• Asteartea, Iraila 12th, 2017

Naziogintza sortu berria den webgunea euskeraz eta ingelesez dago. Ez dute gaztelera eta frantsesa erabiltzen, gure hizkuntza nazionala askitzat dutelako eta ingelesa, kanpokoekin komunikatzeko. Dauden gaien artean, Flandriako politikaria den eta Euskalerriarekin harreman handia duen Bernard Daelemans-i egin dioten elkarrizketa daukagu:

Flandriaz hitz egin dezagun. Zuen abertzaletasuna betidanik oso lotuta dago hizkuntzarekin. Oker ez banaiz, aldarrikapen politikoak egin aurretik flandestar abertzaleek aldarrikapen linguistikoak egin zituzten. Flandesko nazionalismoa osagai linguistikorik gabe uler al liteke?

Ez. Hizkuntza da flandestar nazionalismoaren funtsezko faktorea. Hizkuntza gure abertzaletasunaren motorra izan da.

Nederlanderak (flandesera nederlanderaren dialektoa da) izana eman dio Flandriako Herriari, bere alderdi bereizgarria izan da. Flandestar frankofonoa herrena da, eta gure irudikapen kolektiboan ez da flandestar jatorra.

Belgikako estatua sortu zenean (XIX. mendean) elite flandriarrak -hein handi batean- frankofonoak ziren. Zorionez, intelektual batzuek egundoko lana burutu zuten gure hizkuntzari prestigio soziala emateko. Estatu berriak frantsesez funtzionatzen zuen eta herri xehearen hizkuntza -nederlandera- baztertuta zegoen. Borroka linguistikoa laster agertu zen eta XX. mendearen hasieran areagotu egin zen; 1920an lehenengo hizkuntza legeak agertu ziren Belgikan, denboraren poderioz gaur egungo lurraldetasun linguistikoa ekarriko zutenak. Azpimarratu behar da Belgikako lurraldetasuna ezartzeko orduan irizpide linguistikoak, eta ez historikoak, aintzakotzat hartu zirela: Brabante konderria, adibidez, bitan banatu zuten.

Zuek hizkuntzarekiko duzuen atxikimendua ezaguna da, eredugarria estaturik gabeko Europako nazio askorentzat, baita guretzat ere. Gogoan dut aspaldi flandestar abertzale batek kontatu zidan historia: Lehenengo Mundu Gerran soldadu flandestar pila hil egin zela gudazelaietan beren agintari frantseshiztunen aginduak ulertzen ez zituztelako. Gertakizun ilun hark nazionalismo flandestarra piztu omen zuen…..

Bai, I. Mundu Gerran -gurean- armadako ofizial gehienak frankofonoak ziren, eta soldaduak, batez ere, flandestarrak. Hots, agintarien hizkuntza, frantsesa zen, eta mendekoena, nederlandera. Ofizial frankofonoek mesprezu handia erakusten zuten gure hizkuntzarekiko eta bere hiztunekiko, eta bidegabekeria izugarriak burutu zituzten. Horri aurre egiteko lehenengo alderdi politiko flandestarra agertu zen, FRONTPARTIJ izenekoa (euskaraz Fronteko alderdia).

Gerraren ondorioak flandestar askorentzat traumatikoak izan arren, horrek lehenengo aldiz kontzientzia nazional baten agerpena ahalbidetu zuen, eta flandriarren eskubideen aldeko alderdi baten sorrera.

Bide batez, antzeko zerbait ere gertatu zen Iparraldeko soldadu euskaldunekin Lehenengo Mundu Gerran, “Morts pour la Patrie” horiekin, baina kasu horretan gertakizun latzak ez zuen Iparraldean euskal abertzaletasuna piztu, frantses sentimendua baizik…. Bitxia da.

Ez dut ongi ezagutzen Iparraldeko euskaldunekin gertatu zena, baina nik esango nuke kontuan hartu behar dela Frantziako eta Belgikako errealitate politikoak ezberdinak direla. Belgikan, bistan da, flandestarrak gehiengoa gara, eta Frantzian euskaldunak oso gutxi dira. Horregatik, errazagoa izan da euskaldunak frantsestea flandestarrak baino.

Frantziako jakobinismo eta zentralismoaren politika zorrotzak ere aintzat hartu behar dira fenomeno hori aztertzerakoan

Kanpotik ikusita, Belgikako estatuan flandestarrak eta valoniarrak elkarri bizkar emanda bizi zaretela ematen du: flandestarrak nederlanderaz bizi zarete, erabateko burujabetza kultural eta linguistikoa duzue, zeuon berezko komunikabideak, alderdi politikoak, eskuduntzak…. Brusela hiriburua izan liteke salbuespen bakarra….

Hala da. Belgikan oso harreman gutxi dago bi komunitate linguistikoren artean, elkarri bizkarra emanda bizi dira. Adibidez, flandestarrek ez dute frankofonoen (valoniarren) telebista ikusten, eta valoniarrek are gutxiago gurea (bide batez, haiek batez ere Frantziako telebistak ikusten dituzte…)

Harreman gutxi izan arren, guk beti ahalegin handiagoa egin dugu valoniarrekin frantsesez mintzatzeko, alderantziz baino. Esaterako, oso esanguratsua da Flandesko eskoletan (nederlanderaz irakasten dutenak) atzerriko hizkuntza nagusia frantsesa izatea, Valoniako ikastetxeetan atzerriko hizkuntza nagusia ingelesa den bitartean (eta ez nederlandera). Ez dago elkarrekikotasunik.

Flandria Vlaanderen

Estatua: Belgika
Azalera: 13.600 Km2
Biztanleria: 7.600.000 biztanle (2015ean)
Hizkuntzak: Nederlandera eta frantsesa
Hizkuntza ofizialak: Nederlandera; Nederlandera eta frantsesa (Bruselan)
Berezko hizkuntzaren hiztunak: %90 (2012an)
Hiri nagusiak: Brusela, Anberes, Brujas, Gante
Per capita errenta: 29.300€ (2013an)
Berezko erakunde politikoak: Flandriako Gobernua
Alderdi abertzale nagusiak: N-VA, VLAAMS BELANG
Abertzaletasunaren indarra bertako parlamentuan: %40 (2016an)
VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Flandria herria: hain hurbil eta hain ezezagun!9.3103
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu