Gaur Berrian Juan Martin Elexpururen artikulua agertu da, Iruña-Veleiari buruz dauden albisteak, albiste ezak, zentsura, arrazoiak…
…
«Bisita gidatu alternatiboak» egiten ditu SOS Iruña-Veleiak azken bi urte hauetan. 600 pertsona pasatu dira hogeita bost bisitetan; geu gara ia bisitari bakarrak Arabako lekurik bisitatuena izan zitekeen toki zoragarrian. Eta amaieran beti egiten zaigun galdera: baina zergatik gertatu da hau?
Saiatzen gara geure usteak azaltzen, ezagutzen ez ditugun gauzak badirela onartuta: 1) Unibertsitateko hiru katedratikok bermatu zuten euskarazko ostraken ontasuna aurkezpen egunean, 2006an. 2) Handik lau egunera horietako batek, Gorrochategui jaunak, bere ustez faltsuak zirela deklaratu zuen idatzi baten bidez. 3) Lakarra eta Gorrochategui filologoak izan ziren faltsutasunaren lehen apostoluak eta sutsuenak. Arrazoia, ostraketan agertzen den zenbait elementu (-a «artikulua», adibidez) ez datorrela bat eurek irudikatzen duten antzinako euskararekin. 4) Unibertsitatearen gogoa aztarnategia bereganatzeko, eta Nuñezena zuzendari izateko. 5) Euskalduntze berantiarraren aldekoen presioa, batez ere Espainiako historiografia ultrarena (Martin Almagro eta Historiaren Errege Akademia), teoria hori betiko lurperatuta gera zitekeelako. 6) Vatikanoaren eta Opus Dei-ren ustezko esku-hartzea.
Denborak esango du isilpeko konspiraziorik egon den ala ez, edo «interesen konfluentzia» soilik. Nolanahi ere, koktel lehergarria prest zegoen, metxari su emango zion eskua falta bakarrik. Eta zein hobea horretarako gobernu abertzale bat baino. Lopez de Lacalle kultura diputatuak bere gain hartu zuen eginkizun hori, koalizioko alderdi guztien babesarekin. Batzordea sortu zuen ad hoc, kalera bota zuen Lurmen eta auzitara eraman, grafologoak kontratatu zituen Eliseo Gil inkriminatzeko.
Eta falta ezin den galdera: ulertzen dugu betikoak kontra agertzea, baina abertzaleak?, euskaltzaleak? Gure herria munduan metro karratuko protestante gehien duen lurraldea izaki, zergatik dago nagusiki bertsio ofizialaren alde edo mutu auzi honetan? Geuk ere galdera bera egiten diogu geure buruari eta kosta egiten zaigu taxuzko erantzuna bilatzea. Gutxienez auzia argitzearen alde ahotsa jasoko balitz, alde batera edo bestera lerratu gabe ere, baina hori ere ez. Kolore guztietako euskal zein espainiar abertzaleak ados jarri direla ematen du. Ez da sinestekoa ia hedabide guztiek gai honi ezarri dioten zentsura. Gero Ipar Korea kritikatuko da.
Nazioarteko Biltzarra egin genuen maiatzean, baina hedabideek ezikusi egin zioten. Hamar urte bete dira aurkikuntzak aurkeztu zirela, baina BERRIA izan da horretaz mintzatu den bakarra. Astero enkartelada egiten da Arabako Aldundiaren aurrean, baina oraindik ez da notizia eta argazkia ia inon argitaratu. Gure bisita gidatuen iragarkia bidaltzen da leku guztietara, baina ez da inon agertzen. Egun lotsagarriaren 8. urteurrena igaro da, baina ez da kronika, elkarrizketa edo editorial bakarra ikusi. Zuzendariren batek esan digu «gaia ez dela interesatzen». Ez dakigu zertan oinarritzen den; urte hauetan 75 hitzaldi antolatu dira Euskal Herrian zehar, eta hiru mila pertsonatik gora erakarri dituzte. Ez du interesik gaiak?
Doilorra izaten ari da gure elite politiko eta kulturalaren jokabidea.
…