Atzo Berrian artikulu bat agertu zen, Juan Martin Elexpuruk “Ostrakak eta Ostrukak” artikuluaren harira. Kanpotik begiratzen duen eta kultur arloan ezaguna den Joan Marik bere buruari galdetzen dio ea zergatik ez den gai hau argitu nahi. Irakurtzea merezi du.
Joan Mari Irigoien: Aginteak du giltza
2016ko Inoxenteen Egunean, Juan Martin Elexpuruk Veleiari buruz idatzitako artikulu bat irakurri nuen BERRIA-n (Ostrakak eta ostrukak), eta aitortu behar dut, hunkituta ez ezik, jota ere geratu nintzela, ezin ulerturik hainbat eta hainbat kontu…
Ezer baino lehen esan beharra dut ni ez naizela arkeologian aditua, eta ez espero nigandik, beraz, gaiaren inguruko iritzi kualifikatu bat: ez eska gari zumarrari…
Harira.
Auzi honetan, Iruña-Veleiako aztarnategia dugu eztabaidagai. Lehia gehienetan bezala, hemen ere bi giza talde ditugu —mailako jendea dago biotan— aurrez aurre: Iruña-Veleiako aztarnategiaren benekotasunean sinesten dutenak (Eliseo Gil, Juan Martin Elexpuru, e.a.), eta sinesten ez dutenak (EHUko irakasle batzuk nagusiki, unibertsitateak berak eta Lopez de Lacalle kultura diputatuak bultzatuak: Julio Nuñez, Gorrochategui, e.a.).
Hauek —sinesten ez dutenek— autoritate akademikoen eta instituzioen aldekotasuna dute, eta beraiek dira, ondorioz, auzi honetan indartsu eta boteretsuenak; besteek, berriz —sinesten dutenek—, ez dute inongo entitate ez publiko ez pribaturen laguntzarik, eta ahal dutena egiten dute, autoorganizazio moduko batean, hitzaldiak emanez, bisita gidatu alternatiboak eginez…
…
Euskeraren Jatorriaren iritzia: Iruña-Veleian giltza ez du Aginteak, Herriak baizik
Berrian Joan Mari Irigoienek Elexpururen “Ostrakak eta Ostrukak” artikuluaren harira idatzitako artikuluan gai hau argitzeko giltza Aginteak duela diosku. Joan Marik bertan dioen gehienarekin ados gaude, izenburuarekin izan ezik, giltza ez duelako Aginteak, egoera hau Aginteak berak sortu duelako: Opuseko politikariek (Larreinak eta Lopez de Lacallek) eta horien babesleek (PPtik EH Bildu arte, EAJtik pasatuz noski); Letren Fakultateko irakasle batzuek (Gorrochategik, Lakarrak, Azkaratek, Nuñezek, Otsoa Eribekok…), agintariek (Bazan dekanoak) eta EHUko goi arduradunek (Goirizelaiak, Ruiz Urrestarazuk eta Garaizarrek); El Correok (Mtez. Gaunak) eta beste hedabide batzuek; EHUren Arkeologia Sailaren suntsiketa arkeologiko biak balekotzat eman eta ganorazko dataziorik egin ez duen Epaitegiak (Junquerak, Izagirrek eta Delgadok), gaia argitzearen aurka jo duen Ertzaintzak, eta noski, beste aldera begira dauden “arduradunek” gai hau haiekin zerikusirik edukiko ez balu bezala (Euskaltzaindiak, Unescok, arkeologo gehiegik… eta zerrenda amaiezina). Zenbat aldiz entzun dugun Eliseo pertsona eta profesional ona dela, baina, bere alde ezer egin ez dutenak ikusi!
Faltsukeriaren aldekoek ondotxo zekiten hasiera-hasieratik grafitoak egiazkoak zirela eta horregatik ez zituzten Eliseo Gilek eskatutako 100 grafitoen datazioak eta ostrakak agertutako lekuen ondoan kata kontrolatuak egiterik onartu. Eta horregatik bi eremu oso hondeamakinez suntsitu dituzte, antzeko ezer agertu ez dadin. Nafarroako Iruñeko Gaztelu plazako garai bereko aztarnak UPNkoek suntsitu zituzten bezala, euskaldunok historiako unerik garrantzitsuenetakoa (erromatar inperioari nola egin genion aurre, nola biziraun genuen) ezagutu ez dezagun, edota antzineuskeraz, erromantzeez, latinez edo kristautasunaz irakasten digutena zalantzan jar ez dezagun.
Iruña-Veleian giltza ez du Aginteak, ez, Herriak dauka (esnatzen bada noski).