Politikari batek zera esan zuen: “Herri bakoitzak merezi duen gobernua dauka”. Ez zitzaion arrazoirik falta. Hemen zera esango genuke: “Herri bakoitzak merezi dituen komunikabideak dauzka”. Horri buruz luze idatz genezake baina beste esaldi bati buruz arituko gara gaurkoan: “Zure aldeko hedabideek babesten ez bazaituzte, zure arerioenek egur bikoitza emango dizute.”
El Correo Españolek Iruña-Veleia epaiketa epe labur batean izango denez (ala agian uda ostean, oraindik ez dakigu) motorrak berotzen hasi da. Bi orrialdeko artikulu honekin bertsio ofiziala berriz ere gogoratu digu zein den. Horretan, noski, 10 urte hauetan egiazkoaren alde sortu diren ehunka albiste zentsuratu ditu: zer diren datazioak, Harrisen jarrera, alde dauden 20 txostenetik gora, gai hau argitzeko izenpetu dutenak eta udalen mozioak, lau urtez elkarretaratzeak egiten direla, bisita gidatu alternatiboetan 1.000 pertsona pasatu direla, bi nazioarte biltzar eta 100 hitzaldi inguru egin direla … Ezer ez. Zentsura frankista, garai ilunetan bezalakoa. Horrez gain gezurrak: ezker abertzaleak soilik gai hau babesten duela.
Espero dugu egunen batean El Correo Españolek gai honetan izan duen jarrera doilorkeriari buruz argitalpen bat egotea, frankismoan abertzaleei lapurtutako errotatibarekin funtzionatzen zuen egunkari batetik gauza handirik ezin dela espero badakigun arren.
Hemen arazoa “etxeko” hedabideak dira. Berriak nahi izan badu gai hau sei hilabetetan argituko zen. Edo Argiak nahi izan balu. Edo Garak nahi izan balu. Edo Deia-Grupo de Noticiasek nahi izan balu. Edo ETBk nahi izan balu. Hilero mezu argi bat jarri: “Zergatik denek datatzen dituzte piezak eta guk ez?” “Zergatik ez dira katak egiten? “Nola onartu ahal zaio EHUri datatu gabe horrelako txostenak egitea?” “Zergatik ez zegoen arkeometra bat ere ez adituen batzordean?”… kazetari “gutarrek” argi eta garbi jokatu izan balute, Eliseoren eta euskera zaharraren kontrako jazarpen onartezin hau ez zen gertatutako.
Baina etxekoek ez gaituztenez babestu, arerioen prentsak izugarrizko jipoi informatiboa eman digute, El Correo Españolek batez ere.
Altsasu horren adibidea da. Etxeko hedabideek nahiko ondo informatu dutenez, El Correok ezin izan du nahi izango zuen bezala albistea eman. Behartuta egon da benetako informazio zati batzuk ematen, bestela bere perfil frankista nabarmenegi geratuko zelako. Baina Iruña-Veleian ez du horren beharrik izan, etxeko hedabideek biluzik utzi gaituztelako.