Joxe Manuel Odriozolak Nora goaz euskalduntasun honekin? (Elkar) liburua kaleratu berri du. Hizkuntza, kultura, identitatea, nazioa, elebitasuna eta kultura-bitasuna, diglosia, ideologĂa, hegemonĂa, folklorizazioa… hainbat kontzeptu jorratzen ditu Odriozolak, hango eta hemengo autoreen aipuetan oinarrituta, zorroztasun intelektuala eta herrien aldeko jarrera militantea uztartuz. Autoreak 23 ideiatan laburtu du lan berri hau.
- Sortu dugun euskalduntasunak ez du balioa euskara normalizatzeko, ez du erabilerarik sustatzen eta bermatzen, ez du ikasleen euskal identitatea garatzen, ez du balio euskaraz bizitzeko.
- Gure gurasoen euskalduntasuna diglosikoa zen, ahozko kulturan oinarritua; gaurko euskalduntasuna, berriz, erdal elebidunen gainean eraikia dago eta erdararen eskaleak bihurtu ditu euskaldunak.
- Erdal elebidunek (erdara hizkuntza nagusia dutenek), salbuespenak salbuespen, erdal elebakarren antzeko praxi linguistikoa dute, eta jokabide hori ulergarria da zentzu batean: hiztun hauek ez dira euskaldun sentitzen ez gaitasunez (erraztasunez) ez identitatez (sentimenduz).
- Hizkuntza nazionalaren funtzio hegemonikoetatik erabat baztertua dagoen hizkuntza da gure nazio-hizkuntza; onik onenean, ahozko kultura soilean oinarritzen diren euskal komunitate lokal etnikoak kohesionatzeko balio du, zenbait arnasgune geografikotan bezala.
- Bi erdarak ditugu benetako nazio hizkuntzak gurean, hauek eratzen eta kohesionatzen dituztelako gizarte nazional hegemonikoaren harreman-sareak; aldiz, euskara komunitate erregional etniko baten mintzabidea da funtsean.
- Eusko Jaurlaritzaren naziogintza funtsean naziogintza erdaldun eta espainola izan da sortu zenetik; beraz, D ereduak ezin dio botere publiko eta botere faktiko espainolen presio soziolinguistiko erdaldunari aurre egin.
- (…)