Iruña-Veleiako injustiziari aurre egin diezaiogun!
Atzo ezagutu zen Lurmenek Iruña-Veleiaren epaiari jarritako helegitearen erantzuna, Audientziak emana. Gai hau Estatu arazoa denez, eta estatu espainiarreko beste gai guztietan gertatzen den moduan, oraingoan ere Administrazioari eman diote arrazoia eta herritarren aurka; hau da, ez dituzte kontutan hartu ere egin Lurmenek 2020.ko sententziari eginiko alegazio eta argumentuak, ez bat bakarra ere.
Oraindik bada “justiziaren eskutik” zerbait espero zuenik, gure Herria eta hizkuntza mapatik desagerrarazi beharrez bost mende daramazkin estatu horien «justizia” horren eskutik. Inkisiziotik hona jarraiki inposatzen ari zaigun sistema horretatik (orain bertan, oroit: Altsasuko Gazteak, milaka tortura egin dutenei babesa, epaituta eta zigorra beteta duen kasu bat berriro epaitzea…) hortik gutxi onik espero genezake. «Lehengo lepotik burua» besterik ez dugu ikusten.
Auzi honen laburpena jakin nahi duenarentzat:
a) Ebidentzia fisikoen analisiak nork egin dituen
– Faltsuak direla dioen txosten fisiko-kimiko bakarra Madrileko IPCE-ren laborategiak egin zuen, euskalduntze berantiarra bultzatzen duen erakunde batek. Etxe horrek berak faltsutzat eman zuen ere Mas del Vent Kataluniako Klaustro erromanikoa. Eskerrak han bertako Unibertsitatea erne eta garaiz ibili zela eta «faltsutze» tesiak kontra-argumentatu zituztela zientifikoki. Ondorioz, “faltsutzat” emandako klaustro erromaniko hura gaur erromaniko benetazkotzat hartua da eta Generalitatearen Ondare Babes osoa du. Han eta hemen, badirudi Euskal Herriko eta Kataluniako ondarearen kontra aritu zaigula IPCE.
– Laborategi horrek ez du dataziorik egiten, ez da ezaguna arlo horretan.
–Bere teknikariek ez zuten eskarmenturik lan hauetan, bere lehen aldia zen. IPCEren 4 edo 5 teknikari hasi ziren analisi lan horiek egiten, baina bakar batek –Navarro geologoak- sinatu zuen txostena eta faltsifikazioaren aldeko ondorioak bereak baino ez dira. Zergatik bakar batek, nun zeuden besteak? Orain teknikari bakar horren txostenean oinarritzen da Epailea faltsuak direla sententziatzeko.
b) Erabili duen metodoa
– Navarrok erabili duen ikerketa metodoa ez du inork munduan erabiltzen eta zalantzazkoa da lanaren balio zientifikoa. Erreparatu, ez du erabiltzen “kontrolarako-kontrasterako piezarik” lan horretarako, eta hori zientzian funtsezkoa da.
– 36 pieza faltsuak direla esan du (guztira 400 daude).
-Lurmenen defentsak epaiketan frogatu zuen metal modernoen presentzia ez dela nahitaez grafitoen exekuzio modernoaren froga; ikusarazi zuen 20 metal-aleazio ezberdin baino gehiago ageri direla; frogatuta utzi zuen ezpal mikroskopiko ezberdin horiek, beren tamaina eta forma ikusirik, ezin direla sortuak izan zeramikan grafitiak egiterakoan, baizik garbiketa-tresnetatik etorriak izan zitezkeela, edo kalibragailutik, eta/edo erabilitako beste lanabes edo hontzi metaliko batzuetatik. Aldagai posible horiek ez ziren kontutan hartuak izan, sinesgaitza zientzia egiterakoan.
c) Honelako gaiak argitzeko 4 bide zientifikoak ez dituzte erabili nahi
– Datazioak Europako prestigioko laborategietan egitea, eskarmentu handikoetan
– Kata kontrolatuak egitea, ikusteko ea antzeko grafitorik agertu daitezkeen
– Egindako lan arkeologikoa auditatzea. Edward Harris goiz oso batean Lurmenen lan arkeologikoa aztertzen egon zen eta ondo zegoela esan zuen baina auditoria bat eskatu zuen, datazio eta katekin batera.
– Eztabaida zientifikoa: oraingoz faltsukeriaren aldeko argudio guztiak ezeztatuta daude, egindako 20tik gorako txostenei esker, eta faltsukeriaren aldekoek ez dira gai izan argudio horiei aurre egiteko.
d) Epaitegian ikusi eta entzun genuen gauza askori bizkar eman diote
– Museoko langile kualifikatuek, urte askotako esperientzia dutenak, Epaitegian bertan pieza batzuk erakutsi eta iritzia galdetzerakoan, adierazi zuten haientzat benetakoak zirela aurkezten zitzaizkien piezak.. Hori ez al da Navarrorena bezain garrantzitsua?
– Museoko Teknikariek Iruña-Veleiako aztarnategitik zetozen piezak garbitzen ari zirela, bigarren pieza-kaxa garbitzerako, aparteko grafito bat aurkitu zutela aitortu zuten; eta aurkikuntzaren berri emanik, gehiago ez garbitzeko eta gainerako 18 kutxak garbitu gabe uzteko agindu zitzaien. Epaile aurrean deklaratu zuten hori teknikariek, baina inork ez zuen zirkinik ere egin…
Egiaren bila, borrokan jarraituko dugu. Faltsuak direla onartu-arazi nahi digute, inposatu nahi digute edo, gainerakoan, kartzela zigorraren itzala. Guk betikoa eskatzen dugu, besterik ez: egin ditzaztela datazioak, egiazkoak eta inpartzialak.
Herriaren kontrako eraso honi aurre egiten jarraituko dugu, noski baietz.
Jotake datazioak egin arte!
Lurmen: eutsi goiari!
Iruña-Veleia Martxan!