Xabier Isasi: Euskararen erabilera normalizatzea. Berria:
Hizkuntza politikak, berez, jarduera kontzertatua izan beharko luke. Kontzertatua lurraldeen artean, herri-administrazio desberdinen artean, herri-administrazioen eta euskalgintzaren artean eta erakunde desberdinen artean. Bide horretan ulertu behar dugu, aurrenik eta behin, normalizazio prozesua irekia dela eta eragile anitzekoa dela. Adibidez: euskarazko irakaskuntzaren sorrera eta hedapena (ikastolak eta beste), euskararen ofizialtasunaren aldeko borroka (1978-82), euskalduntze-alfabetatzearen aldeko mugimendua, euskarazko hedabideen sortu eta hedatu, irratiak, ETB1, Egunkaria, BERRIA, aldizkariak… Aipatu guztiak faktore anitzeko ondorioak izan dira, ez dira izan hizkuntza politika jakinak ekarriak. Gertaera horiek beren esparruan eragile jakinek sustatuak izan dira, eta, kasu gehienetan, atzeraezineko aldaketa ekarri dute. Ez dugu dudarik euskararen normalizazio prozesua XX. mendeko azken 50 urteetan eredugarria izan dela, euskararen hiztun elkartearen bilakabidea harrigarria eta erakusgarria izan dela.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Planaz:
Hizkuntz eskakizunak izan dira administrazioa euskalduntzeko giltzarrietako bat. Bizkaiko Foru Aldundiak alor horretan zenbaki onak dituela azaleratu du azken ebaluazioak: hamar langiletik sei euskara gaitasuna egiaztatuta daude. Hala ere, ohar egin dute gaitasun horiei buruz. Eskakizun apalek bermerik ez dutela uste du diputazioak: «Eskakizun batzuek ez dute euskararen gaitasun maila nahikorik bermatzen eguneroko zereginei aurre egiteko; ez eta norberaren eta ingurukoen arteko harremanak hizkuntza horretan izateko ere». Lehen eskakizunarekin hori «nabarmena» dela azaldu dute, eta bigarrenean ere bai, «zereginen arabera». Jendaurrean aritu behar duten langileei hirugarren maila eskatuko diete.