Aukeratutako etiketa ◊ Aldundia ◊

• Osteguna, Ekaina 28th, 2018

Hondeamakina berriro Iruña-Veleian

Joan den larunbatean, ekainak 23, taldea bildu ginen Iruña-Veleiako aztarnategian IruñaVeleia Argitu plataformak antolaturiko bisita gidatuan parte hartzeko. Harresi zaharrera hurbiltzean, egundoko ezustea hartu genuen zera ikusi genuenean: mendebalerantz jotzen duen bide zaharra, Trespuentesko zubira doana, harrotuta zegoela hegoaldeko ate ingurutik dorre erdizirkularrak dauden lekua baino harantzago.Garbi zegoen hondeamakina bat erabili zutela lanerako, egun horretan hantxe jarraitzen baitzuen, geldirik, hori bai.

Arazoa da makina ez zela mugatu bide horren gainazala kentzera, baizik eta asko sakondu zuela lur azpi arkeologikoak gordetzen duena jakiterik ez dagoen zonalde batean, Gratiniano Nietok 50eko hamarkadan kendutako zakarren azpian. Eta hau oso larria da, batez ere kontuan izanda ziurrenik erromatar garaian harresia era perimetralean inguratzen zuen bidea joango zela handik, hego aldeko atetik abiatuta, oraindik ere agerian dagoen mendebal aldeko aterantz.

Esan beharrik ez, atsekabe ikaragarria hartu genuen lurrean geratzen ziren hondakinak eta hondeamakinak han bertan utzitako zakar-piletan ageri ziren osagaiak ikustean. Izan ere, honek guztiak adieraziko luke erromatar garaiko bide bat kalteturik geratu dela. Hori erakusten du behintzat harresiaren paraleloan luzetara doan egiturak, espaloiak, bidearen iparraldeko espaloia ziurrenik, eta bidearen hegoaldean suma daitekeen haren paraleloak, lau bat metro zabalerako bidea mugatzen dagoenak. Aldi berean, lauzadura zaharraren zenbait hondar antz eman zitekeen lurrean, eta honen “ohe” gisa erabilitako buztinezko geruza ere bai, betelantzat erabilitako harriekin batera, gaineko bi geruzen oinarria, hain zuzen.

Ez dakigu hondeamakina pasatu aurretik bidearen lauzadura leku gehiagotan gordetzen zen ala ez, baina gauza ziurra da hura pasatu ondoren ez dela ia ezer geratzen , eta azpiko betelana makinak harrotu duela. Geratzen ziren hondarrak nahas-mahas ageri ziren lekuan bertan eta inguruko zakar-piletan. Labur esanda, hondeamakinak betiko hondatu du hiri zaharraren egitura arkeologiko inportante bat.Honaino helduta, eta alde batera utzirik esku hartzearen helburua eta beharrizana, (pentsatzen dugu Iruña-Veleiako oppidumaren hegoalde atea finkatzea eta balioan jartzea proiektuaren barruan egingo zela, hori dio behintzat kartelak. Ezagutu nahiko genuke proiektu hori, diru publikoaz ordaindua da-eta) tinko salatu nahi dugu gertakizun hau, eta azalpenak eta erantzukizunak eskatu dagokionari. Nola liteke administrazio publikoak programatzea eta baimentzea hondeamakina baten erabilera hain leku sentiberan, harresiaren ondoan hain zuzen, jakinik oso litekeena zela bide egitura bat agertzea, gertatu den bezala. Iruña-Veleiako lur azpia ukitu gabe dago sakonera txikian, eta ezin da onartu esku-hartzeak, batez ere atontze lanak, paradoxikoki, lurpeak gaur arte gordetako Ondarearen bizkar egitea. Ardura falta ikaragarria iruditzen zaigu.

Azkenik, gogoratu nahi dugu Iruña-Veleia Argitu gure plataformak lehenago ere salatu dituela antzeko jarduera txarrak, jabeturik zer nolako ondorioak dakartzan honek guztiak mundu mailako ondaretzat daukaguna kontserbatzeko orduan.

Iruña-Veleia Argitu. 2018.06.27

Hondeamakinak suntsitutako bidea


VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Ekaina 17th, 2016

Euskeraren Jatorriak ondorengo eskaera luzatu die Arabako alderdi politikoei. Erantzunak jasotzekotan hemen jarriko ditugu:

b) Arabako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari honakoa eskatzea:

1. Kereila erretira dezala eskatzea, Epaitegia ez delako gai izan zientifikoki gai hau argitzeko 7 urte hauetan datazio, kata edo auditorien bidez eta zaintza katea apurtu delako.

2. Bi alderdiek (Aldundia eta Lurmenek) Epaitegian adostu zuten baina orain arte egin ez diren hiru datazioak egitea: hezurrak, adreiluak eta zeramikak eskarmentu gehien dauzkaten hiru laborategi desberdinetan.

3. Hamar kata kontrolatu egiten ditzatela eskatzea, ostrakak agertu ziren lekuetan. Horietan EHU eta Lurmen begirale gisa egongo lirateke eta hirugarren batek egingo lituzke.

4. Gaia argitu arte EHUko Arkeologia Saila indusketako lanetan ez jarraitzea eskatzea, egin dituen bi suntsiketengatik eta zazpi urte hauetan ia zer ez aurkezteak susmo txarrak eragin dituelako

5. Lurmenek zein EHUko Arkeologia Sailak egindako lan arkeologikoak auditatu daitezen eskatzea.

6. Grafitoak publikoki erakustea, nola dauden ikusteko.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Osteguna, Ekaina 16th, 2016

Zertarako horren interes nabarmena Iruña-Veleiako idazkunak faltsuak izan daitezen?

Nahiz eta Iruña-Veleiako aparteko aurkikuntzak faltsuak direla frogatzeko saiakera asko egin, akusazioak ezin ditu frogak bildu eta luzapena eskatu du.

Aurkikuntzak benetakoak izan daitezkeela frogatzen saiatu beharrean, aparteko herentzia bat jaso duen edozein pertsona normalak egingo lukeen bezala, Administrazio inplikatuek, Aldundiak eta fiskaltzak, denbora gehiago eskatu dute Iruña-Veleiako grafitoen faltsutasun frogak aurkitu ahal izateko (ala agian fabrikatzeko?).

Lehen beretik, 2008tik bertatik, akusazioa  (Arabako Aldundia, Lorena Lopez de la Calle, Kulturako diputatua) era arraroan ari da jokatzen, Iruña-Veleiako aurkikuntzak ezkutatu nahirik.

1.- Aldundiak aurkikuntzak faltsuak direla dioten adituekin Batzorde bat sortu zuen ad hoc. Hauetako batzuek Batzordean sartu nahirik beren iritzia aldatu egin zuten azken momentuan.

Adituetako batek, epaile eta alderdia aldi berean, etekin handiko indusketako zuzendari kontratua eskuratu zuen, indusketatik Eliseo Gil eta Lurmen enpresa kanporatu ondoren.

2.- Batere zientifikoak ez ziren txostenak enkargatu zituen, neutraltasunetik abiatu ordez faltsukeriaren hipotesitik abiatuta burutuak.

Kereila jartzeko Aldundiak erabili zuen txosten grafologikoa, komunikabideek usu eta maiz harrotua, ez du gaur defenditzen ezta Ertzaintzak berak ere, grafologia ez delako baliagarria euskarri gogorreko idazkera diktaminatzeko.

3.- Ez da egin nahi arkeologian normala dena, hots, datazioak (arkeometriak) eta kata kontrolatuak burutzea.

Eliseo Gilek berberak eskatu zien Aldundiaren Batzordeari, Aldundiari berari eta gaiaz arduratzen den Epaitegiari, esperientzia luzeko arkeometria laborategiek 100 zeramika, hezur eta adreilu datatu zitzatela  eta kata kontrolatuak egin, hauxe zelako gaia zientifikoki erabakitzeko bide bakarra, baina zorrotz ukatu zioten.

4.- Alderdi akusatzaileak bere esku dauzka piezak, epaitegian zaindu partez.

Epaitegi normala balitz, ekintza honegatik bakarrik kausa artxibatu beharko zukeen, zaintza katea hautsia dagoelako.

5.- Aldundia Eliseo Gilen aurka kereilatu eta Lurmen ikerketa enpresa arkeologikotik kanporatu egin zuen agindu foral baten bidez, artean beste alderdiko txostenak entregatu gabe egonik.

6.- Aldundiak ez du onartzen, Eliseo Gil eta Iruña-Veleiako ondarea  behar bezala babestu ahal izateko,  benetakoak direla dioten adituek defentsa prestatzeko grafitoak ikus ditzaten.

Ez dira alde batera utzi behar 2.400 orrialdeko 25 txostenak non ezeztatzen diren grafitoak faltsuak direla zioten 6 txostenetako argudioak eta iritziak. Eta, gainera, ezeztatzeko, froga dokumentaletan oinarrituta dira, testu zaharren aipamenetan,  eta baita geroago egindako aurkikuntza arkeologikoetan ere.

Honela bada, Gasteizko Lehen Instrukzioko Epaitegiari eskaera aurkezten diogu kasua artxibatu dezala eta Arabako Foru Aldundiari eta Batzar Nagusiei egin ditzala behingoz bi alderdiek kontrolatutako datazio eta katak gaia behin betikoz argitua gera dadin. Iruña-Veleiak badu jada beste errekor bat gehiago gaur egun dituenei gehitu beharrekoa:

1.- Euskeraz idatzitako esaldi zaharrenak, Donemiliagakoak baino 8 mende lehenagokoak.

2.- Kristautasunaren hastapeneko kalbario (hiru gurutze) zaharrenenetakoa.

3.- Nefertiti idazkuna piktograman ez den alfabetoan, munduko zaharrena.

4.- Euskerazko Gure Aita gaztelerazkoak baino  zaharragoa eta ia latinezkoaren garaikidea (dagoeneko ezin esan guri: “háblame en cristiano”).

5.- Apostoluekin Jesusen Azken Afaria, Judas urkatua (eta  Magdalena?) multzoaren irudikapen zaharrena. Eta orain beste hau erantsi behar zaio:

6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Epaitegi baten instrukzio luzeena.

Eta hau nahikoa ez balitz, zer eta Fiskaltzak urte bat gehiago eskatu du!

Urte bat gehiago Eliseo Gil akusatuen aulkian eserita. Hona zer dioen Edward Harris arkeologo ezagunenetako batek: munduan ez da ezagutzen inolako froga zientifikorik gabe arkeologo batzuk inputatuta egotea. Euskal Herria munduko komunitate zientifikoaren aurrean lotsagarri geratzen ari da.

Zer eskatzen dugu azken finean? Gai hau serio eta inolako mugarik gabe ikertzea. Izan ere, egiazkoak izanez gero euskal herriari, estatu osoari eta noski, gizateriari lapurreta galanta egin zaiola ondorioztatuko genuke.  Bide bakarra dago korapilo honetatik ateratzeko: datazioak, katak, auditoriak, barne ikerketa eta borondate ona.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteartea, Apirila 19th, 2016

SOS Iruña-Veleiak deituta eta Martin Ttipiaren laguntzaz, 2015eko urtarrilean Aldundiaren aurrean enkarteladak egiten hasi ziren, ostegunetan 20:00etatik 20:30etara. Geroztik, oporraldiak kenduta hutsik egin gabe, 49 enkartelada egin dira, Iruña-Veleiako afera zientziaren bidetik argitu dadila eskatzeko eta Eliseo Gilen egoera zuzentzeko.

Ostegun honetan, apirilaren 21, 50. enkartelada egingo da. Bai, 50. enkartelada izango da Arabako Altxorra lurperatu ez dezaten eskatzeko, Euskal Herriko euskera zaharra maita dezagun eskatzeko, Aldundiak eta EHUko Arkeologia eta Euskal Filologia Sailek egindako okerrak zuzen ditzaten exigitzeko.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteazkena, Iraila 30th, 2015

Gontzalek artikulu hau argitaratu du Erabili.com-en: Araban badago zikinkeria

Zerbait zikina gertatu da Araban, politikari batzuek beren burua arkeologo, filologo batzuek epaile eta zinemazale batzuek zientzilari jotzen dute eta. Baina historia lurpetik ateratzen lan egiten, lan ona egiten dutenei lohia botatzen diete, besterik ez. A!, eta gainera, epaile batzuek ez dute telebista ikusten.

Euskararen historiak jai dauka, baina garrantzitsuena etorkizuna da, euskara “plazara jalgitzea”. Baina Eliseo Gilek, agian Arabako arkeologorik onenak, ezin itxaron dezake. Berak talde bateko zuzendaria zen eta talde hark euskarazko lehen testuak aurkitu zituen, Donemiliagako Glosak baino 800 urte aurrekoagoak. Sei urte luze daramatza auzipean, 2009ko martxoaz geroztik, grafitoak faltsutzea leporatuz Arabako Foru Aldundiak kereilatuta. Zikintzen dutenek inongo frogarik aurkeztu gabe kondenatuta daukate. Hauek Eliseoren erruduna dela egiaztatu gabe, Eliseok frogatu behar bide du bere errugabetasuna. Benetan Araban badago zerbait zikina.

(2007-2011) Xabier Agirreren, (2011-2015) Javier De Andresen eta (2015- ) Ramiro Gonzalezen Aldundiak, adituarena eginez, Iruña-Veleian aurkitutako grafitoak faltsutzat jo zituen eta Eliseo Gil zuzendari ohia zikindu du. “Zientzi Batzorde Aholkulariaren” txostenetan oinarritu zela esan zuen Aldundiak, baina gezurra da: grafitoak faltsuak zirela ebatzi eta lantaldea bota zuen egunean, 2008ko azaroaren 19an, Aldundira filologo baten txosten bakar bat zegoen sartuta. Beste guztiak geroago iritsi ziren, berandu. Bidenabar, zer da “zientzi batzorde” hori?

Batzorde horretako talde batek txosten bat aurkeztu zuen (2008ko abenduaren 3an; beraz, 15 egun berandu). Txosten horretan hauxe baieztatzen du: “aztergai arkeologikoak zuzenean ez berraztertzea erabaki da”. Nola aztertu zituen, bada, belarriz? Hauxe ere dio: “Haitzulo batean kronologia aurinaziense nabari batek estalitako sestra musteriense batean (antza zientifikoa ematen du, ezta?) norbaitek kuartzozko “rolex” bat aurkitu duela norbaitek badiosku”. Eliseo Gil zikindu egiten du, besterik ez, Eliseok inoiz ere ez baitu esan aztarnategi paleolitiko batean “rolex” bat aurkitu duenik, erromatarren garaiko euskal idazkunak dituzten pieza batzuk baizik. “Rolex” horren kontua zientifikoa da? Ez, jauna!, film asko ikusi dutela adierazten du. Hori ez da zientzia, burutazioa baizik, zikintzea.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Abuztua 09th, 2015

Bi albiste on izan ditugu aurtengo udan Iruña-Veleian:

a) Bisita gidatu alternatiboak. SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria eta Martin Ttipia elkarteek abian jarritako ekimen honek arrakasta izan du bere lehenengo aldian. 30 pertsona elkartu ginen abuztuaren lehenengo larunbatean eta egun osoz ibili ginen handik. Goizean  indusketan eta bazkal ostean, Tresponteko areto batean, diapositiben bidez grafito interesgarrienak ezagutzen.

Elexpuru

Ama-Ata

Gauza intesgarri bakarrak Lurmen zegoen garaikoak dira: Pompeya Valentina, tenplu bat omen zegoen lekua, biltegia… EHUko Arkeologia Sailak, 6 urtez egon bada ere, egin duena hutsaren hurrengoa da: harresiaren zati baten konpontzea (“zementuzko” blokeekin eta ez karearrizko harriekin, lotsagarria dena) eta hondeamakinak egindako triskantza, eta… aparkalekua handitzen ari zirenean beste hondeamakina batek topatutako aldarea (Gorrochateguiren txostena pikutara bidali duen testua duena).

Hondatutako sektorea bisitatu genuen eta 5 minututan 10 zeramika zati baino gehiago ikusi genituen, denak botata, edozelan…  Nuñezen taldekoek zenbat hondakin eta seguruenik zenbat grafito zati botako zituzten isurtegira! Bisitariei zati horiek ez ikutzeko eta bertan uzteko esan zitzaien, noski.

Nuñezen hondeamakinak suntsitutako sektorean ikusitako zeramika zati handi bat

Hurrengo bisita irailaren 5ean, larunbata, izango da, goizeko 11etan, gazteleraz.

b) Aurten ez dago EHUko Arkeologia Saila Iruña-Veleian lanean. Arrazoi argia ez dakigu (hauteskundeak, Nuñezen “lanaren” desastrea…) baina aurten Arabako Foru Aldundiak ez dio ogerlekorik eman Nuñezi udako indusketa lanetarako.

Gogoratu behar da urtero Lurmenek jasotzen zuen  beste diru eman izan diola Aldundiak Nuñezi (iaz piska bat gutxiago krisiagatik) baina urte osoan lanean egon beharrean (Eliseo Gilen taldea zegoen moduan), Nuñezek udan baino ez eta jende oso gutxiarekin egin du lan. Gainera, 6 urte hauetan Eliseok 400 grafito zati, milaka zeramika zati, zundaketa asko, lau guneen berriztatzeak eta abar egin zituen bitartean, Nuñezek hondeamakinaren triskantzaz gain, eta topatutako aldareaz gain, ez  omen du ezer aurkitu (edo ez du erakutsi behintzat).

Patxi Zabaletak salatu duen moduan: ez al du ezertxo ere aurkitu 6 urte hauetan? edo aurkitu badu, non dago material hori?

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Ostirala, Ekaina 26th, 2015

- Lurmenek grafitoak Arabako Foru Aldundiari eman zizkionetik Aldundiaren faltsukeriaren aldekoek ikusi ahal izan dituzte grafitoak baina beste inork ez.

- Argazki batzuen arabera, grafito batzuk sakon garbitu dituzten susmoak daude, datatzeko aukerarik sekula egon ez dadin

- Beste grafito batzuetan kola kendu eta piezak askatu dituztela eta berriro itsatsi dituztela ematen du beste argazki batzuen arabera. Hori egitea oso kaltegarria da piezentzat  eta ez litzateke onartu behar.

- Gai honetan oso kezkatuta gauden hiru elkarteek, Martin Ttipiak, SOS Iruña-Veleiak eta Euskeraren Jatorriak, pieza guztiak  egoera onean dauden ala ez egiaztatu nahi dute. Aurretik ere eskatu izan dute grafitoak ikustea baina 6 urte hauetan ez dute erantzunik jaso.

- Horrez gain, Euskeraren Jatorria Elkarteak gaur mundu osoan banatuko duen Iruña-Veleia Newspaper berripapera aurkeztu du. Esan behar  da berripaper honen advisorra Edward Harris dela, arkeologia modernoan erabiltzen den erregistro-metodoaren  sortzailea.  Munduko 3.000 arkeologo eta ondare zaintzaileri  bidaliko zaie Iruña-Veleiaren gaian sakonduko duen berripaper hau; urtean hiru ale egingo dira.

- Helburua gai hau nazioartera ateratzea eta Euskal Herriko agintarien eta EHUren axolagabekeria salatzea da, grafitoak ez datatzeagatik eta hondeamakina batez sektore oso bat suntsitzeagatik

- Patxi Zabaletak zenbait egunkaritan aipatu duen moduan, nola da posible 6 urtetan Lurmenek 400 grafito aurkitzea eta EHUko Julio Nuñezek daramatzan azken 6 urte hauetan bat ere ez agertzea?

- Ez ote da suntsitzen jardungo bere faltsukeriaren kontra doazen grafitoak?

Gogoratu behar dugu Lurmeneko zuzendaria zen Eliseo Gilek 100 grafito datatzea eta kata kontrolatuak egitea eskatu ziola orain dela 7 urte Arabako Foru Aldundiak izendatutako eta gehienbat EHUko Letren Fakultateko kidez osatutako Aholku Batzordeari, baina honek uko egin ziola. Horrela, geruza erromatarrek grafitoak garai horretakoak zirela zehazten bazuten ere, zientifikoki berresteko aukera gabe gelditu zen.

Geroago gauza bera eskatu zion epaileari, hain zuzen ere zeramikak, adreiluak eta hezurrak datatzea. Baina berriro hauetako bi multzo, hezurrak eta adreiluak,  ez ziren aztertu eta zeramikak ere ez ziren datatu, gainazaletan zeuden metalen azterketa hutsa egitera mugatu zirelako. Emaitza bitxia izan zen, izan ere, topatu zituzten metal modernoak ez baitziren lehenago agertu  Adituen Batzordearen txosten batean ere. Gogoratu behar da, grafitoak datatzeko, idazkunen ildoetan dauden sedimentuek eta kare-geruzek zenbat denbora daramaten aztertu behar dela eta hori ez dutela egin nahi izan Madrileko laborategian.

Oraindik ez dakigu  grafitoak noizkoak diren, Europako arkeometria laborategi izentsu batera ez direlako bidali nahi izan. Zergatik?

Une honetan grafitoak faltsuak direla dioten 7 txosten daude, baina bestaldean badira 25 txosten, irizpen eta gutun (2) egiazkoak izan daitezkeela diotenak, eta horietako bi txosten aldizkari zientifikoetan argitaratu dira:  http://euskararenjatorria.net/?p=2236

Martin Ttipia, SOS Iruña-Veleia eta Euskeraren Jatorriko kideek gaur egin dute, laugarren aldiz, grafitoak ikusteko eskaera Arabako Foru Aldundiko gobernu berriari

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Ekaina 14th, 2015

Atzo ere enkartela egin zen Aldundiaren aurrean, Iruña-Veleia argitzeko. Aldundi berriai gai hau konpontzeko eta grafitoak ikusi ahal izateko eskatuko zaio.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Astelehena, Otsaila 23rd, 2015

Sei urte dataziorik egin gabe. Sei urte Euskal Herriko arkeologorik onenetakoa lanbidetik kanporatua inolako frogarik gabe. Sei urte bidegabekeriaz eta isilkeriaz beteta.

SOS Iruña-Veleiak deituta elkarretaratzea egingo da Arabako Batzar Nagusien aurrean, hileroko biltzar orokorra egiten dela profitatuz. Esan beharrik ez, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia dira  Iruña-Veleiaren arduradunak, eta gertatutakoaren errudun politikoak.

Lekua: Arabako Batzar Nagusiak (Vicente Goikoetxea Kalea).

Ordua: 08:45 (batzarra 9etan hasten da).

Pankartaren lemak: Diputazioa errudun. ÂĄRetira la querella!

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
Atala: Sailkatu gabea  | Etiketak: ,  |  Iruzkin bat
• Larunbata, Urtarrila 24th, 2015

Ostegunean Iruña-Veleian zientziaren, etikaren eta zentzumenaren aurka egindako bidegabekaria salatu zen, Arabako Foru Aldundiaren aurrean.

Sei urte datazioak egin nahi izan gabe

Sei urte kata kontrolatuak egin nahi izan gabe

Sei urte ostrakak nola dauden ikusi gabe

Sei urte auditoria arkeologikorik egin nahi izan gabe

Sei urte Aldundiko hiru diputatuek gaia konpondu nahi izan gabe

Lau urte EHUko Arkeologia Sailak egindako triskatzatik eta egia esan gabe (San Joan Komentua aurkitu dutela, lehenengo Veleia aurkitu dutela…)

Gabe… gehiegi = bidegabekeria

(gure arbasoek ondo asmatu zuten hitza: bide-gabe-keria, hau da, irteerarik gabe uzten zaituztean gertatzen dena, zientziaren, etikaren eta zentzumenaren bideak itxi dizkigutenean)

Elexpururen blogetik hartutako argazkia

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)