• Astelehena, Ekaina 04th, 2018

Euskal hedabideak izateko hainbeste borrokatu eta gure diruarekin gure aurka diharduen hedabideak lortu ditugu, ETB2 ezin nabarmenago. Hor Euskalduntze berantiarraren gaia gauza txiki bat baino ez da:

Gu espainolak gara, Euskal Herrikoak (Estitxu Garai, Argia aldizkarian)

Gure kostaldeko harkaitzek ondo dakite zer gertatzen den urak behin eta berriz bisita egiten dizunean. Zenbait olatuk izan dezaketen eragina imajinatzea ez da zaila, handiak eta zaratatsuak baitira. Beste asko, ordea, txikiak, ia ezkutukoak izanagatik, higadura askoz handiagoa sor dezakete fereka leunen errepikapenen poderioz. Gauza bera gertatzen da asimilazio kulturalarekin. Ageriko inposizio bortitzak sumatzea erraza da, baita behin igarrita aurre egiteko txerto efektua aktibatzea ere. Alta, zer gertatzen da olatu txikiak nola, pixkanaka, sotilki, behin eta berriz aurrean pausatzen dizkiguten objektu edo balio kulturalekin? Bada, ezari-ezarian gure egiten ditugula.

Zeri buruz ari naizen erakusteko bereziki kezkatzen nauen adibide bat jarriko dut. Komunikabideek imajinario kolektiboaren eraketan duten garrantzia ezaguna da. Haiek irudikatzen dute garena. Espainiako komunikabideen etengabeko bonbardaketa kulturala gutxi ez, eta gure telebistaren, euskal telebistaren, bigarren kateak, ETB2k, haien eredu eta edukiak kopiatu eta bere horretan eskaintzen dizkigu.

Goizean Teleberrian: emakume bat erail dute Murtzian, ume bat Almerian, Madrilgo Komunitateko presidenteak curriculuma faltsutu du, uholdeak Cadizen… Riki-raka. Horraino “gure” lurraldearen mugak.

Bazkal aurretik galdera-erantzun formatuko entretenimendu saioa. Galdera-erantzunak: Chiquito de la Calzada, Rocio Jurado, Marta Sanchez, Belen Esteban, Kiko Rivera edo Julio Jose Iglesias, Eurovisionen Espainia nork ordezkatu zuen 1992an, Real Madrileko futbolari ohia, jarraitu Jose Luis Peralesen abesti honen letra, Farmacia de Guardia, Aida, Manos a la obra, El Chavo del 8… Riki-raka. Riki-raka. Riki-raka.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Komunikazioa
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu