• Igandea, Urria 14th, 2018

Garikoitz Goikoetxea kazetariaren batuari buruzko artikulua argitaratu du Berriak eta bertan hainbaten iritziak jaso ditu: Koldo Zuatzo (biziki interesgarria), Igone Etxebarria, Joan Mari Torrealdai, Battittu Coyos, Deustuko Unibertsitateko 3 irakasleen iritzia (Amorrortu…), etab:

Gertutasuna. Herrialde eta sektore batzuetan aski hedatua dago euskara batua urrunekoa dela, gertutasunik gabea. Ipar Euskal Herrian ere badute indarra «aitziniritzi, klixe edo estereotipo» horiek, Battittu Coyos euskaltzainaren esanetan. «Adibidez, ‘Espainiatik jiten’ dela, ‘espainolaren kalko txar bat’ dela euskara batua, irakaskuntzan haurrei ‘inposatzen’ zaiela, Iparraldeko euskalkiak ez dituela kontuan hartzen…». Uste faltsuak dira, Coyosek nabarmendu duenez. Datu bat eman du: Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren argitaraldian, 2017koan, 37.900 sarreretatik ia 2.900ek dute Iparraldeko marka. «Beraz, gezurra da: Euskaltzaindiak euskalkiak aztertzen ditu, eta kontuan hartzen».

Baina nabarmena da indarra badutela aurreiritzi horiek. Deustuko Unibertsitatean ikerketa bat egin zuten duela bi urte euskara etxetik kanpo ikasi dutenei buruz: Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak. Besteak beste, euskara batuari buruz zer iritzi duten galdetu zieten euskaldun horiei —ia denek batua ikasi dute, eskolan edo euskaltegian—. «Onartzen dute estandarra jakitea baliagarria dela eta aitortzen diote denon hizkuntza izateko funtzioa», azaldu du egileetako batek, Jone Goirigolzarrik —beste hiru irakasle ere aritu ziren: Esti Amorrortu, Ane Ortega eta Jacqueline Urla—. Euskara batuaren funtzioa ontzat jotzen dute, bai, baina baikorrak ez diren adjektibo ugari bildu dituzte elkarrizketetan: artifiziala, hotza, plastikozkoa, aspergarriaHedatutako ikuspegiak dira, eta ez euskaldun berrien artean soilik.

Zerk sortu du urruntasun hori? Etxebarriak uste du maiz hanka sartu dela euskara batua zer den azaltzean. Adibide bat jarri du, hezkuntzarekin lotua: «Eskolara 2 edo 3 urterekin hasten den ume euskaldunari ezin zaio esan aitita ez dela aitita, aitona baino, eta domeka ez dela domeka, igandea baino. Euskara batua zer ez den eta zer bai, horrek uste dut kalte handia egin duela». Antzera mintzatu da Zuazo ere: «Beti uste izan dut euskara batua egoki egin zela. Gizarteratzea, berriz, ezin okerrago egin da». Ohartarazi du Espainiak eta Frantziak euskararekin duten jokabide berbera hartu dela Euskal Herrian batuarekin eta euskalkiekin: «Batua goitik behera ezartzen eta batuaz besteko hizkerak baztertzen ahalegindu gara, eta agerian daude ondorioak: jende askok euskalkiak gutxietsi eta gaitzetsi egiten ditu». Eredu hobeak badirela azaldu du Zuazok, eta herrialde eskandinabiarrak jarri ditu adibide: «Dialektoak eta estandarra, biak babesten dira. Euskal Herrirako ere hori litzateke bide egokia, baina ez du ematen ikuspegi horrek gure artean jarraitzailerik daukanik».

Transmisioan egon da hutsunea, Torrealdairen esanetan. «Ez dugu erakutsi nola egin norbere euskaratik euskara batura doan bidea, ikusten denez. Ez eskolak eta ez akademiek». Hori baino faktore gehiago badira, hala ere, Torrealdairen ustez: euskara zertarako erabiltzen den. «Euskaraz osoki biziko balitz jendea, etxetik eta kuadrillatik harago, kulturan, komunikabideetan, euskal herrietan zehar… orduan jabetuko lirateke euskara batuaren beharra hil ala bizikoa nola den». Beste jokabide bat ikusten du, baina: «Esan dezagun garbi: jende bat diglosian goxo bizi da, euskara batuari errua emanda: etxeko euskarak harreman hurbileko zenbait funtziotarako balio dio, eta, hortik gorako zereginetarako, hortxe du eskura erdara batua». Utzikeria ere nabari du. «Euskara batua baino natualagoa gertatzen zaie erdara batua».

Finean, oinarrian egoera soziolinguistikoaren ondorioak daude: «Ez garela euskaraz bizi, horrek egiten du huts», Torrealdaik dioenez. Ez da euskararen salbuespena. Goirigolzarrik azaldu du estandarrari buruzko aurreiritzi ezkorrak agertzen direla gutxitutako beste hizkuntza batzuetan ere.

Euskara batuari buruz hedatu den irudi horrek eragin ezkorra duela bat datoz adituak. Zuazo: «Euskara batua artifiziala dela eta era horretako iritziak zabaltzeak sekulako kaltea egiten digu». Bereziki gogoan hartu ditu euskara ikasleak: «Esaten badiegu inork hitz egiten ez duen hizkuntza artifizial bat erabiltzen dutela, aurrera jarraitzeko gogoa kenduko diegu». Deustuko Unibertsitatearen ikerketan badira horrelako zantzuak. Goirigolzarri: «Euskalkian egitea edo ez egitea bada hiztun berriek beren burua benetako hiztuntzat hartzeko faktoreetako bat». Alegia, euskara eskolan edo euskaltegian ikasi duten batzuek uste dutela ez direla «benetako euskaldunak» euskara batua bakarrik dakitelako.

Horrek ba ote du eraginik erabileran? Deustuko Unibertsitatearen ikerketak baietz erakutsi du. Euskara etxetik kanpo ikasi duten gazteei galdetu diete zergatik ez duten euskaraz gehiago egiten. Bi faktore dira pisuzkoenak: ohiturarik ez izatea eta inguru erdalduna izatea; euskaraz aritzeko erraztasunik eza ere bai. Adierazgarria da, halere, euskara batua agertzen dela euskaraz gehiago ez egiteko arrazoi gisa: %30ek adierazi dute batua «bakarrik» dakitelako ez direla euskaraz aritzen.


VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu