• Asteartea, Urria 24th, 2017

Hauek dira, Kapanagarentzat lehenengo biak: aritza eta lizarra:

1.- Aritza

Aritza (Areitza, Aretxa) dugu guztietan lehena eta garrantzitsuena. Euskalerriaren sinboloa izateraino heltzen zaigu aritza. Eta hau ez da Gernikako Arbolaren eraginez sortutako ezer. Gernikakoa, Gaztelako erregeek bere azpian zina egiten zutelako eta Iparragirrek kantua egin zuelako dugu ospetsua. Baina beste eskualde askotan ere baditugu horren mailako aritzak: Aiaran, Gerediagan (Durangaldekoa), Abellanedan, Bizkaiganen (guztiok Bizkaian). Beste herrialdetan ere bai, Uztaritzekoa Lapurdin, Maulekoa Zuberoan; Nafarroan ere entzuna dut bi edo hiru bazirela; Arriagakoa Araban; Aramaion ere izan omen zan Barajuenen, zein motatako zuhaitza zan argiro ez badugu ere.

Aritzak herritasuna, askatasuna, zuzentasuna, arauen nagusitasuna, hitz baten esateko, euskaldun herriaren izatea bera adierazten digu. Baita burujabetasun ustea ere. Lurralde bakotxean bertako haritz aukeratuaren azpian egiten zituzten batzarrak, herriaren arazoak erabakitzeko batzarrak. Ekintzak arautzeko, epaiketak egiteko eta herriari dagozkion erabakiak hartzeko biltzarrak aritzaren azpian egin beharra zuten. Beraz, aritz azpian bere bizitza atontzen zuen herria genuen euskaldunen herria. Eta euskalerri bakotxean, (Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa etab. oraintsukoak ditugu, mila urte ingurutik honakoak) bakotxak bere aritz aukeratua izaten zuen (“sakratua”, nolabait esateko), ditugun aztarnak erakusten digutenez.

Eta aritzaren sakratutasun hau beste herrialde batzuetan ere ageri zaigu, Mediterraneoan zehar, arlo askotan gertatzen dan eran. Egunen batean herrialde hoietako kultur aztarnen eta euskal kulturaren arteko erkaketa bat ere egin beharko da, oraingo itsukeriak alde batera utziz. Orduan agertuko zaigu, bai hizkuntzetan eta bai bestelako aztarnetan ere, zibilizazio sakon eta hedatu baten ondarrak garela guztiok.

Zuhaitz sakratuak izateko ohitura hau Egipton, Heladen, Indian eta Israelen ere bizi izan dute. Zuhaitz motak ez ziren berberak izango beti, milaka urtetan zehar gauza asko aldatzen dalako. Baina Israelen, esaterako, ospe handikoa izan da Sikem-eko aritza. Beronen azpian egin omen zuten Yahweh-k eta Abraham-ek bion arteko itumena. Arteak, eretzak (zedroak) eta beste zuhaitz mota batzuk ere izaten zituzten sakratuak eta batzarlekuak. Sikem-eko hori ere gurtzeko lekua, batzarlekua eta opari egiteko lekua izaten omen zan.

Eta zergaitik aritza? Esango du batek baino gehiagok eta erantzuna betikoa izango dugu: euskal munduko ezaugarririk behinena eta sakonena beti bat dugulako, logika. Gogoratu dezagun orain aritzaren azpian edo atzean zer dagoen. Zuraitz mota honek zer ematen zion gizakiari.

Eraikuntza guztiak egiteko, langailuak egiteko eta, zura. Urte osoan sua egiteko egurra. Eta gari gutxi izaten zuten urteetan, jateko ezkurra. Izan gogoan: oraingo altzairu, zementu, petrolio, gas eta guztiak batera baino gehiago. Ez da gero astoaren arrantza merkea bezelako zerbait. Beraz, zuhaitz sakratutzat hartzeko aski eta gehiago meritu bazuen gure aritzak.

Gogoan izan oraingo gure hiriak (uriak) ere aritzez eraikiak ditugula bertako eraikuntza zaharretan. Hori egunero ikusten dugu etxe zaharrak eraizten dituztenean. Eta hitzetan ere aurkitzen dugu: “zubi”, “zurubi” hitzaren kontrazioa dugu, baina gure eruditoak ez dire ohartu eta hitz hau (zurubi) arkaikotzat eta baztergarritzat etsi dute. Zoliagoak izan balire ohartuko ziren: zur (madera) eta ubi/ibi (vado, paso en el río); beraz, “zurubi” (paso de madera, puente de madera) izan behar, eta hedaduraz “escalera” etab. ere bai.

2.- Lizarra

Ekaineko ospakizunetan gehien erabilten dan zuhaitza dugu lizarra (leizarra, lexarra, elexarra). Herri askotan, ohitura zaharrari jarraituz, San Juan goizean lizar bat ezarten dute herri erdiguneko leku batean, ekintza horren zergaitikorik inork aipatzen ez badu ere. Aintzinako ohitura zaharrak izanik, aski da horixe aurrerantzean ere egiteko. Eta etxeetako ateetan lizar adartxo bat ezarten da. Eskualde batzuetan elorri adarra ere bai. Nik umearoko oroitza dut, egun horretan herriko elizan, aldarean, zuhaitz txiki bat edo adar handi bat ezarten zuten, baina beti aritza izaten zan.

Euskaldunon artean arriskua izaten dugu beti astakerien aldera lerratzeko, eta horixe gertatzen da hainbat herritan Ekaineko zuhaitz sakratu honekin. Berez errotik duen zentzua galdu ondoren, indarraren erakustaldi bihurtzen zaigu ohitura hau ere. Eta zentzu galtze hori hain sakona izanik, kristianismoaren eraginez herrietako zaindaritzat edo santu ezberdinak ezarri izan direnez, zuhaitz sakratua ezartea ere egun horretara aldatua izan da. Eta egun horretan idi-pareaz arrastaka eraman ondoren (orain traktorez), herriaren erdian tantai luze bat ezarriko dute. Gehienetan ler edo pinu bat azala kendurik, goiko muturrean zuhaitz adar heze bat duelarik. Nik ezagutzen ditut ereinotz adarra ezarten diotenak, baita aritz adarra ezarten diotenak ere. Edonola, hor izaten dan lehia bakarra, zeinek zuhaitz handiagoa ezartea izaten da. Asto ospakizun betea, eta barkatu diezadatela asto irainduek.

Ezagutzen ditut kasu txarragoak ere. Menderik mende iraun izan duen ohitura zaharra iraunerazi eta gero, Franco hil eta urrengo urtetik guztiz galdua izan da ni bizi naizen herrian. Honek ere zerbait adierazten digu. Hemen ere astakeriara lerratuak ginen aurrerago. Gogoan dut ume nintzelarik auzoko zahar batek esan zidana: “bai, ipini daure sanjuan arbola, haundia, baina ez dau balio. Areitza edo leixarra izan behar da eta hori ez da bata ez bestea”. “Chopoa”, makala izan zala uste dut.

Eta “lizar” izenaz ari garenez, barkatuko didazue honako ohartxo hau hemen agertzea: Araba aldean gaur ere erabilia dan izena “elexarra” da, eta honetatik ateratzen dut nik, XVI. mendean Landuchio Araba aldean bere hiztegia egiten ari zalarik, eta ohi zuenez norbaiti hatzaz zuhaitza apuntatuz galdetu zionean, erantzuna “elexarra” izango zala, baina ez zuhaitz zentzua aipatuz, lizar zentzua baizik. Eta Landuchiok “errexala” idatzi zuen. Metatesi edo aldrebeste hori aurrez egindakoa izan zitekeen edo Landuchiok berak egin zuen. Edonola, gaur arabar askorentzat “errexala = árbol” historiako egia da. Baina niretzat ez.

Durango aldean zuhaitz honek hartzen duen izena “Donienatxa” dugu. Beraz, “Donibane-aretxa”, nahiz eta San Pedroz edo San Migelez ere ezarten duten. Hizkuntzak berak zaintzen ditu gure artean zentzu zaharrak, gizakiok baino hobeto.

Eta baditugu bi zuhaitz (zuraitz) sakratu: Aritza eta Lizarra. Barandiaranek herritarrengandik eritzia hartu eta idatzirik utzi zuen “el roble y el fresno no deben ser bendecidos porque son sagrados por naturaleza”. Bai, bigarren horrek ez du zehatz betetzen euskal munduko baldintzarik zorrotzena: logika. Horrelako garrantzia izateko ez du ezaugarririk. Barandiaranek esaten zidan horren zurarekin langailu batzuk egiten zituztela eta orria aberei ematen ziotela, baina bere ustez ere ez zan aski duen sakratutasuna hartzeko, eta orduan esan nion: “ez ote da gero “basalizarra” sakratua izan dan zuhaitz mota?”. Bera zalantzaz geratu zan eta geroago esan zidan baietz, arrazoi izan behar nuela. Idatziz ere esan zidan.

Izan ere, langailuak egiteko, agina, ezpela eta artea ere lizarra beste edo gehiago erabiliak izan dire. Beraz, beste zerbait egon behar du hor. Nik entzuna nuen basalizarraren frutuaz edaria egiten zutela aintzina. Oraintsuago jakin dut Errusiako “vodka” famatua egiteko ere frutu horixe erabilten dutela. Beraz, horrelako zerbait badugu hor.

Ganera, “basa-” aurrizkitzat hartzen duten izenak izan ohi dire zaharrak eta baztertuak geratu diren izakienak. Basaran, aintzinako bertako arana, gero kanpotik etorritakoak izena kendu ziona; berdin basamakatz ere, eta basakatu, baita basabehi ere. Kanpoko behi arrazak agertzen hasi zirenean, bertoko behi gorriari buruz bi izen erabilten genituen: “basabehi” eta “erribehi”, biok ere zahartasuna adierazten digutenak.

Ganera, “basalizarra” beste erlijio zahar batzuetan ere zuhaitz sakratua dugu, zeruaren erdian dagoen zuhaitz mitikoa. Eskandinabiarren mitologian, keltarrenean etab. zuhaitzik sakratuena “basalizarra” (serval de los cazadores, gaztelanian) dugu. Lizarra baino beste landare familia batekoa dugu. Baina lizarraren berdintsua dan zuhaitza dugu, eta izena ere beste horrek lapurtu diola dirudienez, niretzat zuhaitz sakratua “basalizarra” genuke.

Beraz, oinarri sendoz esan dezakegu, euskal kultura zaharra hiru zuhaitzen kultura dugula:

Aritza, herri bizitzaren lekuko eta zaindari, euskaldunen herriaren benetako sinboloa dugu. Gaur Gernikakoak du ohore, baina Euskalerri bakotxak berea izaten zuela ere argiro ageri da. Eta Euskalerri esaten dugunean, aintzinako eskualde burujabeak esan nahi dugu, oraingo herrialdeok sortu aurretikoak. Eskertzekoa izango litzake norbaitzuk arazo honetaz arduratu eta geratzen zaizkigun aztarna guztien zerrenda bat egingo balute.

Lizarra, edo Basalizarra, ospakizunetako zuhaitza, batez ere Ekaineko ospakizunetakoa, jostatzen zekien herri baten lekukoa. Eta…

Urkia, herri-mugetako zaindaria. Bere lurraldea zainduz eta besteena errespetatuz bizitzen zekien herri baten jagolea.

Hiru zuhaitz berezi herri berezi baten bizitzan. Hauetaz ganera, beste zuhaitz mota batzuk ere bazutela beraien garrantzia ageri zaigu, esaterako: Saratza, sare mota guztiak egiteko; Agina, “heriotzaren zuhaitza”, etsaien erpetatik jaraiteko balio zuena, etab.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu