Aurreko albiste batean Nafarroako leku askotan egin izan den eta berreskuratzen hasi dugun ohituraren berri eman genuen: “Ur goiena, ur barrena” urte berriari ongi etorria emateko era zaharra… eta berria!
Orain, albiste horretan aipatzen genuen Mikel Burgiren Uxue_blogean, beste gauza oso interesgarria dakar: Nafarroan Erdi Aroan urtea martxoan 25ean hasten zela.
Uxuen Nafarroako Karlos II.aren heriotzaren 6. mendeurrena ospatu zuten 1887an eta egin zuten izkribuan ikusten zenez, urtarrilaren lehenengo gauean hil zen baina, 1336an hil zenez, 601. urteurrena izan behar zen. Orduan Mikel Burgik Vianako Printzean galdetu zuen ea urte batez erratu ziren baina erantzun zioten Karlos II.aren garaian urte hasiera martxoaren 25ean ospatzen zutela.
Gero Mikelek “urte” hitza kontuan hartuta eta elur-elurte, euri-eurite bikoteak ikusita, ur-urte bikotea daukagula dio eta orduan urte ur asko egitearen garaia izango litzatekeela: martxoa. Izan ere mendietako izotzak eta elurrak martxoan urtzen hasten dira, udaberrian, eta horregatik urtearen hasiera logikoagoa litzateke martxoan kokatzea.
Urte hitzaren esanahia beti argi eduki dugu baina oraingo urtarrilean ez zuen zentzu handirik. Mikelen ekarpena oso interesgarria da. Gainera zentzu gehiago dauka: urtearen jaiotza udaberrian izatea, naturan dena sortzen denean eta bor-bor dagoenean, udan garapena, udazkenean zahartzaroa eta amaiera-heriotza neguan. Orain urte hasiera urtaro bat hasita dagoenean ospatzea eta gainera urtaro hori negua izatea, dena uzkurtzen denean, ez du zentzu handirik.