7. Aldundiaren, EAren eta gainerako alderdien jokaerak
Orain gutxi arte Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua izan zen Lorena Lopez de Lacalle suntsiketa intelektual eta fisiko honen erantzule nagusia izan zela pentsatu izan dugu: ez zuelako batzordea nola osatu jakin izan (arkeometriako aditurik ez eta batzordekide gehienak EHUkoak izendatu eta ez Europa mailako adituekin osatu), ez zelako konturatu batzorde hori zientziatik aldentzen ari zela (datazio eta katak ez onartzea)…
Baina esan beharra dago Lorenak Kulturaren ardura nagusia hartu zuenean politikan guztiz ezezaguna zela eta zeukan esperientzia bakarra Europako Komunitatean itzultzaile lana egin izana zela. Horrelako perfilarekin honen tamainako erabakia hartu izanak beti harritu egin gintuen.
Baina Lorena diputatuaren karguan jarri zuen pertsona nor izan zen ikusita, Rafa Larreina, gauzak beste modu batera ikusten hasten dira. Rafa Larreina OPUSeko kide ezaguna eta militantea da, eta EA alderdian Garaikoetxea eta gero, seguruenik, indar gehien izan duen eta duen bigarren pertsona dugu. Izan ere EAren sorreratik maila altuko karguetan gehien iraun duen pertsona dugu.
Baliteke OPUSeko militante den Larreinak Lorena indusketa deuseztatzeko hor jarri izana. Lehenengo helburua grafitoak desprestigiatzea zen eta hori Correo eta EHUko Letren Fakultatearen laguntzarekin lortu zuen (ondo ordainduta noski). Gero Lurmen kentzea. Ondoren Arkeologia Museoko kontrola eduki behar zuten eta horretarako jarrera inpartziala zuen Amelia Valdeon zuzendaria kargugabetu eta urrutira bidali (Armen museora) eta haiek grafitoak manipulatu ahal izateko kontrol osoa eduki (ez datatzeko grafitoak erabat garbitu, metal modernoekin kutsatu…)… Hasieratik amaitu arte ondo pentsatutako operazioa egin dute!
Lorena Lopez de Lacalle eta gero etorri diren beste bi kultura diputatuek, Malentxo Arruabarrenak (EAJ) eta Iciar Lamarainek (PP) ostrukarena egiten jarraitu dute.
Eta, gainerako politikari gehienek ere ez dute behar den mailarik eman, zoritxarrez, beste gai gehienetan ere eman ez duten moduan: ekonomia, langabezia… Errazena egin dute: gaia egonean utzi, busti gabe, ezer galdetu edo ikertu gabe, behiak trenari begira egoten diren lez, dauden interesak ukitu nahi izan gabe… Ez dute arriskatu nahi izan %0,00001ean ere, eta beraz, ez dute ezer lagundu, nahiz eta, seguruenik, Iruñako indusketa Euskal Herrian dugun ondarerik preziatuena izan.
Salbuespen gutxi batzuk egon dira. Iruña Okako Udala gai honetan zentzumena erakutsi duen erakunde publikoa bakarra izan da. Eta bestetik Aralar ere izan dugu. Biek logikoa dena eskatu izan dute aspaldi: datazioen bidez gai hau zientifikoki behingoz argitzea.
Rafa Larreina: seguruenik Iruña-Veleiaren suntsiketaren arduradun nagusia (Argazkia: Tiempo)