Argian Maider Bedaxagarri egindako elkarrizketan gaur egun zuberoeraren egoeraz aipamen batzuk azaldu dira:
“Zuberotar gazteak bi euskararen jabe dira”
Urdiñarbe, 1987. Euskal Filologian lizentziatua; liburuzaina lanbidez.Iragan urrian, Euskaldun bat, bi euskara izenburuko hausnarketa aurkeztu zuen Arantzazun (Oñati), Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrean. Hitzaldiaren lema hauxe izaki: “Zuberera eta batua, zuberotar gazteen ahotan gaur egun”. Bere aburuz, zuberotar azken belaunaldi euskaldunak –demagun, 1987. urteaz geroztik sortutakoak– zuberera eta batuaren arteko lehia bizi du.
Argazkia: Isabelle Mikelestorena
“Zuberera eta batuaren arteko lehia fenomeno linguistiko berria da, baina gazteen gaitasun linguistiko bezala endelegatu behar dugu”. Halaxe ikasi diogu Maider Bedaxagarri.
Zuberera eta batua elkarren ondoan
Ama-aita edo aitañi-amañi dira –oraindik ere– zubereraren transmititzaile naturalak. Transmisio eredu klasikoa egiten dute hein batean, izan ere, badira euskarari nahita uko egin dioten gurasoak, beraz, Bedaxagarrek amañiren errola berebizikotzat jotzen du hainbat familiatan. Halaber, gazteek ikastoletan zuberera ikasten dute, eta helduek, berriz, Gau-eskoletan. Emeki-emeki biak ari dira uztartzen. Konparazione, egundaino eremu arrotza izandako lan munduan toki zabala hartu du euskarak. Era berean, hirugarren sektorean ere, zerbitzuetan, oro har, euskarak prestigioa irabazi du. Paradoxikoki, laborantzan, euskararen alor naturala izanik ere, urtez urte transmisioa gutxituz joan da.
“Zuberotarra orain arteko isolamendu linguistikotik atera da”
Zubereraren toki naturala edo indartsuena aisialdietan dago gaur egun. Tokiko kultura biziari esker zurkaiztua segitzen du jendartean. Kultur agerraldietan berrituz joan da –pastoral eta maskaradetan, konparazione– eta bizirik segitzen du. Aldi berean, toki berria hartu du hedabideetan. Xiberoko Botza da hedabide nagusia, nagusiki zubereraz ari dena. Euskal Irratiak federazio barnean ari denez gero –Lapurdiko Gure Irratia eta Antxeta irratia, eta Baxenabarreko Irulegiko Irratiarekin batera–, saio komunak eskaintzeak euskara eraldatzea ekarri du, eta “Iparraldeko batua” sortzea ahalbidetu du. Hala berean, “Hegoaldeko batua” sartu da etxeetan EITBren bidez. Hartara, azken hogei urteetan zubereraz harago doan euskara ereiten ari da. Ikus-entzunezkoak dira zuberotar hiztunaren transmisioaren laguntzaileak, halarik ere, idatzizkoek –egunkariek eta aldizkariek, Berria eta ARGIA, adibiderako– nekez lortzen dute euskararen normaltasuna finkatzea. Ehun euskaldunetatik bostek baino ez dute euskara batuaz irakurtzen.
(jarraitzen du)