Iruña-Veleiako epaiketan entzundakoak entzun ondoren (Anteloren txostena, Museoko langileen eritzia, Albizuren txostena, Navarroren eta Ministerio de Culturako laborategiaren eskarmentu falta…), grafitoak benetakoak direla gero eta argi dago. Aldeko txosten egileez gain beste aditu batzuk ere bat datoz eta parte hartu dute artikulu honetan. Hona hemen aldekotasun txostengileek egindako artikulua:
Gazteleraz: Noticias de Navarra; Naiz; Historia y Arqueología…
Iruña-Veleia auzia, zientzia eta epaia
Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan egindako aurkikuntzei buruz izandako epaiketa eta oraintsu emandako epaia dela eta, gertaeren errealitatea larriki desitxuratzen duten albisteak argitaratu dira komunikabideetan. Mugaz gaindi ere iritsi da errealitatearen desitxuratze hau, zabalkunde handiko bi egunkari britaniarrek, geologo batek “afera guztia adar jotze hutsal bat besterik ez izana” onartu eta bere burua errudun aitortu duela argitaratu dute albiste faltsu batean. Kezkaz ikusten dugu nola zenbait hedabidek ez duten betetzen, dagokien legez, gizarteari egiaren gainean oinarritutako informazioa eskaintzearen betebeharra.
Epaiari dagokionean, azpimarratu egin behar dira, auzipetu nagusiaren aurka, hau da, indusketen zuzendari ohi Eliseo Gilen kontra frogarik ez izatea aitortzen duela, zigorra bere osotasunean zantzu soiletan oinarritua izan delarik, eta baita, Gilek zigorraren aurka helegitea aurkeztu duenez, kasu judizialak konpontzeke jarraitzen duela.
Epaitegi inguruko gertaera hauetaz gain, Iruña-Veleia aferak badu gizartearen gehiengoak ezagutzen ez duen alderdi bat, zientziari dagokiona justuki. Izan ere, hedabide batzuetan “faltsutze baldar” gisan aurkeztu denean, egiaz, eztabaida bizi-bizirik dago aurkikuntzen egiazkotasuna argitu ezin izan duten eta kontrako iritziak sostengatzen dituzten alor desberdinetako adituen artean. Eta eztabaida hau izan badela epaian bertan agerian gelditu da, bertan baieztatzen baita badirela “batzuen eta besteen arteko iritzi kontrajarriak, zeinak arkeologia, hizkuntzalaritza, epigrafia, eta abarretako zientzia esparruetatik baloratu beharko duten” eta “piezak aztertu ahal izan dituzten adituen artean eztabaida badela”. Epaitegiak eztabaida zientifikoa izan badela onartzeak, ezereztu egiten du Arabako Foru Aldundiaren (AFA) Kultura Sailak 2008ko azaroan hedaturiko – eta egiari ezikusi eginez zenbait komunikabidek oraindik haizatzen duten – faltsutasunaren aldeko “erabateko adostasun zientifikoaren” mitoa. Errealitatea berriz bestelakoa da, alor desberdinetako (arkeologia, epigrafia, hizkuntzalaritza, historia, egiptologia) hainbat adituk, txosten, artikulu zientifiko, liburu eta biltzarretan egindako aurkezpenen bidez publikoki azaldu baitituzte Iruña-Veleian egindako aurkikuntzen egiazkotasunari buruzko euren iritzi eta argudioak. Eztabaida honen gainean epai judizialak ez du inolako eraginik. Lehenik, epaitegietako afera oraindik argitzeke dagoelako, eta bigarrenik, zientziaren esparruko gaiek aldizkari, biltzar zientifiko eta antzerako zientzia foroetan argitu behar dutelako, eta ez, inola ere, justizia-auzitegietan. Izan ere, epaia honi buruz ari da, espresuki dioenean, “arkeologia, hizkuntzalaritza, epigrafia, eta abarretako zientziaren esparruei dagokie” dauden iritzi kontrajarriei buruz balorazioak egitea.
Iruña-Veleiako aztarnategian induskatutako 36 piezetan (400 baino gehiago topatu ziren) Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak (Instituto del Patrimonio Cultural de España [IPCE]) eginiko analisiek, grafitoek oraintsu eginak izatearen zantzuak zituztela ondorioztatzera eraman zuten (ondorio horiek bermatzeko beren adina ziurtasun osoz ezagutzen den – antzina egindako, nahiz oraintsuko – kontrolerako grafitoen gaineko inolako analisiren emaitzarik ez da aurkeztu, eta honek ateratako ondorioen egokitasuna zalantza pean uzten du) eta ondorio horiek ditu oinarri epaiak. Ez da gure asmoa, inondik inora ere, aurreko hau ezkutatzea. Analisi hauen ondorioak izan dira aztarnategiko zuzendari ohia, grafitoak “bere kabuz ala hirugarrenen baten bidez” egin izanagatik zigortzera eraman dutenak. Ezin esan gabe utzi halere, akusazioaren eta defentsaren perituek, eta baita IPCEek berak ere, epaitegiaren esku utzitako analisi fisikoei buruzko beste hiru txostenetan ez dela grafitoen faltsutasunik ondorioztatu. Beraz, agerikoa da, azterketa fisikoei dagokienean ere, adituen txosten eta testigantzetan badirela desadostasunak.
Iruña-Veleian aurkitutako piezen adinari buruzko desadostasunik ez dago ordea, nazioartean izen handia duten bi arkeologok balioztatu dituzten datazio estratigrafiko bidez azaldu da beren erromatar garaiko jatorria, eta hau inork ere ez du ezbaian jarri, epaian bertan onartu delarik. Grafitoen adinaren eta datazio estratigrafiko hauen arteko bateraezintasuna adierazten duten azterketa linguistiko, epigrafiko eta fisikoen argudioak zalantzan jarri dituzte grafitoak erromatar garaiarekin bateragarri direla uste duten hainbat adituk. Gu, eztabaida honi irtenbidea emateko bide bakarra zientzia eremutik etorriko denaren ustekoak gara. Uste hau dela eta, AFAri, piezen zaintzaren ardura duen horri, eskatzen diogu: auzibidean ez dauden aleak (auzibidea faltsutzat jotako 36 piezetara mugatzen baita) utz diezazkion zientzia komunitateari eskuragai, berauek dituzten grafitoen antzinatasuna ezagutzeko behar diren azterketak egin, ondorioak atera eta publikatu daitezen; Arabako Arkeologia Museoan garbitu gabe gordeta dauden piezak, prozesua bere osotasunean bideo bidez jasotzen den bitartean garbitzeko eskakizuna ere luzatzen diogu; eta baita, kontrolerako indusketak egitea “ezohiko” grafitoak azaldu zireneko guneen ondoan arkeologia talde independente baten eskutik, modu honetan, antzerako aurkikuntzarik gertatzen den egiaztatzeko.
Iruña-Veleiako grafitoek, erromatar garaikoak balira (inork ez du garai horretakoak ez direnaren behin betiko frogarik ezagutarazi), aitzin-euskararen, latinak erromantzeetara izandako garapenaren, eta hasierako kristautasunaren ezagutza garrantzitsua eskainiko lukete, beraz berauen antzinatasunari dagokion eztabaida argitzeak, hala nola, haien ikerketa zientifikoa egiteak eta publikatzeak geure ondare historiko eta kulturalarentzako berealdiko garrantzia izan lezake.
Sinatzaileak
Antonio Rodríguez Colmenero, Katedratiko Emeritua Antzinako Historian Santiago de Compostelako Unibertsitatean
Edward C. Harris, MBE, PHD, FSA, Bermudetako Museo Nazionalaren Zuzendari Exekutiboa, Sortzaile Emeritua
Xabier Gorrotxategi Nieto, Arkeologian Doktorea
Luis Silgo, Historian Doktorea Arkeologia espezialitatean
Noé Villaverde Vega, Arkeologian Doktorea aipamen europarrez
Mikel Albisu, Geologia Zientzietan Lizentziatua
María Pilar Alonso, Hizkuntza eta Komunikazioan Doktorea
Juan Martín Elexpuru, Euskal Filologian Doktorea
Roslyn Frank, Iowa (AEB) Unibertsitateko Irakasle Emeritua
Ulrike Fritz, Egiptologoa Tübingen-go (Alemania) Eberhard Karls Universität-ean
Alicia Satué, Filologia Klasikoan Lizentziatua
Miguel Thomson, Zientzilari Titularra Ikerketa Erakunde Publikoetan
Koenraad Van den Driessche, Geologian Doktorea, Geokimikan espezializatua
Patxi Zabaleta, abokatua eta idazlea, Euskaltzaindiko kide
Gasteizen, 2020ko abuztuaren 26an