• Osteguna, Uztaila 19th, 2018

Kapanagak, “Euskaldunon ikuskera” izeneko lanean, zera proposatu zuen:

- Antzina euskaldunok ilargi egutegiaren arabera ibiltzen ginen: urtean 13 hilabete eta egun bat. Hilabete bakoitza ilargi ibilaldi osoa da eta aste bakoitza ilargiaren aldi bat.

- Asteak hiru zati zituen:
. hasiera (“aste” hitzak hori esan nahi du: as-te, hasierako fasea): astelehena, asteartea eta asteazkena
. erdikoa: eguaztena, eguena, barikua. Hiru egun hauek argiarekin (=egu) zerikusia zuten, hau da, zeruarekin. Hiru egun hauek mugituta daude gaur egun, eguaztena osteguna, eguena ostirala eta barikua zapatua zirelako. Beste euskalkietan berdin: osteguna lehen ostirala izango zen: ortzearen eguna (zeruaren eguna). Tradizio askotan astearen 2. aldi honen garrantzia ikusten da: ildakoen omenez ostiraletan kandela bat ipintzea, etab.
. amaiera: larunbata (laren-laurden bat) aste batetik bestera pasatzeko eguna zen, oraingo igandea (igaro).

Hemen atal osoa:

1.- Asteko egunak

Euskaldunen sineskera zaharrean, arau zaharrean ageri zaigun elementurik indartsuena EGU dugu. Izen honen eragina, bai sartaldean eta bai sortaldean, ikaragarria da: Eguberri, Egugain (Ekain), Egugaitz (Ekaitz), Eguargi, Egualdi… Eguaste(n), Eguen, Egubako(x)…

Izen hauek guztiok eta beste pila batek ere Egu dute oinarri eta sortarazle. Eta zer dugu EGU? Zer esan nahi du? Izen honen esanahia “ARGIA” da. Beraz, aintzinako euskaldunek ARGIA izan bide zuten indar sortzailetzat, nolabaiteko jainkotzat.

Eta egun izenen arloan jarraituz (egun berau ere baztertu bage) ikusi dezagun zer dugun:

EGUASTE(n)             EGUEN                      EGUBAKO(x)

(“) bariku

Hiru izen hauen arteko lotura benetan sendoa da: erdikoa da nagusi, EGUEN, eta esanahia noren eguna da. Egu-en-a. Mendebaldean ez da esaten “Josu-r-en etxea”, “Josun etxea” baizik. Edo eta “Manuelen ama”.

Lehena, Eguasten, amaierako n hori geroago itsatsitakoa duela dirudi, beste kasu askotan gertatzen dan bezela. Eta izenaren bigarren zatia, aste, “comienzo” zentzuduna dugu; beraz EGUren omenezko aldiaren hasiera adierazten ote duen pentsatzekoa da. Baina geroago jardun beharko dugu aste hitz horri buruz ea zerbait argitzen dugun.

Eta hirugarrena ere oso interesgarria dugu. Eskualde batzuetan Egubakox eta beste batzuetan Bariku, guztiok sartaldean. Bako eta barik, (bageko eta bagerik) hitz ukatzaileak ditugu, zerbaiten eza adierazten digutenak, eta egun honek oraintxe arte iraunerazi duen zentzuarekin (hilen eguna) lotzen badugu, ulerbide bat aurkituko dugu.

–Eta zer dira astelehena, asteartea, eta asteazkena?

Garrantzi oso handikoa dugu izen hoiek sorterazten diguten arazoa. Izan ere, lehena, artea eta azkena, osotasun baten adierazleak ditugu, eta hiru hitz hoien eragina hartzen duena aste hitza dugunez, ondorioa da astearen hasiera, erdigunea eta amaiera adierazten dizkigutela. Beraz, hiru egundun aste bat.

Eta horretatik sortu izan da aintzinako euskaldunak hiru eguneko aste bat zutelako ustea, oso hedatua eta, aitortu beharrekoa dugunez, arrazoizko erroak dituena. Barandiaranek ere uste horixe zuen, eta behin arazo honetaz ari ginelarik, nire adierazpenak adi-adi entzun ondoren, baietza eman zidan, elementu asko nituela esanez.

Izan ere, aste hitzaren esanahiak gaurko euskeran bi ditugu: “comienzo” eta “semana”. Lehenak dirudi errokoena, baina bigarrena ere ondo sustraitua dugu. Arazoa da ea zenbateraino lotzen dituen bi zentzuak gaur ere aste hitzak “semana” esan nahi duenean. As-te = “período de comienzo” etimologiaren arauz.

–Beraz, astelehen, astearte, asteazken; eta eguasten, eguen, egubakox, bi hirukote baditugu.

Bai, horrela da. Bi hirukotetan sei egun ditugu. Ez dirudi hasierakoak besteak baino zaharragoak izan daitezkeenik. Egu-en dugu guztietan garrantzitsuena, sineskera baten oinarri eta ardatz dugularik. Beraz, zahartasunik izatekotan, honek izango luke. Hala ere, ezin daiteke baztertu hasierako nukleo bat izan zitekeenaren ustea.

Kontuan izan behar dugu, oraintsu arte behintzat, baserrietako euskaldunek ondo bereizten dituztela astea eta astebetea, lehenak lan egunak hartzen dituelarik eta bigarrenak zazpi egunak. Eta horretatik sortuak ditugu hainbat ohitura eta esaldi: “Astean lan eta barau, domekan jai eta mozkor”; “Astean taloa eta gaztainak, domekan okela eta ardaua”. Izan ere, baserrietan aspaldietako ohitura izan da igande eta jaietan okela, haragia jatea, beste egunetan ez bezela. Honek, aintzinako sineskeran eta ohituretan duela oinarria dirudi. Edonola ere, nik gaztetan ezagutu nuen euskal munduan asteak sei egun izaten zituen eta astebeteak zazpi.

Orain aztertu dezagun euskal kulturan zazpigarren eguna izan bide genuen egun izena: Laurenbat. Oraingo larunbat honen forma zaharra, Mitxelenak esaten zuenez, laurenbat zan. Eta berak gaineratzen zuen ez zuela inolako zentzurik, ez baitzen ezeren lauren (laurdena) eta ez laugarrena ere, nondiknahi begiratuz. Baina niretzat zentzu harrigarria du, aintzinako euskal mundua aztertzeko beharrezkoa dan zuhurtasunez begiratuz.

Guztiok onartzen dugu hile eta ilargi alkarri lotuak diren hitzak ditugula. Nire ustez, ez hitzak bakarrik, hor lotura sakonagoak ere badirela uste dut. Hilaren irautea ilargiaren birak zuen irautean oinarritua izan zitekeela: hogeta zortzi egun. Beraz, asteka banatua izatean, lau aste izango zituen hilabeteak, eta hamairu hilabete eta egun bat urteak.

Eta hilabeteak lau aste izanez, aste bakotxa hilaren laurena izan behar. Eta hortik, lauren bakotxa egiten zuen eguna, zazpigarrena, laurenbat eguna. Argiago ezta goiz garbiko eguzkia ere.

–Beraz, zazpikoa dugu: astelehen, astearte, asteazken, eguasten, eguen, egubakox eta laurenbat.

Bai, horrela ba. Baina gaur egun erabiliak ditugun egun izenek agertzen dizkiguten aldakizunak ulertzeko, bi bide erabili beharko ditugu azterketan: bata euskal mundu barrukoa eta bestea kanpotiko eraginena.

Euskal mundu barrukoari dagokionez, argiro ageri zaigu arazoa: lurralde batean, jainkoa izendatzeko, Egu ordez beste izen bat zutela: Urtzi/Ortzi. Eta honetatik sortuak ditugula ortzi-egun (Ortzegun, ostegun) eta ortzi-al (Ostiral). Al honek ere, Egubakox hitzeko bako-k bezela, eza, getasuna adierazten digu. Eta bi alderdietan, egun berean gertatzen da ukatze hau. Beraz, argi dugu izenarena bakarrik dugula ezberdintasuna, kultura eta herri filosofia bereko bi lurraldetan gertaturiko ezberdintasuna dugula.

Ortzi-al hitzaren al osagarri hau ukatzailea dugula esatea norbaitsuri gogorregia egiten bazaie, hona hemen argigarri bat, aintzinakoa hau ere, aztergai dugun hitza bezela. Argirik eza (erderazko “sombra”) oinarrizko euskeran honela erabilten dugu gaurdaino: sartaldean geiz (geriz, keiz, keriz) eta sortaldean itzal. Batean ge-iz, bestean iz-al. Argiro ikusten da bietan iz dugula argia, eta ukatzaileak ditugula ezberdinak. Batean ge eta bestean al. Egun izenetan gertatzen dan gauza bera lurraldeei dagokienez ere.

Ortzitiko hauen multzoan ez zaigu ageri eguasten izenaren parekorik. Izango zan besteren bat, baina ez da erraza gaur antzematea. “Aurregun” edo holakoren bat izan zitekeen.

–Eta zer diozu kanpoko eraginei buruz?

Arlo horretan arazo gogorragoak ageri zaizkigu. Jakinekoa da kultura bakotxak ahalak eta bi egiten dituela besteak berera makurrerazteko, eta txikienak, ahulenak edo menperatuak beti galdu beharra izaten duela. Ulertzen ez duenak zabaldu bitza begiak gaur eta hemen.

Alde batetik, erromarren eragina ere ageri zaigu, kristau aroaren aurretikoa. Mendebaldean, sartaldean ageri zaigu hau, eta astearte izenaren ordez beraiena ezarri ziguten: martizena (martitzena). Beraien gerra jainkoa Martiz zuten eta horixe dugu Martizena (martiz-en-a).

Beste izen batzuk ere baditugu erromarren eraginezkoak sartaldean: Marti, Epailaren ordez (Marzo), Semendi, Hazilaren ordez (Noviembre; Semendi (Sementer), hazia ereiteko hila. Eta gehiago izan daitezke.

Eta beste alde batetik, kristianismoaren eragina, benetan izugarria eta eragin bortitza. Jakinekoa da kristianismoak hedatu zuen ezaugarri berezienetakoa izan zala zazpigarren eguna jai egitea. Judutarren Sabath egunaren ondoriozkoa, baina berau ere baztertu edo atzeratu zuena. Kristianismoak asmaturiko Domenica (Jaunaren eguna) bazter guztietara barreiatu zuten, eta hemen sartaldean Domeka kontrazioa geratu zitzaigun.

Baina kristianismoaren eragina egun-izenetan baino gogorragoa izan zan astearen erakerari dagokionean. Euskal kulturako erakeran bostgarren eguna zan jai nagusia (egu-en, Ortzi-egun); argiro ageri zaigu hori eta ukaezina zaigu. Gauza berdina gertatzen zan Erroman eta Mediterraneoko beste kultura batzuetan (Júpiter Jovis Erroman).

Baina kristianismoak bere ikurtzat hartu zuen zazpigarrena jai egite hori, juduen erakeratik hartuz seguruenik, eta beste guztiak kenerazi zituen. Eta honek benetako aldaketa eragin zuen euskal kulturako erakeran.

–Eta zertan nabaritzen da aldaketa hori?

Begira, egun izen bereiziz aparte, badire aurregun, biharamun, izen funtzionalak esango genituzkeenak, etab. Mundu oso bat eratzen da horren inguruan, eta mundu horixe da aldaketak suntsitu zuena. Hala ere, zuhur ibiliz, berriz osatu dezakegu suntsitutako erakera hori, gaur eta hemen.

Hara hemen erakera zaharra:

Astelehen        Astearte                      Asteazken

(Martizen)

Astegun          Astegun                      Astegun          (izen funtzionalak)

Eguaste(n)      EGUEN          Egubakox-Bariku

?                  Ortzegun         Ortziral

Neskenegun   Jaiegun           Hilenegun       (izen funtzionalak)

Laurenbat

Izen funtzionala…       Igante egun

Hemen ageri zaizkigun izen guztiak bizirik ditugu oraino eta hau oso harrigarria da, mirakulu bat esateko modukoa. Bizirik baina lekuz aldaturik, zentzuz murrizturik eta sakabanaturik, baina hala ere bizirik. Ez da gutxi, kultura zahar baten aztarnak baititugu.

Hau guztia ondo ulertzeko, gogoan izan behar dugu sineskera baten inguruan atondutako erakera bat dugula, beste batzuk beste erlijio batzuen inguru egindako erakerak ditugun bezelaxe. Erakera zahar horretan EGU dugu oinarri eta ardatz. Ortzi ere hortxe dugu, baina askoz indar gutxiagorekin. Baina biok ditugu euskal kulturako sinboloak.

Eguen (Ortzegun) dugu jai eguna. Eta jai hitzak euskaldunentzat beti esan nahi izan du lanik bageko eguna. Gaur ere zentzu horixe du indartsuen: “eskolan jai”, “lantegian jai” eta horrelakoak erabilten ditugu. “Festejo” esateko jai hitza erabiltea nahiko modernoa dugu. Lehen, besta, festa edo ospakizunaren izena erabilia izaten zan zuzenean. “Jai eguna” esaldiaren erderazko berdina izango genuke “día libre” esaldia. Ez ahaztu euskeran badugula beste aditz bat jai hitzetik sortua: jarain (jarai, jarei) eta beronen zentzua “liberar” dugula.

Beraz, baditugu hiru astegun eta jaiegun bat Beste hirurak, funtsean astegun izango ziren arren, badute bakotxak bere izen funtzionala. Bata aurreguna, Eguastena; nik txikitan sartaldean entzuten nuen neskeneguna zala, baina inoiz ez horren zergaitikorik. Egun horretan otoitzak amabirjinari buruzkoak izan behar zutela ere bai. Gaur egun izen hori, neskeneguna, Zuberoan ageri zaigu asteko seigarren eguna adierazteko. Eta hau oso interesgarria zaigu. Laster ikusiko dugu.

Beste bat, jaiegunaren biharamuna (Egubakox, Bariku, Ostiral) hileneguna zan, eta hori oraintsu arte indartsu eta bizi-bizirik izan dugu gure artean. Orain ditugu gainbeheran eta aienatzeko arriskuan gure kultura zaharreko aztarna guztiok, baina orain dala berrogeta hamar urte barikuz ez zan inor ezkonduko, ez oilo lokari arrautzarik ezarriko, ez erleari eztirik aterako, ez ardirik larrez aldatuko, ez bizikide berririk etxean hartuko (baserrietan behintzat) Bizkai-Araba aldeko herririk gehienetan.

Gure amonak hildakoentzako argi bat izioturik (pizturik) ezarten zuen baserriko sukaldearen erdian bariku gauetan. Eta umeen galderei erantzuteko honako hau esaten omen zien: “gure familiako hildako guztiak argi honen inguruan batuko dire eta batzarra ingo dute”. Egun hau hildakoentzat izaten zalakoan ez dago zalantzarik. Euskal kulturako ezaugarririk indartsuenetakoa dugu jai biharamunak hildakoak gogoratzeko izatea. Gaur egun ere herri askotan, elizan behintzat, ohitura horrek irauten du, eta festetan Santuaren egun biharamunean hilen eguna ospatzen da. Aurten ere irakurri dut jai programetan (bat baino gehiagotan) horren berri.

Beraz, kristianismoak jaieguna asteko bostgarrenetik zazpigarrenera aldatu zuenean, aurreguna eta biharamuna ere aldaerazi zituen: bata laugarrenetik seigarrenera eta bestea hurrengo astelehenera. Honek adierazten du Zuberoan seigarrena Neskeneguna izatea orain, eta Bizkaiko Uribe eskualdean astelehenari Ilena izena ezartea gaurdaino (orain zeharo galtzen doala dirudi).

Neskenegun izenari dagokionez eta zein sorburu izan dezakeenez, honako hau dugu susmabide bat: jaiegunaren aurreguna izanik, jairako gertakizunak egiten izango zala zereginik nabarmenena, eta horretan neskak izango zirenez aritzailerik onenak, ba, egunaren izena horretan oinarritzea.

Eta azkenerako geratzen zaiguna Larunbata dugu, asteko zazpigarren eguna izango zana. Eta honek izango zuen izen funtzionala “igante egun” izango zan (Mitxelenak esaten zuenez, igante zan forma zaharra eta igande geroagokoa). Eta “igante egun” horrek badu bere zentzua: “día de paso”. Beraz, ospakizun egunetatik astegunetarako “igantea” egitea izango zan egun honen ezaugarrietako bat, hilearen laurdena betetzeaz gain.

–Beraz, argi dago sartaldean Astelehen, Martitzen, Eguasten, Eguen, Egubakox edo Bariku, Laurenbat eta Domeka. Asteazken galdurik eta gero Laurenbat Zapatu bihurturik.

Bai, horrelaxe da.

–Eta sortaldean Astelehen, Astearte, Asteazken, Ortzegun, Ortziral, eta lgande (edo Jai). Ez zaigu geratu Eguasten-en parekorik.

Hala ere adur ona izan dugu hemen aipaturiko izen guztiok gaurdaino bizirik irautean. Orain honako berrosaketa bat egin ahal izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztul bat. Arlo honi buruzko beste saio polit bat gehitzeko gaia ere badugu, baina gaurkoz aski jorratu dugulakoan, beste baterako utziko dugu.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkin bat

  1. dissertation health safety construction…

    Euskeraren jatorria » Blog Archive » Bittor Kapanaga: euskaldunon astea…

    UN:F [1.8.8_1072]
    Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Iruzkina gehitu