Juan Martin Elexpuru Arregi: Iruña-Veleiako euskerazko grafitoak
Pertsona eta jainko izen euskaldunak ugari dira erromatar garaiko epigrafe latinoetan. Akitania eta Errioxa-Soriako multzoak dira inportanteenak. Baina Iruña-Veleiakoak dira latinezko esaldietatik at agertzen diren lehen euskal testuak. 400 grafito berezietarik 50 bat dira euskerazkoak. Erdiak inguru bi aldeetatik idatzita daudenez, 75 bat direla ere esan genezake.
K.o. III-V mendeetakoak. Euskerazko 80 bat izen arrunt ezberdin agertzen dira, eta errepikatuak, izen propioak eta beste hizkuntzetakoak kontatuta, 275 hitzeko korpusa osatzen dute. Familia-izenak (ama, ata, reba…), koloreak eta, oro har, eguneroko bizitzari dagozkionak dira erdiak inguru eta kristautasunari lotuak beste erdiak. Dozena bat esaldi oso ere badira tartean. Errosetoien Etxean izan da lekurik emankorrena, bertan agertu ziren grafito kristau gehienak, baina harresiz kanpoko 32. sektorea ere biziki interesgarria da. Beste sei edo zazpi lekutan ere agertu ziren banaka batzuk. Korpus bikaina hizkuntzalaritzaren zein historiaren azterketarako.
Alicia Satue Lantaron: Gai fonetiko, grafiko eta humanoei buruzko gauza bitxiak iruña-veleiako grafitoetan
Iruña-Veleiako korpusak hainbeste aztergai eskaintzen duenez, honen moduko dozenaka biltzar beharko lirateke behar bezala landu ahal izateko. Bigarren biltzar honetan, 2012ko lehenengoan Anquises eta Aquiles hitzen QV letren gaia azaletik jorratu nuenez grafito baten azterketa egiterakoan, ezin izan nuelako gehiago sakondu denbora faltaz, beste baterako utzi nituen xehetasunak, eta orain gehienera 25 minutu besterik ez ditudanez nire jardunerako, eta denbora horretan ezin denez behar bezain sakon eta ilustraturik azaldu III. mendeko latinaren deklinabidearen egoera (nire ikerketa gai nagusia, hain zuzen, azken urte hauetan), egun hartan emandako hitza betetzea erabaki dut, eta goian aipaturikoaz jardungo dut gaur, haren zenbait albo-gai ahaztu gabe. Gai fonetikoak, grafikoak eta guztiz humanoak dira, aldi berean, errore bezala interpretatu behar badira behintzat, eta ez bakarrik huts egitea humanoa delako, baita ere, Iruña-Veleiako auzia hasieratik hitzen gudu-zelai bihurtu delarik, niri min handia ematen didalako izan zirela ere ukatzea, zeharka bada ere -nahiz eta ni filologoa izan eta ondorioz hitzen maitalea-, hau da, III. mendeko grafitoak egin zituzten eta beren izena idatzita utzi zuten pertsonen existentzia bera ere ukatzea.
Beren letratxoak lekuko. “Izena duen orok izana du” dio esaerak. III. mendeko Iruña-Veleian bizi ziren eta grafitoak egin zituzten hainbat pertsonak beren izena idatzi zuten. Stat rosa pristina nomine, nomina nuda tenemus. Beste pertsona batzuek, aldiz, ez. Baina horregatik ez zioten existitzeari utzi.
Mapi Alonso Fourcade: Nola interpretatu beharko genuke egin bedi/badi aditz forma Iruña-Veleian dokumentatua?
Iruña-Veleian dokumentaturik agertzen diren aditz formen artean, egin badi/bedi forma beraren bi bertsio agertzen dira interes handikoak multzo osoa sistematizatzen saiatzeko orduan, non zalantzarik gabe agertzen den koroaren bitxi bezala edin laguntzailea egin lagun duela.
Tituluko galdera egoki dator kasu honetan, beste batzuetan bezalaxe, bere azterketak ezartzen duen zailtasun bat dela gaurko aditz sistemak dituen baloreen bitartez interpretatzea litzatekeen anakronismoari ihes egiteko.
Izan eta edin laguntzaileek euskal aditz sistema perifrastikoaren jatorri eta bilakaeran jokatu zuten funtzioari buruz Lafonen tesien “hun gogorra” argudio zentraltzat hartuz, gure aldetik, komunikazio honetan, defendatuko dugu Veleian agertzen den egin bedi bezalako formak ez lukeela gaurko sisteman duen balio modala (agintera) edukiko, non moduak, denborak eta aspektuak, aditzaren ekintza zehazteko balio duten hiru kategoria handiak, bereizituak eta gramatikalizatuak dauden, baizik eta -ko+izan-en tipoko formek gaur duten futuroaren balio tenporalaren gertukoa nahiz ez berdina.
Balio hau batez ere aspektuala izango litzateke eta edin laguntzailearen esanahiari lotua joango litzateke, “izatera iritsi”, izan-i lotuta, “beti izan”, lehenago eta gero-ren artean diferentzia bat tartekatzea posible egingo lukeelarik.
Luis Silgo Gauche: Iruña-Veleiako grafitoen garrantzia protoeuskara eta iberiera aztertzeko
Iruña-Veleiako aztarnategian indusketek kanporatu dituzten zeramiketan –eta beste euskarri batzuetan– egindako idazkunak funtsezko ekarpena dira latin arrunta, kristautasuna eta Antzinate Berantiarreko aspektu batzuk ikertzeko. Eta ez gutxiago euskararen ikerketa historikoa egiteko eta halaber iberiera aztertzeko ere, duten erlazioa dela eta.
Euskarazko grafitoek geroko bi milurteetako euskararen egonkortasun nabarmena adierazten dute, aspalditik ezagunak ditugun fenomeno fonetikoen bidez. Aurrean ditugun emaitzak beste bitarteko batzuek lortuak izan bazitezkeen ere (adibidez latinak protoeuskarari egindako maileguen bitartez) aztarnategi honetako grafitoak zuzen-zuzenean ahalbidetzen digute egonkortasun hori ziurtatzea. Eta egonkortasun honek berak adierazten du iberiera-euskara alderaketa ezin zorrotzago burutu behar dela, hitzez hitz osorik alderatuz erro eta segmentu posibleak baliatu gabe, isolatuki hartuta benetan saio baliagarria izan daiteke, baina antzua kontuan izanik aipatu erregulartasuna duela bi mila urtetik honakoa dela. Aldi berean iberiera ikastera bultzatzen gaitu kontuan izanik printzipio honetatik abiatuta iberiera eta euskararen arteko korrespondentziak biderkatu egin direla segurtasun osoz.
Mikel Urkola Elizegi: Grafito batzuetan agertzen diren amaierako –a letrek euskal atzizki honen eztabaida berriz piztu dute eta artikulu hutsa dela dioen axioma zalantzan jarri dute
Iruña-Veleiako grafitoetan azaldutako -a atzikiak atzizki honi buruzko eztabaida bermahairatu eta artikulua legez egin ohi den itzulpen axiomatikoa zalantzan jarri du.
Lakarraren txostenaren arabera, euskal -a Erdi Aroko *har konstrukto batetik letorke, zeina (hipotesiz) -ha bihurtuko zen gero eta, azkenean, gaurko -a bilakatuko zen. Grafitoetan <naia, lurra, sua, izana> hitzak azaltze hutsak, faltsuak direla esatera daramate. Gorrochateguiren txostena gauza bera esatera dator, erantsiz “artikulu mugalearen sorkundea… gramatikal prozesu baten bidez… aurretik erakusle batetik abiatuz… Schuchardtek proposatu zuenez…prozesua germaniko eta erromantze hizkuntzetan gertatu zen berbera litzateke”. Lakarraren hitzei <mona, araina> gehitzen dizkie, grafito hauek faltsuak direla ondorioztatuz. Autore biek indoeuropar ereduak jarraitzen dituzte -a priori-, gaurko euskeran egiten ditugun erabilerak -enpirikoki-batere kontuan hartu gabe.
Ez Lakarrak ez Gorrochateguik ez dute proposatzen -a atzizkia artikulua besterik izan daitekenik. Adibidez, deklinabideko NOR kasuan azaltzen direnak: <erleak eztia ematen du>. Edota toponimoetan amaiera gisan azaltzen direnak, adibidez, <Hondarribia, Azkoitia, Azpeitia> edota abizenetan <Atxa, Ibarra, Larrea> non, guzti horietan -a ez den artikulua. Ezta sustantiboen amaieran ere, <aurkibidea>, adibidez, edota lokuzioetan: <emakume ederra>.
Ez Lakarrak ez Gorrochateguik ez dute aintzat hartzen garai klasikoetako -a atzizkidun zenbait hitz, adibidez, IBARRA (Plasenzuelan) eta ILLUNA (Trespuentes).
Ez dute kontuan hartzen ere, klasiko garaiko zenbait toponimoen amaierako -a. Ezta Iberieran azalten den -a, are gutxiago Europako Erdikaldean azaltzen direnak; Vennemannen hitzetan: “so many Central European toponymys terminate in -a”.
VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)