Euskararen aldeko maratoirik ezagunena eta handiena hastear dago, Korrika! Apirilaren 4tik 14ra euskararen herria zeharkatu du eta Librezaleko kideok ere, nola ez, kirol zapatilak jantzi eta beste milaka lagun euskaltzalerekin batera korrika egingo dugu. Horretaz gain, euskal hiztunen laguntza behar duen beste maratoi berri batean ere parte hartuko dugu. Ekimen berri hau apirilaren 9an hasiko da ofizialki, dagoeneko hainbat pertsona laguntzen hasiak badira ere. Maratoi honetan parte hartzeko baina, etxeko txapinak soinean dituzula parte har dezakezu!
Milaka euskaldunen laguntza behar duen auzolan digital honen helburua, euskaldunok modu boluntarioan, datozen hilabeteetan euskarazko ahotsez osatutako 10.000 ordu grabatzea da. Parte hartzeko Interneteko nabigatzaile bat eskura izatea nahikoa da, oso erraza!
Lagundu nahi baduzu, egin ondokoa:
https://voice.mozilla.org/eu ireki nabigatzaile batekin.
“Hitz egin” aukera sakatu.
Irakurri ozen agertzen zaizkizun esaldiak, jarraibideei jarraituz
Dagoeneko egin diren grabaketak balioztatzen ere lagun dezakezu. Horretarako, sakatu “Entzun” eta jarraitu argibideei. Oso erraza da eta ordenagailu batetik zein zure sakelako telefonotik egin dezakezu. Hori bai, leku isil batean grabatzea gomendatzen dizugu, grabaketek kalitate ona izan dezaten.
(jarraitzen du)