Josu Larrinaga antropologoak horrela dio Berrian egindako artikulu batean: Musikak oso ondo azaltzen du Euskal Herrian zer gertatu den
Azkeneko 50 urteetan Euskal Herrian izan diren zenbait prozesuren isla ez ezik, eragile ere izan da musika, Larrinagaren iritziz. Eta gure historia hurbila kontatzeko ere balio du eta balioko du.
…
Alan Lomaxek Euskal Herrian egindako bidaietatik abiatzen zara, baina 1960ko hamarkadaren amaieran gertatu zen eztanda jotzen duzu euskal herri identitatearen eta euskal musika berriaren abiapuntutzat. Zuk etnogenesi kontrakultural gisa definitzen duzuna…
Alan Lomax Euskal Herrian izan zenean, euskal identitatea oso apal zegoen. Baina hamar urteko epean sekulako aldaketa egon zen, eta euskal identitatearen berrasmatze bat gauzatu zen. Musikan izan zen aldaketa, baina ez bakarrik, baita zineman, literaturan eta artean ere… eta etnogenesi hori bultzatu zuten agenteek jakin zuten mundu osoan zabaldu zen kontrakulturaren olatu hori hartzen. Bat-batean, euskaldun izatea zer den aldatu egin zen. Nekazari giroko zerbait zena kontu moderno eta hiritar bat bihurtu zen. Euskal kultura eta euskal identitatea gazteen ikur bihurtu ziren.
Hor inportantea izan zen munduan gertatzen ari zenarekiko lotura, ezta?
Bai, 1968a mundu osoan da inportantea, baita Euskal Herrian ere. Garai hartako belaunaldiek asko begiratu zioten kontrakulturari. Gogoratu behar dugu Ez Dok Amairukoek Pete Seeger ekarri zutela Euskal Herrira, eta Xabier Letek, bertsolarien ondarea ondo ezagutzeaz gain, Brassensen eta Dylanen eragina ere bazuela… Konexio bat dago munduan gertatzen ari denarekin. Azken batean, musika bilakatzen da kontrakulturaren tresna nagusi.
Garai hartan, kontrakulturak eta euskal identitatearen aldeko fenomenoak folk sonoritateen aldeko hautua egin zuten. Munduan gertatzen ari denari erantzuten dio horrek?
Garai hartan, egon zen proto-pop bat, gaur egun ezagutzen ari garena. Nemesio Etxanizek euskaratu egiten zituen bere garaiko pop kantuak… sinpatiaz ikusten zuen mugimendu gazte hori… baina gero, benetako olatu kontrakulturala iritsi zenean, ezin izan zuten ez ulertu ez onartu. «Gazte hauek erotuta daude», esaten zuten. Kontrakultura, alde horretatik, oso iraultzailea da, aurrekoarekin hautsi nahi duelako. Gazteria ere identitate politiko gisa agertzen da garai horretan.
Trantsizioa da, Pako Aristiren definizio bati jarraituz, txanpiñoien garaia. Kantautoreen eta folk taldeen ugaritzearena… Hor, eta berriro Aristiren hitzei jarraituta, aipatzen da garai koiunturala izan zela. Politikari oso lotua. Aurrekoa eta hurrengoa ez ziren hala izan?
Mugimendu oso katartikoa izan zen, eta, agian horregatik, laburra izan behar zuen. Jaialdi haiek oso katartikoak ziren, eta beterano batzuk, Lete bezala, kexatu egin ziren, jaialdiak zirkutzat hartuta. Ez dakit koiunturala den hitza, baina agortzen den eredua da, musikari horiek berehala hasten direlako beste zerbaitetan. Kontuan izan behar dugu hasten direla abian euskal erakundeak, EITB eta abar, eta hor musikari askok hartzen dute lekua.
…