Baskismoa, gazteleraren bidez hemengo ikuspegi, balio eta hizkuntza bultzatzea aukera ala pozoia den galdetzen du Ibai Iztuetak egindako liburu batean:
Euskal kultura euskaraz baino ez da posible, ala espainieraz eta frantsesez ere bai?», galdera hori izan zuen abiapuntu Ibai Iztuetak Cultura vasca vs. Euskal kultura saiakera idazteko. Pentsalari donostiarrak iaz kaleratu zuen lana, Urtiusque Vasconiae argitaletxearen eskutik, eta izen bereko hitzaldia eskaini zuen Martin Ugalde Foroan atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Galderari erantzutea baino gehiago, galdera bera zalantzan jartzea izan zuen helburu liburuan, aspaldiko eztabaidari beste formulazio bat eman eta gogoetabideak zabaltzeko. Hala egin zuen atzoko hitzaldian ere, galdera egiten den testuingurua xehe aztertuta. Hamaika ertz baititu gaiak. Esaterako, identitateari ala hizkuntzari, zeri ematen zaio edo eman beharko litzaioke lehentasuna? Euskararen normalizazioari, lagungarri ala kaltegarri zaio baskismoa deritzon diskurtsoa? Eta nola erantzun identitateaz edo hizkuntzaz hainbat diskurtsok sortzen dituzten deserosotasunei?
…
«Euskal kultura ez da Cultura vasca-ren parte bat, euskaraz aritzea espainolez aritzearen parte bat ez den bezala». Auziari lotuta, hiru diskurtso bereizi zituen. Batetik, «cultura vasca asimilatua» izendatu zuena eta, bere ustez, zabalduena dagoena; «erdararen erabilera normaldua duen euskal hiritarraren jarduna» litzateke, bere burua euskalduntzat jo, eta egiten duen hori cultura vasca dela dioena, eta erdaraz egiten duena. Pio Baroja eta Unamuno jarri zituen horren adibide. Bestetik, «cultura vasca erresistentea» deitu zuena legoke, «Euskal Herria euskalduna helburu duen espainolezko diskurtsoa», hots, erdaraz egina baina euskararen normalizazioa xede duena. Eta azkenik, «euskal kultura» deitu zuena egongo litzateke: «Euskaraz egitea da. Berdin dio zer. Berdin dio nork».