• Asteartea, Otsaila 21st, 2012

Hemen ere ikusgai: Erabili.com, Berrian (laburtuta),   Sustatun, Dokumentala ETBtik ikusteko

Euskararen Jatorria Elkarteak ETBk egindako “Euskararen jatorria: enigma europar bat” izeneko dokumentalari buruzko iruzkin batzuk egin nahi ditu, herritarrek berau ikusten animatzeko baina, baita ere horren irakurketa kritikoa egiteko, ez duelako eskaini, zoritxarrez, gaur egun gure hizkuntzaren jatorriaz dauden proposamen garrantzitsuenei buruzko informaziorik.

Alderdi positiboen artean, asko aipatu daitezke. Batetik ikerle anitz ezagutzeko aukera ematea, herritar askorentzat ezezagunak; edo genetikaren aurkikuntzek eman berri diguten informazioa zabaltzea; edo dokumental bera eskaintzea, urte askotan gai hau erabat baztertuta egon ondoren, argi izpi bat bezalakoa izan delako.

Baina baditu ere alderdi negatiboak, gehiegi gure uste apalean. Garrantzitsuena ikusleek atera dezaketen ondorioa da, euskararen jatorriari buruz gauza esanguratsurik ez dagoela oraindik; edo euskara beste hizkuntzekin erlazionatzeko egindako saiakerei buruz emandako irudi penagarria; edo nahiko larria dena, euskara txiripaz salbatu zela esatea, gure arbasoek hizkuntzarekiko izan zuten atxikimendua hutsaren hurrengotzat hartuz.

Baina, ikuslearen iritzia osatzeko, lehendabizi, hitz egin dezagun agertutako adituei buruz. Euskara hizkuntza zaharra edo beste hizkuntzekin nolabaiteko lotura duela defendatzen duten 2 ikerle baino ez dira dokumentalean agertu, interbentzio banarekin. Kontrakoa diotenak, ordea, 8 izan dira eta bataz beste bi aldiz agertu dira. Futbol partidu batean 2 jokalari 8ren kontra jokatzen ipintzea bezalakoa. Honek argi eta garbi, gaia bide bakar batetik eraman nahi izan dutela agerian uzten du, politikoki oso zuzena ez dena. Bestetik, agertutako adituei ez zaie aurkezpen berdina egin. Esaterako, lehenengo multzoko Ribero Meneses aurkeztean, Hasier Etxebarria narratzaileak hasieratik bere teoriak ez direla “zientzialarien artean” onartuak diosku. Ez du gauza bera egiten ordea Ricardo Gomezekin, adibidez, euskara gaztelera baino zaharragoa ez dela dionean. Ideia honen kontra hizkuntzalari asko dago baina horri buruz ez da ezer aipatzen aurkezpenean.

Ribero Menesesi buruz asko hitz egin liteke, baina, orain dela 30 urte mendebaldeko Europako populazioa aterpe kantabriar-euskal-akitaniarretik zetorrela esan zuenean inork gutxik sinistu zion baina bete-betean asmatu zuen (hemen Estornes Lasak ere gauza bera esan zuen eta erantzun bera izan zuen). Hizkuntza guztiak mintzaira bakar batetik datozela eta hortik hizkuntzak garatzen, aldatzen, desagertzen edo familiak osatzen joan direla dionean erratuta egon liteke baina logika apur bat badaukala ezin zaio ukatu, genetistek gizakiaren jatorriari buruz gauza bera esaten dutelako. Bestetik hizkuntza erromanikoak zuzenean latinetik ez datozela dionean erotzat har liteke baina gero eta jende gehiagori entzun ahal zaio ideia hau, azkena Yves Cortez frantziarrari, bere ustean italiera zaharretik datozelako, ez latinetik, eta interneten duen liburuan ehunka argudio ematen ditu hori frogatzeko.

Theo Venneman, hizkuntzalaria, matematikaria eta filosofoa

Lehenengo multzoko bigarren eta azken aditua, Theo Vennemann, oso garrantzitsua da euskararen jatorriaren gai honetan. Hizkuntzalaria izatez gain, matematikaria eta filosofoa ere bada eta Estatu Batuetako unibertsitate askotan eta Munich-ekoan ere eman du bere bizitza akademikoa. Alemaniako ibai askotan dauden “iz” eta “ur” erroak euskararekin lotzen dituenean, dokumentaleko beste adituek ez dute denbora galdu berau kritikatzeko. Kontua da, latinez “iz” ura izan balitz, aditu berberek ez luketela inolako arazorik izango erro hori latinetik datorrela esateko, baina hizkuntza “txiki” bateko erroa izanik, inondik inora ez. Eta hori da hemen dagoen sakoneko baina benetako arazoa. Mundu mailako hizkuntzalari askok “ur” erro hori Europako eta Ekialde-Asiako ibai askotako izenekin lotzen dute, ez bakarrik Vennemmanek baina ez dira dokumentalean agertu. Bestetik “iz” erro hori (“iz-otza”, “iz-ozki” gure oraingo euskaran) ezin dira izan gaur egun izotza esateko alemanierak duen “eis” eta ingeleserak duen “ice” (aiz ahoskatuta)?

Genetikak dioena Vennemannen teoriarekin bat datorrenez, Stephen Oppenhaimerrek bere hitzaldi guztietan, Theoren teoria aipatzen du, arlo biak lotuta egon litezkeelako. Zoritzarrez dokumentalean ez da horri buruz ezer aipatzen. Dena dela, Vennemannen teoria ondo azaltzeko, bere Europa Baskoniarra liburua laburtu beharko genuke, “iz” eta “ur” erroez gain zentzuzko adibide pilo ematen dituelako baina beste baterako utzi beharko dugu espazio faltagatik.

Bigarren multzoan aditu asko agertzen dira baina gehien ezagutzen ditugunak baino ez ditugu aipatuko. Batetik Javier de la Hoz hizkuntzalariak dioenez euskaliberismoaren teoria bertan behera geratu zen Manuel Gomez-Morenok historialariak iberieraren alfabetoa deszifratu zuenean. Hau ez da, inondik inora zuzena, irakurtzen bai baina esanahia oraindik ez delako argitu.  Gainera, Javierrek ez badaki ere, euskaliberismoa toponimian oinarrituta sortu zen, ez irakurtzen ez zekiten idazkunetan.

Vilhelm Von Humboldt, Berlingo Unibertsitateko sortzailea eta ikerlea

Eta horretarako, nahikoa da dokumentalean bi aldiz aipatzen den baina bere obra ezagutzeko aukerarik ematen ez duen Humboldt-en “Los primitivos habitantes de España, investigaciones con el auxilio de la lengua vasca” liburua irakurtzea. Eta nahiz eta dokumentalean lan hau erratuta dagoela esan, gure uste apalean nahiko zuzen ibili zen, Astarloak proposatutako etimologia batzuen aurka, beste batzuen alde eta berak ere proposatutakoak gehituz: Larrena, Ilunum, Laberris, Egurres, Bilbilis, Burum, Buruesea, Barea, Arsa, Aspis, Artigi, Alaba, Iturissa, Ursaon…horrelako milaka toponimo daude Iberian. Edo euskara penintsula osoan zabaldu zen edo iberierak eta euskarak harreman estua zuten.

Bigarren multzoko Ricardo Gomezek, bestetik, modan omen dagoen eta orain gutxi Xabier Kintanak ere esandako “hizkuntza guztiek adin bera dutela” aipatu du. Ricardok gure hizkuntzari kendu nahi dio orain arte gizarte osoak ontzat emandako balio bakarrenetakoa: zahartasuna, eta horrekin batera, hizkuntzarekiko atxikimenduaren balioa, hainbeste denboraz iraun ahal izateko. Gai hau oso garrantzitsua da, ulertzeko, Euskal Filologian dagoen irakasle honek, Lakarrak eta “Gorrochateguik”, Arabako Iruñako ostraken kontra egindako itzelezko gurutzada.

Arkeometriak ostraken data zehaztasun osoz esan diezaguke

Ondarea zaintzen duten herri guztiek bere aztarna arkeologikoak datatzen dituzten bitartean, hemen, ostrakak ez dira arkeometria laborategietara bidali nahi izan eta faltsutzat hartu dituzte datatu baino lehen. Erotuta egon behar du mediku batek paziente bati analitikak egin gabe ebakuntza egiteko. Edo polizia bat, DNA froga egin gabe, pertsona bat hilketa baten egiletzat hartzeko. Ba hemen horixe gertatu da eta Henrike Knörren iritziaren kontra jardun dute 3 irakasle hauek, datazioak ez direla egin behar behin eta berriz esaten ari dira, ostrakek gauza asko froga ditzaketelako: euskara oso gutxi aldatu dela, Lakarraren aitzineuskararen teoria bide okerretik doala, eta abar. Dokumentalean gai hau ez aipatzea eta gai honi buruz ikertzen ari direnen iritzia ez jasotzea, esaterako, Txillardegik esandako “grafiko horiek benetakoak dituk”… oso esanguratsua dela esan beharra dago.

Hau da, Gasteizko Euskal Filologiako irakasle hauek, Troiako zaldian bezala, barrutik bertatik ari direla gure hizkuntzari balioa kentzen, berezko duen irautearen altxor hori deuseztatu nahi izatean. Eta hori ezin dugu onartu!

Dokumentalak genetikari tarte bat eskaini izana txalogarria izan dela uste dugu. Bertan, EHUko Marian Mtez. Pancorbok edo Oppenhaimerrek frogatu dutenez, Joxemiel Barandiaranek arrazoia zuen, “euskal jendea, gutxienez, 8.500 urtez lurralde honetan bizi izan da” esan zuenean. Pena izan da genetikak ekarritako deskubrimendu honi dokumentalak garrantzia gehiago eskaini ez izana.

Artikulua luze geratzeko arriskua dago baina aipatu behar dira, ezinbestean, dokumentalak baztertu dituen baina gaur egun euskararen jatorriari buruz dauden teoria nagusiak, alegia lehen aipatutako 2 jokalariekin batera futbol zelaira atera behar izan zirenak.

Une honetan euskararen jatorriari buruz bi ildo nagusi daude eta, horien inguruan badira beste teoria osagarri batzuk. Ildo baten arabera, euskara naturaren interpretaziotik sortu zen, kobetan animaliak margotzen zituztenean bezala, natura birsortu nahian. Horregatik, esaterako, hutsune bat adierazten duten hitz askotan “k” fonema topatuko dugu (kutxa, kaiku, kikara, ) edo “o”  gauza borobiletan (pilota, botxo…). Onomatopeiak hasierako egoera horren aztarnak izango ziren. Haien artean desberdintasunak badaude ere, teoria honetan kokatzen dira besteak beste, Imanol Mujika, Jesus Segurola eta Martin Mendizabal.

Beste ildo baten arabera, hitzen sormena oinarrizko erro batzuetatik abiatu zen, hiru egintza nagusien inguruan: izatasuna, egintza eta getasuna. Bittor Kapanagak sortu eta Josu Naberanek jarraitzen duen teoria honen arabera, adibidez, izatasuna adierazten duen eta argi zentzua duen “iz” erroarekin izarra, izetu, piztu, goiz… hitzak sortuko ziren. Edo egintza adierazten duen “in” erroarekin: egin, zain… Eta getasuna adierazten duen “il” erroarekin: ilun, isil… Teoria honetan erro berak esanahi ezberdinak ditu hitz kopuru gehiago sortu ahal izateko. Bizitza hiru hitzetan laburtu zuen Bittorek: iz, in eta il, alegia, izatea, egitea eta hiltzea.

Bittor Kapanaga, hiru iturburuen teoriaren sortzailea. Teoria honek euskararen ahaidetasunak ulertzeko izugarrizko laguntza eman diezaguke.

Kapanagaren teoria hau serio ikertzeko bi arrazoi daude. Batetik oinarrizko 500 bat hitzen etimologiak bere teoria horren arabera nahiko era koherentean azaltzen dituelako, eta hori asko da oinarrizko hitzei buruz ari garelako, ez gaur egun ditugun ehun milakakoei buruz. Eta, batez ere, hiru iturburuen teoria gauza asko azaltzeko giltza delako, garrantzitsuena, euskararen ahaidetasunena. Dokumentalean gai honi buruz modu barregarrian hitz egin bazen ere, teoria honek euskararen jatorriari buruz gauza asko argitu ditzake. Ikus ditzagun.

Naberanek Bittorrek proposatutako hiru iturburu horiek zeintzuk izan daitezkeen iradoki du: lehenengo eta behin, hizkuntza piriniar-europarra, azken glaziazio aldiko mendebal babesgunean sortu eta Europa mailara hedatu zen substratu zaharrena. Horrek 2. substratu baten ekarpena jasoko zuen: hizkuntza  mediterraniarra, nekazaritza Europako ekialdetik mendebalderantz zabaldu zenean edo lehenago agian. Eta euskararen hirugarren substratua, berriz, bereber eta iberiera hizkuntzen aztarnek osatuko lukete. Bestalde, Kaukasoko aztarna aspaldikoa litzateke, bai euskara piriniarrean baita antzinako bereber hizkuntzan, ekialdetiko emigrazio bera iritsi zelako aldi berean gurera eta ipar Afrikara, nekazaritza sortu baino askoz lehenago.

Gaur egun, eta dokumentala lekuko, euskara beste hizkuntzekiko ahaidetasuna bilatzerakoan euskara osotasun bakar gisa ikusi izan da eta, noski, beste hizkuntzekin terminologiaren %5 baino gutxiago konpartitzen duenez ez dago ahaidetasuna dagoela esaterik. Baina euskararen baitan hiru eremu geografiko zabaleko hitzak ditugula baieztatuko balitz, euskararen %100a alderatu beharrean %33a alderatu beharko genuke eta orduan harremana egon badagoela esan liteke. Gai honek ahaidetasunari buruzko gauza pilo bat argitzeko gakoa da, eta hiru eremu geografiko hauetako bizirik ala hilik dauden beste hizkuntzekin dauden milaka “kointzidentziak” ulertzeko giltza da. Baina zoritxarrez, oraingo Euskal Filologian, dokumentalean bezala, beste alde batera begira daude, Kapanagaren eta bestelako teoria interesgarriak egongo ez balira bezala.

Baina naturaren interpretaziotik edo hiru iturburuen teoriatik kanpo badira gure hizkuntza maite dutenek ezagutu beharreko beste teoria interesgarri batzuk. Adibidez Agosti Xahok gure arbasoak hitz egiten ikasi baino lehen eskuen bidez komunikatzen zirela eta euskaran horren aztarna asko daudela proposatzen du: eskuen bidez egiten ziren “eskain, eske, eskertu”… eta “eskondu” (esku-on-tza), edo kobetan bizi ginen garaiko ate (harrite) edo hegatza esaterako. Beste teorietako bat  Felix Zubiagarena da. Bere ustez, gizakiak bere lehen jakindurian (kosmologia zaharrean) gizadiaz ulertu zuena, hizkuntza ahoskatuan adierazten zuen. Gizakiak lau elementu bizigarri ikusten eta izendatzen zituen gizadian: “uhin, su, aire eta loi” eta jainko izenok hartzen zituen hizkuntza ahoskatuaren hastapen edo arketipotzat. Hor sortu zen protoeuskera.

Espazio mugatua dagoenez beste teoria batzuk aipatu gabe utzi behar izan ditugu baina, gehiago ezagutu nahi izanez gero Euskararen Jatorriak interneten dituen 6 biltzarretako ponentziak ikusgai daude.

Esan beharra dago jatorriari buruz dauden teoria hauek osagarriak izan litezkeela. Alegia, agian, hasierako hitzak gehien bat monosilaboak izango ziren eta hitzaren eta esanahiaren arteko loturaren bat egongo zen. Gero, hitz gehiago sortzeko beharra egongo zenez, oinarrizko erro batzuk erabili izan zituzten, esanahi anitzarekin. Azkenik, hirugarren fase batean, erro horiek ere gutxiegi izan zirenean, beste modutara sortu zituzten hitzak, besteak garatuz edo libreki aldatuz baina jadanik, inolako loturarik gabe hasierako esanahiaren eta hitzaren artean.

“Gorrochategui”rentzat eta Lakarrarentzat “euskara mirariz salbatu zen”. Geografia apur bat gehiago ezagutzea ondo legoke, Europako leku askotan, Suitzan adibidez, Euskal Herria baino menditsuagoak dira eta hor jatorrizko hizkuntzak galdu zituzten

Bukatzeko, dokumentalaren amaieraz hitz egin dezagun. Bertan “Gorrochateguik” eta Lakarrak diotenez euskara “mirariz” salbatu zen erromatar garaian gure orografia menditsuari esker. Aurreiritzi hau, erdigezur handia da. Izan ere, Europako geografia ezagutzen duen edonork jakingo duenez, gure moduko geografia erromatar inperioko leku pilotan zegoen eta horietako askotan euren jatorrizko hizkuntzak galdu zituzten. Gainera, Euskal Herriaren lurralde erdia, gutxienez, nahiko laua da:  Iparraldearen zati handiena, Arabako eta Bizkaiko erdiguneak (Lautada eta Ibaizabal arroa), Nafarroako erdialdea eta Erriberaldea…

Beraz, euskararen iraupenean, geografiak zertxobait lagundu bazuen, ezin da esan, inolaz ere ez, horri esker salbatu zenik. Beste faktore batzuk egongo ziren baina gure ustean, gure arbasoek euskararekiko nolabaiteko atxikimendua izango zuten, bestela, ezin da iraupen hau azaltzea, argi eta garbi gainera. Hobe genuke gure arbasoen ahalegina hobeto baloratzen jakingo bagenu, gaur egun euskara normalizatzeko behar dugun atxikimenduari buruz zerbait ikas genezakeelako, besteak beste.

Amaitzeko, egunen batean dokumental inpartzial bat egingo dela espero dugu, ikuspuntu guztiak erakutsiko dituena eta gure hizkuntzaren jatorriari buruz eztabaida zabaltzeko balioko duena. Dokumental hori Arabako Iruñako ostrakak datatzen direnean egiten bada hobeto, euskararen azken 2.000 urteko historia ezagutuz, gaur egun eztabaida oztopatzen duten hainbat aurreiritzi eta oztopo kenduko direlako.

Euskararen Jatorria Elkartea. 2012.02.18

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Bideoak
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu