• Astelehena, Martxoa 18th, 2019

Elhuyar aldizkariak Sciencen agertutakoa euskeraz eskaini digu. Hedabide askotan ere agertu da albistea: Iberiar penintsulako azken 8.000 urteetako historia genetikoa.

Antonio Arnaiz biologo eta hizkuntzalaria ez dago oso ados lan honekin. Berak dioenez atlantiar aldeko herrietan (Bretaina Handian, Kantaurikoetan gu barne, Portugalen, Kanarietan) K.a.4500 urteetatik jarraipen genetikoa ere ikusten dela eta ez dute aipatu. Azterketa asko agertzen ari direla eta kontraesankorrak direla eta tentu handiz hartu behar direla albiste hauek.

Adibidez El Correok orain urtebete Atapuerkako lan baten berri ematen zigun non esaten zen euskaldunak Asiatik etorriak ginela orain 8.000 urte. Eta azterketa hura oraingoarekin ez dator bat.

Bestetik Marian Martinez de Pancorbok Euskalerrian egindako azterketetan Santimamiñetik hona jarraikortasun genetikoa dagoela dio, hau da, 8.500 urtez. Berak dioenez, kanpoko ekarpen genetikoa %15 ingurukoa baino ez da izan. Barandiaranen lanak ere ildo beretik zihoazen. Bestetik Stephem Openhaimerren lanak inork ez ditu aipatu baina Manrianek esandakoaren ildo beretik badoaz eta jarraikortasuna 15.000 urteetara luzatu du.

Beraz, Marianen eta Stephemen lanak ez letozke bat orain argitaratu denarekin, non esaten den duela 4.500 urte, brontze aroan, gizonezko populazioa erabat aldatu zela Iberiar penintsula osoan, baita Euskalerrian ere. Gure herrian, egonkortze genetikoa brontze garaitik baino ez dagoela dio.

Baina, bestetik, Europako zelta guztiak tokian tokiko biztanle berdinak zirela eta nekazari bihurtu ziren lehenak izan zirela dioen hipotesiarekin bat letorke, alegia, genetikoki ez dela zelten eta iberiarren arteko alde genetikorik ikusten.

Lan genetiko gehiagoren zain egon behar dugula uste dugu, orain artekoekin kontraesan  gehiegi daude eta.

Ikus dezagun albistea:

Science aldizkariak Iberiar penintsulako azken 8.000 urteetako historia genetikoa azaltzen duen lana argitaratu berri du. Hainbat aztarnategitan bildutako 271 iberiarren DNA aztertu dute, eta zehaztu dute zer-nolakoa izan zen urte haietako migrazioek eragindako fluxu genetikoa. Erdialdeko Europatik penintsulara etorritako migrazioen eragina oso handia izan zela argitu dute; ia gizonezkoen populazio osoa ordezkatzerainokoa. Eta agerian jarri dute euskaldunok penintsulako beste populazioekin ditugun desberdintasun genetikoak azken 2.000 urtekoak besterik ez direla.

Geroko Burdin Aroa ere garai interesgarria da, hori baita Iberiar penintsulan hitz egiten ziren hizkuntzen berri dagoen garairik zaharrena. Hizkuntza ez indoeuroparrak hitz egiten ziren Euskal Herriko eremuan (euskararen aurrekaria) eta mediterraneoan (iberoa), eta hizkuntza indoeuroparrak penintsularen erdi eta mendebaldean (hizkuntza zeltikoak). “Eremu horietako indibiduoak aztertu ditugu, argitzeko hizkuntzetan ikusten ziren desberdintasun horiek bat egiten ote zuten arbasotasunarekin”-dio Olaldek. “Oso jatorri desberdineko hizkuntzak hitz egin arren, antzeko arbasotasuna zutela ikusi dugu: Erdialdeko Europatik penintsulara etorritako haiekiko antzekotasun genetiko handia dute”. Burdin Aroa amaitu eta Garai Klasikoan sartutakoan galdu ziren guztiz hizkuntza zeltikoak eta iberoa, erromatarrak iristearekin batera.

Euskal Herrian, ordea, ez zen hizkuntza galdu, ez duela 4.500 urteko Erdialdeko Europako migrazioekin, ez eta erromatarren etorrerarekin, eta Mendebaldeko Europako hizkuntza aurre indoeuropar bakarra da egun. “Ikusi duguna da egungo euskaldunek antza genetiko handia dutela Burdin Aroko populazioekin. Gainerako populazioetan, geroago iritsitako populazioen arrasto genetiko handiak dituzte: erromatarrak, musulmanak… Euskaldunongan, ordea, ez zuten eragin genetikorik izan” –dio Olaldek. “Lehen esaten zen euskaldunak mesolitikoko populazioen jarraipena izan zitezkeela, duela 8.000 urtekoa. Gero neolitikoko jarraipena zirela esan zen. Baina gure datuek erakusten dute duela 4.500 urteko migrazioek gurean ere eragina izan zutela, eta azken 2.000 urteetakoa dela desberdintasun nagusia, Burdin Arotik”, argitu du Olaldek.

Afrikako iparraldeko jatorria duen gizonezkoa aurkitu zuten penintsulako erdialdean, Kobre Arokoa. Arg. Miguel RodrĂ­guez Cifuentes

Iberiarrek milurteko hauetan Afrikako iparraldearekin izandako interakzioa ere aztertu dute ikertzaileek. Izan ere, duela 4.500 urteko afrikar gizoneko baten hezurrak identifikatu dituzte penintsulako erdialdean, musulmanak iritsi baino askoz ere lehenagokoa. “Gure emaitzek erakutsi dute garai hartan jada bazegoela jendearen mugimendua ere, txikia izango bazen ere. Handik ekarritako marfila aurkitu izan da. Gibraltarko Itsasartea zeharkatuta etorri ziren”.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Genetika
Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu