• Igandea, Urria 15th, 2017

2.- ugetz-

“Ugetz” eta “ugatz” formen arteko arazoa erabakitzeko, gauza batzuk izan behar ditugu gogoan. “Ugetz” honetako “ug” hori, nire ustez, “ur” izango dugu seguruenik, eta “ur” aintzinako garaietan emakume zentzua zuen fonema dugu. Gaur ere “urruza” (hembra) bizirik dugu. Baserriko berri dakitenek badakite behietan, ardietan, ahuntzetan eta behorretan ez dala izaten emerik, urruzak baizik. Eta Zuberoan eta Bizkaian (hemen ia gutxi) neskatilei buruz ere asko erabilia. Mutiko nintzelarik, erromeriarantz zoazen mutilei egindako galdera hau sarritan entzuten nuen: “Zer, urruzatan?” (¿A por chavalas?).

Beraz, “ur-etz” edo “ur-atz” izango genuke aukera. Eta “esne” esan beharrean “asne” erabiliko bagenu, bigarrena izango litzateke zuzenagoa. Baina alderantziz dugunez…

Zerrendan erakutsi ditugun izenei buruz gutxi esan dezakegu lehen zatiari dagokionean. Ugezaba dugu argia ematen duen bakarra. “Asaba” horretan “as” hasiera ageri ote dan pentsatu daiteke. “Arreba” eta “neba” direlakoetan “ar” eta “eme” ote diren ere, baina ez da segurua, nahiz eta izenen zentzuak horretara bultzatzen duen. “Auba”, Bizkaiko eskualde baten amaginarreba esateko erabilia, oso iluna dugu. Eta “iloba”, bigarren zatia aldaturik ageri duen bakarra, “il-aba” izango dugu seguruenik.

Eta ama zentzua adierazten digun “aba/eba” horren aldamenean bakardadean dugu “atta”, aita zentzua adierazten digun hitza. Sortaldean “atta” eta sartaldean “atte”, gauza bera dugu, gero erderaren fonetika eraginez “aita” bilakatu zaiguna. Baina edozein ikerketa egiteko nahiz eredutzat hartzeko, “atta” dugu formarik zuzenena. Ziberutar idazle bati irakurri nion arestian: “attatta (aitona) Beskoitzekoa nuen”.

-–Eta toki izenekin loturarik ba ote du? Arba, Ezkaba, Ezlaba…

Ez. Ezin daiteke abiatu bide horretatik. Fantasiak egin daitezke, ez besterik.

–Araba?

Izen horretan ere ez dut ikusten “aba” zatirik, nahiz eta ikuste batean izan baduen. Araba izenari buruz ikertzekotan, Aragoi hartu beharko litzake bidelaguntzat. Baina hori beste arlo bat da.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu