mintzatu izana senatuan. Baliabide gehiago, murgiltze ereduan ari diren ikasgela elebidun publiko eta pribatu gehiago irekitzea, eta unibertsitatera sartzeko baxoa bezalako azterketak euskaraz egin ahal izatea galdetuko dute.

Parisera joateko Konfederazioak autobusak antolatu ditu Hendaia, Lartzabale eta Baionatik.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Larunbata, Urria 19th, 2019

Kontseilua

“Nafarroako Gobernuari ausardia eskatu nahi diogu justizia, berdintasuna eta kohesioa daudelako jokoan”

“Justiziari, berdintasunari eta kohesioari muzin egiten dien epaia izan da”; horrela adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, euskalgintzako hainbat eragilerekin batera: Xabi Martinez de Lezea (IKA), Begoña Muñoz (Nafarroako Ikastolen Elkartea), Agurne Gaubeka (Hizkuntzaren Behatokia eta Xabi Garcia (AEK). Epaiari erantzuteko, urriaren 19an elkarretaratzea antolatu dute, eguerdiko hamabietan, Gobernuaren egoitzaren aurrean.

Lehenik eta behin, Kontseiluko eledunak gogora ekarri nahi izan du egun indarrean dagoen marko juridikoak, eta, bereziki Euskararen Legeak, ahalbidetu duela halako epaia: “Duela urte bat Nafarroako Parlamentuko batzorde berezian jakinarazi genien alderdiei horrelakorik gerta zitekeela. Izan ere, herritarrei eskubideen aitortza desberdina egiten bazaie, zailagoa da instituzioei eskubideak bermatzeko neurriak exijitzea”.

(jarraitzen du)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Uztaila 21st, 2019

Pasa den 17an  Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak jardunaldi bat antolatu zuten, euskera indarberritzeko bideak aztertzeko. Dena ondo doala irudikatu nahi dute baina oin azpian ez dugu oinarri sendorik. Bertan egondako batek horrela azaldu digu: “Hizlariek hasieran orain arte euskera bultzatzeko egiten ari dena azaltzen ari ziren, dena ondo baina hezkuntzakoen txanda heldu zenean (ikastolen eta eskola publikoen ordezkarien txanda) serio jarri ziren eta bestelako irudia eman zuten, atzeranz goazela argi eta garbi.”

Izan ere Irakaskuntzan 40 urte egindako lana desager daiteke laster etorkizunen uholdearekin eta ingelesaren omnipresentziarekin (azken hau ez zen aipatu baina). Arazoa ez dira soilik hezkuntz ereduak, askoz sakonagoa baizik: euskaldunon seme-alaben kopurua izugarri jaitsi dela, gure gazteen soldatak (oraingo soldatak -funtzionarioa ez bazara- ez du emoten etxe bat erosteko edo familia bat izateko), Espainiak hemen etorkin bikoitza nazionalizatzen dituela (espainiar gisa noski), hizkuntz politika ez burujabea…

Hona hemen Deiak egindako kronika:

Elebidunen eta elebakarren arteko bereizketa egiten duten hizkuntza ereduak gainditzeko premia aldarrikatu zuten atzo hezkuntza arloko eragileek, D ereduak euskararen ezagutza bermatzen ez duela argudiatuz. Bat egin zuten irakurketa horrekin Koldo Tellituk, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta Lurdes Imazek, EHIGEko koordinatzaileak, Euskaltzaindiak eta Sabino Aranak atzo Euskara indarberritzen jarraitzeko bide berriak izenpean antolatutako mintegian. Zentzu horretan, denpora labur batean atzerritik datozen ikasleak hezkuntza sistemaren %20ra helduko direla aurreikusiz, murgiltze ereduaren aldeko apustua erakutsi zuten eta berau martxan jartzeko baliabideak eskatu zituzten. “Neurriak hartu ezean 20 edo 30 urte atzera egin dezake euskalduntze prozesuak”, ohartarazi zuen Tellituk.

Gainera, ikasle atzerritarren -edo guraso atzerritarrak dituzten ikasleen- presentzia gero eta handiagoa dela azaldu zuen. “Aurreko kurtsoan 4.250 haur izan ziren eta kurtso honetan 8.000 izango dira. Aurrikuspenak betetzen badira, datorren urtean 12.000 edo 13.000 izango dira. Epe motzean gure hezkuntza sistemaren %20a izango dira”. Tellituren esanetan, kanpotik datozen familiak hizkuntza hegemonikora jotzen dute, eta, kasu askotan, batez ere Araban, eskola batzordeak A edo B ereduetara bideratzen dituzte ikasleak. “Gizarte-segregazio arriskua dago, baina baita hizkuntza-segregazio arriskua”, adierazi zuen. Hori dela eta, atzerritik datozen ikasleei arreta egokia emateko hizkuntzaren kontuan derrigorrezko eskolatzea beranduago hastea ezinbestekoa dela iritzi zuen. Zentzu horretan, euskaltegiekin plan bat aurrera eramaten ari direla agertu zuen.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Larunbata, Maiatza 18th, 2019

Ostegun eta ostiral honetan egin diren Udaltopen zenbait ponentzia interesgarri landu dira:

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Urtarrila 18th, 2019

Euskera desagerrarazeko ezarri dizkiguten legeez eta hainbat kontuez askotan idatzi da baina, gehiena erderaz. Hemen laburpen historiko bikaina egin ditu Patxik euskeraz:

Berria

Euskararen gibelatzea

Euskarari hizkuntzakeriaren pozoitik eman izan zaizkion eztenkada mingarrienak inperialismo linguistikoaren botere egituretatik etorri izan zaizkio. Eztenkada horiek etengabeak izan dira historiaren joan-etorrian, baita gaur egun ere.

1234-1239koa da agirietan agertzen den euskararen aurkako hizkuntzakeriari buruzko testigantzarik zaharrena. Sasoi hartan Errioxako Ojacastro herrian, eta baita eskualde osoan ere, euskara zen egunerokoan herritarrek hitz-jario bizian erabiltzen zuten hizkuntza. Baina, Gaztelako merioak, erregearen izenean lurralde hartan epaile lanak egiten zituenak, epaiketetan euskaraz egiteko debekua ezarri zien. Debekuaren aurrean, Ojakastroko alkateak Gaztelako merio nagusia zen on Morial jaunari frogatu zion lurralde hartako herritarrei foru edo lege zaharrak aitortu egiten ziela euskaraz egiteko eskubidea. La «fazanya» de Ojacastro du izena herri usadio zaharrean oinarri zuen epai historiko hark. Euskarak lurralde batean legez aitortutako ofizialtasunaren lehen testigantza dugu Ojacastrokoa.

1349. urtetik hasita, Aragoiko koroaren mendean zegoen Oska hirian argitaratutako udal agindu edo ordenantzetan, herriko azokan pertsonen arteko salerosketetan artekaritza lana egiten zutenei, arabiera, hebraiera eta euskara erabiltzea debekatu zieten eta garai hartako kristautasunaren hizkuntza zen aragoitar erromantzea erabiltzera derrigortu zituzten. Aldi hartan, artekariek, iruzurrik ez gertatzeko, pertsonen arteko salerosketak egiaztatzen zituzten.

Oska hiriko ordenantzetatik, denbora igaro ahala, arabieraren eta hebraieraren debekua kendu bazuten ere, hizkuntza haiek lurralde hartatik desagertu egin zirelako, euskararen debekuak hirurehun urtez iraun zuen, XVII. mendera arte.

1768 eta 1770. urteetan hartutako erabakien bidez, Espainiako Karlos III.a erregeak inperioko eskola guztietan, baita Amerikakoetan ere, gaztelania derrigorrezko ezarri zuen eta gainontzeko hizkuntza guztiak erabiltzea debekatu eta zigortu egin zuen Borboi etxeko errege glotofobo hark.

Frantziako iraultzaren garaian, 1794. urtean, Frantzia osoan hizkuntza bakarra ezartzearen aldeko Barère txostena gailendu zen. Jakobino iraultzaileek frantsesa estatu-nazioaren hizkuntza bakar eta nagusi bihurtu nahi zuten garai hartan, Henri Grégoire abade iraultzaileak, 1794ko ekainaren 4an, Frantziako Lehen Errepublika sortu zuen batzar konstituziogilearen aurrean, «Dialektoak suntsitzeko eta Frantziako hizkuntzaren erabilera orokortzeko, behar eta baliabideei buruz» aurkeztu zuen txostenean zioenez, Frantziako biztanleen % 11k besterik ez zuen hitz egiten Napoleonek ere ikasi beharra izan zuen hizkuntza. 28 milioi biztanleetatik 3 milioi baino gutxiagok egiten zuen frantsesez. Frantzia iraultzaile hartako 83 departamentuetatik 15etan bakarrik egiten zen frantsesez. Garai hartako errealismo linguistikotik oso urrun zegoen Frantziaren luze-zabalean iraultzaren agintetik ezarri zuten hizkuntza.

Frantzian ere, iraultza handiaren ondoren, XIX. mendean barrena, hainbat legeren bidez eskolako hizkuntza bakartzat ezarri zuten frantsesa (1833ko Guizot legea, 1850eko Falloux legea, 1882ko Ferry legea…).

1876an, Bigarren Karlistaldiko gerratearen ondoren, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Foruak galdu zirenean, gaztelania ezarri zen hizkuntza bakar. Gerra galtzeak herrigintzarako ahalmena, erabakimena eta ekimena galtzea ekarri zuen eta hortik berebiziko atzerakada etorri zen euskararentzat. Garai hartako Madrilgo El Imparcial egunkariak hauxe argitaratu zuen bere editorialean: «Quitarles los Fueros no es suficiente, ahora tenemos que quitarles la lengua… ».

(jarraitzen du)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Hizkuntz politika  | Etiketak:  |  Iruzkina gehitu
• Astelehena, Iraila 24th, 2018

Irailaren 28an, barikua

17:00etan Gernikako Arbolaren aurrean (agurra eta ondo etorria)

17:30etan Euskal Herria Museoan (batzarra)

Euskerearen egoerea ez da gurako gendukenaren modukoa. Azken 10 urteotan erabilereak beherantz egin dau Bizkaian, arrazoi askogaitik. Egoera horren aurrean, esan leiteke  danok betiko errezetakaz gabiltzala eta ez deutsagula zezenari adarretatik oratu nahi.

Horregaitik, Bizkaian euskerea bizibarritzeko foro edo bilgune bat sortzea pentsau dogu. Bertarako gonbita egin gura deutsuegu euskaltzaleoi, langileoi, gazteoi, ikastetxe eta  euskaltegietako ordezkarioi, herri  erakundeetako eta kultura eta euskera arloko eragileoi.

Batuzale zein bizkaierazale izan, nagusi zein gazte, kaletar zein baserritar… Danok egin behar dogu bat gure hizkuntza zaharbarri hau lurralde honetan indartzeko eta zabaltzeko.

Etorteko bazarie, aurretik esan mesedez: posta@bizkaieus.eus. Eskerrik asko

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Osteguna, Iraila 13th, 2018

Itzela da, urtez urte, alderdi abertzaleek gero eta gutxiago aipatzen dute euskeraren erabilera, egoera, egin behar dena… badirudi haien lehentasunen zerrendan nahiko atzera pasatu dela. Hori guztia, euskeraren erabilera erabat geldirik eta leku askotan (Bizkaian…) atzerantz egiten ari den bitartean arrazoi askorengatik: kontzientzia nazional gutxi, emigrazio handiaegia  (Hegoaldean zein Iparraldean), hizkuntz politika okerrak, etab.

Artikulu honetan Arnaldo Otegiren hitzaldi batean euskera desagertuta dagoela dio Galok:

Arnaldo, eta euskaldunok non?

Loiolako negoziazioetan, ETAk komunikatu luze bat atera zuen. Han analisi politiko sakon eta zabala — erakunde armatuaren erara, noski —  egiten zuen. Jakin-minez irakurri nuen ea analisi hartan euskaldunak eta euskaldunon ajeak agertzen ziren. Ustekabe galanta jaso nuen. Euskaldunok ez ginen inoiz agertzen analisi «sakon eta zabal» hartan. Sarreran, halere, euskal hiritarrek jasaten genituen gaitzak zerrendatzerakoan, euskara eta euskaldunon egoera larria lerro batean aipatzen zen. Baina, gero, irtenbide politikoa aurkezterakoan, euskaldunen arazoak eta haien konponbidea ez ziren inon agertzen. Harrigarri iruditu zitzaidan, euskara eta euskaldunon egoera larria ETAren sorreran behineko arrazoia izan baitzen. Horregatik, ahazte hori oso adierazgarria iruditu zitzaidan. Euskaldunok ez bide genuen lekurik erakunde armatuaren teoria eta estrategia unibertsalean. Esan gabe doa estrategia unibertsal hura nazionalismoan eta marxismoan oinarritzen zela.

Arnaldo, eta euskaldunok non?Antzeko jakin-minez hurbildu naiz Arnaldok Oiartzunen emandako hitzaldiaren bideora. Independentziari buruzko hitzaldia zen. ETAren marka ere gainditu du Arnaldok. Ordu eta erdi luze batean euskara eta euskaldunon egoera larria ez du behin ere aipatu. «Euskara» hitza ere ez da agertzen (behin izan ezik, «ez dakit nola esan hau euskaraz»). «Euskaldunok» hitza, ordea, hiru aldiz agertzen da. Lehenengo biak, hasieran (2. minutuan); hirugarrena, bukaeran, ordu bat eta erdi luze pasa ondoren. Bi une horien artean, euskara, euskaldunak eta haien nahiak eta beharrak independentziaren korrontean, beste Guadiana bat balitz bezala, erabat desagertzen dira. Eskerrak bukaeran, hori suposa daiteke behintzat, independentziaren itsasoan euskaldunak berriro agertuko direla.

(jarraitzen du: Arnaldo, eta euskaldunak non?

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)