Berria-Hitzan Jose Mari Ugaldeari egindako artikulua dakar (10. orrialdean), mundu mailan Jose Marik egin duen toponimia azterketa dela eta. Guztira 6.000 leku izen aztertu ditu, euskerarekin antzekotasunak dituztenak:
Markina-Xemeingo toponimia aztertzen hasi, eta euskal kutsua duten toponimoak  mundu osoan ikertzen aritu da azkenerako Jose Mari Ugaldea DâUralde Willy (Markina-Xemein, 1965). Theo Venneman hizkuntzalari alemaniarraren artikulu batek piztu zion grina, eta, lau urteko lanaren ondoren, egin duen ikerketari buruzko liburua kaleratu du.
Noiz hasi zinen lan honekin?
Frantzian eta Alemanian egon nintzen bizitzen, frantsesa eta alemana ikasteko. Han nengoela, 2003an gutxi gorabehera, Teo Veneman alemaniarraren teoria irakurri nuen. Dioenez, azken glaziazioaren ostean, Pirinioetatik iparralderantz eta Alpeetatik iparralderantz euskaraz egiten zen. Toponimian oinarritzen da hori esateko; hainbat toponimo euskal toponimoak direla dio. Horrek interesa piztuta, hainbat autore irakurtzen hasi nintzen, eta, orain dela lau urte eta erdi, Alemaniatik itzultzea erabaki nuen, euskara jaso eta toponimiari lotutako ikerketa bat egiteko.
Zein izan da zure lana? Nola jaso duzu informazio guztia?
Pertsona nagusiei elkarrizketak egiten aritu naiz alde batetik, euskara eta euskal kultura jasotzeko. Bideoz grabatu ditut elkarrizketak, eta material asko daukat jada; atontzea besterik ez zait falta. Bestalde, bibliotekako sarearen bidez batez ere, toponimia aztertzeko, autorez autoreko jarraipena egiten ibili naiz.
Zer aurkitu duzu?
Gauza harrigarriak agertuz joan dira. Autore batzuek Kaukaso eta euskararen arteko lotura egiten dute; beste batzuek, berriz, euskara eta Afrika aldeko hizkuntzen arteko loturak. Ni, esate baterako, Galesera (Erresuma Batua) joan nintzen oporretara, eta han hainbat toponimo aurkitu nituen. Great Orme izenekoa, esate baterako. Liburuan diodan modura, Orme hori hormagaz lotzen dut.
Izan ere, Great Orme eta Little Orme meatze zahar batzuk dira. Meatze horiek kokatu nahian, Google Mapsera jo nuen, eta horma zeramaten leku izenak aurkitu nituen leku guztietan. Hori ikusita, beste toponimo batzuk aztertzen hasi nintzen. Ola toponimoa, esate baterako, nire harridurarako, pila bat agertzen zen. Horrela hasi nintzen ikerketarekin; batez ere, azken urte bi eta erdietan baserriz baserri galdetzen ibili naiz, eta horrela joan da borobilduz lana.
…