SOS Iruña-Veleiaren adierazpena, Arabako Audientziak epaiketaren atea zabaldu duela-eta Iruña-Veleiako auzian
Hemen informazio gehiago: Elexpuru, Berria, Gara, Noticias, EITB
Gauza jakina denez, joan den astean Arabako Herrialde Audientziak argi berdea eman zion Iruña-Veleiako kasuan auzipetuak dauden pertsonen aurkako epaiketari, kereilatuen eskariari, hau da, auzia artxibatzeko eskatzen zuen helegiteari entzungor eginez. Dena dela, autoak baditu oso puntu positiboak ere auzipetuen defentsarako. Artxibatu egiten ditu probisionalki “iruzur larria” eta “ondare desplazamendua” delituak; hau da, ez du irabazi-asmorik ikusten ustezko faltsutzean. Erori egiten da, beraz, akusazioak leporatu nahi dion “mobil” nagusia. Eta orduan, ez baldin bada irabazi-asmorik egon Eliseo Gilen aldetik, zein “mobil” proposa dezakete orain akusatzaileek? Grafologia ere zeharo desagertu da eskenatokitik. Horrela bada, ia soilik ondarearen aurkako kalteen akusazioa geratu da indarrean.
Edonola ere, uste dugu nahikoa arrazoi zegoela auzia artxibatzeko. Izan ere, iruditzen zaigu ez zela inolaz ere heldu behar gauden egoerara, ondoren laburtzen saiatuko garen arrazoiengatik:
1.- Ez dakigu zergatik, baina grafitoak kereila jartzailearen eskuetan (Arabako Foru Aldundia) egon dira urte luze hauetan. 2009ko martxokoa da Lurmeneko kideen aurkako kereila nagusia, eta une horretantxe prezintatu behar ziren grafitoak eta Auzitegian gorde. Ez zen horrela egin. Piezak Bibat-en egon dira urte guzti hauetan, eta ez dakigu noiz prezintatu ziren. Ez behintzat kereila onartu zenean. Zalantza izpirik gabe esan dezakegu, hori ziurtatzen duten hainbat lekukotasun dagoelako, grafologo talde batek piezak aztertu zituela 2009ko bukaeran eta 2010eko hasieran. Ziur asko beste esku askotatik ere pasatu dira pieza horiek. Zera adierazi zuen 2010ko azaroaren 16an Lorena Lopez de Lacalle orduko Kultura Diputatuak: “[las piezas] están en los archivos que tenemos allí [Bibat], hay un protocolo especial para quien vaya a visitarlas, hay que dar el nombre y todo” (Legebiltzarreko akta). Garbi dago ez zeudela prezintatuta.
Beraz, begi-bistakoa da hautsi egin dela eztabaidan dauden piezen zaintza-katea, hobeto esanda, ez dela zaintza-katerik egon. Honek auzia automatikoki artxibatzea ekarriko luke justizia justua egiten den edozein prozesutan.
2.- Nola epaitu daiteke inor faltsutzailetzat frogatu gabe baldin badago faltsutzea egon dela? Egia da badirela kereila jarri duen partearen (AFA) sei txosten hori esaten dutenak, baina hori bezain egia da badirela beste hogei aurkakoa diotenak. Alde bietako txostenak irakurtzera eta bakoitzak bere ondorioak ateratzera gonbidatzen dugu mundu guztia. Guri iruditzen zaigu ez dutela konparaziorik eta faltsutzearen aldeko argudioei buelta eman zaiela guztiz. Oso esanguratsua iruditzen zaigu Batzordeko txostengileek 2009tik publikoan ahorik zabaldu ez izana beren argudioei eusteko edo eta beste aldekoenak ezezteko. Bestalde, burutik ondo dagoen inork sinetsi ote lezake Eliseo Gilek, duen prestakuntza akademikoa izanda, DESCARTES idatzi zuela zeramika batean, jakintsu hori erromatar garaikoa zelakoan?
3.- Une honetan, Arkeometria laborategi espezializatuek soilik erabaki dezakete auzia, gure ustez. Horixe eskatzen egon dira etengabe Lurmen eta auzia argitzearen aldeko taldeak urte hauetan. Badira horrelako etxeak Europako hainbat herrialdetan. SOS Iruña-Veleia harremanetan jarri zen horietako batekin (British Geological Survey, izen handiko erakundea) eta handik laster jaso zuen harengandik analisi proiektua, itxura batera berme osoa eskaintzen zuena eta ez batere garestia. Ez dakigu zergatik, baina Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Epaitegiak uko egin zioten proposamenari.
4.- Lurmenek ez zuen etsi bere ahaleginean, eta hori ikusita epaitegiak, huts egindako saiakera batzuen ondoren (Guardia Zibila, Ertzaintza), IPCEri (Instituto del Patrimonio Cultural de España, Kultura Ministerioaren laborategia) eskatu zion analisiak egitea. Erakunde honek, aurrez adostutako egitasmoa alboratuz, ez zituen ikertu nahi izan hezurrean eta adreiluan egindako grafitoak —errazenak eta fidagarrienak datatzeko orduan— eta zeramikan egindakoak soilik aztertu zituen. Erakunde honen txostena, Análisis de fragmentos cerámicos con grafitos del yacimiento arqueológico romano de Iruña-Veleia (2013), José V. Navarro Gascón-ek egina, da akusazioak eskura duen “faltsutasun froga” bakarra. Esan beharra dago pertsona batek bakarrik sinatzen duela txostena; gauza harrigarria, enkargua IPCEri egin zitzaiola jakinda, diziplina anitzeko talde bat espero baitzitekeen atzean.
Navarrok dio metal modernoen arrastoak aurkitu dituela piezetan, eta ez gutxi ere, 26 mota ezberdin, horietako zenbait grabatzeko balio ez dutenak (beruna, zinka, latoia, urrea), eta gehienak oso kopuru txikietan. Metal horiek garbiketa eta errestaurazio prozesuan itsatsi ahal izan zaizkie erraz asko piezei, eta baita batzordekideek, grafologoek eta abarrek esku artean erabili dituztenean ere. Gainera ez da ahaztu behar piezak kereila jartzailearen esku egon direla urte hauetan guztietan.
5.-IPCEk berak beste txosten bat aurkeztu zuen 2014an, Informe de examen por imagen izenekoa, Tomás Antelok eta haren laguntzaile batzuek sinatua. Argi ultrabioletan oinarritutako ikerketa fotografikoa da. Txosten honek ez du une batean ere piezak faltsuak direnik ondorioztatzen; egia esan, ez du inolako ondoriorik ateratzen, eta hau oso adierazgarria iruditzen zaigu.
6.- Nolanahi ere, zentzunak diosku zigor-epaitegia ez dela erakunderik aproposena grafito batzuen benetakotasunaz edo faltsutasunaz erabakitzeko, soil-soilik zientifikoa den gai baten aurrean baikaude. Epaitegiak ebatzi beharko du, hala egokitzen bada, auzipetuek deliturik egin zuten ala ez, piezak faltsifikatu zituzten ala ez. Eta burura lehenengo datozkigun galderak: aurkitu al dute ustezko faltsifikazioak egindako lantegia? Grabatzeko tresnak? Paperak, gutunak, mezu elektronikoak, telefono-deiak? Zerbait? EZER ERE EZ, ezta ezer ere. Ezagutzen dugu 700 orrialdetik gorako polizia-txostena eta ziurta dezakegu han ez dagoela Eliseo Gil eta Oskar Escribano balizko faltsifikazio batean nahasten dituen ezer.
7.- Gaia beste fase batean sartu da. Orain Arabako Foru Aldundiak eta Fiskaltzak epe labur bat dute akusazioa formulatzeko, balizko delituak zehaztu eta zigorrak eskatzeko. Fiskaltzak ez du ia ahorik zabaldu orain arte eta ez dakigu zer egingo duen. Ematen du AFAren teilatuan dagoela pilota. Foru erakundeko buruzagiek barrua izango al dute beren zerbitzu juridikoak abian jartzeko, Eliseo Gil eta beste auzipetuen kondena bilatu nahirik? Hainbat kartzela urte eta ehunka milaka euroko isunak eskatzeko, noiz eta ematen duenean eurak ere ez daudela oso konbentzituta grafitoen faltsutasunaz, eta are gutxiago Eliseo Gilen egiletzaz? Doilorkeria ikaragarria izango litzateke, auzipetuek jasan duten bederatzi urteko “aulki-zigorrari” sufrimendu gehiago gaineratuko bailioke. Arazo hau argitu egingo da lehentxeago edo geroxeago, eta Historiak bakoitza bere lekuan jarriko du. Horregatik eta beste gauza askogatik bihotz-bihotzez eskatzen diegu auzi honetan erabakimena duten pertsonei gogoeta sakona egin dezatela atzerapausorik ez duten bideak aukeratu aurretik.
Azkenik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu urte luze hauetan hainbeste sufritu duten Eliseo Gili eta Oskar Escribanori. Gure besarkadarik beroenak biontzat.
Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 18an