Hector Iglesiasek itzuli duen Xahoren liburutik hartuta: Agosti Xaho: Aitor, kantabriar kondaira
Lau gauzak bereizten dute Euskotarra Keltiarrarenganik : hizkuntza, erlisionea, ohiturak eta legeak.
Keltiarrak mintzaira latza hitz egiten du, sortu zen herrialdeko izotz zuria bezalakoa. Bere ezpain izoztuek ez dute aberastu, euskal aditza hainbeste leuntzen duten inflexio ezpainkari horien bitartez. Zeltera marrantatua den herri baten hizkuntza da, zeinean ahoskuntza sudurkariek amaigabe soinu egiten baitute eta xistu zorrotzak entzunarazten, Iparraldeko izaiak intziri eginarazten dituen ipar-haizearen parekoak, hala nola bular hertsatu baten eta eztarri gogortu baten sakontasunetarik ateratu karakak sortarazten, zeinek nekez baizik ez baitiote ahotsari bizitzarik emaiten. Hitzak lauso agertzen dira ; harreman faltsuak edo zalantzagarriak baizik, begiradaren lilurakeriak jaioarazten dituen fantasma hutsak bezalakoak, ez dituzte estalki grisaxkan adierazten, zein arekin zeru hiperborealak, haietaz trufatuz, paisaia malenkoniatsuak estaltzen baititu. Euskal aditzak, aldiz, gorpuzkera zabala eta erraza duten hitzak baizik ez ditu. Haren erranaldi logikoa garatzen da ibai harmoniatsu baten modura, bere ur garbiak bultzatzen dituena, zeinak txandaka isladatzen dituen, iragaitean, zeruko itxurak eta haren urbazterren deskribapen aldakorrak. Haren hasperenketek, haren eztarriko hotsek, haren hizki azkarrek, beti daukate helburutzat izadiaren antzeratzea eta harreman jakintsuen adieraztea. Haren hitz zeharrargitsuetarik bakoitza, pentsamendua biltzen duena, ihintz-tanta prismatikoak bezalakoak dira, zeinak, goizeko egunsentian, lilien kokotsetan agertzekoak baitira.
Euskal arrazako gizona eta emaztekia, lurreko baratzetan sortzailearen eskuak ezarriak izan zirelarik, elkarri maitasunez begiratu zioten ; eta emaztekiak gizonari erran zion : -
Zu zara ene indarra, zu arra, nere bihotzak hautatu duena : Zu ene arra ! Eta geroztik, emaztekiaren gizona Senarra deitua da hizkuntza sakratuan. Gizonak eta emaztekiak elkarri eskua eman zioten, Eskua ; eta bateratze xarmangarri honen zoramenean, erran zuten On, ongi da ! On da ; gozoagorik ez da deus. Eta geroztik ezkontzari, tribuetan, deitzen zaio Ezkuontza ; erran nahi baita egintza zeinaren bidez bi maitale hartzen baitira senar-emaztetzat, eskua elkarri emanez. Ezkondu berriei eztia emaiten zitzaien, Ezti, atsegin hobezinen ikurra ; hortik dator eztei-jaia Ezteia deitu izana. Zein herri egon zen, Euskotarra kenduta, izadiak inspiratuago eta zein herrik jarri zituen bere lehenengo erakundeetan xarma eta soiltasun gehiagorik ?
« Gizonaren esku garailea bost zenbakiaren irudia den marrazki hieroglifiko baten bidez irudikatua izan zen : V ; esku ideki bat delineatzeko balio duena ere. Alta bada zenbaki harmoniko horrek soinuaren ezaugarriak oro dauzka, inarrosten diren gorputz guzietan bostarteko bitartean behin dar-dar egiten duena. Eta bosta, beraz, soinua edo ahotsa deitua izan zen, Boz : hortik dator Bozkario hitza, kantatzen duen gizonaren alegrantzia adierazten duena, haragitze ororen alaitasuna, zeinaren zoriona aditz ozenak adierazten duen. Bateratu bi eskuren hieroglifoa, X, gizonaren hamar erhiena, hamar zenbakiaren zifra bilakatu zen, Egiptoko jarraitzaileek Mariage deitzen dutena, eta gutartean Hamar, erran nahi baita arra eta emea, zenbakien belaunaldiaren sortzaile gisa, batuketa hamartarren bidez. Bi esku kurutzatuk maitasuna eta adiskidetasuna adierazten dituzte. Horra zergatik euskal nazioaren tribu bakoitzak agertarazten duen bere esku zizelkatua zutoihal nazionalaren gainean, aliantza eta federakuntza zeinu.
Labarum horren gainean ikurritz bat idatzia da ; euskotar eskuek (X) bat baizik ez dagitela aldarrikatzen du, Bat. Batasunaren izen horrek, Bat, Batkia hitza sortarazi du, ideia beraren bidez bakea definitzen duena ; ordena ona, lege perfektua, konkordia gozoa eta armonia soziala interesen, sendimenduen, iritzien, pentsamenduen eta borondateen gogaidetasun perfektuenetik sortzen direla hobeki entzunarazteko, egiazko zibilizazioaren batasunean ; unibertsoan Jainkoak ezarri betiereko ordenaren irudi ahula.
« Horrela, gizonak izadi basatiari gaina hartu izanak eta nere herri primitiboaren arrazoinezko izenak, mintzoaren fenomenoek, keinuaren zientziak, maitasunak, ezkontzak, izaki bizidunen eta ideien belaunaldiek, armonia musikalaren legeek, zenbaki matematikoenek, beren kontsakrazioa keinu genesiko berean ukan zuten, zeina eskua baita, handitasun eta ospagarritasun ikur. Zein beste herrik jakin zuen lurrean, erearekin pareka daitezkeen herrien artean, zuzentasun, sakontasun eta goraipatze gehiagorik ezartzen bere mintzairan eta bere ikusmoldeetan ? .
Une horretan, koblakari inspiratuaren begiek magiazko su batez distiratzen zuten ; ezkerreko eskua lurrari begira jarria zen, eskuineko eskuak zerua erakusten zuen. Entzuleria guziarenganik ateratzen zen onespen zurrumurru bat izan zen. Lara denbora une batez mintzatzetik gelditu zen ; bazirudien goaitatzen zuela hodei batek, airetan flotatzen zirenetarik bat, ilargi-diskoa estal zezan, eta haren itzal beltza mendien gainera jaurti zezan, Iparralde iluneko herriaren eta Hegoaldeko herri zibilizatuaren arteko paraleloa jarraitzeko.