Orain artean ika bukaera duten izenak zeltikotzat lehenik eta erromatarren garaiko latinezkotzat ondoren hartu izan dira bukaera honetako izenak. Ander Rosek frogatu nahi izan du “metodologia hutsune handiek okerreko interpretazioa bideratu dutela eta interpretazio horri ezin zaiola luzaroago eutsi”.
Anderren iritziz “‑ika izenak erdi arokoak dira, latinez sortuak baina gehienetan antroponimo germaniarrak dituzte oinarrian eta euskal morfofonetikak moldatuak dira azkenik. Ez dukete zerikusirik lat. ‑ica, ‑ico sufixuarekin, ezpada -cus amaierako (Rodericus, Didacus, Alaricus…)  antroponimoen genitiboan doazen nomina possessorum dirateke.
Erromantzeko (Villa) Roderici batek Roderiz ematen du, euskaraz, ordea, Oderiz batetik eta Oderiki bestetik. Oderiki tankerako horiek, zergatik eta nola oso garbi ez dagoela, ‑a bat hartzen dute, analogiaz urrean. Azkenik, horrela sorturiko -ikia izenak bi bide ezberdini lotzen zaizkie:
1.- ‑ikia > ‑ika, hiatoaren metatesi bat tarteko eta
2.- Frikatizatu: ‑ikia > ‑izia.
Nafarroako Oderiz herri izenaren ondoan, Amurrioko Delika daukagu, Odelika eta Odelikia dituena forma zahar dokumentatuak. Gorbeialdeko Oderiaga oronimoak ez luke hauekin zerikusirik.
Gauzak horrela, -iz eta -izia bukaerakoak eta -ika eta -ikia bukaerakoak oinarri baten soluzio ezberdin bikoitz bi suposatzen dute. Ez du ematen, alabaina, J. Garatek eta M. Lekuonak postulatzen zutenaren kontra, ez -iaga, ez -aga sufixuek aurreko hauekin zerikusirik dutenik.”