• Ostirala, Urtarrila 18th, 2019

Euskera desagerrarazeko ezarri dizkiguten legeez eta hainbat kontuez askotan idatzi da baina, gehiena erderaz. Hemen laburpen historiko bikaina egin ditu Patxik euskeraz:

Berria

Euskararen gibelatzea

Euskarari hizkuntzakeriaren pozoitik eman izan zaizkion eztenkada mingarrienak inperialismo linguistikoaren botere egituretatik etorri izan zaizkio. Eztenkada horiek etengabeak izan dira historiaren joan-etorrian, baita gaur egun ere.

1234-1239koa da agirietan agertzen den euskararen aurkako hizkuntzakeriari buruzko testigantzarik zaharrena. Sasoi hartan Errioxako Ojacastro herrian, eta baita eskualde osoan ere, euskara zen egunerokoan herritarrek hitz-jario bizian erabiltzen zuten hizkuntza. Baina, Gaztelako merioak, erregearen izenean lurralde hartan epaile lanak egiten zituenak, epaiketetan euskaraz egiteko debekua ezarri zien. Debekuaren aurrean, Ojakastroko alkateak Gaztelako merio nagusia zen on Morial jaunari frogatu zion lurralde hartako herritarrei foru edo lege zaharrak aitortu egiten ziela euskaraz egiteko eskubidea. La «fazanya» de Ojacastro du izena herri usadio zaharrean oinarri zuen epai historiko hark. Euskarak lurralde batean legez aitortutako ofizialtasunaren lehen testigantza dugu Ojacastrokoa.

1349. urtetik hasita, Aragoiko koroaren mendean zegoen Oska hirian argitaratutako udal agindu edo ordenantzetan, herriko azokan pertsonen arteko salerosketetan artekaritza lana egiten zutenei, arabiera, hebraiera eta euskara erabiltzea debekatu zieten eta garai hartako kristautasunaren hizkuntza zen aragoitar erromantzea erabiltzera derrigortu zituzten. Aldi hartan, artekariek, iruzurrik ez gertatzeko, pertsonen arteko salerosketak egiaztatzen zituzten.

Oska hiriko ordenantzetatik, denbora igaro ahala, arabieraren eta hebraieraren debekua kendu bazuten ere, hizkuntza haiek lurralde hartatik desagertu egin zirelako, euskararen debekuak hirurehun urtez iraun zuen, XVII. mendera arte.

1768 eta 1770. urteetan hartutako erabakien bidez, Espainiako Karlos III.a erregeak inperioko eskola guztietan, baita Amerikakoetan ere, gaztelania derrigorrezko ezarri zuen eta gainontzeko hizkuntza guztiak erabiltzea debekatu eta zigortu egin zuen Borboi etxeko errege glotofobo hark.

Frantziako iraultzaren garaian, 1794. urtean, Frantzia osoan hizkuntza bakarra ezartzearen aldeko BarÚre txostena gailendu zen. Jakobino iraultzaileek frantsesa estatu-nazioaren hizkuntza bakar eta nagusi bihurtu nahi zuten garai hartan, Henri Grégoire abade iraultzaileak, 1794ko ekainaren 4an, Frantziako Lehen Errepublika sortu zuen batzar konstituziogilearen aurrean, «Dialektoak suntsitzeko eta Frantziako hizkuntzaren erabilera orokortzeko, behar eta baliabideei buruz» aurkeztu zuen txostenean zioenez, Frantziako biztanleen % 11k besterik ez zuen hitz egiten Napoleonek ere ikasi beharra izan zuen hizkuntza. 28 milioi biztanleetatik 3 milioi baino gutxiagok egiten zuen frantsesez. Frantzia iraultzaile hartako 83 departamentuetatik 15etan bakarrik egiten zen frantsesez. Garai hartako errealismo linguistikotik oso urrun zegoen Frantziaren luze-zabalean iraultzaren agintetik ezarri zuten hizkuntza.

Frantzian ere, iraultza handiaren ondoren, XIX. mendean barrena, hainbat legeren bidez eskolako hizkuntza bakartzat ezarri zuten frantsesa (1833ko Guizot legea, 1850eko Falloux legea, 1882ko Ferry legea…).

1876an, Bigarren Karlistaldiko gerratearen ondoren, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Foruak galdu zirenean, gaztelania ezarri zen hizkuntza bakar. Gerra galtzeak herrigintzarako ahalmena, erabakimena eta ekimena galtzea ekarri zuen eta hortik berebiziko atzerakada etorri zen euskararentzat. Garai hartako Madrilgo El Imparcial egunkariak hauxe argitaratu zuen bere editorialean: «Quitarles los Fueros no es suficiente, ahora tenemos que quitarles la lengua… ».

(jarraitzen du)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Hizkuntz politika  | Etiketak:
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu