Onintza Irureta
Berreskura ote daiteke hika feminismotik?
(…)
Zergatik toka noka baino erabiliago?
Argi geratu zen genero rolek eragina izan dutela tokaren biziraupenean eta nokaren galeran. Besteak beste Antzuolan, Arratia bailaran eta Azpeitian egindako ikerketa lanen emaitzek arrazoi oso antzekoak biltzen dituzte. Nokak halako etiketak izan ditu (gaur egun ia erabat eroriak): zakarra, zatarra, baserrikoa, mari mutilena, bortitza, gizon plantak egitekoa, harrotutakoan erabiltzekoa, baita bekatua ere. Tokak ere motxilan eraman ditu horietako etiketa batzuk, baina ez da gauza bera bide zuzenetik emakumea ateratzea edo gizona. Gizonak beti askeago. Zein onura ekar ziezaiokeen emakumeari noka erabiltzeak halako ospea bazuen hizkerak? Moralaren gordetzaile izendatuak, alegia emakumeak, ihes egingo zion noka erabiltzeari. Estatus gutxikotzat ere bazuten hika, eta ohiko jarrera izan da hizkuntza gutxituetako emakumeek botere gabeziari aurre egiteko bigarren mailako hizkuntza alboratu eta hizkuntza menderatzaileari heltzea. Euskara alboratu eta gaztelaniari eutsi, edo noka baztertu eta zuka erabili. Bestalde, tokak eremu publikoa izan du eskura, gizona plazan ibili baita toka hitzetik hortzera. Aldiz, emakumeak eremu pribatura mugatuak izan dira, eta noka ere bai ondorioz.
(…)
Juan Martin Elexpuru
Gure gurasoen belaunaldikoek, hau da, duela ehun bat urte jaiotakoek, hika egiten zuten gehientsuek Euskal Herri zabalean. Gizon zein emakume, ez zegoen alde handirik horretan. Antzinatik datorkigun berbeta moduari eusten zitzaion etenik gabe.
Hitanoaren gaurko egoera ezagutzen dugu: adin handikoek hortxe-hortxe eusten diote zonalde euskaldunetan, belaunaldi gazteagoek oso galdua dute, eta ondo samar eusten zaion lekuetan ere aditz-forma traketsak nagusitu dira (hiper-hiketa) gazteenen artean; eta gizonezkoek gizonezkoena ikasi dute bakarrik, emakumeei ere berdin hitz egiten zaie. Emakumeek, berriz, gutxik dakite hika.
Hikaren galeraren arrazoi nagusia euskara beraren galera izan da zalantza barik. Zukari ere hozta-hozta eutsi zaio desagerpen arriskuan egon den aro luzean. Baina ez da hori izan arrazoi bakarra. Hona hemen ahotsak.com-eko artxibotik jasotako esaldi batzuk: «Hika aritzen ginen elkarrekin eta ‘hika ijitoak aritzen zirela!». «Hika itsusi dela esaten ziguten». «Gu hika eta ama atzetik demandan errespeturik ez geneukalako, hika egiten genuelako». Elizgizon eta guraso moralistenak beti saiatu dira hika baztertzen, berbaera horrek konfiantza larregia adierazten zuen nonbait, eta konfiantzak pekaturako bidea errazten.
(…)+-